OCHOA DE ERIBE ROYO, Maria Pilar:

1999-02-01
Musikaria eta musika irakaslea den emakume honek, Ibaizabal argitaletxeak argitaratu duen "Tutti da capo" izeneko materiala egin du. Musika irakasteko metodo batean oinarritzen den lana da. Helburu nagusia musika irakasteari aurrenekoz ekiten dioten irakasleen premia nabarienei erantzutea da. Momentuz 3 urtetik 6 urtera arteko haurrentzako materiala osatu du, baina, goragoko adinekoentzat ere egiteko asmoa du.
 
 
Zuretzat zer da musika, Maria Pilar?

Niretzat musika ez da solfeoa soilik, ez da entzuketa soila, ez da joko hutsa. Hori guztia eta gehiago biltzen dituen zerbait da musika. Entzumena, ikusmena, ukimena eta oroimen kinesikoa batzen ditu. Eta horrez gain, ahalmen intelektuala eta estetikoa pizten dituen jarrera animiko berezia sortzen du.



Zenbateko garrantzia du musikak hezkuntzaren barruan?

Handia, eta hemen oraindik ez zaio behar duen garrantzirik eman. Oraindik musika garrantzitsua dela esplikatzen gaude. Pirinioetatik gora ez dago horren beharrik, badakite. Nire esperientziak erakutsi dit hori. Europa horretan musika kultura da eta edozein herri txiki eta galdutan antolatzen den kontzertutan aretoak leporaino betetzen dira. Jende horrek agian ez du solfeorik jakingo, baina bai musika entzuten. Entzule onak dira eta kontzertuetako musika etxera eramaten dute entzuteko.



Gizarte mailan hemen baino garrantzi gehiago ematen zaio, orduan. Eta hezkuntzan?

Nik uste dut baietz. Orokorrean helduak entzule onak dira, eta horien artean baita irakasleak ere. Lehen esan dudan bezala, musika kultura da. Hala ere, hezkuntza mailan hizkuntza, matematika edo natura bezainbesteko garrantzirik ez du Europan ere, baina ez da hemen bezalako ikasgai "maria". Ez da lehenengo ikasgaia, baina herrialdeen arabera ere aldatu egiten da ematen dioten garrantzia. Hungrian, adibidez, musika oso sartuta dago eguneroko bizitzan.



"Tutti da capo" du izena zuk egin duzun materialak. Zerk bultza zaitu lan hau egitera?

Nire ardura nagusia musika irakasten hasten diren irakasleei laguntzeko tresna eskaintzea izan da. "Tutti da capo" hitzak berak zera esan nahi du: denok hasieratik. Denei erakusle erraz eta hurbil bat eskaini nahi izan diet. Behar hori nire inguruan somatu dut, hau da, irakasleak musika irakasteko ez direla moldatzen edo zenbait unetan estu eta larri aurkitzen direla ikusi izan dut. Musikak duen garrantzia kontuan hartuta, prestakuntzari ere garrantzia eman behar zaio eta horretarako tresnak edukitzea beti dago ongi.

Dena dela, ez da ikastetxeetara mugatzen, musika eskoletan ere lagungarri suerta liteke.



Zein da egiten duzun proposamena, eskaintzen duzun metodologia?

Haur Hezkuntzaren eta Lehen Hezkuntzaren barruan musikaren arloa lantzeko prestatu dudan metodologia da.

Musika lantzean atal ezberdinak lantzea proposatzen da, hau da, ahotsa, instrumentua, lengoaia musikala edo solfeoa, entzuketak, kantak, ipuinak, joko musikalak eta dantzak.

Oso metodologia dinamikoa da. Sako bakoitzean puntu hauek guztiak lantzen dira, flash moduan, nekatu gabe, aspertu gabe. Gauzarik egokiena hiru puntu hauek jokoan jartzea da: sentimenak, sentimenduak eta adimena.



Azter dezagun atal horietako bakoitza banaka. Ahotsa da lehendabizi aipatu duzuna.

Ahotsa lantzea oso garrantzitsua da, gure lehenengo instrumentua baita eta musikari guztiok landu behar duguna. Noski, ahotsa lantzen hastean, arnasketa, afinazioa, intentsitatea, tonua, tinbrea eta musikako parametro guztiak lantzen dira.



