ARAMENDI JAUREGI, Pello:

1998-10-01
Ikastetxeen eta hezkuntzaren kalitateaz asko hitz egiten da. Baina zer da kalitatea? Nola lortu kalitate hori? Goazen lehenik eta behin kalitatearen kontzeptua argitzera, eta ondoren, kalitatezko ikastetxearen norabidea hartzeko baliagarriak diren ezaugarriak ikustera.
 
 
Kalitatea, efikazia eta efizientziaren definizioak

Kalitateaz hitz egiten hasi aurretik, garrantzitsua da kalitateaz zer ulertzen dugun jakitea. Definizio ugari daude eta autore bakoitzak berea osatu du.

López Ruperez F.-ek (1994) irakaskuntzaren kalitatea horrela definitzen du:

"Kalitatea bezeroen beharrak eta itxaropenak asetzea da". Bezeroen (guraso, ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitatearen) beharrak betetzeari ematen dio lehentasuna.

Roure, J. (1992): "Kalitate osoa erakundearen jardueren kudeaketa mota bat da, bezeroaren beharrak eta itxaropenak betetzeko. Jarduera hauek erakundearentzat ekonomikoki errentagarriak edo efizienteak izan behar dute".

Berry, T. H. (1992): "Kalitatea bezeroen beharrak asetzea da. Horretarako, kalitateak neurgarria izan behar du edo neurtzeko moduan definitu behar da. Neurgarria ez balitz, lortu ezinezkoa izango litzateke".

Wilson, J. D. (1992): "Ikasleriaren aniztasuna kontuan harturik, irakaskuntzaren kalitatea ikasle bakoitzarentzat curriculum egokiena eskaintzea izango litzateke".

Garcia Hoz, V. (1988): "Hezkuntzaren kalitatearen ezaugarriak hauek dira: integrala eta koherentea izatea eta efikazia lortzea".

Gento Palacios, S. (1991): "Kalitatea barruko eta kanpoko bezeroen beharrak eta itxaropenak asetzeko zerbitzuak eskaintzea da".

LOGSE (1990): "Kalitatezko ikastetxe baten ezaugarrietako bat ikasleriaren aurrerakada handiena ahalik eta baldintza hoberenetan lortzea

izango litzateke".

Gomez Dacal, G. (1992): "Ikastetxearen efikazia bere helburuak lortzeko gaitasun maila izango litzateke. Efizientzia, aldiz, ikastetxeko helburuak lortzeko gaitasuna izatea, baina baliabide mugatu batzurekin".



Kalitatea, efikazia edo efizientzia lortzen duten ikastetxeen ezaugarriak

Zenbait pedagogoen lanak kontsultatu ondoren (Purkey eta Smith (1983), Edmons, R. R. (1979), Schereens, J. (1990), Gento Palacios, S. (1995), eta LOGSEn (1990) azaltzen diren definizioak ikusita, efikazia eta kalitatearen ezaugarrien zerrenda eta sailkapena egin dugu:



Zuzendaritzaren ezaugarriak

- Zuzendaritzak ikastetxeko arazoak konpontzeko edo askatzeko borondatea edukitzea. Curriculumeko arazoez arduratzea eta ikastetxearen kudeaketan sortzen diren oztopoak gainditzeko gaitasuna izatea. Arazo hauek gainditzeko ikastetxeak autonomia edukitzea beharrezkoa da.

- Guraso eta, orokorrean, bezeroen beharrak asetzeko zuzendaritzak duen sentsibilizazioa. Bezeroekiko lotura, komunikazioa eta harreman sendoa edukitzea.

- Ikastetxeak hartu behar duen norabidea finkatzea. Ikastetxeko helburuak zeintzuk diren argi ikustea.

- Irakasleria inplikatzeko gaitasuna izatea. Lidergo pedagogikoa,

irakaskuntzaren kalitatea eta hobekuntzaren gidaritza edukitzea. Ikasleriaren emaitza akademikoez arduratzea eta kontrola eramatea.

- Langileriaren eta ikastetxeko ekintzen ardura eta kontrola eramatea.

- Zuzendaritzak irakasleriaren arteko elkarrekintza eta giro atsegina bultza-tzea.



Baliabideen inguruan

- Eskola eta klase denboraren ustiapena, hau da, ikasgelan ematen den ordu kopurua aprobetxatzea.

- Irakasle taldeek berrikuntza prozesuetan inbertitzen duten ordu kopurua (hobekuntza bultzatzeko egiten diren ziklo, departamentu, maila edo klaustroko bilerak).

- Hezkuntza komunitateak ikastetxeko azpiegiturarekin duen asetze maila.

