Jara Loira: “Naturak zentzumen guztiak elikatzen ditu eta hori oso garrantzitsua da ikasketarako”

2023-04-27

Hezkuntza eredu tradizionalean ez zuen bere lekua topatu Jara Loirak, aldiz, pedagogia aktiboek eta berritzaileek, lehendabizi Waldorf pedagogiak eta ondoren Bosquescuela ereduak, pertsona bakoitzaren onena —baita ikasketetan ere—loratzeko duten balioa bizi izan zuen. Haur Hezkuntzan, Komunikazio Ez Bortitzean, Bizipenen Psikomotrizitatean eta Pedagogia Aktiboetan formatua dago, besteak
beste, eta Mendiko Kirol teknikaria ere bada. 2015etik 2018ra bitartean, Madrilgo Bosquescuelako zuzendari pedagogikoa izan zen eta egun eredu horretako formatzailea da, eta sarri etortzen da Euskal Herrira irakasleak naturan heztera. Ikastaroetan irakasleei posible dela erakutsi nahi die, “dauden lekuan daudela” haurrak naturan hezi daitezkeela, “has daitezela seguru sentitzen diren horrekin, eta pixkanaka”.

 
 
Jara Loira: “Naturak zentzumen guztiak  elikatzen ditu eta hori oso  garrantzitsua da ikasketarako”

Zuk zeuk eskola porrota bizi izan zenuen, eta ondoren Irakasle ikasketak egin eta Bosquescuelako zuzendari pedagogikoa izatera iritsi zara. Egun irakasleak formatzen ari zara. Nolakoa izan da zure ibilbidea?

Eskola porrota ez da nota txarrak ateratzea soilik, baizik eta norberak zerbait egiteko egin behar izan duen ahaleginaren eta emaitzen arteko proportzioa. Hor ikusten dut nire porrot handia. Ikaskideak, nire ustez ahalegin berezirik egin gabe, iristen ziren lekura iristeko, nik denbora asko behar nuen, eta inor ez zen horretaz ohartu. Oso esperientzia frustragarria izan zen niretzat. Derrigorrezko Hezkuntza halamoduz joan zen, irakasleek etapa horretan, oro har, ezagutzen dituzte haurrak. Baina institutura iristea ikaragarria izan zen niretzat, nik ahalegin, denbora eta gogo handia jartzen nituen, baina inork ez zuen ahalegin hura ikusten ezta nire zailtasunak ulertzen ere. Dislexia neukan. 

 

Hala eta guztiz ere, Irakasle ikasketak egin zenituen. 

Bai, eta ikaragarrizko notak atera nituen, neu izan nintzen harritzen lehena. Ez nuen ahaleginik gabe egin, baina ikasteko gogo handiarekin burutu nituen ikasketak. Ordura arte egin behar izan nuen ahalegina gehiegizkoa izan zen, baina ez nintzen ezer ikasten ari. Inork ez zeukan benetako interesik nik ikas nezan. Derrigorrezko Hezkuntza amaitu nuenean, hezkuntza zer zen ikusita, ez nuen ikasketekin jarraitu nahi, eta alderdi praktikoagoetara eraman nuen nire bizitza, ofizio bat ikastera joan nintzen tailer batera, besterik ikasteko ez nuela balio sinetsarazi baitzidaten. Baina bizitzak erakutsi zidan niri haurrekin egotea gustatzen zaidala eta Waldorf pedagogia ikasten hasi nintzen unibertsitate txiki batean, teoria eta praktikak uztartuz. Errebelazio bat izan zen, eta nire ahaleginaren neurriko emaitzak lortu nituen.

 

Ikasketa-ereduak eragin handia izan zuen zugan. Esan daiteke, zeuk bizi izan zenuela pedagogia aktiboek pertsona bakoitzaren garapen prozesuak aintzat hartzen dituela?