Instrumentua aipatzean, zeri egiten diozu erreferentzia?

Egia esan, instrumentu asko daude, baina hasierakoa eta lehenengo landu behar dena gorputza da. Gorputza da lehenengo urtetan landu behar dena. Alde horretatik, Europan oso atzeratuak gaudela uste dut. Afrikan, esaterako, gorputzaren erritmoa oso landua daukate. Guk beti baztertuta uzten dugu gorputzaren garapen erritmikoa. 3 urteko haur bati lehenbailehen panderoa edo klabeak eman nahi dizkiogu, eta ez dago gaizki, baina besteaz ahaztu gabe.



Hirugarren bezala lengoaia musikala edo solfeoa aipatu duzu. Askotan musika solfeoarekin lotzen dugu eta hori dela garrantzitsuena uste dugu. Hala al da?

Solfeoak literatura musikalerako ateak irekitzen ditu, baina ez da garrantzitsuena, lehen esan dudan bezala, musikak atal asko baititu solfeoaz gain.

Metodo honetan 3 urteko haurrekin ez zara partiturak irakurtzen hasten. Solfeoa lantzen da, baina beste modu batera, hots, ahozkoa. Ikasten diren interbaloak keinu batzuk eginez abesten dira, Kodalyren fononimia erabiliz. Hau aurreirakurketa izango litzateke, gero ondoren 4 urtekin partituren irakurketa hasteko.

Beraz, solfeoa hasieratik lantzen da, baina hasieran (3 urterekin) ahozkoa da, aurreirakurketa.



Entzuketak aipatu dituzu ondoren. Zeri deitzen diozu entzuketa?

Beno, lengoaia musikalaren ondoren aipatu dut, baina ez dut esan nahi garrantzi gutxiago duenik. Hau argituta, galdera erantzutera noa.

Musika entzutea da entzuketa. Beste ezer egin gabe, begiak itxi eta musika entzutea. Metodologia honetan musika klasikoa entzutea proposatzen dut nik, garrantzitsua baita eta ezagutu egin behar dela uste baitut.



Zergatik da garrantzitsua musika klasikoa entzutea?

Musika klasikoan agertzen diren elementu eta egitura guztiak oso aberatsak dira eta gainontzeko musika motak lantzen direnean erabiltzen direnak. Adibidez, jazz talde askok oso ondo ezagutzen dute Bach-en kontrapuntua. Mike Jaggerrek ere bira bukatu ostean musika klasikoa entzuten hasiko dela esan zuen.

Nahiz eta jazz, rock edo folk landu, denek ezagutzen dute musika klasikoa. Eta ikasleek ere ezagutu behar dutela iruditzen zait. Oinarri musikal aberatsa edukitzeko oso baliagarria da.

Musika klasikoaz gain, kantak ere bildu dituzu. Nolakoak dira hauek?

Argitaratuta dagoen materialean hiru kanta mota daude: herrikoiak, berriak eta kanpokoak. 88 abesti daude, hauetatik 69 herrikoiak, bi kanpokoak eta 17 berriak. Euskal Herri osoko kantak bildu ditut. Kanta herrikoiak ezagutu beharrekoak direla iruditzen baitzait.

Bestetik, kanta berriak ere asmatu ditut. 3 urteko haurrentzat zerbait errazagoa bilatu nahi nuen eta horregatik asmatu ditut berriak, gehienak adin honetarakoak dira. Gero, 6 urteko haurrentzat beste batzuk egin ditut, baina kasu honetan estiloz aldatzeko izan da.

Eta azkenik, kanpoko bi abesti daude 6 urteko programan: bata italiarra eta bestea frantsesa.



Zergatik sartu dituzu kanpoko abestiak?

Pixkat irekitzearren. Niri ez zait gustatzen kantak itzultzea. Kanta bat Italiakoa baldin bada, italieraz kantatu behar dugu, eta ez zaigu ezer kaltegarria gertatuko horregatik. Gainera, atzerriko hizkuntza horretako fonemak ezagutzeko aukera ere ematen du. Fonema horiek familiarrak egiten dira. Kantak grabatuta eta idatzita daude, eta nik egiaztatu dut nik ahoskatzen dudan bezala ahoskatzen dutela haurrek ere. Beraz, fonema horiek ikasteko egokia da.



