CONJIL, Txus:

1998-04-01
> Izadia Askagintzatik sortutako ikerketa kabinetea da. Gizarte arloan ikertzeko, eskuhartzeko eta hezitzeko tresna izan asmoz sortu zen. Dozena bat pertsona daude kabinete honetan eta tartean Txus Conjil. 11 urtetan irakasle lanetan aritua da eta azken 11 urte hauetan, berriz, prestakuntza mailan dabil, hezitzaileak prestatzen.
 
 
Zer da Izadia?

Izadia gizarte gaiak ikertzeko kabinetea da. Eginkizun nagusienak aholkularitza, heziketa, ikerketa, baliabideen eskaintza eta eskuhartzeko programen garapena ditu.



Nortzuk osatzen duzue kabinetea?

Kabinete interdiziplinarra da, hots, psikologoak, hezitzaileak, pedagogoak eta gizarte laguntzaileak gaude. Soziologoen kolaborazioa ere jasotzen dugu. Beraz, ikusten duzuen bezala, espezialitate desberdinetakoak gara eta hori oso aberatsa da. Bakoitzak bere lan egiteko modua eta ikuspuntua ditu eta guztiak batzeak abantailak ditu.



Zer eskaintzen du Izadiak? Zeintzu dira bere zerbitzuak?

Elkarte, hezkuntza zentro, erakunde eta abarren zerbitzuentzako tresna izatea da gure xedea. Guk aholkularitza, heziketa, azterketa, ikerketa, partehartzea eta abar eskaintzen ditugu.

Momentu honetan ikerketa desberdinak ari gara aurrera eramaten: Emakumea eta drogomenprkotasuna, integrazio sozio-hezitzailea, ebaluaketa prozesuak...

Ikastaroak dira beste zutabe garrantzitsuak. Ikastetxe, elkarte, instituzio, guraso eta abarrei ematen dizkiegu ikastaroak. Momentu honetan Gipuzkoan 22 guraso talde ezberdin ditugu eta ikastetxeei dagokienez 17.



Zein ikastaro mota dira?

Ikastetxeetan ematen ari garen ikastaroa Integrazio sozio-hezitzailea delakoa da. 20 orduko ikastaroa da eta klaustro osoak parte hartzen du. Lehenengo orduan dokumentuen aurkezpena egiten dugu eta gainontzeko orduak saioak, lantaldeak, dinamikak, rol jokuak eta abar dira. Oso dinamikoa da ikastaroa. Ikastetxeek arazoak dituztelako deitzen digute, eta gure helburua gatazkak gainditzen laguntzea da.

Izan ere, arazoak hor daude Erreforma gauza berriekin etorri da irtenbidea eman nahian, baina ez du horrelakorik lortu. Orduan, zer egiten dugu? Errua elkarri bota. Eta ez da hori egin behar duguna. Horren ordez arazoa ondo aztertu behar dugu eta bakoitzak bere ardurak hartu: gurasoak, ikasleak, irakasleak eta administrazioak, guztiek.



Zeintzuk dira eskuarki planteatzen diren arazoak?

Eskaera gehienak Osasun Heziketari lotuta etorri zaizkigu. Gehienak drogomenpekotasuna, prebentzioa edota sexualitateari oso lotuta daude. Zeharlerro bezala planteatuta dauden gaiak dira, Erreforman hitz politez agertzen direnak, baina irakasleak gai horiek aurrera eramateko tresnarik gabe aurkitzen dira. Hezkuntza sistemak didaktika mailako tresnak ematen ditu, baina gizarte mailako arazoak eta gatazkak konpontzeko planifikazio sozio-hezitzailea behar da.



Zer esan nahi duzu zehazki planifikazio sozio-hezitzailea delakoarekin?

Bada, irakasleok gai horiek lantzeko prestatuak gaudela eduki, material eta liburu aldetik, baina ez dakigula nola erabili material hori. Ez da Historia edo Matematika irakastea bezala. Drogomenpekotasunaz edo sexualitateaz hitz egitean norberaren bizipenak tartekatzen dira. Edukia eta bizipenak lotu behar ditugu eta koherenteak izan behar dugu, noski.

Koherentziarekin batera sinesgarritasuna eta giro lasaia lortu behar ditugu eta hori komunikazioaren bidez lortzen da. Niretzat heziketa komunikazioa da eta hori lortzeko ezin dira edukiak soilik aintzat hartu. Komunikaziotik sortzen dira arazoentzako erantzunak.

