Tailer globalizatuak: ekintza desberdinak ideia nagusi baten inguruan

1997-05-01
Duela zortzi urte inguru aisialdia eta euskararen arteko lotura sendotzeko asmoz sortu zen EUSKAL BEGIRALE ESKOLA. Kontuan harturik aisialdiko ekintza nagusienak, eguneroko jolas bizitza eta profesionalen prestakuntza orokorrean erdaraz bilakatzen zirela, beharrezkoa iruditu zitzaien euskararen presentzia ziurtatuko zuen bitarteko edota egitura bat prestatzea. Orain beste proiektu batekin datoz: Tailer globalizatuak.
 
 
Hori dela eta, EBEren lehendabiziko urratsak hiru arlo nagusitan zabaltzeko asmoz burutu ziren:

- Aisialdiko ekintza nagusiak euskaraz ere burutzeko aukera eskaini.

- Eguneroko bizitzan (ikastetxe, jolastoki...) euskararen presentzia ziurtatzeko bitartekoak prestatu.

- Aisialdian lanean diharduten profesionalak (begirale, zuzendari...) euskarazko prestakuntza jasotzeko aukera izateko egitura prestatu.

Ondorioz, EBEk bi egitura nagusi bilakatu ditu: zerbitzu eta ekintza eskaintza (gestioa, diseinua...) eta prestakuntza ekintzen eskaintza.

Urte batzuk pasa ondoren, ekintza espezializatuagoak prestatu dituzten neurrian, hirugarren egitura baten beharra ere somatu dute. Ikerketa eta ekintza berrien diseinura zuzenduriko egitura. Sail horren fruitua zenbait ekintza desberdinen diseinuaz gain, prozesu guztien zehazpenetan sakontzean aurki dezakegu.

Une honetan sail horren zeregina bi alor berezitan kokatzen da: ekintza edota formula berriak egituratzea eta Ikerketa.

Formula berrien azterketaren ondoriez TAILER GLOBALIZATUAK deituriko jarduera da EBEren emaitzarik berriena.

Gai honi heldu aurretik, hala ere, kontuan hartu diztuzten zenbait gauza aipatu dizkigute EBEko kideek:

"- Aisialdiko berezko errekurtso batzuk (tailerrak) irakaskuntza munduan geroz eta presentzia nabariagoa dute. Gure inguruan lanean diharduten profesionalengandik informazioa jasotzearen ondorioa dugu hau. Txotxongiloak, Antzerkia, Plastika eta antzeko tailerrak ikasturtean zehar jorratzen diren bitartekotan bihurtu dira.

- Tailerrak isolaturik lantzeak errealitatearekiko loturarik gabeko bitarteko izatearen sentsazioa. Banakako formula batean bilakatzen badira, badirudi nolabaiteko haustura ireki dugula egunerokotasunean, parentesi tartean kokaturiko ekintza bezala azaldu daiteke. Bestalde, formula honen bidez trebeziak lantzeko esperientzia soilena gera daiteke tailerra.

- Zenbait helburu berezi lantzeko irakaskuntzarekin lotura zuzenik ez duten bitarteko berezien beharra nabaria da".

Hipotesi hauek kontuan harturik, ekintza hauetan GLOBALIZAZIO kontzeptua aztertzen hasi dira EBEko kideak. Lehen hausnarketak burutu ondoren, honako emaitzak jaso dituzte:

"- Globalizazioak aukerako tailer ezberdin batzuk bildu ditzake hari baten inguruan. Hari horrek (azken emaitza, helburu nagusia,...) ekintza osoari eta zati desberdinei zentzua emango die.

- Globalizazio bidetik abiatzen bagara, trebezia bereziak lantzeaz gain, zenbait helburu nagusi lantzeko aukera izan dezakegu (hizkuntza helburuak, natura helburuak...).

- Globalizazioak partaideen motibazioa gehitzeko aukera handiagoa eskaintzen digu.

- Tenporalizazioa eta etapa kontzeptuak lantzeko aukera bilakaera zuzenean eskuratuko ditugu".

