LA SALLE ikastetxea, Donostia: Haurren neuronak estimulatuz eta ordenatuz

1998-10-01
La Salleko ikastetxeak Berrikuntza Pedagogikoko Programak lantzen ari dira. Heziketa bereizgarria eta kalitateduna eskaintzeko asmoz sortutako programa sorta da berau. Momentuz Neuronen Garapen Goiztiarra programarekin hasi dira lanean Jose Luis Montero hezkuntza aholkulariaren laguntzaz. Orain, egin duten lanaren emaitzak ikusten ari dira.
 
 
Berrikuntza Pedagogikoko Programak guztira bost programa ezberdinez osatuta daude. Berauen helburua hezkuntza eskaintza osatzea da, bereizgarria eta kalitateduna izan dadin lortzea. Zer esan nahi dute bi adjektibook? Bereizgarria izateak ohiko curriculumaz gain osagarriak eta aldiberekoak diren ekintzak gehitzen dituela esan nahi du. Programa pertsonalizatuak eta bereziak lantzea, alegia. Kalitateduna izateak, berriz, zera suposatzen du: aukera legal minimoez gain ikasleen beharretan oinarritutako heziketa integrala eskaintzea.

Helburuok aurrera eramateko osatu dira, beraz, Berrikuntza Pedagogikoko Programak. Guztira bost direla aipatu dugu:

1- Ulises: Neuronen Garapen Goiztiarraren Programa

2- Optimis: Gaitasunen Garapen Programa

3- Crea: Sormena Garatzeko Programa

4- Ideal: Arazoak Konpontzeko Prozedura Orokorra

5- Tec Unitate Didaktikoa: Unitate Didaktikoko eredu estandarizatua.

Programa bakoitzak gai desberdina lantzen du eta guztiak Haur Hezkuntzatik hasten dira, beheko taulan ikusten den bezala.

Mundu osoko ikastetxe askotan lantzen dituzte programok. Estatu espainiarrean, bestalde, orain dela gutxi ezarri ziren eta Euskal Herrian momentu honetan hamar La Salle ikastetxe, Nafarroako bi ikastola eta Zarauzko Antonianoak dira programa hauetan murgildurik daudenak. Oraingoz Ulises programa jarri dute martxan, Neuronen Garapen Goiztiarraren Programa. Haur eta Lehen Hezkuntzako neska-mutilekin lantzeko programa da, baina momentuz Haur Hezkuntzan soilik jarri dute martxan. Zehazki esanda, iaz 3 eta 4 urteko haurrekin hasi ziren, eta aurtengo ikasturtean 5 urtekoekin ere jarraituko dute. Esperientzia horren berri jasotzeko Jose Luis Montero hezkuntza aholkulariarekin eta La Salle ikastetxeetako irakasle batzuekin egon gara. "Haurren neuronen garapena bultzatzeko programa da Ulises"



Non sortutako programa da Ulises?

Oinarri teorikoa EEBBtakoa da. 30 urte inguruko esperientzia dute bertan eta emaitza onak atera dituzte. Normalean jatorrizko institutuak gidatzen ditu, hots, Philadelphiako Garapen Potentzialeko Institutuak. Gu, berriz, EEBBtako unibertsitateekin eta Jonh Hopkinsen Neurologia Ikerketa Institutuarekin gaude harremanetan. Neurologian munduan dagoen instituturik onena da.



Zertan datza Ulises programa?

Haurren neuronen garapena indartzeko edo bultzatzeko programa da Ulises. 3-4 urterekin haurren neuronen garapenak etorkizuneko bizitzan garrantzi handikoa izango den prozesua garatzen du: neuronen arteko loturen garapena. Gure burmuineko milioika neuronen arteko loturak bizitzako lehen urteetan garatzen dira, hau da, 0 eta 7 urte bitartean. Gure burmuinak kanpotik jasotzen dituen estimuluen arabera osatzen dira lotura horiek. Egoera normalean familiatik, eskolatik eta ingurune sozialetik jasotzen diren estimuluekin neuronen arteko loturen %60 lortzen da. Ulises programarekin, aldiz, kopuru hori %80ra igotzen da.



