GOROSTIDI, Jose Luisen omenez

1997-01-01
Aurtengo udan hil den Jose Luis Gorostidi, Lekeition, arrantzale familia batean jaio zen 1.952. urtean. Lizarra eta Atarrabiako Paz de Ziganda ikastoletan jardun zuen lanean bere bizitzako azken urte hauetan.

Euskaraz Bizi" mugimenduaren sortzailea izan zen. Honekin, euskara ikasgeletatik atera eta eguneroko bizitzan sustraitzeko eta lantzeko helburuak lortu nahi zituen. Gaur egun, berrogeita hamar ikastolek parte hartzen dute proiektu honetan.

Hik Hasik bere lana omendu nahiean, Jose Luisek "Euskaraz Bizi" liburuan idatzitako oinarrizko lanak eta ISILIK aldizkarian Paz de Ziganda ikastolan egindako lanaren ekarpenak aurkeztea egoki ikusi du.
 
 
Badira hamarkada batzuk gure haurrak benetan euskaldunduko dituen eskola baten atzetik gabiltzala. Gaur eguneko errealitateak ez digu ikuskizun zoriontsurik erakusten: kasurik hoberenean euskaraz ikasten duten haurrak, baina erdaraz jostatu eta bizi direnak...

Eskola era egokian profesionalizatu eta egituratzeak gure haur eta gazteen hizkuntz gaitasunaren hobekuntza nabarmena ekarri du; alabaina, begi bistakoa da ez duela era berean euskarazko jokabide eta komunikazio bat batekorik garatu eragin euskaldunen aurrean. Bere garaian gaitasun hobekuntza horrek euskararen erabilpenaren gehikuntza, bai eskola bai eskolatik kanpo, ekarriko zuela ziotenek beren itxaropenak bazter batean utziak dituzte dagoeneko.

Egia da hezkuntzako euskal profesionalen adoreak beti argi bat pizturik mantenduko duela bide berrien, hezkuntza modu berrien, argudio ezberdinen bilaketan, gizarte bizi batean Euskara bizia lortu nahi horretan. "Hizkuntza bizia eta bizitzarako eskola", horixe dugu ahaleginean gidatzen gaituen idazpurua.

Euskal Eskola" berriaren atarian gaude eta ez dira gutxi etorkizuneko Eskola hori gure kultura eta hizkuntzatik hurbilago jartzeko proposamen bateratu baten bila saiatzen diren proiektuak. Aurretik egindako esperientzia pilo bat gertu dago hura bultzatu eta etorkizunean itxaropena sortzeko. Proiektu honek (Euskaraz Bizi) kemena eta lilura ekarri nahi dio hain gogoko dugun bat bateko komunikazioaren ohitura lortzeko helburuari.




ZER DA "EUSKARAZ BIZI"?

"Euskaraz Bizi" murgiltze eredutan eskolatuak dauden ikasleekin euskara biziago eta erneago bat lortu nahi duten lanari eta estrategien aplikazioari egindako eskaintza da, baita gogoetarako gonbitea ere.

Guztiona den arazo honen aurrean, etsipena, utzikeria, ezezkortasuna eta joera atzerakoien alternatiba izan nahi du. Gure haurrek euskara eskolan eta eskolatik kanpo gehiago erabil dezaten lan eta ekimenerako bide bat ireki nahi du. Uste baitugu eskolako mezuek eta bertan hartutako ohiturek kalera, etxera, bizitzara iritsi behar dutela oro har.



Nor garen partaide

Orain arte Tolosako Laskorain, Atarrabiako Paz de Ziganda, Gasteizko Toki Eder eta Lizarrako ikastolak osatzen dute. Ikastola guztiok biltzen gaituen Elkartetik jarduera-programa hasierako ahalegin adierazgarri bat egin nahi dugu, gerora joera eta jarduera-programa zabalago eta orokorragoak sor daitezen, eta horrela haur eta gazteen bat bateko elkarrizketa eskuarki euskaraz izatea errealitate bihur dadin.

Gure esperientzia horretarako prest eta berarekin lan egiteko gertu daudenei eskaini nahi diegu. Jakinmia asetzeko edo axolagabeen informaziorako bakarrik balioko lukeen produktu batean bihurtzerik ez genuke nahi. Denbora urritasunak eta lanaren zamak, gure proposamenak behin eztabaidatu ondoren benetako gogo pertsonal edo kolektibo batek bultzaturik haiek aurrera eramateko gai direnei bakarrik eskaintzera lotzen gaitu.



Nori zuzendua dagoen

Interesa eta gogoetatik abiatuta, beren ahalegin eta lana gure hizkuntzaren berreskuratze osoari eskaini nahi dioten hezkuntzako profesional guztiei.

Helburu hori lortzeko bide eta metodoak bat baino gehiago izan daitezkeela onartzen dugularik, nabarmen utzi nahi dugu gure laguntza programaren barnean aritzeko prest dauden ikastetxeak antolatu eta bultzatzera bideratuko dela.

Komenigarri da azpimarratzea gure planteamenduak haur erdaldunak euskalduntzen ari direnentzat egokiturik daudela.

Arestian esan dugun bezala, ez genuke kuskuxeroen erakarmen gune izan nahi, ezta eztabaidaren espekulatzaileendako tirabiren gai ere. Gure asmoa erreferentzia puntu eta topagune izatea da, bizitzaren esparru guztietan, beren lanaren bidez, euskara bizia eta erabilia garatzeko konpomezua hartua duten asko horientzat.



Kolektibo berriak "Euskaraz Bizi" proiektuan partaide izateko baldintzak

Proiektu honen partaide izateak gutxienezko baldintza eta konpromezuak onartu beharra dakar, gure ustean ezinbestekoak direnak, etorkizunean eman daitezkeen aplikazio ezberdinak ongi burutu nahi badira.

Horien artean:

- Euskarazko murgiltze ereduak dituzten ikastetxeak izatea.

- Ikastetxearen proiektuaren barrenean euskarazko komunikazio ohiturak, bai eskolan bai eskolatik kanpo, lortzeko helburua sartzea.

- Ikastetxeko organo kudeatzaile eta erabakitzaileek programa onartzea.

- Ikastetxean atzeman daitezkeen hizkuntz jokabide eta erantzun ezberdinen analisian oinarritutako barne eztabaida egitea.

- Zuzendariaren konpromezu argi eta nabaria programa bere ikastetxean prestatu eta aplikatzeko.

- Planak koordinatu eta burutzeko gutxienezko egitura bat gauzatzea (talde koordinatzailea).

* Zuzendaria + Ikasketa burua.

* Zuzendaria + Zikloetako koordinatzailea.

* Zuzendaria + Zikloetako ordezkariak.

- Ikastetxe bakoitzeko jarduera-programak landu eta aurkeztea.

- Egoki irizten diren barne eta kanpoko ebaluazioak onartzea.

- Beranduago programaren partaide egiten direnak laguntzeko eta haiengan eragina izateko konpromezua.