Bigarren urrats batean, TAILER GLOBALIZATUEN orokortasunaz jabetu dira. Errekurtso hau ez da irakaskuntza edota aisialdi munduan soilik geratzen, beste giza jarduera desberdinetara zabal daitekeela uste dute.

"Bestalde, eta errekurtso gisa ez da haurtzaro-gaztaro garaietara mugatzen, edozein adinetako pertsonekin lantzeko aukera eskaintzen baitu. Adibidez, hizkuntzaren irakaskuntzan diharduten erakunde, elkarte eta ikastetxeetan guztiz baliagarria izan daiteke (barnetegietan edota euskaltegietako eguneroko jardueretan garrantzizko tartea izan dezake)".

Une honetan TAILER GLOBALIZATUEN erabilpen gida bat prestatzen ari dira eta bere inguruan zenbait jardunaldi antolatzeko asmoz dabiltza (mintegi, hitzaldi...).



Proiektuaren justifikapena

Aisialdiko profesionalen tailerren inguruko esperientzia aztertu ondoren, udaleku nahiz aisialdiko ekintzetan jorratu izan diren tailer ekintzak beti zenbait kezka aurkitu dituzte bere bilakaeran: tailer antolamendu bat prestatzen denean, haurrek ez diote inolako justifikapenik aurkitzen.

Bestalde, eta antzeko ekintzak arrazoi zehatz batekin antolatzen direnean (etxea apaindu, mozorro jai bat prestatu...) haurrak motibazio handiago batez aritzen dira.

Hori dela eta, "gure proposamena GLOBALIZAZIORANTZ abiatzea da" diote EBEko kideek. "Ideia nagusi baten inguruan zenbait tailer ekintza biltzea da gure proposamena. Era honetan proposatuko ditugun ekintzek partaideentzat arrazoi bat izango dute".

Motibazioaz gain, globalizazioaren bidez helburu zabalagoak lantzeko aukera izango dela azpimarratzen dute, gehienbat nork bere autonomia eta taldeko xehetasunekin lortuko direnak.

"Orain arte tailer bat antolatu dugun unean, eskuratutako emaitzak tailerraren xede propioak izan dira. Proposamen berri honekin, ordea, tailerraren xedea beste ekintza baten hasiera bihurtuko da, eta ondorioz beste zenbait alor desberdin jorratzeko abiapuntua".



Tailer globalizatuen helburu nagusiak

Tailer globalizatu hauen helburu nagusiak zortzi direla aipatu digute EBEko kideek:

1- Trebezia zehatzak lantzeko aukera izatea.

2- Sormena lantzea.

3- Une eta Atal kontzeptuak lantzea.

4- Norberaren zereginak antolatzeko gaitasuna bilakatzea.

5- Talde lana sendotzea.

6- Kritikarako gaitasunak bultzatzea.

7- Eskolaren planifikazioaren curriculumeko zenbait eduki jorratzea.

8- Zatia eta Osotasunaren kontzeptuak lantzea.



Tailer globalizatuen antolaketa

Horrelako tailerrak martxan jartzeko antolaketa bat beharrezkoa da, eta hori da Euskal Begirale Eskolako kideek landu dutena. Hasteko norabide kontzeptuak azpimarratu behar direla diote. Zertarako plastika tailerra? edota txotxongiloak? "Normalean gizakiok zerbait egiten hasten garenean abiapuntua eta norabide kontzeptuak present izaten ditugu. Honek gure planteamendu osoari zentzua eta osotasuna ematen dio. Bestalde, ekintza hauetan sormena eta beste zenbait ekintza gaitasun lantzea badugu helburutzat, komenigarria litzateke emaitza horiek baloratzeko zenbait irizpide argitzea".

Horrez gain, tailerrak ekintza isolatuak bezala ikusten baldin baditugu, ez garela aukera guztiak lantzen ari diote. "Era isolatuan trebeziak bilakatzeko aukera bezala ikusten baditugu ere, era globalizatuan curriculumeko zenbait edukin lantzeko aukera ere eskuratzen dugu".

Hausnarketa hauen guztien ondoren, tailer globalizatuen proiektua martxan jartzeko kontzeptu hauek aurrikusi beharko lirateke:

- Abiapuntua: zergatik antolatu nahi/behar ditugu ekintza horiek?