Zein da, orduan, programa honen helburua?

Helburua ez da estimulazioa soilik lortzea, baizik eta haurrei sakoneko eduki kognitibo batzuk sortzea eta eduki horiek modu ordenatuan izatea. Horretarako, programa hauen muina ikus-entzunezko pilaketaren bidez neuronen arteko lotura bultzatzea da.



Zein dira Ulisesen ezaugarri nagusienak?

Beste programekin konparatuta desberdintasun nabariena zera da: beste programek neuronen estimulazioa maila fisiologikoan soilik garatzen dutela eta Ulisesek maila psikopedagogikoa ere lantzen duela. Ikus-entzunezko estimuluak eta edukiak bateratzen ditu eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, informazio hori oso ongi aukeratzen da gauzak esanahiaren arabera ikasteko. Irudiak eta edukiak lotuta egon behar dute.



Hainbesteko garrantzia al du irudiak?

Bai, benetan oso garrantzitsua da. Irudiek behar adinako informazioa eman behar dute, ez gehiago eta ez gutxiago. Informazio horren helburua oinarriak sortzea da eta ondoren ordenatzea. Hau da, animalien kasuan adibidez, lehenengo ugaztuna zer den ikastea, eta gero ugaztunen artean zein dauden. Eta ez alderantziz, lehenengo ugaztunen izenak ikasi eta ondoren ugaztuna izatearen ezaugarriak.



Marrazkiak zeuek egiten al dituzue?

Bai, geuk egindakoak erabiltzen ditugu. Normalean EEBBtan egindako materiala erabiltzen da beste programetan. Hauetan informazioa modu orokorrean biltzen da eta mundu osokoa. Geuk egindakoa, berriz, hemen kokatua eta egokitua dago. Gainera, edukiak esanahiaren eta jarraikortasunaren arabera sailkatuta daude. Eduki bakoitza arrazoizko denbora baten ondoren beraiek bere inguruan errekuperatzeko modukoa izaten saiatzen gara.



Programaren emaitzak ikusten al dira? Nola froga daitezke?

Egia esan, ezin da berehala frogatu, denborak aurrera egin ahala baizik. Orain Lehen Hezkuntzako seigarren mailan dauden ikasleei kontrol frogak egingo dizkiegu, eta orain Haur Hezkuntzan Ulisesekin hasi diren haurrei ere bai maila horretara iritsitakoan. Horrela, bien arteko desberdintasunak ikusi ostean neurtu eta frogatuko ditugu emaitzak.

Dena dela, orain ere nabaritu dugu bai eskolan eta bai eskolatik kanpo kontzeptu asko berreskuratu dituztela. Objetuak berehala identifikatzen dituzte eta edukiak berreskuratzen ari dira. Hau da, erlazioak eta elkarketak egiten ari direla.



Zer esan nahi duzue edukiak errekuperatzen ari direla diozuenean?

Programa honetan errekuperaketa zera da: irudiak ikusi eta informazioa eman ondoren, eskolan edota eskolatik at irudi horrekin topatzen baldin badira, berehala identifikatzea. Horrek neuronen arteko lehen lotura eman dela esan nahi du. Frogatuta dago bai familian eta bai eskolan, estimulu egokiak jasotzen ez dituzten haurrek modu erregularrez estimulatuak direnak baino errendimentu bajuagoa dutela eskolan.



Nolako harrera izan du programak gurasoen aldetik?

Beno, guk gurasoei argi eta garbi utzi nahi izan diegu ez ditugula aparteko talentuko haurrak sortuko. Hori baita pentsatzen duten lehen gauza adimena, neuronen garapena eta abarrez hitz egiten hastean. Helburu nagusia neuronen garapena da.



Programa hau martxan jartzeak ba al du eraginik eskolaren ohiko funtzionamenduan?