- Programak lagundu, eztabaidatu eta zuzpertzeko guneak sortzea (harreman eta estimulazio taldeak). Hiruzpalau ikastetxeen arteko harreman sare bat osatuko litzateke beren artean hartu eman gehiago eta hobeekin (gune ugari elkarrekin harremanean programa berdin baten bidez).

- Arduradunen partaidetza, programari buruzko gogoeta eta eztabaidarako topaketetan.



Zer nahi dugun

Ez dago gure helburuen artean guztiekin batera eta orokorrean hastea, ez bada programan ongi motibaturiko aplikazio batean oinarritzen. Ez dugu amaierarik gabeko eztabaidetan galdu nahi, guk dagoeneko erabakiak ditugun argudio bideetan barna, ezta edozein behatzaile kuxkuxeroren bisitarik onartu nahi ere, non ez duten ekintzan konpromezua hartua edo hartu nahi ez dutenena.

Gure asmoek hauxe bilatzen dute:

- Azken aldi honetan euskarazko bat bateko komunikazio ohiturak lortzearren eskolaren lana gero eta trinko eta eranginkorragoa izan behar duenaren alde azaltzen ari diren gogoak zirikatzea.

- Etorkizunean sor daitezkeen eztabaidetarako gogoeta elementuak gehitzea.

- Hizkuntzaren murgiltze ereduetara jo beharra oraindik izkutuan dagoen tokietan barne eztabaida piztea.

Haur erdaldunak euskalduntzeko eredu baliagarri eta egokiak orotara hedatzeko martxa mantso horretan, hona zer lortu nahi dugun lehendabiziko epeetan:

- Gaur egun euskaraz murgiltzeko ereduak dituzten ikastetxeetara gure planteamenduak hedatzea.

- Zenbait programari hasiera ematea, aurretik martxan jartzea erabakia duten tokietan, eta haien hurbileko jarraipena egitea.

- Ikastetxe talde txikien artean (hiru edo lau nukleo bakoitzeko) sare bat osatzea, gero programa zabaltzen eragin zuzena izan dezaten.

- Antolaturiko erakunde eta kolektiboetan eragina izatea.

- Bost urteko epean oraingo joerari buelta ematen saiatzea, eskolan haurrengan euskarazko komunikazio-ohiturak ezartzerik badela frogatuz.

- Gure planteamenduen aplikazioa orotara hedatzea imitazioz edo emaitzen indarrez.



ZENBAIT GOGOETA HAUR ERDALDUNEN EUSKALDUNTZEAK GAUR EGUN DUEN ERREALITATEAREN GAINEAN



Nahia eta ezina

Zenbait euskalduntze kolektibotan zailtasun handiak ikusten ditugu eguneroko bizitzaren esparru ezberdinetan euskara bizkor eta bizia lortzerakoan. Euskara pasiboak nahiz eta gero eta garatuago eta gaituago izan, ez du euskarazko bat bateko komunikazioaren atea irekitzen. Benetako sinismena dago gure ikasleek euskaraz bizitzen ikas dezaten lortu behar dela; baina etsipena dator ikustean eginahal guztiak gizarte erdaldunak ehoturiko sare estuan amiltzen direla.

Horren ondorioz:

- Batzuk, bide, metodo, planteamendu berriekin hasteko beharra sentitzen dute. Prest daude ordurarte baliagarri izan ez dutena aldatzeko, eta autoebaluazio baiezkorrari ekiteko gertu daude, estrategietan aldaketak egitera eramanen diena.

- Beste batzuk, etsipenean murgilduta, haien helburua ezinezkoa dela ziurtatzera iritsi dira. Horiexei, " Ezina ekinez egina" herri esaera gogorarazteaz gain, jokabideak aldatu eta moldatzeko metodologia esperimentalak duen ahamenean sinets dezaten bultzatu behar zaie.



Horretara jotzen duen guztia... ona da

Badago bide mistoetatik ahalik eta haurrik gehien euskarara hurbiltzen saiatzen denik ere, borondate onean sostengatuz euskal joerako proposamenak bultzatzen duenik. Emaitzen kalitatean galdu gabe, euskarara hurbiltzeko kolektibo horien kezkak konfidantza ematen digu, egindakoaren gainean sakon pentsatu ondoren gure hizkuntza berreskuratzeko eredu aske eta homogeneoago batzutara azkar azkar eginen dutela.

"Posibilista" terminoa berez da dinamikoa, malgu eta aldakorra... egoera berrietara etengabe egokitzen dena. Dozena erdi bat urte "egin ahal zena" gaur egun gainditua daukegu, gero eta argiago dago murgiltze ereduak hedatu eta garatu behar direla "B" eredu direlakoak garai batetan ezarri ziren toki haietan. Begi bistakoa da B ereduak, irakasleek hala utzi duten tokietan, eredu trinkoagoetara jo dutela beren planteamenduetan. Gero eta gutxiago dira "B" ereduak eta lehian dabiltza ahalik eta azkarren behar bezalako tratamendu eta ospea duten murgiltze eredu bihurtzeko.



Ez da eskolaren zeregina

Ikasi dugu baita ere, badaudela hemen azaldu dugun arazoaz kezkaturik ez daudenak. Bestelakoak dira haien interes eta planak, eta izenez euskalduna den gizartean zenbateraino sartuak dauden, horrenbesterainoko hizkuntz ereduak sortzen dituzte euskararen ikaskuntza zuritzeko.

Euskara ikastetxe barnean eta kanpoan erabiltzeko hizkuntz ohiturak lortzea ez dela eskolaren eginkizuna argudiatzen dute, gizartea dela erantzukizun hori bere gain hartu behar duena, gure hizkuntza berreskuratzeko ahalbideetan hain mugatua dagoen gizarte hori, hain zuzen. Beren argudioen nahaspiloa indartzean euskarari eranginkortasuna eta bizitasuna kentzen diote, aldioro hizkuntza zapaltzailearen zaindari bihurtuz.

Ama hizkuntzatik abiatu behar da, elkartzera, nahastera jo behar da... beste hizkuntzarekin banatu... harekin bat egin... erdarak euskarari uzten dion askatasun zaindu horretatik.

Garaia da uler dezaten gure hizkuntzaren garapenak bide askea, bere espazio eta giroa behar dituela; babesetik abiatuz erabat berreskuratu arte haren garapenean ari direnek, beti bat eta tinko jokatuz, bideratuko dutela.



Gure eskoletan egunero ikusten diren arazoak

a) Helburu honen erabateko gabezia ikusten da eskola ezberdinetako proiektu gehienetan.

Ezarrita dago bai, halako adinerako, euskarazko teknika ezberdinak lortu behar direla: gure hizkuntzan ikasketak jarraitzeko adinako hizkuntz gaitasuna izan dezatela. Baina ez da egoki ikusten ikastetxearen helburuen artean euskara erabiltzeko ohitura orokorrik lortzea. Izkutatze hori, askotan benetakoa dena, gure kontzientzien aurrean tabu antzeko zerbait, izkutatu beharrekoa bihurtzen du, segurtasun eza, aztoramendua sorrarazten diguna...

b) ez da eragiten... ez dago eskaera, itxarobiderik. Ez zaie gure haurrei behar hainbateko indarrez eskatzen euskarazko harremanik. Hezkuntza komunitateko partaide guztiak ez dira horretan sartzen gehienetan.