Kantak aukeratzerakoan, zer hartu duzu kontuan? Nola egin duzu aukeraketa?

Musika doinuaren edertasuna, erritmoaren aberastasuna eta hitzak hartu ditut kontuan. Eta atzerriko abestien kasuan, leku horietako adierazgarrienak edo aukeratu ditut.



Joko musikalek ere musika saioko beste atal bat osatzen dute. Nolako jokoak dira?

Joko hauek helburu musikala dute, nahiz eta oso lotuta egon psikomotrizitatearekin, kontzentrazioarekin eta abar. Joko anitzak dira, mota askotakoak, helburu musikalaren arabera aldatu egiten baitira. Adibidez, helburua bi nota bereiztea baldin bada, gorila eta pertsonen jokoa egin daiteke. Ipuin moduan aurkezten dira batak eta besteak, beraien ezaugarriak azalduz, eta bakoitzak soinu bat ateratzen du. Soinu bakoitza nota bat izango da.



Dantzei dagokienez, zer aipa daiteke?

Dantza sinpleak dira eta aurreko saio batean ikasitako abesti batekin dantzatzen dira. Musika lantzeko beste modu bat eskaintzen du dantzak.

Ipuinei ere garrantzi edo pisu handia ematen diezu.

Haurrei ipuinak asko gustatzen zaizkie eta oso garrantzitsuak direla iruditzen zait. Ipuinak fantasiaren mundura jotzen du. Haur Hezkuntzako materialean entzuketa bakoitzak ipuin bat dauka eta musika hobeto ulertzen laguntzen du. Ipuin hauek oso musikalak dira.



Zer dira, ipuin zaharrak ala berriak?

Berriak dira, entzuketa bakoitzarentzat espreski asmatuak. Hala ere, 3, 4 eta 5 urteko haurrentzako materialeko ipuinak eta 6 urtekoentzako materialekoak ez dira berdinak. Funtzio ezberdinak dituzte.



Zein funtzio dute, bada, 3, 4 eta 5 urteko haurrentzako ipuinek?

Lehen esan bezala, ipuin hauek entzuketekin lotuta daude, hau da, musika klasikoaren entzuketekin. Orduan, ipuin hauen funtzioa musika hori entzuten laguntzea da.



Nola lortzen da hori?

Lehenengo, musika eta ipuina biak batera entzuten dira. Ipuina marrazkien bidez kontatzen da eta esaten dena eta musika elkarrekin lotuta daude. Adibidez, "Oboe jaun-andreak" ipuinean oboe familiari buruzko istorioa kontatzen da. Modu horretan, marrazkian edo ipuinean oboea hitz egiten hasten denean, oboearen soinua entzuten da. Horrela, oso ongi nabarmentzen dute oboeak noiz hitz egiten duen, hau da, noiz jotzen duen.

"Ehiztari ehizatua" ipuina Vivaldiren "Lau Urtaroak" obrari lotua dago. Kasu honetan hirugarren mugimenduari dagokio, hots, udazkenari. Ehiztariaren ipuina kontatu bitartean musika entzuten da.

Ipuinen bitartez batzutan instrumentua esplikatzen da, bestetan egilea, bestetan gaia... Datu errealak dira eta bide batez ikasteko aukera ematen du. Baina hala ere, helburua musika ongi entzuten ikastea da, egiten diren konposaketa horiek nolakoak diren ezagutzea.

Entzuketa hau lehenengo pausoa da. Gero, beste bi aldiz entzuten da musika hori, baina ipuinik gabe. Horrela, nahiz eta ipuinik ez entzun, musika ipuinarekin erlazionatzen da eta badakigu noiz entzuten ari garen oboea, bibolina edo beste instrumentu bat.

6 urteko haurrekin nola erabiltzen dira ipuinak?