Horregatik, egoera hau lortzeko planifikazio sozio-hezitzailea egiten dugu ikastaroetan. Ez da planifikazio didaktika bat soilik. Didaktika da edukiak irakasteko balio duen heinean, baina lehen esan dugun bezala, arazoa ez da edukiena soilik, bizipenak, koherentzia eta abar ere hor daude.

Beraz, hori dena komunikazioaren teoriaren arabera aztertzen dugu, metodologia orokorrago batekin eta interbentzio diseinua ondo aztertuz. Adibidez, zein den egoera, zer aldatu nahi dugun, zeintzuk diren eskaerak, zeintzuk diren oztopoak eta zailtasunak eta zein den arazo honetan familiaren, irakasleriaren eta zerbitzu sozialen papera.



Hori guztia planifikatu ondoren, zein da hurrengo pausoa?

Ezarpena. Planifikazio hori praktikan jartzen da. Batzutan irakasleriaren jarrera aldatu egiten da, gurasoekin akordio moduan hitz egiten da eta ez gatazka moduan... Oso polita izaten da hasierako egoera eta 20 orduko ikastaroaren ondorengo egoera konparatzea. Bi hilabete eta erdi ondoren egoera aldatu egiten da.

Hurrengo bi hilabetetan ere jarraipena egiten da eta kurtso amaieran ebaluaketa.



Horrelako ikastaro bat egiteko irakasleen iraunkotasunak zenbaterainoko garrantzia du?

Izugarria. Klaustro iraunkorra izatea ezinbestekoa dela esango nuke nik. Batzutan ikastaro bat hasi eta hiru edo lau aldaketa jasatzen ditu klaustroak ikastaroa bukatu aurretik. Ni aspalditik ari naiz esaten irakasle bakoitzak gutxienez bost urte egon behar duela eskola batean. Badakit eskubide sindikalak daudela, baina hezkuntza mailan eta pedagogikoki zentroa eta ikasleak ezagutu eta integratzeko bost urte horiek beharrezkoak dira.



Irakasleon egoneza da ikastaro hauek emateko arrazoia. Baina drogomenpekotasuna, sexualitatea, prebentzioa eta abar ez dira irakasleok bakarrik konpondu behar ditugun arazoak, ezta?

Arrazoi duzu. Alde batetik, irakasleok errekonozimendu sozial gutxi daukagu eta bestetik, exijentzia sozial handia. Horren ondorioa da irakasleon egonezina. Horregatik egoera desdramatizatu egin behar da. Eskolan ez dugu iraultza handirik egingo, baina beharbada txikiak bai. Gauza da hezkuntzan profesional onak daudela sinestea eta irakasleon papera errekonozitzea. Irakasleak ez gara gurasoak, ez gara psikologoak, ez gara administrazioa. Profesionalak gara eta gure lana edukiak sinesgarritasunez zabaltzea da, eta hor dago koska. Gai batzuk ezin ditugu ulertu, ez dakigu zer gertatzen ari den, zergatik joaten diren gazteak gogorik gabe eskolara... eta azkenean ezintasuna sortzen zaigu eta ordutegia betetzera mugatzen gara, ahal dugun neurrian ikasgaia ematera.

Horrela Erreforma atzeratzen ari da. Betiko ikasgai eta materialekin gaude, betiko moduan irakasten, metodologia aktibo edo pasiboagoarekin, baina ikaslea ez dago erdigunean.



Orduan, nor da egonezin horren erantzulea?

Nire ustez momentu honetan irakaskuntzako egonezinaren eta ikasle-irakasleen arteko inkomunikazioaren erantzule nagusiena administrazioa da. Administrazioak Erreforma inposatu du eta ez da benetako eztabaidarik egon. Zentroen autonomiaz hitz egiten da, baina autonomia hori oso murritza da.

70-80ko hamarkadako "Movimiento de Renovación Pedagógica" oso mugimendu polita izan zen, baina ez genuen ezer lortu administrazioaren aldetik eta irakasleok erre egin ginen. Orain, aldiz, Estatuko administrazioa erreformatu egin behar dela esanez etorri da; paperean dena oso polita, baina aplikazioak hasi direnean izugarrizko arazoak sortu dira. Momentu honetan irakasleak erabat nahastuta gaude.