Programa hauek lantzeak ez du zentroko ohiko programa curricularra eraldatzen. Honekin batera integratzeko prestatuak daude eta gelan aldi berean lantzeko. Are gehiago, programa honen bidez curriculumean planteatuta dauden arlo ugari lantzen dira.



Ulises programa gelan

Goazen bada, programa hauek gelan nola txertatzen diren ikustera. Hori azaltzeko prest agertu zaizkigu Irungo La Salle San Martzial ikastetxeko Amaia de la Caba, Zumarragako La Salle Legazpiko Eukene Berriotxoa, Andoaingo La Salle Berrozpeko Izaskun Alonso, Beasaingo La Salle San Joseko Arantza Muñoz, Donostiako Bidebietako San Luis La Salleko Amaia Santamaria, Donostiako La Salleko Karmele Iturralde eta Bilboko Ntra. Sra. del Rosario La Salleko Rosa Maria Menoyo. Ikastetxe hauekin batera programa honetan integratuta daude Zarauzko Antonianoak, Eibarko La Salle Isasi, Sestaoko La Salle eta Lizarrako ikastola eta Iruñeko Faz Ziganda ikastola.

Esan bezala, haurren neuronen garapena indartzeko edo bultzatzeko programa da Ulises. Hori gela barruan lantzeko materiala, metodologia eta prozedura prestaturik daude.

Programa ezagutza arlo desberdinetan banatua dago: artea, ingurunea, natura eta teknologia. Arlo hauetako bakoitzak pack deritzon informazio sorta bat du. Pack hauetan irudiak daude eta bakoitzak irakasleak irakurtzeko testutxo bat du.

Egun bakoitzean bost minutuko hiru saio burutzen dira. Zer egiten da bost minutu horietan? Gai berdinen inguruko hamar marrazki edo irudi erakutsi haurrei.

Irakasleek marrazki horiei buruzko lehen informazioa ematen dute lehenengo egunean. Hau da, irudiak duen testutxo hori irakurtzen du. Bigarrengoan beste informazio bat, hirugarrengoan beste bat eta horrela hamargarren egunera arte. Egunero marrazki berdinak pasatzen dira, baina informazioa gehituz. Aurreko egunetako informazioa gogoratzen duten galdetzen zaie lehenengo, eta ondoren informazio berria eman. Testu edo informazio hauek esanahi adierazgarrienetik adierazgarritasun gutxiago dutenetara doaz. Zeren, azken marrazkia behin bakarrik ikusten da eta lehenengoa hamar aldiz.

Adibidez, gaia garraiobideak baldin bada, lehenengo eguneko informazioa zera izan daiteke: "hau helikopteroa da". Bigarren egunean "hau helikopteroa da eta airean ibiltzen da". Hirugarren egunean marrazkia erakutsi eta zera galde dakieke: "garraiobide hau..." eta ea gogoratzen diren helikopteroa dela eta beste ezaugarriak.

Gaiak garraiobideak, landareak, zuhaitzak, animaliak... dira. Aurretik erabakita egoten dira eta baita marrazkiak ere, oso garrantzitsua baita marrazki edo irudi egokiak izatea. Ezin dute anbiguoak izan, eman nahi den informazioa soilik eduki behar dute, ez gehiago.

Irakasle hauek diotenez aurrerapausoak nabaritzen dituzte. Landareak landu ondoren, esaterako, eta haurrak landare bat ikusten dutenean, ez dute esaten lore bat dela, landarearen izena baizik. Liburu batean gerezi bat ikusten badute, badakite hori gerezia dela eta gereziondotik ateratzen dela. Elkarketak ere egiten dituztela diote. Hau da, zuhaitz bakoitza noiz loratzen den irakasten bazaie, azkenean eukalitua izan ezik beste guztiak udaberrian loratzen direla esaten dute. Uztarketa hori ez du irakasleak egiten, haurrek beraiek baizik.