- Norabidea: zein trebezia/ jarrera/ eduki jorratu nahi ditugu bere baitan?

- Emaitzak: zein fruitu eskuratuko dugu ekintza hau martxan jarriz gero?

- Globalizazioa: zertarako erabil dezakegu prestatutako ekintza eta zein izan daiteke bere bilakaera?



Tailer globalizatuen erabilpen gida

Tailer globalizatu hauen proiektuaren barnean erabilpen gida bat prestatzen ari dira eta horren aurrerapen bat luzatu digute EBEko kideek. 1996/97 ikasturtean martxan jarri duten adibide baten bidez azaldu dizkigute proiektuaren nondik norakoak.

Haur talde bati bideo filmaketa batzuk egitea proposatu diete (filmaketa horiek, kasu honetan, fikziozko zenbait istorio izango dira). Partaideek erantzun baikorra eman ondoren, honako prozesuak bilakatu dituzte:

- Istorioa lantzea: elkarrizketak, aktore banaketa... TESTUGINTZA TAILERRA.

- Filmaketa uneen prestakuntza. DEKORATU ETA ATREZZOA.

- Jantzi edota mozorroen prestakuntza. PLASTIKA TAILERRA.

- Entseiu eta errepresentazioak. ANTZERKI TAILERRA.

- Filmaketak. BIDEO ETA ANTZERKI TAILERRA.



1.- ABIAPUNTUA:

Normalean antzeko ekintzak prestatzen direnean, egoera zehatz batzuei erantzuna emateko izaten da. Ondorioz, abiapuntua behar horietan kokatuko da. Adibide honetan eskolaz kanpoko ekintza une bat bilakatzea eta bide batez, euskararen erabilera sendotzea izan dira abiapuntuak.



2.- BITARTEKOAK:

Aurretik aztertutako beharrei erantzuteko komenigarrienak izango liratekeen errekurtso edota ekintzak aukeratzen dira. Kasu honetan aipatutako lau tailer horien antolaketa egin da.



3.- NORABIDEA:

Ekintzaren kontzeptu orokorra izango da hau, aurreko bi atalen lotura nagusia. Proiektu honetan talde bakoitzak bere istorioa filmatu eta prestatzea da norabidea. Ondoren, bideoan grabatu eta filme egitura emango zaio.



4.- GLOBALIZAZIOA

Atal honetan aurretik aipatu eta aukeratutako bitartekoak aipaturiko norabidea lortzeko nola uztartu behar diren pentsatu behar da. Bitartekoen lotura bilatu behar da. Kasu honetan, proiektu hau osatzen duten lau tailerrek lotura sendo bat izango dute elkarren artean. Bestalde, eta proiektua partaideei azaltzerakoan, ez zaie ekintza isolatu multzo bat bezala azalduko, baizik eta ideia orokor bat eskuratzeko etapa desberdinak bezala.



5.- METODOLOGIA

Ekintzak aurrera eramateko aukeratuko diren bideak eta hartuko diren erabakiak finkatu behar dira atal honetan. Proiektu honetako metodologia motibazioan oinarrituko da. Ekintza berak sortzen du zirrara berezia (ikus-entzunezko bitartekoek berezkoa duten ezaugarria da). Bestalde, bilakaera partaideen esku geratzen da. Begirale eta arduradunek aholkularitza eta laguntza baino ez dute eskainiko. Partaideek finkatuko dituzte une guztiak eta garai bakoitzeko funtzio banaketak.



Prozesuaren bilakaera

Espresioaren inguruko tailer globalizatu hauen abiapuntua, beraz, finkaturik dago: haurren artean euskararen presentzia gehitu eta sendotzea. "Motibazio egoki bat lortzeko asmoz filmaketaren bitartekoa erabiliko dugu. Beraz, partaideei istorio batzuk filmatuko ditugula esan zaie eta "filmearen" xehetasun guztiez arduratu beharko dutela adierazi zaie" azaldu digute EBEko kideek.