Gizarteak eskolara eraman ditu arazoak, baina ez dio tresnarik eman arazo horiei erantzuteko. PATetan ere horixe gertatzen da. Ez dute tresnarik, zenbait zentrok ez ditu ezagutzen eta kriterioak ez daude finkatuta.

Irakasleak formazioaren beharrean aurkitzen dira, baina ez edukien formazioa, horretarako materialak eta liburuak badaude. Behar den prestakuntza zera da: nerabeen egoera momentu honetan nolakoa den jakitea eta haiekin komunikatzea, eta ez zigorrak, kontratuak eta abar egitea.



Erreformak ez badu hori lortu, beste erreforma baten beharrean al gaude?

Ez nuke ezetzik esango. Momentu honetan ikasleak ez daude ikasteko motibatuta irakaskuntza beraien interesetatik at dagoelako. Bestetik, irakasleak psikologo eta guraso ez direla pentsatzen ari dira. Ikasleak eskolaz eta gurasoez kexatzen dira, gurasoak irakasleez eta irakasleak familiaz. Bitartean, botereak, sistemak, eskuak garbitzen ditu.

Irakasleak, ikasleak eta gurasoak, guztiok itsasuntzi berean gaude. Itsasuntzia urez betetzen ari zaigu eta beharbada eskola berria sortu beharko dugu. Adostasunera iritsi, minimo amankomunak jarri, kontsentsuatu eta benetan irtenbideak eman.



Dena dela, aldaketak guztiak zailak izan ohi dira. Zeintzuk dira abiapuntu nagusienak?

Hasteko hiru gauza planteatzen ditugu:

1- Irakaskuntza globalki aztertu behar da, partzialtasunak alde batera utzita.

2- Arduradunak bilatu behar dira eta ez errudunak.

3- Balore sistemak adostu behar dira. Irakasle bakoitzak bere balore sistema dauka eta printzipioz lejitimoa da, baina klaustro bezala adostasunera iritsi behar da eta ezin du bakoitzak berearekin ibili. Zeren norabiderik gabeko nerabeak ez baititu norabiderik gabeko helduak behar.



Zer gerta liteke balore sistema horien adostasunera iristen ez bagara?

Epaiak egingo ditugula eta epaiak komunikaziorako oztopo dira. Adibidez, nik homosexuala naizela esaten badizut eta zuk aurpegiarekin epaitzen nauzula ikusten badut, zurekiko komunikazioa eten egingo da.



Zuek hau guztia kanpotik ikusten duzue ikastetxeetara joandakoan. Zer suposatzen du horrek?

Errealitatea, arazoak eta gatazkak ikastetxeeetan daude eta han bizitzen dira. Guk kanpotik ikusten ditugu, ez dugu hainbesteko eraginik jasotzen, objetiboagoak gara eta ikuspegi zabalagoa daukagu. Azkenean kontrastea egiteko baliogarria da.



Zein da orain arteko esperientziaz egiten duzun balorazioa?

Eduki eta metodologia aldetik asmatu dugula esango nuke. Gauza ez da materiala aurkeztea, arazoak nola konpon daitezkeen erakustea baizik, eta hori lortu dugu.

Gainera prestatu dugun materiala edo formazio programa ezberdina da, hau da, egoera eta ikastetxe bakoitzari egokitua. Zentroa da ezberdintasuna markatzen duena eta gu zentroa egokitzen gara, ez zentrora gure eskaintzara.

Hala ere, oraindik baditugu hobetu behar ditugun gauzak.



Zeintzu dira hobetzeko dauzkazuen arlo horiek?

Alde batetik ebaluaketarena. Gure formazioak eguneroko praktikan duen eragina neurtzea zaila suertatzen zaigu. Nola neurtu hori familiarekin, irakasleekin...?

Bestetik, euskararen hobekuntza falta zaigu materialei dagokienez. Gure zailtasunik handiena euskara teknikoa da. Bai dokumentuetan eta bai gure formazioan gaztelera izan da nagusi. Lehenengo materiala ere gazteleraz osatu dugu, baina hala ere, ikastaroak euskaraz ematen ditugu. Komunikazio hizkuntza euskara da, nahiz eta oraindik dokumentu gehienak gazteleraz eduki. Zeren, zenbait material euskaratuak ditugu, baina ez gara gustura gelditu egin dizkiguten itzulpenekin. Horregatik, gure erronka eta erabakia geu alfabetatzea eta geuk itzultzea da.