Beraz, lehen esaten ez zituzten gauzak esaten dituzte, eta era berean, hiztegia aberastu.

Gelako horman, ikusitako argazkiak jartzen dituzte banaka-banaka, aurretik ikusi eta ikasitakoa errekupera dezaten. Denek ez dute errekuperatzen, ezagutzen edota gogoratzen, baina askok bai.



Hona hemen Ulises programako pack baten eta bere magnitudeen adibidea



Euskal Herriko Artisau lanak



Zahatogintza

1. Artisau hau zahatogintza da.

2. Zahatoak egiten dira.

3. Zahatoak ahuntzaren larruz egiten dira.

4. Lehendabizi larrua mozten da, bikea botatzen da, lehortzen uzten da eta azkenik josi egiten da.

5. Ardoa gordetzeko erabiltzen da.

6. Artisautza azoketan saltzen da.



Xisteragintza

1. Artisau lan hau xisteragintza da.

2. Zesta puntan jokatzeko zareak egiten dira.

3. Zareak egiteko gaztainondo egurra eta zumea erabiltzen dira.

4. Lehendabizi armazoi bat egiten da alanbrez eta gero gaztainondo egurrez eta zumez estaltzen da.

5. Zesta puntan jokatzeko erabiltzen dira.

6. Artisautza azoketan saltzen dira.



Pilotagintza

1. Artisau lan hau pilotagintza da.

2. Pilotagintzan pilotak egiten dira.

3. Pilotak egiteko goma, artilea, ahuntzaren larrua eta latexa behar dira.

4. Lehendabizi goma jartzen da eta gero artilez eta larruz biltzen da.

5. Frontoietan jokatzeko erabiltzen dira.

6. Kiroldendetan eta artisautza azoketan saltzen dira.



Albokagintza

1. Artisau lan hau albokagintza da.

2. Albokak egiten dira.

3. Albokak egiteko ebano egurra eta behi adarrak erabiltzen dira.

4. Ebanozko tutuak behiaren bi adarren artean sartzen dira, eta euskarri batean finkatzen dira.

5. Musika egiteko erabiltzen dira.

6. Musika tresna dendetan eta artisautza azoketan saltzen dira.



Saregintza

1. Artisau lan hau saregintza da.

2. Sareak egiten dira.

3. Sareak egiteko nylona behar da.

4. Sareak korapiloak josiz egiten dira.

5. Arrantzarako erabiltzen dira.

6. Untzigintza biltegietan saltzen dira.



Zurgintza

1. Artisau lan hau zurgintza da.

2. Egurra lantzen da.

3. Egur nobleak erabiltzen dira.

4. Egur gainean marrazki bat egiten da eta pixkanaka irudiaren erliebea jaten da irudi hori lortu arte.

5. Egiten diren irudiak apaintzeko erabiltzen dira.

6. Erakusketa eta artisautza azoketan saltzen dira.



Saskigintza

1. Artisau lan hau saskigintza da.

2. Saskiak egiten dira.

3. Saskiak gaztainondo egurre eta zumez egiten dira.

4. Lehendabizi armazoia egiten da eta gero ehuntzen dira.

5. Gauzak gordetzeko eta eramateko erabiltzen dira.

6. Saskitegietan eta artisautza azoketan saltzen dira.



Ehungintza

1. Artisau lan hau ehungintza da.

2. Alfonbrak eta tapizak egiten dira.

3. Kotoia eta lihoa behar dira.

4. Alfonbrak eta tapizak ehundegian egiten dira eta kotoia eta lihoa erabiliz.

5. Egiten diren gauzak apaintzeko erabiltzen dira.

6. Artisautza azoketan saltzen dira.



Kaikugintza

1. Artisau lan hau kaikugintza da.

2. Kaikuak egiten dira.

3. Urkiz egiten dira.

4. Enborra xaflatan mozten da, azpiz erretzen da eta barrukoa husten egiten da.

5. Ardien eesnea egosteko erabiltzen dira.

6. Artisautza azoketan saltzen dira.