Pedagogia aktiboekin izan dudan esperientziatik norbere buruaz garatzen den irudia nabarmenduko nuke, hau da, autokontzeptua. Norbera da bere ikasketa prozesuaren benetako protagonista, eta bakoitzak, bere erritmora eta bere interesen arabera, gauzak deskubrituz ikasten du. Perspektiba guztiz aldatzen du horrek, ikasketa beste era batera bizitzeko aukera irekitzen du. Bestetik, Haur Hezkuntzan naturan izan dudan esperientziatik, ikasteko motibazioa nabarmenduko nuke. Naturara atera orduko inguruarekiko interes handia erakusten dute haurrek, mundua leku interesgarria dela ikusten duen begiradarekin abiatzen dira, eta horrek arreta lantzea dakar. Egun osoan zehar arreta handiz jardun behar da naturan, ez baita ingurune gainbabestu bat, eremuaren orografiatik hasita, ingurune guztiak arreta eskatzen die haurrei, baita klimatologiak eta euren gorputzak ere, eta horrek zentzumen guztiak estimulatzen ditu eta ikaste prozesua errazten du. 

 

Zer-nolako onura dakarkie Bosquescuela ereduak haurrei maila pertsonalean, sozialean eta akademikoan?

Maila pertsonalean, autokontzeptuarena oso garrantzitsua da. Haur guztiak gai sentitzen dira naturan, baita ikasteko gai ere. Egunez egun eta urterik urte joan gara onurak ikusten, eta denborarekin ikerketa neurozientifikoek berretsi dizkigute ikusten genituen aurrerapenak. Osasun fisikoari dagokionez, adibidez, askoz gutxiago gaixotzen dira umeak naturan. Pandemia garaian, kasurako, Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioetako bat izan zen eskolak aire librera ateratzea. Estresari dagokionez ere, onurak nabarmenak dira; haurrei estres maila jaitsi egiten zaie naturan eta, gainera, lehengoratzeko gaitasuna dauka naturak, hau da, ez da soilik estres gutxiago garatzen dela naturan, baizik eta estres prozesuak bizi dituztenei hobetzen laguntzen diela. Arreta gabeziaren jaitsiera ere nabarmena da eta, gainera, egunero aurkitu ditzakezu alor guztietako erronka berriak. Inguruneak berak kontzentrazioari mesede egiten dio eta baita saiakera-errorea prozesuari ere. Basoan, norbera da bere ikasketa prozesuan, apurka, bere neurriko erronka motrizak eta intelektualak gainditzen dituena eta mugarri berriak ezartzen dituena. 

Sormena, irudimena eta fantasia elikatzen ditu, ez baitaukate jostailu egituraturik. Ezaugarri horrek berak, maila sozialean, hizkuntzaren garapena dakar. Haurren jostailuak makilak, harriak eta gisakoak dira, ez da panpin bat edukitzea bezala, beraz, hitz zehatzak behar dituzte jolasa deskribatzeko. Gainera, basoan ez dagoenez soinu erreberberaziorik, baretasun horretatik komunikatzen dira elkarrekin. Gatazkei aipamen bat egitea ere garrantzitsua da: naturan nahi adina material daukate eskura eta horrek gatazkak saihestea dakar. Horrez gain, aniztasunari leku egiten zaionez, taldearen ongizatea zaintzea errazagoa da eta, beraz, frustrazioak gutxitzen dira eta kooperazioa sustatzen du. Gure kasuan, gainera, adin ugari biltzen dira elkarrekin, eta ikasketa esanguratsuagoa dakar horrek.

Basoan generoa diluitu egiten da. Batetik, jostailu egituraturik ez dagoenez, jostailuek ez daukate genero kutsurik. Bestetik, guztiak berdin jantzita doaz egunero, basoan ibiltzeko arropa erosoarekin, eta ekintzek ere generoa diluitzea dakarte, eta euren arteko harremanetan nabarmena da. 

Esandako guztiak maila akademikoan lagundu egiten du. Alemanian ikerketa ugari egin dira eredu honetako haurrak Lehen Hezkuntzara iristen direnean daukaten mailari buruz, eta sormena, irudimena, behaketa- gaitasuna, ikerketa- eta esplorazio- gaitasuna nabarmentzen dira batik bat. Kontzentrazioa, arreta gaitasuna eta, oroz gain, ikasteko motibazioa nabarmentzen dute ikerketek. 

 

Zein dira Bosquescuelaren oinarri pedagogikoak?

Ez da tarteka basora edo mendira ateratzen garela, baizik eta egunaren zati handiena, ez bada egun osoa, eguraldi ona egiten duenean bazkaria tarteko, natura dela ikasgela, natura baita gure espazio nagusia. Eremu itxia aterpetxe txiki bat da, baina hori ez da eskola, eskola natura da.

