AIAKO herri eskola, Aia: Euskal giroko herrietan erdara nola landu

1996-11-01
Geurea gizarte elebiduna dela entzuten eta pentsatzen badugu ere, Euskal Herriko txoko guztietan elebitasun maila hori ez da orekatua. Gazteleraren nagusitasuna nabarmena da leku askotan, baina alderantzizko egoera ere ematen da. Horixe da, hain zuzen ere, Gipuzkoako Aia herriaren kasua. Lardizabal Herri Eskolako irakasleak bertako haurrek gazteleraz hitzegiteko zailtasunak zituztela ohartu ziren, eta hori konpondu nahiean, Nafarroako Kortes herriko eskolarekin trukaketak burutu izan dituzte zenbait urtetan.
 
 
Trukaketa horien beharra, esperientzia eta ondorioei buruzko informazio hurbila eta zehatza jasotzeko asmoz, Aiako Herri Eskolara hurbildu ginen, eta Marije Zumeta eta Juan Mari Etxabe irakasleekin solasaldi bat eduki genuen. Juan Mari prozesu honetan buru belarri ibili da eta xehetasunen berri berak eman digu.



Zein kezka sortu zitzaizuen edo zein arazo ikusi zenuten esperientzia honi hasiera emateko?

Betidanik, gure haurrek gazteleraz ezin zutela hitz egin ikusten genuen, ez zirela moldatzen. Horren errua geureganatu egin genuen, eta ez genuela ondo irakasten pentsatzen genuen. Gaztelera gehiago sartu behar zela iruditzen zitzaigun eta gurasoei ere haurrek gaztelaniazko telebista ikus zezatela esaten genien.



Gurasoak aipatu dituzu. Hauen aldetik nabaritzen al zen zuek zenuten kezka hori?

Ez, kezka geurea zen batez ere. Nahiz eta gurasoengan beti egon kezka hori, gu konturatu ginen lehenengo. Ondoren beraiei esan genienean, kezka sortu eta areagotu zitzaien.

Gazteleraz zailtasun handienak zituztenak baserrietako haurrak ziren. Eta hauen gurasoek klaseak gazteleraz ematea planteatu ziguten. Hori izugarrizko flash-a izan zen guretzat. Ezin genuen erdaraz irakasten hasi euskal giro batetan.

Kontraesan handia zen urte askotan D eredua lortzeko borrokatu ondoren orain A ezartzea. Ez genuen kontraesan hori ulertzen.



Zer egin zenuten egoera horren aurrean?

Hasierako hiru-lau urtetan gure jarrera, ezer jakin gabe eta hobe beharrez, erdarazko liburuak irakurtzera bultzatzea, telebista ikustea... izan zen. Ez genuen inolako planteamendu soziolinguistiko eta politikorik egiten.

Baina gero beste pausu bat eman genuen. Gure kezkak zertan ziren oinarritzeko inkesta bat egin genuen. OHOko 8.maila hiru urte lehenago bukatu zuten ikasleei ikasketak egitera kanpora joan zirenean, zein arlotan izan zuten zailtasunik handiena galdetzen genien. Lehenengo urtean gehienek gaztelania aipatu zuten, baina bigarren urtean matematika eta ingelesa agertu ziren eta hirugarren urtean erdara aipatu ere ez zuten egiten. Honek lasaitu egin gintuen, erdal giroan moldatzeko gai zirela konturatu baikinen.



Ondoren, beste pausu bat eman zenuten unibertsitatera joz.

Bai, Fito Rodriguez, Xabier Isasi eta Lore Erriondorengana jo genuen eta elebiduntasunaren azterketa egin zuten hauek.

Baina ikuspegi zeharo desberdinetik egin zuten azterketa. Lehendabizi, "arazoa" ez zela esan zuten, egoera baten islada baizik. Guretzat hori izugarrizko lasaitasuna izan zen. Ez zen eskolako arazoa, herri mailako egoera bat baizik.



Herri mailako arazo sozio-linguistikoa izanik, eskolatik kanpo bilatu behar zen konponbidea, beraz.

Bai, gaztelera maila nolakoa zen jakiteko erdal giro batetara joan behar zela erabaki genuen, eta bertan nola moldatzen ziren ikusi. Aian aho hizkuntza eta erabilera guztia euskaraz egiten denez, gaztelaniaz aritzea artifiziala zen. Norekin hitz egin behar zuten erdaraz? Gurasoekin? Dendariekin?... Artifiziala zen.



Horrela, Nafarroako Kortes herria aukeratu zenuten eta bertako eskolakoekin trukaketak egiten hasi zineten.

Ezaugarri berdintsuko herri bat nahi genuen, nekazal girokoa, erdal girokoa...eta Kortes aukeratu genuen. Hiru irakasle joan ginen gure asmoa azaltzera eta oso harrera ona izan genuen. Gure haurrak Kortesen astebete igaroko zuten eta ondoren hangoak beste hainbeste Aian. Hango irakasleek ere oso positibotzat baloratu zuten, urte hartan ezarri baitzuten euskara asignatura bezala.



Nola planteatu zenituzten trukaketak; zein mailatako haurrekin, zenbat denbora, zein ekintzekin...?

