ARANO, Rosa Mª: Txingudi ikastolako hizkuntza plangintza

1997-03-01
Hezkuntza Erreformaren berrikuntza eskakizunei aurre egiteko, batetik, eta bestetik, gurea bezalako komunitate elebidunetan hizkuntzen irakaskuntzak sortzen dituen zailtasunak eta arazoak gainditzeko, 89/90 ikasturtean, Txingudi Ikastolan erakusten diren hiru hizkuntzen programazioetan, euskara, gaztelera eta ingelesekoetan, berrikuntza sakon bat gauzatzen hasi zen, Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitarteko mailetaraino.
 
 
Hezkuntza Erreformaren berrikuntza eskakizunei aurre egiteko, batetik, eta bestetik, gurea bezalako komunitate elebidunetan hizkuntzen irakaskuntzak sortzen dituen zailtasunak eta arazoak gainditzeko, 89/90 ikasturtean, Txingudi Ikastolan erakusten diren hiru hizkuntzen programazioetan, euskara, gaztelera eta ingelesekoetan, berrikuntza sakon bat gauzatzen hasi zen, Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitarteko mailetaraino.

Plangintza honen helburu nagusia ikasleengan euskararen menderakuntza eta erabilera ziurtatzeaz gain, gazteleraren hobekuntza eta ingeles maila egokia eskuratzeko moduko proposamen didaktikoa asmatu eta gelaratzea da. Hau lortzeko eginkizun hauek bete ditugu edo/eta betetzen ari gara:

a)-Etapa ezberdinetako maila bakoitzeko irakaslegoaren formazioaren sakonketa, hizkuntzaren kontzepzioan eta honen didaktikaren alorrean batipat.

b)-Hizkuntza bakoitzerako eduki aukeraketa eta mailakatzea gauzatzea.

d)- Hizkuntza bakoitzerako unitate didaktiko propioak gauzatzea, merkatuan eskeintzen den materialak, hiru hizkuntzen arteko elkar osagarritasuna ez baitu jasotzen, eta haien egokitzapena, berriak egitea baino zailago gertatuko bailitzaiguke.

e)- Unitateen gelaratzearen jarraipena eta ebaluaketa gauzatzea, horretarako prozedura eta material berezia sortuz.

Ondorengo lerroetan, goian aipatu ditugun arlo bakoitzari buruzko xehetasunak emango ditugu.



Irakaslegoaren formazioa

Irakaslegoa izango da Hizkuntza departamenduko espezialistak sortutako unitateak gelaratuko dituena, unean-unean gelan sortzen diren arazoei aurre egin beharko diena, materialak dituen hutsuneak gainditu beharko dituena, etab. Hortaz, bere formazioa ezinbesteko gertatzen da unitateak sortu izan diren zentzu berean gelaratuak izan daitezen eta somatzen diren hutsuneak gaindituak izan daitezen hurrengo ikasturteei begira.

Formazio honetako edukiak bi arloren inguruan murgiltzen dira:

- Hizkuntzaren kontzepzioa. Hizkuntza ekintza diskurtsibo gisa hartzen dugu.

Luze joango litzaiguke eta tokiz kanpo legoke, kontzepzio honetatik abiatzeak zer esan nahi duen adierazteak. Dena den, ez genituzke utzi nahi honako hauek aipatu gabe:

- Testua da erabilera edo funtzionamendu unitaterik garrantzitsuena, ahoz nahiz idatziz.

-Testuak aztertzeko testu tipologiaz baliatzen gara, hauetan aurki baititzakegu diskurtso edo testu genero ezberdinen deskribapenak eta sailkapenak, gero edukiak aukeratzeko.

-Bronckart eta bere taldekideen proposamenez baliatzen gara batipat hzikuntz fenomenoaren nondik-norakoak aztertzeko.

-Hizkuntzaren didaktika. Esparru honetan, eduki aukeraketarako irizpideak, sekuentzia didaktikoak gauzatzeko irizpideak eta ebaluaketa prozedura eta irizpideez egiten da hausnarketa.

Era honetara bideratzen da:

Unitateak gelaratzen hasi aurretik, ekainean edo irailean saio trinkoak egiten dira, hizkuntz kontzepzioaz , erakutsi behar duten testu motaren ezaugarriez, sekuentzia didaktikoez, ebaluaketaz, etab. gogoeta egiteko.

Unitate bakoitza gelaratu ondoren, irakasle taldea, hizkuntza departamenduko irakaslearekin biltzen da gelaratutako unitate horren ebaluaketa egiteko, edukien , sekuentzia didaktikoen, ariketen, ebaluaketa erregistroko itenem egokitasuna aztertu eta hurrengo ikasturteei begira, unitateetan behar diren egokitzapenak gauzatzen direlarik.

Benetako formazioa saio hauen bidez eskuratzen dala esango genuke, eguneroko eginkizun eta errealitatetik abiatutako hausnarketa egiten baita.