- Ez zaio baliorik ematen gure hizkuntzaren erabilpenari, ez ikastetxe barrutik ez kanpotik. Oraindik, hezkuntzako profesional eta kudeatzaileek ez dituzte behar bezala lotu beren diskurtsuetan euskarazko komunikazio ohiturak eta "hezkuntzaren kalitatea".

- Zoritxarrez, ez dira desagertu eta konpondu aspalditik datozkigun arazoak:

* Gure afera den horren gaineko eztabaida bati ekiteko gai ez diren kudeaketa organoak.

* Burokraziaz gehiegi arduratzen diren zuzendariak. Beren denbora eta adorea helburu hau bultzatzen aritzeko gauza ez direnak.

* Ez honerako, ez harako irakasleak, komunikazio askatasunaren aldekoak, inoiz ere haurren euskararen gainean eragitera ausartzen ez direnak.

* Gurasoak arduragabeak, porrot horren zergatiak oso "erraz" irensten dituztenak. Horren gaineko aldaketarik sorrarazteko gauza ez diren gurasoak.

Zoritxarrez, asko dira beren eskoletan lagunekin euskaraz aritzeko behar subjetiboa sortzeko ezinbesteko indar eragile horiek aurkitzen ez dituzten haurrak. Helburu horren aldeko eztenkadak hain dira bakan eta lauso, oso zail dutela jakitea non, noiz eta norekin aritu, saiatu eta ikasi behar duten, gerora ohitura hori bizitzaren beste espazio eta egoeretara hedatzeko.

d) Ez dago sistemaz egindako errefortzurik, haurrek norekin eta zein egoeratan euskaraz egin behar duten jakin dezatenera zuzendua. Ez dira ugari, lausenguak, zorionak, hitz goxoak haurrengan barruko harrotasuna eta poza sortuko dutenak. Alderantziz, euskaraz hitz egiten badute, ez zaie kasurik egiten zeren eta, soldaduskan balentria bezala, "izanen baitute, seguruenera" eta erdaraz ari badira, utzi behar baitzaie, bestela haien askatasun eta komunikazio beharra kaltetuko bailitzateke.

Oso gutxi, urriak dira eskoletan darabilzkigun baliabide materialak, bai ekintzak, bai gizartean baloratzekoak, bai taldean edo bakarka lilura sortzekoak, euskara erakargarri eta irrikatsuago bihurtzeko.

e) Beti bat eta batera jokatzea falta da ekintzetan.

Batzuk egiten dutenari beste batzuk ez diote jarraitzen, edo bestela irrigarri utzi eta desegiten dute. Ikastetxe berean joera, irizpide eta jarduera asko ikus daitezke, guztiak euskara barra barra erabiltzeko ohituretara bideratuak, baina haien arteko ardatz nagusirik gabe.

Dena den, badira ahalmen handiko bitartekariak, emaitza onak lortzen dituztenak zenbait mailatan, baina kolektibo osoaren irizpide eta jardueretan plan bateraturik gabe, basamortuko oasiak edo arauen salbuespen bezalakoak dira.

Errazago da inora ez doazen iritzi eta jarduera kontrajarriekin topo egitea.

- Batzuk oso trebeak dira beren berbaldi eta arrazonamenduekin jendea limurtzen, baina kontuan hartu behar dugu hitzak luzarora (epe motzera ere) nekatu, asebete eta axolagabezia dakarrela, arbuioa ez denean.

- Beste batzuk gogor eta oldartsu eskatzen dute euskaraz komunikatzea. Ez dute zalantzarik zigortzeko eta zenbait fruitu lortzen dute, baina umotu beharrean azkar asko usteltzen dira.

- Gehiengoa ez ikusi, ezta entzun ere egiten ez dutenak dira, ikusi eta entzun ere nahi ez dutenak, euskaraz nahiz erdaraz aritu haurren ondotik axolagabe pasatzen direnak, ez bultzatu, ez animatu, errietarik eman ez, adorerik ezta ere, baloratzen ez dutenak...

Kontrolaren aurkako fenomenoa ere ikus dezakegu haurren arteko euskara mintzatua bultzatzeko planak aurrera eraman nahi direnean. A esan eta B nahiago duen taldea sortzen da istanteko, baietz diotenen aurrean, hortxe dituzu galeraziko dutenak. Bada batzuen besteenganako kontrol etengabea, asko eta askotan ongi planifikatutako ekintza, eta gehien batez horren jarraipena oztopatzen duena.

f) Eskolaz konpoko ekintza osagarrien urritasuna, eskolan ikasitako hizkuntz portaerak beste gune eta egoeretara zabaldu ahal izan daitezen laguntzen ez dutenak. Zenbait ikastetxe, eskola akademia bihurtzeko arriskutan daude, ateak itxi eta ireki bai, baina jarduera osagarririk ez dute sortuko, haurrek gogokoen dituzten kirol eta ekintzetan euskaraz murgilduta bizitzeko aukerarik eman gabe.

Askotan esan ohi da udal edo eskualdeko kultur koordinatzaileen eginkizuna dela, haiek gizarte esparru zabalago batean bildu behar dituztela gure haurrak. Baina praktikak erakusten digu, maiz askotan, ezeri begiratu gabeko taldekatzeak euskara besterik ez edo nagusiki behintzat erabiltzearen oztopo bihurtzen direla jarduera horiek.



HAUR ERDALDUNEN EUSKALDUNTZEAN KONTUAN HARTU BEHARREKO ALDAGAIAK

Ikasketak jarraitu ahal izateko hizkuntz ahalmen eta gaitasunak, eta euskararen aldeko jarrera eta portaerak izanen dira gure ekinbide bikoitza haur erdaldunak euskalduntzerakoan.

Bigarren hizkuntza bat ikasi eta urtero urtero hizkuntza horretan eskolako ikasketak egitearen zailtasunak, karga artifizial gehiegirekin eta hizkuntza guztiek behar duten goxotasun eta identifikaziorik gabe hura eraikitzeko arriskua dauka. Hortik dator lan egin beharra, ikasleak euskara zerbait berea eta bizia bezala senti dezan, hunkipen eta sentimenduak adierazteko baliagarri izanen duena. Gure praktikan aldagai multzo hauek kontuan hartu behar ditugu, erabakiorrak baitira euskara ikasleengan txertatzeko.

Hona aldagai horietako batzuk:



Euskara goiz txertatzea

Lehenbailehen izan behar du. Ez hiru urte izan baino beranduago.



Euskararendako bide askea

Erdararekiko menpekotasunik gabe sortu behar du. Bere kaxak, harmonian eta sendo eraikitzeko behar diren elementu guztien jabe behar du izan. Euskararekiko identifikazioa bitartekari koherente eta tinkoen bidez eginen da eta harremanerako baliabide eta egoera babestuen egiturak erabiliz, horrela pixkana-pixkana barneratuko baita.