6 urtekoak musika klasikoa ipuinik gabe entzuteko prest egoten dira aurretik lehen esan dudan bezala landuz gero. Eta hori lortzea da, gainera, helburua. Adin honetan ere ipuinak entzuten dira, abesti bakoitzak bere ipuina dauka, baina ipuina ez doa musikaren gainetik, irakasleak kontatu behar du. Ipuinaren helburua girotzea da, kasu honetan.

Beraz, adin honetatik aurrera entzuketak zuzenduta egiten dira. Hau da, irakasleak hasieran egilea, izenburua eta musikari buruzko zerbait esaten die. Adibidez, instrumentuen ezaugarri fisikoak eta hori jotzeko zein forma dauden, zein musika mota entzungo duten, zenbat aldiz agertzen den egitura konkretu bat... Irakasleriari informazio hori liburuan ematen zaio.



Aipaturiko atal hauek (ahotsa, instrumentua, solfeoa, entzuketak, joko musikalak eta dantzak) nola lantzea proposatzen duzu; saio bakar batean denak batera, saio bakoitzean bat...

Saio bakoitzaren edukia planteatzerakoan ere adina kontua hartu behar da. Hots, Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak.

Haur Hezkuntzakoei dagokienez, egokiena egunero 15 minutuko saioa egitea izango litzateke.

Baina eskola askotan ez da posible egunero 15 minutu lantzea eta astean ordubeterekin konformatu behar dute. Ez da batere logikoa astean ordubete ematea, ez baita musika lantzeko modurik egokiena. Baina beste aukerarik ez badago, nik ordubete horretan saio osoa lantzea proposatzen dut.



Zer egiten da saio bakoitzean?

Saio bakoitza bi astetan zehar landu behar da, hamar egunetan eta hiru atal nagusitan sailkatzen da: musika hizkera, musika kultura eta musika jokoak. Musika hizkeraren barruan arnasketa, melodiaren oihartzunak (oihartzun librea eta notaduna), erritmoaren oihartzuna, musikaren irakurketa (esku irakurketa, pentagrama irakurketa, partitura irakurketa eta kode libreko irakurketa) eta kantak lantzen dira. Musika kulturaren arloan artxiboko kanta eta entzuketa. Eta musika jokoetan irakurketa eta jokoak.

Astean ordubete edukiz gero, ordubete horretan guztiak lantzea proposatzen da. Eta egunero 15 minutu edukiz gero, egunean atal bat lantzea. Horrela, lehenengo egunean lehenengo atala, bigarren egunean bigarrena, hurrengoan hirugarrena, hurrengoan berriz lehenengoa... Horrela egunero musika lantzen da, baina puntu bati lehentasunik eman gabe.

Atalak ezberdinak dira eta dena flash moduan, dena nahastuta lantzea da onena. Ekintza bat bestearen ondoren. Aktibitate asko dira, baina denbora osoan aldatuz, haurrak ez dira nekatzen eta aspertzen.



Nolakoak dira Lehen Hezkuntzako haurren saioak?

6 urtekoek ikasgai moduan edukitzen dute musika eta saioetan atal hauek lantzea proposatzen dut: oihartzuna (erritmoaren oihartzuna, medodiaren oihartzun librea, melodiaren oihartzun notaduna eta melodiaren oihartzun keinuduna), teoria, irakurketa (pentagrama irakukerta, partitura irakurketa eta kode libreko irakurketa), kanta, entzuketa, jokoak eta dantza. Ikasturte batean lantzeko 21 saio prestatu ditut.



Beraz, dena neurtua eta programatua dago. Malgutasunik uzten al dio irakasleari?

Bai, noski. Hau nik egiten dudan proposamena da, baina horrek ez du esan nahi dena hitzez hitz eta pausoz pauso jarraitu behar denik. Irakasle bakoitzak ikusi behar du bere haurren erritmoa, zenbat denbora duen eta abar. Adibidez, nik bi kanta lantzea proposa dezaket, baina irakasleak hiru kanta ditzake. Alde horretatik, malgutasun osoa dagoela iruditzen zait, baina helburuak ahaztu gabe eta beti kontuan izanik aportazio guztiek aberasteko izan behar dutela.