Eduki aukeraketa

Aipatu dugun hizkuntz kontzepzioaz gain, argi dugu hizkuntza bat baino gehiagoren jabekuntzan, hizkuntza batek besteekiko dituen loturak eta harremanak. Bestela esanda, Hizkuntza bakoitza, hizkuntza ezberdinetan aurkeztuko zaizkien hizkuntz edukiak barneratzeko, ikasleek konszienteki edo inkoszienteki erabiliko duten ezagumendu iturri suertatzen da.

Zentzu honetan, erabilera komunikatiboak edo testuak aukeratu orduan oso aintzat hartu izan dugu printzipio hau, hiru hizkuntzetarako elkarren osagarri diren edukiak aukeratuaz, eta programaketari enfoke integratzailea emanaz.

Argiago ikusteko zertan den elkarren arteko osagarritasun hau hona hemen, hizkuntza bakoitzeko egoera komunikatiboak aukeratzeko erabilitako irizpide nagusiak:



Euskara

-Eskolak haurrari eskatzen dizkion erabilera komunikatiboei lehentasuna ematea, azpikurrikuluma ahalik eta gehien ezabatzeko asmoz. Laburpenak, laborategiko informeak, azalpen testuak,...Beste zenbait erabilera sozial arruntez ahantzi gabe (errezetak, berriak...)

-Adinari dagozkion interes eta gaitasunen araberakoak izatea.



Gaztelera

-Erabilera formaleei lehentasuna ematea ahoz nahiz idatziz ( Vd. tratamendua, kortesia formulak, eskutiz formalak, araudiak, deskribapenak, ...). Erabilera kolokial/familiarrak oso ongi menderatzeak, ez baititu ziurtatzen hauek.

-Ahal den heinean aurreko beste mailetan euskaraz landuak izatea.



Ingelesa

-Gelako ahozko ikasle/irakasle elkarrekintza, ingelesez egitea ahalbideratzen duten erabilerak izatea. (Hitzen esanahia argitzeko esapideak, irakaslearen laguntza eskatzeko esapideak, kidei gauzak eskatzeko esapideak.

-Beste maila batzuetan gazteleraz edo euskaraz landutako testuak izatea.

Ahozko nahiz idatzizko egoera komunikatiboak aukeratu ondoren, egoera komunikatibo bakoitzari dagozkion edukiak aukeratzen dira, kontzeptuzkoak, prozedurazkoak eta jarrera, ohitura eta balioei buruzkoak hain zuzen ere.



Unitate didaktikoak

Hizkuntza departamenduko espezialistak gauzatzen ditu, gero irakasleek gelaratu ditzaten. Unitate hauek, bi atal dituzte: ikasleen materiala eta irakaslearena. Ikasleen materiala, ahozko eta idatzizko hizkuntzako eduki ezberdinak lantzeko ariketez osatua dago. Irakaslearen materialean, ahozko nahiz idatzizko hizkuntzako edukiak, eduki hoiek lantzeko sekuentzia didatikoak eta haurren jabekuntzei buruzko informazioa jasotzeko erregistroak azaltzen dira. Era berean sekuentzia didaktikoko urrats bakoitzerako jarri diren ariketei buruzko oharrak egiten zaizkio, irakasleari, hala nola, ariketa horretan aurki daitezken zailtasunak, talde txikian edo handian egin daitekeen ariketa hori, nola bideratu zuzenketa, erabili daitekeen material osagarria, etab.

Beste zenbait egoeratan idatzi izan badugu ere, (Arano, 1992), Arano, Berazadi, Idiazabal, 1994, 1996), ez gara arituko hemen ahozko eta idatzizko hizkuntza lantzeko erabiltzen ditugun sekuentzia didaktikoak deskribatzen, luzeegi gertatuko bailitzateke. Gure ustez nabarmenenak diren ezaugarrien aipamena besterik ez dugu egingo.

Ikaste esanguratsuaren printzipioak izan dira batik bat, aintzat hartuak sekuentzia didaktikoak sortu orduan.

Ahozko nahiz idatzizko sekuentzietan ikasi behar dutenaren inguruan ikasleek dakitena behatzen da : gaiari buruz, produkzio egoerari buruz, esapide jakin batzuei buruz... irakaskuntza hortik abiatzeko asmoz, dituen ideien eta berrien arteko zubiak erakitzen ahalegintzen garelarik. Aurrezagutza hauek jasotzeko, adinaren arauera eta edukiaren arabera prozedura ezberdinak erabiltzen dira, maizenak honako hauek: ahozko galderak, idatzizko galderak, produkzio egoeran jarri, etab. Irakaslea erantzun zuzen eta ez zuzenen konstatazioan gelditu beharrean soilik, erantzunen nondik-norakoan fijatuko da, beharrezko litzateken informazioa gehitzeko edo unitate didaktikoan gauzatu den estrategia didaktikoa egokitzeko.