1991. urtean hasi ginen Kortresera joaten eta iaz egin genuen azkenekoa. OHOko 3. mailako haurrekin egin izan ditugu trukaketak, 8-9 urtekoekin. Ekainean astebe pasatzera joaten ginen eta haiek irailean etorri. Bertako haurrekin pasatzen zuten eguna eta jatorduak ere hango etxeetan egiten zituzten, egun osoa erdaraz hitzeginez pasatzen zutelarik. Eta haiek hona etorritakoan, alderantziz, hemen euskaraz egiten zuten.



Urteetan zehar esperientzia errepikatua izan da, eta hori seinale ona da. Baina nola baloratu duzue esperientzia? Zertan nabaritu duzue aldaketa?

Ondorioak ikusteko unibertsitateko bi irakasle erabat erdaldunek egindako galde-sortak ditugu. Kortesera joan aurretik elkarrizketa bat egin zien hiru ikasleri: erdaraz batere ez zekien baserriko bati, erdi bidean zegoen bati eta kaskoan bizi eta erdara gehiago entzuten zuen bati. Aldi berean, ikasleak konturatzeke, bideoz grabatu zituzten elkarrizketak keinuak, jarrerak e.a. ikusteko.

Astebete Kortesen igaro eta itzuli ondoren, gauza bera egin zuten. Orduan lehen erabiltzen zituzten erdarazko hitzak askoz zehatzago eta egoera gehiagotan erabiltzen zituztela ondorioztatu zuten.



Hori unibertsitateko irakasle erdaldunek ondorioztatu zuten. Baina haurrek aldaketarik somatu al zuten? Nolako esperientzia izan zen beraientzat?

Haurrak Kortesen egon ziren lehen egunetik gaztelania ulertzeko eta zerbait hitzegiteko gai zirela konturatu ziren. Deskubrimendu oso ona izan zen beraientzat, beren buruarekiko ziurtasuna handitzeko. Bestalde, Kortesekoak hona etorri zirenean, gure haurrak konturatu ziren haiek euskaraz ez zutela ezer ere ulertzen.

Horrekin batera, gaztelaniarekiko zuten kontrako jarrera ere aldatu egin zitzaien. Balio zuela konturatu ziren eta hizkuntza bat bezala ikasten zuten handik aurrera, ingelesa bezala adibidez.



Emaitza onak eta positiboak izan arren, momentuz esperientzia honekin ez duzue jarraituko. Zergatik hartu duzue uzteko erabaki hori?

Proiektu guztiekin gertatzen den bezala, hasieran gogo eta ilusio handiak izaten dira, baina denborarekin normalizatu egiten da. Ohitura bat bilakatu zen Kortesera joatea, instituzionalizatu, nolabait.

Irakaslegoa ere erlaxatu egin da. Hasierako gurasoei informazio handia eman genien, baina azkenaldian ez ginen asko kezkatzen informazioa emateaz. Bestalde, baserritar askorentzat Korteseko haurrak etxean edukitzeak lan eta eragozpenak sortzen zituen. Haurrentzat ere erakargarriagoa zen Bartzelona aldera joatea. Azken finean, apoiorik gabe geunden, gure nahia zela ikusten genuen eta ez gurasoena. Horregatik, momentuz urtebeterako uztea erabaki dugu. Datorren urtean, beharbada beste planteamendu bat egingo dugu, barnetegi modura antolatuz edo.



Beste zenbait herritan ere elebitasunaren kezka hau agertu da, UEMAko herrietan, batez ere.

Bai, hala da. UEMAko herrietan gainera, hizkuntzaren inguruko helburuak herriko gauza guztietarako hartu behar dituzte kontutan. Kasu hauetan kanpoko hizkuntza bat falta da, eta 2.mailako hizkuntza bezala ikasi behar da, euskararen maila bera lortu gabe. Ezin da arazo bat sortarazi problemarik ez dagoenean.



Herri horietatik zuen esperientzia ezagutzera etorri al dira?

Bai, Amezketa, Bidania, Errezil, Aizarnazabal, Azpeitia eta Añorga-txikitik etorri dira. Ondoren, batzuk antzeko eredua jarraitu dute, eta beste batzuk aurretik zituzten planteamenduekin segitu dute. Bidanian, adibidez, eskolaurrean astean bitan 20 minutu erdaraz ematen hasi ziren. Azpetian, berriz, goi zikloko esperientziak erdaraz irakasten hasi ziren. Baina hau oso arriskutsua iruditzen zaigu, gai hori erdaraz menperatuko duelako.

Horrez gain, Zarauzko PATekin mintegi bat antolatu genuen, eta informazio zabaldu genuen behintzat. Gero irakaslegoa gure planteamenduekin ados dagoen edo ez, eta praktikara eraman dituzten edo ez, beste gauza bat da.



Zer da bost urte hauetako esperientziaren ondoren ikasi duzuena ?

Zerbait egin nahi denean, beti teoriarekin jantziko gaituen jendearekin kontatu behar dela. Hori egin genuen eta berriro ere gauza bera egingo dugu.

Bestalde, euskara ondo menperatzen duenak beste hizkuntzetan ere arazorik ez duela konturatu gara. Arazoa euskarazko oinarria ondo hartzean datzala. Eta ondoren, kanpoko hizkuntzak 2. hizkuntza bezala ikasi behar dira. Horretarako hizkuntza hori ikasten den lekura joan behar da. Gune euskaldunak mantendu egin behar baititugu, hor beste hizkuntzarik sartu gabe.