- Euskara haurrengana helarazteko ereduen tinkotasuna. (bitartekariak). Euskaldunak, hizkuntz planteamendu koordinatuen jabe direnak.

- Planteamendu egonkorrak eta bitartekotza motibagarri eta iraunkorra.

- Euskararen gune propioak. Eskolako gune koherenteak, non euskara ikasketa eta bizitza batera (ez ikasketa soilik).

- Lasaitasun eta konfidantzazko harreman giroa. Gogoko jarduera erakargarrien bidez ardura eta bultzakada iraunkorra sortu behar duen motibapen giroa.

Euskararentzako bide aske hau pixkanaka pixkanaka erdara garaile den eremutan sartuko da. Hori gertatzen bada, gure ikasleek euskara gero eta gehiago barneratzen dutelako gertatuko da. Euskarak haurrengan errotzeko behar duen giro babestu eta homogeneo horri uko egiteak, atzera ezin eginiko urruntzea eta identifikazio galtzea esan nahi du. Hura eskolako hizkuntz soil, hotz, harremanetarako huts bihurtuz. Hasierako babes hori, zenbat eta erdal giroa indartsuago eta eragin gehiagokoa izan (familia, lagunak, komunikabideak...), orduan eta beharrezkoago da. Ez gaude hizkuntz borrokarako mutur muturreko nukleoak sortzen, bigarren hizkuntz jakintza bat sortzen baizik, gutxienez lehen hizkuntzaren baldintza berdinetan.



Euskaraz eskolatzea

Irakurtze-idazte eta matematikazko adierazpena ere Euskaraz hasiko ditu horiek menperatzea lortu arte. Beranduago gaztelerazko irakurtze-idazte kodea irakatsiko zaio bi hizkuntzetan, derrigorrezko eskolatzea bukatzerako ulermen-adierazpen gaitasun berdintsua lortu arte.

Haurrak Eskolaurrean Euskaraz hitz egiteko ohitura eta gaitasun nahikoa lortu duela esan nahi du honek.

Ikasleen joera eta gaitasunak kontuan hartuko dituzten programak

- Eskolako kurtsoetan gora, euskara eta euskal kultura menperatzera eramanen duten programak.

- Eskolako kurtsoetan gora, erdararen inguramenduak sortzen dituen oker eta erdarakadak zuzentzeko jokabidea kontuan hartuko duten programak.

- Hizkuntz portaerako helburuak bilatuko dituzten programak. Euskararen aldeko joera areagotuko duten ekintza, mezu erakargarri eta diskurtsuak. Garrantzizkoa da bat bateko komunikazio ohitura horiek lortzeko epe ezberdinetara egokituriko plangintza osatzea.



Konpromezuan bat egindako irakasleak, jarraitzeko aukera dutenak

Norberekerietatik ihes egin behar da, irizpideetan bat eta elkarturik jokatuko duten, bat eginik aritzeko konpromezua hartuko duten irakasleak bilatzeko, eta horiei jarraitzeko aukera eman behar zaie.

Irakasle praktikoak, ikasleekiko harremanak beste modu batera planteatzeko gauza direnak, ikasleen erantzunetan benetako eragina duten aldagaiak esperimentatu eta horien gainean esku hartzen dutenak. Hazten ari diren portaeren behatzaile eta modelatzaile bikainak.

Arrakastaren gainean eta ez porrotarenean hezitzen dakiten irakasleak... zertan doazen aurrera, hartan eraginez eta ez porrotean.

Irakasle ongi informatuak, sortzaileak, plangintza egileak, euskara goitik behera menperatzen dutenak... interesdunak, motibatuak eta motibatzaileak.

Langile finko diren irakasleak, hezkuntza planteamenduei jarraipena eman eta berorietatik atera daitezkeen ondorioak jaso ahal izanen dituztenak.



Ikasle nagusiak protagonista, euskararen aldeko portaerak zuzpertzen

Txikienek nagusien portaerak imitatzeko duten joerek eskolari behartzen diote, azken hauek ikastetxe barrenean eta kanpoan protagonista izanik, zenbait jarduera planifikatu eta bultzatzera. Ikasle nagusi horiengandik sortutako lanak atzera beraiengana eginen du, norberaren barne poza eta programaren helburuekin identifikazio gehiago eraginez.



Gurasoen eragina seme-alabak euskalduntzen

Familiaren laguntzak haurren lan eta ahalegina jarraitu, baloratu eta indartuz hasi behar du. Gero, haren kezka eta jarduera ikastetxeak eskatzen dion hezkuntzarako laguntza eta lankidetzara bideratu beharko da, eskolaren esparrutik kanpo, euskarazko komunikazio ohiturak sakondu eta zabaltzearren. Eskolak, batik bat maitasun esparru den etxera egitearekin, ikasleek eskaera, estimulu eta itxarobide berri bat jasoko dute, euskara familia barruan eta eskolatik kanpo erabil araztera bultzatuko dituena.



Ikasleen arteko laguntasun giro lasaia

Motibapen eta errefortzu jarraituko giroak bitartekarien eskaera eta itxarobideak zein diren ezagutzen laguntzen du. Ezin daiteke eraiki atezu eta beldurraren artean. Ezinbesteko helburua dugu ikasleak pozik eta identifikaturik egotea, ikastetxe, irakasle eta ikaskideekin. Garrantzizkoa da lasai eta trankil egotea, gehiegizko larderiak edo bikainkeria zorrotzegiak sortutako ongieza eta higuinik gabe.

Ikasleen artean lankidetza eta elkartasun giroa eman dadin lan egin behar da, euskara eskolatik bizitzara hedatze horretan beraiek partaide eta aktore izan daitezen.

Ingurunearekiko harremanak

Hizkuntz babesak ez du ingurunearekin apurtu eta gure lana izkutuan egiterik esan nahi. Bai gure hizkuntz helburuak, bai ekintza praktikoak ingurunearen baitan eman behar dira, gure planteamenduekin ados egonik eta gure mezua inguratzen gaituen gizartera zabaltzen saiatuz. Gure haurrak euskaraz komunikatzen direla eta horretaz harro gaudela erakutsi behar dugu inguruan.

Ingurunearen baitan egotea, bertatik sortzen diren topaketa eta jardueretan partaide izatea da, horiek gure hizkuntz helburuei garatzea uzten badiete, behintzat. Parte hartzea, lan eta kalitatea eskainiz, inguruko komunikabide, elkarte eta erakundeak erabiltzea da, bizitzara aplikatutako euskara gero eta gehiago ederretsi ahal izan dadin. Inguruneak, guk ikastetxe barruan indartu eta bultzatu nahi ditugun hizkuntz portaeretan eragiteko duen ahalmena gureganatzea da.