- Informatika, ikus-entzunezkoak, teknologia berriak edo beste edozein gai lantzeko materialaren nahikotasuna eta erabilpen egokia. Ekipamendu eta material hau noizean behin berritzea.

- Auzo edo herriari ikastetxeko azpiegiturak uztea, ikastetxeak duen herriarekiko irekitasunaren adierazgarri.



Antolaketa orokorrari buruzkoak

- Organigrama ikastetxeko lanaren arabera egokitzea. Lan ezberdinen arabera, ikastetxeko egitura birmoldatzea eta egokitzea. Irakasleria, guraso eta ikasleen rolak, zereginak eta erantzunkizunak argi finkatzea.

- Ikastetxearen neurri egokia. Ikastetxe handiegiek berrikuntzarako eta bere antolaketarako oztopoak dituzte.

- Irakasle, ikasle eta gurasoen artean ikastetxea kudeatzea. Antolaketa prozesuak era partzehartzaile batean bideratzea.

- Irakasleriaren aukeraketa ikastetxearen beharren arabera egitea. Ikastetxeak, bere beharren arabera, irakasleriaren aukeraketa zorrotza egiten du.

- Ikastetxeak duen lanarekiko orientazioa, grina eta konpromezua. Hezkuntza komunitateko sektore guztien inplikazioa.

- Ikastetxeak lortu behar dituen helburuak sektore guztien artean adostea, argi edukitzea, denok ezagutzea eta inplikatzea.

- Ikastetxean errespetuzko harremanak bultzatzea. Partaideen disziplina, ordena eta kontrol irizpideak elkarrenganako errespetuan oinarritzea.



Ikaslearen ezaugarriak

- Ikasleari eskolaren bizitzan inplikatzeko, parte hartzeko eta ardurak hartzeko aukerak ematea.

- Ikasleriaren ikaskuntza prozesuaren jarraipena egitea, ebaluatzea, bere esfortzua eta lana baloratzea. Ikasleriaren autokontzeptua sendotzea eta bere itxaropen maila era arrazional batean igotzea.

- Ikasleriari ematen zaion banakako tratamendua edo irakaskuntza indibidualizatzeko eta pertsonalizatzeko egiten diren ahaleginak.

- Ikasleriaren aukeraketa irizpideak matrikula egiterakoan.

- Ikaslea ikastetxeko partaidea eta eragilea sentitzea.

- Ikasleriak jasotzen duen klase ordu kopurua. Ikastaldeak egiteko edo taldekatzeko erabiltzen diren irizpideak (talde heterogeneoak edo homogeneoak) argi edukitzea.



Ikastetxeko giroa

- Irakasleen arteko errespetuzko harremanak eta lan giro atsegina lortzea. Irakasleriak ikasleekiko itxaropen altua eta kontzeptu positiboa edukitzea.

- Ikastetxeko partaide izatearen poztasuna.

- Irakasleen arteko kohesioa, batasuna, adostasuna, komunikazio irekia eta talde-lana.

- Zuzendaritzak ikastetxeko giroa bultzatzea.



Zerbitzuak

- Zerbitzu osagarriak edukitzea: jangela, eskolaz kanpoko ekintzen ugaritasuna, garraioa, orientazioa eta zerbitzu psikopedagogikoak eta abar.



Talde lanari buruzkoak

- Departamendu, ziklo edo irakasle taldeak, batzordea eta guraso komisioak ikastetxeko maiztasunez biltzea eta lan egitea berrikuntza eta hobekuntza bultzatzeko asmoz. Irakasleriak ikastetxeko metodoak eta curriculum arazoak eztabaidatzeko eta planifikatzeko denbora inbertitzea.



Irakasleriaren ezaugarriak

- Irakasleriaren prestakuntza iraunkorra bultzatzea ikastetxearen beharrak kontuan hartuz. Prestakuntza hau, eguneroko praktika kontuan harturik eta bere beharren arabera, ikastetxean bertan gauzatzea komenigarria litzateke.

- Irakasleriaren etekina, efikazia eta eskakizun maila egokia izatea ikasgelan.

- Irakasleriak disziplina arazoetan egiten duen prebentzio lana.

- Irakasle bakoitza, bere ezaugarrien arabera, lanpostu egokienean kokatzea. Irakasleriaren egonkortasuna eta ikastetxearen hezkuntza proiektuan duen inplikazioa.

- Irakasle-tutorearen zereginak eta erantzukizunak argi edukitzea.

- Irakasleriak parte hartzea eta inplikatzea erabakiak hartzerakoan.