Azalpen orokorra egin ondoren une bakoitzaren planifikazioa dator:



1.- TESTUGINTZA TAILERRA

Partaideen sormena eta beste zenbait iturri erabiliz filmatua izango den istorioaren prestakuntzari ekin behar zaio. Lehendabiziko antolamendu honetan ez da inolako muga edota norabiderik ezartzen, eta ondorioz filmeak ikuspegi desberdinetakoak izango dira. Aukerakoa litzateke gai zehatzei buruzko tailerrak prestatzea (Mitologia...).



2.- GIDOIGINTZA

Une honetan aukeratutako istorioari gidoi gorputza emango zaio, elkarrizketak, eszenak eta antzeko gertakizunak nola geratuko diren aukeratuko da talde lanean. Horrez gain, pertsonaien banaketa eta errepresentazioaren prestakuntzari ekingo zaio.



3.- ANTZERKI TAILERRA

Gidoiari antzerki egitura eman ondoren, honen prestakuntzari helduko zaio. Interpretazio aukerak, jarrera desberdinak,...



4.- PLASTIKA TAILERRA

Tailer honetan istoriari gorputza emateko behar ditugun bitartekoak prestatzeko aukera izango dugu: dekoratuak, jantziak, atrezzoa.. Bide batez, filmaketa unean beharrezkoak izan daitezkeen beste zenbait errekurtso ere jorratuko dira.

Tailer honetan printzipiozko jarrera birziklaiarena izango da, hau da, erabiliko diren bitartekoak ez dira garatuak izango, baizik eta egunero aurki ditzakegun errekurtsoak: plastikozko poltsak, kartoia,...



5.- FILMAKETA TAILERRA

Tailer honetan eta haurren adinaren arabera, bi partaidetza formula ezberdin landuko dira:

- Haur txikiekin filmaketa guztia arduradunen esku geratuko da. Haurrak antzerki arloaren arduradun izango dira.

- Haur handitxoek filmaketan parte hartzeko aukera izango dute. Aukerakoa litzateke filmaketaren zuzendaritza taldeko kide batzuek gidatzea.



Eduki curricularrak

Tailer globalizatu hauetan eskolako curriculumean txertatuta dauden hainbat alor jorratzen dira:

- Ingurunearen ezagutza: banakako zein taldeko edo gizarteko ingurunea ezagutzeko aukera ematen dute. Horrekin batera, elementu naturalak eta gizakion eraginez moldatutako elementuen dimentsioa ere lantzen da.

- Heziketa artistikoa: atal guztiek alor hau lantzeko posibilitatea ematen dute.

- Hizkuntza eta literatura: honen barnean ahozko komunikazioaren erabilpena, ahozko testua, irakurketa eta idazketa, nork bere hizkuntzarekiko hausnarketa eta ahozko-ez ahozko komunikazio sistemak lantzen dira.

Tailer globalizatuen bidez eskolako curriculumean azaltzen diren barruti hauetan eragina izan dezakegu. Eta ekintzaren moldagarritasuna kontuan hartzen badugu, beste zenbait alor desberdin ere jorra daitezke.



Tailer bakoitzean jorratuko diren prozesuak eta helburuak

AKZIOAK

1.- Testugintza tailerra

-Dokumentazioaren azterketa.

-Istorioaren bilakaera.



2.- Gidoigintza tailerra

-Istoriari antzerki forma eman.

-Istorioaren xehetasunak.



3.- Antzerki tailerra

-Paperak banatu eta gidoiak ikasi.

-Eszenak errepresentatu.

-Entsaioak.



4.- Plastika tailerra

-Dekoratuak prestatu.

-Mozorro eta jantziak prestatu.



5.- Filmaketa tailerra

-Eszenak egokitu.

-Filmaketa.



HELBURUAK ETA EMAITZAK

1.- Testugintza tailerra

-Irakurmena-Literatura.

-Idazmena-Sormena.



2.- Gidoigintza tailerra

-Idazmena-Literatura.

-Idazmena-Literatura-Sormena.



3.- Antzerki tailerra

-Irakurmena.

-Espresio dramatikoa.

-Espresioa eta erlazioa.



4.- Plastika tailerra

-Espresio plastikoa-Sormena.

-Sormena-Birziklaia.



5.- Filmaketa tailerra

-Espresio artistikoa-Sormena.

-Bideoaren erabilpena.