Euskara eskolatik kanpora hedatzea:

Ikasleek toki euskaldunetan eta euskaldunekin bakarrik topo egiteko babesteko estrategien faseari, beste batek jarraitu behar dio, ekintza osagarrien bidez euskara beste mikroespaziotara zabaldu eta hedatuko duena. Ikastetxetik kanpo euskarazko komunikazio ohituren garapen horrek euskararen normalkuntza sortuko du ikasleen usteetan. Funtsezkoa da gizartean erdaldunek elebidunekin bizitzen ikas dezaten, euskal kinaden aurrean euskaraz tinko bizitzeko hautua egin dutenekin alegia. Horrela geratuko dira indarrik gabe, eta etorkizun ikuspegirik gabe erdara besterik ez dakitenen aurreko begirune eta hizkuntz egokitzapenaren argudioak.

Helburu hori, lortzeko bidean Ikastetxe barruan emaitza hobe edo txarragoekin erabiltzen ditugun jarduera guztiei ongi erreparaturik ekin beharko diegu, eta horiek hizkuntz eduki eta helburuz bete:

- Eskolaren osagarri diren kultur ikustaldiak.

- Ikastetxe bereko ikaskideen elkarbizitza.

- Beste ikastetxetako ikasleekin egotea.

- Kirol, musika, folklore, antzerki... jarduera osagarriak, eskola ordutik kanpoko horietan aritzean, euskara eskolaren esparrutik kanpora eramaten laguntzen baita.



PAZ DE ZIGANDA IKASTOLA ETA HAUR ERDALDUNEN EUSKALDUNTZEA

Isilik Pedagogia Aldizkaria (11-1.989)




GOROSTIDI, Jose Luis



Hizkuntza eta kultura euskaldunak bere ohitura, tradizio eta historiekin; bere kanta eta dantzak gure proiektuan elkar bat egiten dute. Ingelera irakas litekeen moduan Euskara irakasten den Zentro Eskolar bat izatera ez gara mugatzen.

Artikulu honetan agertzen diren zenbait atal aurrekoan agertu badira ere, osorik argitaratzea interesgarria iruditu zaigu.


Kontuan harturik gure ikasleetako %90ak baino gehiagok ez duela etxean Euskara berea eta maitatua egin ahal izateko eredu euskaldunik, Ikastola saiatu egiten da bi norabidetan aritzen honako helburu hauek lortzeko asmoz:

- Beharrezko hizkuntz gasitasunak Erdi eta Goi mailako ikasketak bai Euskaraz bai Erdara jarraitu ahal izateko.

- Euskararen aldeko jarrera eta jokaerak (bigarren hizkuntza dute). Eskola bidez eta urtez urte bigarrren hizkuntza bat ikasi eta hizkuntza horretan egindako ikasketak duen zailtasunak zama artifizial gehiegirekin eta hizkuntza guztien eskatzen duten identifikazio eta hurbiltze goxorik gabe egiteko arriskua dakar. Horregatik haurrak Euskara berea, bizia, bere sentimendu eta hunkipenak adierazteko gai izan dadin gure lanean ahalegintzea.

Gure heziketa lan guztia zenbait aukera teorikotan oinarritua dago (urte askotako ahalegin zintzo eta kontzientean frogatuak) aldakari multzo bat bezala gauzatzen direnak eta gure ikasleengan eskatzen dugun kalitate mailarekin erabakior direnak Euskararen ezarpenean.



I. Goiz hurbilpena

Lehenbailehen sartu behar da Euskara. Guk hiru urtetan egiten dugu (lehenago hobesten dugu).



II. Bide berjabea

euskararentzat

Euskarak erdararen menpekoatasunik gabe sortu behar du. Beharrezko elementu guztiak eduki behar ditu autonomia eta koherentziaz osatzen joateko. Euskararekiko identifikazioa hura sartu behar dugun ingurunean eskainiko ditugun helduen eredu eta prestatuko ditugun harreman egituren bidez burutuko da. Horregatik ezinbestekoak ditugu:

1- KOHERENTZIA EUSKARA BIDERATZEKO EREDUETAN: irakasle eta laguntzaile euskaldunak.

2- EUSKARA HUTSEKO GUNEAK: gure ingurunean Euskara ikasketa eta bizitza, batera, izango den eskolagune koherenteak sortuz bakarrik lor dezakegu. Horregatik ikastola saiatzen da ikasketa eta pertsonen arteko harremanak Euskaraz baino ez daitezen izan.

3- IKASLEEN ARTEKO HARREMANAK EUSKARAZ: funtsezko da Ikastolako ikasle zaharrenek (hizkuntzazko gaitasun eta trebezia nahikoa dutenak beti Euskaraz mintzatzeko) Euskaraz hitz egitea bizitza eskolarreko topagune eta elkargune guztietan (jolasaldiak, jantokia, sarrera irteeretan, pasabide, autobus, geltokietan...) txikiengan duten imitazio indar handiagatik.

4- EUSKARA SARTZEKO FAMILIAK ZUZENKI PARTE HARTZEA: maitasun gune gorena den etxera zabaldu behar da Euskara. Hor ikusi behar du ikasleak helduek eta ikastolako ikasle zaharragoek erabiltzen duten komunikazio hizkuntzak baduela oihartzuna eta erantzuna bere familian.

Eta hau horrela:

- Kanta eta ipuin egokituen bidez.

- Euskal Telebistaren erabilpen egokiaren bidez.

- Haurrentzako ikuskizunetan parte hartuz.

- Eta batez ere, anai-arreba zaharrenak txikiagoekin Euskaraz ari daitezen bultzatuz.

Euskararentzako bide berjabe hau pixkanaka pixkanaka gaztelera jaun eta jabe den ingurunetara zabaltzen joango da. Berau gertatuko da gure ikasleek Euskararen barneratze eta autonomia gero eta handiagoa lortzen baldin badute. Dena den, Euskarak gure ikasleengan itsasteko behar duen giro babestu eta homogeneo horri uko egiteak identifikazio eza eta urruntze atzeraezina ekarriko luke, akademiako hizkuntza, hotz eta harremanetarako indarrik gabekoa bihurtuz. Hasierako babespen hau beharrezkoagoa da ingurune erdaldunaren indarra handiago eta eraginkorragoa den neurrian (familia, lagunak, komunikabidea...). Ez gaude hizkuntz borroken gune bereiziak sortzen, baizik eta bigarren hizkuntz gaitasun bat sortzen (Euskaraz) ahalik eta berdintsuena lehenarekin (Gazteleraz), haur elebidunak lortzeko xedera ahalik eta gehien hurbil gaitezen moduan. Haurra, Ikastolak Euskarari ematen dion babesa izanik ere, ingurune eta pertsona erdaldunekin erabateko kontaktu eta harremanean dago; eskolaz kanpoko bizitzan guztiz sartua dago eta era berean gaztelerazko ulermen eta adierazpen gaitasuna handitzen du.



III. Euskaraz eskolatzea

Irakurtze-idazte eta matematikazko adierazpena ere Euskaraz hasiko ditu horiek menperatzea lortu arte. Beranduago gaztelerazko irakurtze-idazte kodea irakatsiko zaio bi hizkuntzetan OHO bukatzerako ulermen adierazpen gaitasun berdintsua lortu arte.