- Irakasleriaren artean laguntza, lankidetza eta babes giroa egotea. Irakasle berriak ikastetxean era egoki batean integratzeko asmoz, informazio, orientazio edo harrera programa edo ekintzak sortzea (mentorazgoa).

Ingurunea, guraso eta hezkuntza komunitateari buruz

- Auzo eta herriarekin harreman ugari edukitzea. Ikastetxea herriko ekintza kulturaletan integratzea. Zonaldeko hezkuntza zerbitzuekin ikastetxeak dituen harremanak lantzea. Curriculum ekintza eta jarduerak ingurunearekin erlazionatzea, bere arazoak eta ezaugarriak kontuan hartuz.

- Agintari, botere edo administrazio ezberdinen laguntza (udala, hezkuntza saila, entrepresak, elkarteak...).

- Ikastetxea eta familien arteko lankidetza, harremana eta komunikazioa (tutoretza, bilerak,...). Ikastetxeak familiari eskaintzen dion arreta lantzea. Gurasoen inplikazioa eta konpromezua lortzea hezkuntza jardueretan.

Ikasketa emaitzak eta maila akademikoa ikasle, irakasle eta gurasoen arteko erronka direla kontzienteak izatea.

- Familien maila soziokulturala eta sozioekonomikoa ertaina-altua. Gurasoen itxaropenak altuak izatea beraien seme-alabarekiko. Seme-alabez irudi positiboa izatea.

- Ikastetxeak herri mailan irudi ona edukitzea.

- Hezkuntza komunitateak (irakasle, ikasle eta gurasoak) balio eta helburu amankomunak adostuta edukitzea.



Hausnarketa

Orain arte aipatu ditugun kalitatezko ikastetxeen ezaugarriak orientazio gisa har daitezke. Beste hainbat eta hainbat ezaugarri ere azalduko zaizkigu, baina gutxienez hauek ikastetxearen norabidea hartzeko baliagarriak izan daitezke.

Ikastetxe efikazak edo kalitatezko eskolen ezaugarri hauek interpretatzerakoan, kontestu eta kultura ezberdineko eskolen ezaugarriak jaso ditugula aipatu behar da. Definizioetan azaldu dugun bezala, kalitatearen esanahia eta oinarria bezeroaren beharrak asetzea izango litzateke, baina Ingalaterra, Danimarka edo Euskal Herriko "bezeroek" dituzten beharrak ez dira berdinak. Beraz, kalitatezko irakaskuntzaren kontzeptua eta ezaugarriak kultura eta kontestu ezberdinek mugatzen dituzte.

Hau dela eta, kalitatearen definizioa aldakorra izanik, ikastetxe edo hezkuntza komunitate bakoitzak definitu eta zehaztu beharko luke hezkuntzaren kalitatea zertan datzan.

Azkenik, Berry T. H.ek (1992) dioen bezala, "kalitatearen kontzeptua parametro batzuen bidez neurtzeko gai ez bagara, ez dugu inoiz jakingo kalitate hau lortu dugun edo ez".



Bibliografia

- Beare, H., Caldwell, B.J. eta Millikan, R.H. (1992) : "Cómo conseguir centros de calidad". La Muralla argitaletxea. Madril.

- Berry, L. eta Parasuraman, A. (1992): "Calidad total en la gestión de servicios". Díaz de Santos argitaletxea. Madril.- Escuela Asturiana de Estudios Hispánicos (1981): "La calidad de la educación". C.S.I.C. Madril.

- García Hoz, V. (1989), Roure, J. (1992), Shereens, R.R. (1992) eta Gento Palacios, S. (1996): "Instituciones educativas para la calidad total". La Muralla argitaletxea. Madril.

- Gómez Dacal, G. (1992): "Escuelas eficaces y profesores eficientes". La Muralla argitaletxea. Madril.

- Harrington, H.J. (1990): "El coste de la mala calidad". Díaz de Santos argitaletxea. Madril.

- Juran, J. M. (1990): "Juran y la planificación para la calidad". Díaz de Santos argitaletxea. Madril.

- M.E.C. (1990): "Ley de Ordenación del Sistema Educativo". M.E.C. argitaletxea. Madril.

- López Rupérez, F. (1994): "La gestión de calidad en educación". La Muralla argitaletxea. Madril.

- O.C.D.E. (1991): "Escuelas y calidad de la enseñanza. Informe internacional". Paidós- M.E.C. argitaletxea. Barcelona.

- Wilson, J.D. (1992): "Cómo valorar la calidad de la enseñanza". Paidós- M.E.C. argitaletxea. Barcelona.