Dena dela, saioak prestatzeko eta metodologia hau ezagutzeko egin duzun irakasleriarentzako materialean pauso guztiak ongi zehaztuta agertzen dira. Horren beharra ikusi al duzu?

Bai, noski. Irakasleriaren prestakuntzak bultzada bat behar du. Askok ez dakite zer eta nola landu. Lehenengo irakasleriak prestatu behar du. Beraz, ikasleei bezala, gauzak ongi eta modu errazean azaldu behar zaizkio, eta klaseak emateko erraztasunak eman.

Horregatik, nik prestatu dudan material osoa grabatua dago zintetan. Gidaliburua, musika kasetak, ipuinen kasetak, ipuinen liburuak, musika irakurketarako langaiak, eta ikasleentzako laminak eta abestien kasetak daude. Behar den materiala eskura dago.



Dena grabatuta edukitzeaz gain, metodologia ere esplikatzen duzu eta horri garrantzia ematen diozu, gainera.

Bai, hala da. Metodologiaren atal honetan irakatsi behar diren puntu guztiak azalduta daude: zer, zertarako, nola, zergatik. Metodo batean ezin dugu metodologia baztertua utzi, oso garrantzitsua baita.



Ikasleentzat ez duzu liburu edo kuadernorik proposatzen. Zergatik?

Ez dutelako beharrik. Ez zait iruditzen bakoitzak kuaderno bat edukitzea beharrezkoa denik adin hauetan.



Zure lana ez da amaitu material hau egitearekin. Izan ere, ikastaroak ematen ere bazabiltza "Tutti da capo" dela eta. Zergatik?

Alde batetik, material bat egin ondoren, irakasleei esplikatzea gustatu egiten zaidalako. Eta bestetik, eskatu egin didatelako, batzutan zuzenean niri, beste batzutan PATekoen bidez, bestetan Ibaizabal argitaletxekoen bidez... Ezin diet esan dena grabatuta eta idatzita dagoela eta besterik gabe horrela utzi. Nahiz eta metodoa erabili, gela barruan nola irakas daitekeen ikustea gustatzen zaie. Ideia hau nola materializatzen dudan ikustea gustatzen zaie eta logikoa da. Dena ezin da idatzita azaldu, ikusita askoz errazago ikasten da.



Eta nolakoak dira ikastaroak? Zer irakasten duzu?

Ikastaro hauetan irakasleak ikasle bihurtzen dira eta nik musika saioak ematen dizkiet: entzuketak, jokoak, kantak... Askotan gertatu zait zerbait egiten hasi eta haurrekin agertzen diren arazo berak sortzea irakasleekin ere. Orduan, haurrekin hori gerta daitekeela azaltzen diet eta zergatik izan litekeen ikusi ondoren, zer egin dezaketen azaltzen diet.



Nolako erantzuna izan dute ikastarook? Gustura gelditu al zara?

Bai, irakasleak oso pozik omen daude eta ni are eta gehiago. Aukera hori irekia uzteko asmoa dut, gainera.



Zer ikasi behar dute irakasleek musika klasea ondo emateko?

Irakasleak ez duela gehiegi hitz egin behar ikasi behar du. Eta gorputzaren keinuak, aurpegia, begiradak, eskuak... erabiltzea oso garrantzitsua dela. Ahotsa ere modulatu egin behar da eta tonua eta intentsitatea zaindu. Benetan sinestu behar du musika garrantzitsua dela pertsonaren garapen egoki baterako eta ilusioa sorrarazi behar du.

Saio bakoitza unitate jarraitu bezala landu behar da, geldialdirik gabe. Ariketen burutze zehatza zaintzea komeni da, gehiegi estutu gabe. Eta zer edo zer irteten ez denean, beste bide bat bilatu lortu arte.



Metodologiarekin eta, oro har, egin duzun lanarekin gustura al daude?

Bai, dirudienez oso baliagarria da eta haurrak ere pozik daude. Asko ikasten dute, eta irakasleek ere bai beraiekin. Nik uste dut prozesu ziklikoa dela. Irakasleak benetan musika irakastea posible dela ikusten du eta segurtasun batekin doa. Gainera, haurrek nola erreakzionatzen duten ikusi ondoren, gehiago pozten dira. Beraien artean motibatzen dira.