Honek esan nahi du haurrak lortu duela eskolaurrean Euskaraz hitz egiteko ohitura eta gaitasun nahikoa (hizkuntza honetan noiznahi mintzatzen entzun behar zaio).

Argi utzi nahi dugu atal honetan hizkuntz jatorri erdalduneko ikasleek duten erraztasuna Euskaratik Gaztelerara egiteko eskolan lortutako tresna eta logikazko baliabideekin, ikaragarri zaila delarik baliabide horiek Gazteleratik Euskarara egitea. (Kasu hauetan Euskararekiko egoera eta amorruzko jarrera ugari agertzen dira. Gogoan ditugu gazteleraz eskolatu eta euskara pixkanaka pixkanaka sartzeko ereduak, hain emaitza urriak eta hain jarrera istilutsuak sortu dituztenak umeengan eredu hauek erabili ondoren).



IV. Konpromezuan elkarturiko irakasleria eta jarraitzeko aukera duena

Ikasleekiko harremanetan modu berriak asmatu eta planteatzeko gauza diren irakasle praktikoak, baita gure ikasleen erantzunetan benetan eragina duten aldakariak ikertu eta esperimentatzeko ere. Behatzaile onak eta sortzen doazen portaeren moldatzaile direnak.

Porrotean baino arrakastan hezteko gauza diren irakasleak...porrot egin duten hartan baino asmatu duten horretan gehiago bultzatuz.

Irakasle ongi informatuak, sortzaileak, planifikatzaileak, Euskara menperatzen dutenak... Interesdunak, motibatuak eta motibatzaileak.

Irakasle finkoak hezkuntz plangintzei jarraipena emango dietenak eta planteamendu horien ondorioak ateratzea ahalbidetuko dutenak.



V. Ikasleen jarrera eta gaitasunak kontutan izango dituzten programak

1- Eskola mailetan zehar Euskara eta euskal kultura menperatu eta horietako gaitasunak garatuko dituzten programak. (Haurrek abesti, alegia, txiste, eskenifikazio, poesia, jolasaren bidez eskolako lana Euskaraz eta arrakastaz aurrera eramateko eduki kultural eta hizkuntzazkoa lortuko dute).

2- AKATS eta ERDARAKADAK zuzentzeko estrategiak kontutan izango dituzten programak, gaztelerarekiko nahasketarekin eskolatze maila ezberdinetan sortzen baitira.

3- Portaerazko helburuak bilatuko dituzten programak. Euskararekiko gero eta jokabide positiboagoak sortuko dituzten ekintzak, haurraren josteta eta jolasaraino erakarriz. Garrantzikoa da gure haurrek Euskaraz hitz egitea beren lagun edo anai-arrebekin dauden toki eta momentu guztietan (patioan, pasabidetan, jantoki, geltoki, autobusetan, Ikastolara heltze eta alde egitean).



VI. Gurasoen bultzada beren seme-alaben euskalduntzean

Familia laguntzako jarduera guztiek haurren lan eta ahaleginak jarraituz, baloratuz eta indartuz hasi behar dute. Guraso gehiengo batek zentroak proposatzen dien heziketa lan eta partaidetzan kezkati eta langile izatean oinarritu nahi litzateke gure Ikastola, Euskaraz aritzeko ohitura eskolatik kanpo sendotuz eta denena eginaz. Ekinbide hauen talde bultzatzailea gurasoen ordezkaritza izango da. Hona bideratu eta bultzatzen dituen zenbait ekintza:

- Gelakoen arteko egonaldiak.

- Zenbait joku, gelatik kanpoko Euskara indartzeko familiaren interesa bultzatuz.

- Etxeko Euskarari jarraipena egiteko erregistroa.

- Euskal Telebista sustatzea.



VII. Ikasleen arteko giro lasaia eta bat eginiko lankidetza

Ezin daiteke atezuan eta beldurrean eraiki. Ezinbesteko helburua dugu ikasleak bere zentroarekin, irakasle eta ikaskideekin pozik eta bat eginik egotea. Lasai eta patxadan egotea nahi dugu gehiegizko eskaerak edo hobekuntza ergelak sorturiko antsia eta amorrurik gabe.

Ikasleen artean landiketza eta elkar laguntzazko giroa sortzeko ahalegintzen gara, horrek gure helburuak, eskolako Euskara bizitzara eramatea eta haurren arteko komunikazioa naturala lortzeko bidean partaide eta aktore bihur ditzan. Ekintza eskaintza honen talde bultzatzailea Goi Zikloa izango da (OHOko mailako ikasleak bereziki), zeinak aldizka Ikastolan Euskara indartzeko jarduera ezberdinak proposatuko dituzten. Era honetan, besteetaz interesatuz eta haiek lagunduz eurak ere laguntzen dira.



VIII. Euskara gelatik kanpo hedatzea

Gure hezkuntza proiektuko puntu hau luze eta zabal azalduta dago ITACA aldizkariaren lehen zenbakian, 9. orrian "EUSKARA GELATIK KANPO" izenburupean.

Ahalik eta laburren saiatu izan gara gure Ikastolak hezkuntza praktika jasotzeko bere gain plataforma gisa hartzen dituen oinarri eta jarrera teorikoak azaltzen. Uko egiterik ez ditugun gutxienezko teorikoak dira gure asmoekin bat egingo luketen emaitzak lortu nahi baditugu. Hortik aurrera, planteamendu horiei ezar diezaiekegun indar eta ardurak, baldintza fisiko eta materialeen hobekuntzarekin batera, emaitzak oraindik hobeak izan daitezen ekarriko du.



EGOERA ADMINISTRATIBOA

Kontzertua duen zentroa gara.

Sortu ginenean, beste ikastola batzuk bezala, konturatzen ginen, erantzun bat ginela. Euskara gure lurrean berreskuratzeko desafioari bide berritzaile bat ginela. Begi bistako zen ez zegoela pribatua baino beste bide egingarririk. Hala ere, inoiz ez dugu zentro pribatuaren deirik sentitu. Beti uste izan dugu Administrazioa dela biztanleen hezkuntza itxaropen eta behar ezberdinei erantzun behar diena.

Ez gaituzte ondasun edo ondare handiek lotzen. Urte askotako esperientzia praktiko bihurtu den kontzepzio eta proiektu bati baino ez gaude itsatsirik. Kokaturik gauden eskualdeko familia sektore garrantzitsu bati, bai kantitatez bai kalitatez, erantzuten diogun zentroa gara. Haien zerbitzuan jarraitu nahi dugu gure hezkuntza ikuspegitik. Gure ikastola osatzen duten familiak ez dira nabari ez diru-sarrera handiagatik (ertainak, beste edozein zentrokoekin parekaturik) ezta gizarte elitismo nahiagatik ere. Baina hori bai, jabetu egiten dira ez edozein bidetik eta ezta edozein eraz ere, ez dela kalitatezko euskalduntzaren helmugara iristen.