Hasiera-hasieratik ikasleari ikasi behar dutenaren zertarakoa aurkeztuko zaio, eginkizunaren zertarakoa, alegia. Honekin, ikaslea motibatzea eta bere ekoizpenari eskola-ariketa soilaren kutsua ahalik eta gehien ezabatzea lortu nahi da batipat. Horretarako, produkzio egoerak definitzean nork, nori, zertaz eta zertarako hitzegin edo idatzi behar dion zehatz mehatz definituko da.

Bestalde, ikasleari aurkezten zaizkion ekintzetan, ariketa hoiek egiteko jarraipideak zehatz-mehatz adierazten zaizkio, adinez nagusiagotzen doazen neurrian zehaztasun gehiago ematen zaizkielarik, baina beti ere, ariketak egiteko estrategia aukeratzeko askatasuna eskeiniaz, batez ere nagusiagotzen doazen heinean. Jokabide honekin ikasleek beraien ikasketa ahalik eta erarik autonomoenean egitea bultzatu nahi da. Horregatik, ariketak gauzatzeko kontsignen bakarkako irakurketa bultzatzea eta hauen ulermena ziurtatzea ezinbestekoa da, ohitura hau garatzea izango delarik irakaslearen eginkizun garrantzitsuenetariko bat.

Talde lana ere, ikasleak-ikasleekin, asko erabiltzen den estrategia da nagusiaren azalpenak baino, askotan haien artekoak onuragarriago gertatzen baitira eduki ezberdinen jabekuntzarako.

Ariketen zuzenketak, gehienetan talde osoaren aurrean egingo dira irakaslea ekintza honen gidaria besterik izango ez delarik , bere eskuhartzea ikasleek haien artean gainditu ezin dituzten arazoak konpontzera mugatua izango da. Honekin, ikaskuntza prozesuan jabekuntzen elkartrukaketa bultzatu nahi da.

Egun ezberdinetan zehar ikasten ari direnari buruzko sintesi lana egiteari tarte berezia eskeiniko zaio, eduki berriak barneratzen eta ikasleak iadanik dituen eskemetan egokitzen laguntzeko. Lan hau eduki berri bakoitzari buruzko ariketak bukatzean, berriekin hastean eta ikasleak produkzio egoeran jarri aurretik gauzatuko da batez ere, talde nagusiko edo bakarkako ariketa berezien bidez.

Sekuentzia didaktiko ezberdinetan, haien ekoizpenaren egokitasunari buruzko hausnarketa planteatuko da, horretarako sortuak diren erregistroen bidez. Honekin, ikasleei zer ikasten ari diren gogorarazteaz gain, haien ekoizpenak berhartzera bultzatu nahi dira, egin ditzaketen hutsak zuzentzera bideratuz. Era berean, irakasleak haien ekoizpenen ebaluaketa gauzatzeko erabiliko dituen irizpideak azaleratzea eta konpartitzea.



Unitateen gelaratzearen jarraipena eta ebaluaketa

Lehenago adierazi bezala, hiru hizkuntzetako unitate didaktiko bakoitzaren bukaeran, mailako irakasle taldea hizkuntza departamenduko espezialistarekin biltzen da, unitateen egokitasunaren azterketa eta haurren ekoizpenei buruzko balorazioa egiteko. Horretarako, irakasle bakoitzak eduki aukeraketa, mailakatze, sekuentzia didaktiko, ariketa, denbora eta baliapideei buruzko informazioa biltzen du, ebaluaketa saioan hauei buruzko balorazioa egin eta behar diren erabakiak hartzeko: edukiak aldatu edo mantendu, sekuentzia didaktikoa aldatu edo mantendu, ariketa berriak sartu, ebaluaketa erregistroko itenak egokitu, etab.

Ikasleen produkzioak, irakasleez gain hizkuntza departamenduko espezialistak aztertzen ditu saio honetan guztion arte balorazioa egiteko. Azterketa, ikas-irakaskunta prozesuko beste osagai batzuekin harremanetan jarriaz burutzen da, hala nola, eduki, sekuentzia didaktiko, baliapide, etabarrekin.

Balorazio horren ondorioz, taldeak laguntza gehiagorik behar duen, behar izatekotan nolako laguntza mota, haurren batek eskuhartze bereziren bat behar duen, material osagarria behar den,... eta antzeko erabakiak hartzen dira.

Ebaluaketa saio hauetan hartutako erabakiek unitateetan aldaketak egitera eramaten gaituzte. Aldaketa hauek gauzatzearen ardura, Hizkuntza departamenduko espezialistari dagokio, hurrengo ikasturterako unitatean txertatzeko. Era berean, unean-unean Ikastetxeko Curriculum Proiektuan aldaketa hoiek isladatzen dira.