Nondik sortu da hain erantzun ona izaten ari den metodologia eta zuri ere hain emaitza onak eman dizkizuna?

Metodologia ez da nik asmatua, hau da, nik ez dut gauza berririk asmatu, baina metodo ezberdinak begiratu ditut: Orff, Kodaly, Willems, Dalcroze, Martenot eta Suzuki. Metodo garrantzitsuenak ikusi eta esperimentatu ditut eta bakoitzeko zerbait nire erara moldatu dut. Batean erritmoa oso ongi lantzen bada eta interesgarria bada, hori interesatzen zait. Bestean afinazioa lantzeko modu egokia erabiltzen bada, hori interesatzen zait.

Beti hausnarketa egin izan dut nire esperientzian oinarriturik. Niri ikasterakoan zer gertatzen zitzaidan gogoratzen nuen, zer-nolako trabak nituen konturatzeko eta horiei nola aurre egin pentsatzeko.



Erraza al da metodo ezberdinak biltzea?

Egia esan, zera ohartu naiz: azkenean denak puntu berdinera iristen direla. Baliabide ezberdinak erabiltzen dira, baina leku berdinera iristen dira. Metodo bakoitza ikusi dut eta bakoitzetik printzipioak atera ditut. Batzutan zenbait metodotan ikusi dudana interesatu zait, baina aurrera eramatea ez dela posible konturatu naiz. Lehentasunak markatu behar izan ditut eta bakoitzetik zerbait hartu. Burua jantzi dut denekin.



Lan hori egin ondoren, ondorio berririk atera al duzu?

Ondorio garrantzitsu bat ikusi dut, baina ez da nik ateratakoa. Lehen aipatu ditudan metodo horietan ibilitakoak ere ondorio berdinera iritsi dira. Hau da, musika ikasten denean ez dela notak non jartzen diren soilik ikasten, gaitasun intelektualak ere garatzen direla. Musika helburu bat da, pisuzko materia da berez, eta arlo guztiak garatzeko aprobetxatuko bagenu, hobe. Formazio pertsonal bezala ere oso garrantzitsua da eta gaitasun intelektualak garatzeko ere bai.



Baina hori nola froga liteke?

EEBBetan esperimentu bat egin zuten hori ikusteko. Bi gela zeuden: bat emaitza oso onak zituena eta bestea oso txarrak. Gela txarrean musika irakasten hasi ziren eta iritsi nahi zuten puntura baino gehiago iritsi ziren. Noski, hori ez zuten lortu "goazen kantatzera" esatearekin soilik. Musikaren bidez logika edo buruaren egituraketa lantzen hasi zirelako baizik.



Eta esperimentu hau berma nahikoa al da hori baieztatzeko?

Ez da esperimentu bakarra. Suzukiren metodo japoniarrak ere frogatu du musika kontzentrazioarekin, arretarekin eta gaitasun intelektual horiek kontuan hartuta lantzen hastean, ikasle horiek beste ikasketetan ere oso ondo ibiltzen direla. Izan ere, musika ez da edukien poltsa bat soilik, garapen artistikoa lortzeko balio izateaz gain, garapen hori logika batez ikasteko aukera ematen du. Musika lantzearekin memoria auditiboa, memoria kinesikoa, egitura espaziala eta logika lantzen dira. Gero, logika matematikan erabiliko da, memoria auditiboa hizkuntza ikasteko garaian oso egokia izango da fonemak ikasteko eta horrela beste hainbat gauzekin.



"Tutti da capo"ko materiala bukatuta al dago?

Ez, ez dago bukatuta, jarraipena izango du. Nire asmoa adin guztietako ikasleekin lantzeko ikasmateriala prestatzea da, baina poliki-polki egin nahi dut. Ez zait dena batera ateratzea interesatzen. Denbora eman behar diot orain kalean dagoen materialari eta irakasleriari. Lehen esan dudan bezala, material berria atera eta irakasleei esplikatzea gustatzen zait.

Horregatik diot, jarraipena izango duela, baina ongi erantzuteko moduko erritmoan.