Gaur egun, Administrazioa aukera publikotik bere planteamenduekin Euskarari erantzuten ari bada ere, tamalez, esan beharra dugu, haren eskaintzaren zenbait alderdirekin ez gatozela bat, behartuak egonik, horregatik, gure proiektua posible egiten duen bide bakarretik segitzera: KONTZERTUDUN ZENTROA.

Une historiko bakoitzak bere erantzun argi eta tolesgabea eskatzen du; oraingoan gurea, garena izaten segitzea da, horrek ekarri behar dizkigun zailtasun handien gainetik.

Gogoeta honetan ezin dezakegu tintontzian utzi Zentroa egokitzeko gure nahia. BERRIKUNTZAren egitura berriaren arabera, 16 urtetaraino zabalduz, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA gurera ekarriz.



Euskara familian

Haurren Euskaraz hitz egiteko ohitura etxean indartu nahian Euskara laguntzak familietara bidaltzen jarraituko dugu. Ikastola eta etxea bat eginik Euskarak errazago izango du haurrengan emaitza hobeak lortzea. Guztiok erne, ekinean ekinez, Euskararen alde gara. 8. mailako ikasleek, gela bakoitzari talde bat zuzendurik, emaitza estatistikoak biltzen arduratuko dira.

- Hiru hilabetero inkesta txikitxo bat egingo dute telefonoz OHOn seme-alabak dituzten gurasoei hots eginez.

- Seme-alaba bakoitzari dagozkion datuak bilduko dituzte.

- Emaitzak, dautak bildu ondoren, gurasoei itzuliko zaizkie.

- Gelako delegatuek Euskara bultzatzeko eta gurasoen arteko hausnarketa sakon bat lortzeko topaketak antolatuko dituzte. Gurasoen ernetasuna positiboki haurren interesa lortzeko ekintzetan eta jolasetan bihurtzen denean Euskara errazago sartzen da haurren bizitzan.



Familian euskaraz

Beraien haurrak Euskaraz mintzatzen jartzea lortzen dituzten gurasoak berehala konturatuko dira seme-alaba gaztetxoenengan kantitate eta kalitatezko Euskara sartzen eta sortzen dela. Honela, Euskara hobea eta hedatuago bat izango dugu gure artean. Baina kontuan izan ez dela aski esatea edota errepikatzea mila aldiz; horrekin batera ariketak eta jokuak antolatu beharko dituzue benetako ohiturak ezartzeko.

Horretarako honelako lan hauek burutuko ditugu etxeetan:

- Anai-arreben arteko euskara kontrolatzeko erregistroa: Guraso eta seme alaben artean beteriko erregistroa, noski. Astero osatzen joango zarete hiru hilabete igaro ondoren emaitza orokorra jarri arte. Orduan 8. mailakoek emaitza hori eskatuko dizuete ikastolako estatistikak burutzeko. Datuak:

- Anai-arreben arteko Euskara portzentaia. Nagusiek txikienei egindako Euskara bereziki interesatzen zaigu.

- Autobus geltokietan egiten duten Euskara portzentaia.

- Autobusetan erabiltzen duten Euskara portzentaia.

- ETBren erabilpena familian.

- Familian burutzeko jolas bideratuak.

- Hirian zehar Euskaraz.



Talde txikientzat antolaturiko topaketak



Gela desberdinetakoen artean giro hobea lortzea dute helburutzat. Geletako delegatuek eta guraso arduratuenek antolatuko dituzte ekintza hauek. Urtero zerbait prestatu behar dute gela bakoitzekoek taldekoen artean gero eta portaera baturakorragoak lortuz.

Haurrentzat bilera eta topaketa hauek zentzu handikoak dira bere gurasoak protagonismoarekin heziketa lanetan ikusten dituztelako. Honela, gela barruko laguntasuna eta giro ona indartzen da eta, geroago, haien arteko eskolaz kanpoko harremanak sortzeko aukerak ere ugaltzen doazelarik.

Aukerak:

- Eperoko bilerak hiri barruko zelai eta parkeetan (igande goizetan...)

- Urtean behin: topaketak etxe edo baserri batean.

- Topaketak ikastolako jaialdi eta ateraldi nagusietan (jolasparkea, Aralarreko jaialdia, Lizarra eta Toki Eder Ikastolakoekin topaketa...)

- Natur eta geografia ateraldiak gelako gurasoek antolaturik.

- Ikastaroen antolaketa (udaldirako bereziki).

Eta guztiaren gain, gure haurren portaera linguistikoen behaketa. Zuen seme alabek heuren harremanetan Euskara erabiltzen duten ala ez jakin behar duzue. Aurretik ezagutu, ondoren sustatzen, bultzatzen eta animatzen saiatzeko. Ez bagara gure haurren Euskaraz arduratzen, sekula ez dugu ikasiko motibatze estrategiak planteatzen eta bideratzen, eta askoz gutxiago zailtasunak konpontzen.



Garaia duzue euskara ikasteko

Ez dira gutxi beren kontura edota gau eskoletan Euskara ikasi nahian dabiltzan gurasoak. Hala ere, bideak erraztu nahian beste aukera berri bat ematen diegu ikastolako gurasoei eskola orduetan Euskara ikasteko. AEKko irakasleekin batera antolatzen ditugu talde hauek eta Atarrabiako kultur etxean ematen ditugu klaseak. Oraingoz hiru talderekin ari gara:

- Talde 1: Lehenengo urratsa; 9:30tik 11:30ak arte.

- Talde 1: Laugarren urratsa; 9:30tik 11:30ak arte.

- Talde 1: Lehenengo urratsa; 9:30tik 16:30ak arte.



ETB eta Euskalerria irratia

Euskal komunikabideak gure haurren bizitzan murgildurik egon behar dira beren Euskara aberasten eta dotoretzen joateko. Askotan orian arte erabilitako bideekin konformatzen gara eta nagikeriak bultzatuz ez dugu erdal telebistarik euskaldunera pasatzen. Arlo honetan ere gurasoen jokaera aktiboak eskatzen ditugu.

Bestalde, datorren azaroan, Euskalerria irratiak bere lehenengo emanaldiak aurkeztuko ditu eta hauen arrakasta Iruñean zertxobait ere gure erantzunaren eskutan datza. Ea guztiok ahal duguna eginez ederki oinarritzen dugun gure irrati berri hau.



Euskara gelatik kanpo

Euskaraz hezitzeak, gaztelania nagusi den eremuan, zailtasun ugari ditu, laguntza eta ekintza aktiborik gabe okerrerantz gaindi daitezkeelarik.

Egoera honen aurrean, Euskara hizkuntza trebatua ezezik, bizia, bat batekoa, indartzea dute gure asmo guztiek. Ezer gutxirako da erraz trebatzea ala ez, ez bada lortzen eguneroko bizitzan, ohiko joeran, gure haurrek erabiltzea.

Hasieran babestuko duen helburua erabili behar dugu, lekuak eta pertsonen arteko harremanak erabat euskaldunak izanen dituenak. Gune eta komunikabide hauek Ikastola berak eskaintzen dizkio, beharrezkoa baita ikastetxe bat izatea irakasle eta ekintzak osorik euskaraz burutzea gure hizkuntzarantz hurbilpena garantiaz eta kalitatez eman dezaten. Batasuna eta koherentzia nahasten duen edozein zerak haurren euskararen barneratzea eta eraiketa ahulduko du.

Ikastola barruan euskara orokortua jaso ondoren, beste mikroespaziotarantz hedatze uneari ekinen diogu. Ingurunearekin topatzean, elebitasun erantzuna era egokian gai izatea, honela euskaraz ikasi ezezik, euskaraz bizitzeko ohitura ere jaso dezan. Hizkuntza erosotasun honek gure haurrei beste hizkuntzak (ingelesa, frantsesa...) ikasteko erraztasuna gehitu egingo zaie, ate berriak eta posibilitateak irekitzen zaizkielarik unibertsalagoak diren komunikabiderantz.



Gure hizkuntz helburuen lorpenerako estrategia orokorrak

1) Inguruko errealitatearekin behaketa zuzena eta harreman bizia suspertu, eskola curriculuma eta ikastetxeko plangintza barnean zehazturiko ekintza desberdinen bitartez. Aurretik plangintza hau izateak batasuna eta ekintzen koherentzia bermatzen du ikasturteetan zehar. Ekintza mota hauek, ikasteko eta hezitzeko izateaz gain, badituzte elkarbizitzako eta harremanetarako edukiak ere. Ikastolatik at hizkuntz jarrerak eta gaitasunak lantzeko beharrezkoak.

2) Ikastetxe plangintza barnean sartu familiarteko laguntzak, inguruaren ikaskuntza. Honela, irakasle, ikasle eta gurasoen interesak eta ahaleginak batzen lortu eta familien laguntzarekin irakasleen ekina indartu.

3) Harreman eta elkarbizitza ekintzak antolatu, euskara gure ikasleen bizitzara pasatzeko beharraren aurrean, heziketan parte hartzen duten alor guztiak suspertzeko.

Sakonago aipatuko ditut estrategia hauetako ekintzak:



1) Irakasleriaren ikuspuntutik antolatu eta garatutako ekintzak

Konbibentziak euskaraz

Gure ikastolako maila guztiek elkarbizitzak egingo dituzte, gutxienez hiru egunetakoak, ikasgune testuinguru desberdin batean euskaraz bizi daitezen. Komunikazio intentsiborako egoerak sortzea litzateke, ikasleen arteko elkartasun eta elkarbizitza baloreak lantzeko egoera ezin hobeak. Eskolako larritasunaren ezak, jolas egoerak eta oinarrizko ekintzetan ikasleen parte hartze zabalak, hala nola: janaria, garbiketa e.a., egiten duten euskara hizkuntz bizia eta emozioz beterikoa izan dadin.

Hirian zehar euskaraz

Urtean hiru aldiz eginen dugu. Ikasleak lagun taldeka hirian barna barreiatzea da euskaraz jolas eta paseia dezaten.

Gure ikasleek kalean euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea nahi dugu eta bidenabar, gure hizkuntza ezagutu baina erabiltzen ez dutenen aditasuna lortzea. Honela, euskaldun guztion ekina den honetan bizkortzen eta sartzen joanen dira. Bestetik, gure hizkuntza ezezaguna zaienentzat garrantzizkoa da eguneroko bizitzan Euskara entzun eta ikustea.

Ekintza honek une intentsiboak eta mantendu aldiak ditu. Une intentsiboak goizean, 12:00tik 13:30ra izaten dira. Erdi eta Goi Zikloko ikasleekin, aurretik ikastolan aukeratutako talde eta lekuetan. Orokorki Iruñeko gune komertzial esanguratsuenean egiten da.

Mantendu aldiak Hirian Zehar Euskaraz direneko aurretik eta ondoren izaten dira, asteburuko taldeak osatuz, gogozkoak zaizkien lekuetan euskaraz ongi pasatzeko.



2) Irakasle eta gurasoek elkarrekin antolaturiko irteerak eta

proposamenak

Jolas eta kirol ekintzek, bai eskolakoek bai eskolaz kanpokoek, hizkuntz ohiturak sortzen dituzte gune eta egoera berrietan. Futbito, saskibaloi eta beste zenbait jokuren bidez gure hizkuntza urratsez urrats normalizatzen goaz. Honela, ikasleek euskara hurbilagoa izatea lortzen dute norbera eta besteekiko.

Helburu hauek indartzeko honelako ekintzak garatzen ditugu:

Euskararen olinpiada:

kirol jolas ekintza hau Lizarra eta Toki Eder ikastolakoekin batera eginen dugu. Aurten honen antolaketa Toki Eder Ikastolari dagokio Gasteizen. EUSKARAN BAT EGINIK gurasoek, ikasleek eta irakasleek suspertzeko eta sentsibilizatzeko euskaraz jolasean eta kirolean parte hartuko dute.

Ikasturte amaierako agurra Aralarren: aurreko urteetan bezala Aralarreko zelaitan gelaka elkartuko gara. Elkarbizitza honetako giro lasaia aprobetxatuz taldeko martxa, haurren harreman kalitatea eta Euskaraz hitz egiteko gaitasuna beraien artean eta gurasoen aurrean. Era berean, gela bakoitzak antolatzen dituen opor ekintzak xehetuko dira.

Udalekuak, Udako kanpaldiak:

beste atal batean azaldu diren udako kanpaldiaz aparte, gela bakoitzeko ordezkariek ikastaroak eta opor ekintzak antolatuko dituzte bere mailara zuzenduak: ingelesa, igeriketa, plastika, kanping, bidaia naturistikoak...



3) Gurasoen eskutik antolatutako ekintzak eta elkarbizitzak

Gurasoek ikastetxearen egitasmoak eta helburuak sustatuz, irakasleen ekina indartu eta osatuko dituen zenbait ekintza bideratzen dute. Ekintza hauetatik guztietatik aipagarrienak hauek dira:

Gurasoen elkarbizitzak:

gurasoek elkarren artean antolatuko dira beraien arteko harremanak sendotzeko eta ikastolako ekintzetan murgiltzeko. Programatu daitezken harremanak: egun batetakoak, autobusetan edota norberaren autoetan mendira edo leku atsegin batetara, asteburu batekoak...

Era berean, Iruñeko parke eta leku lasaietako topaketekin jarraitu behar dugu, haurrak Euskaraz pozik eta jolasean izan daitezen. Topaketa hauek zuen semeek ikastolatik kanpo euskaraz hitz egiteko ohitura gehitze horretan sarrarazi nahi dituzte.

Jolas-parkea:

Euskaraz jolasteak jarraitzen du gure JOLAS-PARKEAREKIN helbururik nagusiena izaten. Gurasoen elkartasuna eta aisialdirako heziketa dira beste helburu batzu gure Haur Parke honekin oraingoz etsi ez ditugunak.