Bosquescuela ikastetxe homologatu bat da, Cercedan dagoena, Madrilgo komunitatean, eta beraz, hango Haur Hezkuntzako curriculuma jarraitzen dugu, eduki eta helburu guztiak naturako elementuekin lantzen ditugu, eta ziurtatu dugu baietz, egin daitekeela. Eredu gisa ingelesa ere badaukagu, eta andereño batek beti hizkuntza horretan hitz egiten dio taldeari. 

Gure beste ezaugarrietako bat adin nahasketa da, eta hori oso garrantzitsua da. Ratioa ere esanguratsua da: 8-9 haur dauzkagu heldu bakoitzeko, eta horrek lan guztia errazten du. Gauza asko daude esateko, baina oroz gain, jolas librearen garrantzia aipatuko nuke. Baso-eskola ereduaren ezaugarri nagusietako bat basoan jolas libre ez egituratuari eskaintzen zaion tartea da. Zabala da, eta balio pedagogiko eta sozial handikoa da.

 

Esan duzu zuen kasua ez dela tarteka basora ateratzea, baina egia da, era berean, zuen eredua ezartzea ez dela erraza. Aldiz, Euskal Herrian gero eta ikastetxe gehiago ateratzen dira astean egun batez mendira edo basora. Hobe astean behin, ez ateratzea baino, ezta?

Egundokoa iruditzen zait astean behin basora ateratzea. Irteerak erritmo batekin planifikatzea garrantzitsua da: egunero apur bat ateratzea, edo astean behin ateratzea… Erritmo horrek onura handiak ekartzen dizkie ikasleei, lehenago aipatu ditugun onura guztiak aktibatzen baititu. Astero ateratzen baldin bagara, adibidez, haurrak jakitun dira astean zehar espazio eta denbora hori izango dutela, eta ordenatzen laguntzen die, helduoi asteburua izango dugula, eta atsedenerako denbora eta espazioa izango ditugula jakiteak astea aurrera eramaten laguntzen digun moduan. Haurrek, kanpora atera orduko, bat egiten dute sentsazio onuragarri eta motibagarri horiekin guztiekin. Gainera, sarri ateraz, natura urtaro guztietan ikusiko dute, ez da beharrezkoa izango espazio desberdinak bilatzea, espazioa bere kasa eraldatuko baita urtean zehar, eta hain garrantzitsua den atxikimenduzko lotura eraikiko dute espazioarekin, seguru sentiaraziko dituena.

 

Zuen ereduak Haur Hezkuntzako bigarren etapa hartzen du, 3-6 urte bitartekoa. Baina ikastaroan Lehen Hezkuntzan eta DBHn lantzeko baliabideak erakutsi dituzu. Naturak maila altuagoetan curriculuma egokitzeko aukera eskaintzen du?

Naturak zentzumen guztiak elikatzen ditu eta hori oso garrantzitsua da garuneko konexioentzat eta, beraz, ikasketarako eta gure ongizaterako. Dagoeneko neurozientziak berretsi ditu ondorio horiek guztiak. Hainbat herrialdetan urteak daramatzate Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza naturan ikasten. Naturak ikasketari dakarzkion onura guztiak kontuan izanda, arraroa beharko luke izan beste etapetan ez baliatzea, alor akademikoan soilik pentsatuko bagenu ere, aberasgarria delako.

 

Baso-eskolako formazioak ematen dituzu gaur egun. Zer transmititu nahi diezu hezitzaileei?

Lehenik eta behin baietz, egin dezaketela. Dauden lekuan daudela, posible dela. Has daitezela seguru sentitzen diren horrekin, eta pixkanaka. Seguru sentitzeko, garrantzitsua da formatzea, eta norbere buruari ez ezartzea sentitzen ez duen ezer. Hau prozesu bat da, eta beste prozesu guztietan bezala, naturan hezten ikasi egiten da, eta behin seguru sentitzen hasten garenean, baliabide asko aurkituko ditugu, liburu interesgarriak, bideoak, webguneak, ekintzak egiteko ideiak… Bakoitzak pentsa dezala, “zer egiten zait errazagoa eta eskuragarriago?”; “zer ekintza egin ditzaket kanpoan?”. Lehenik eta behin, has gaitezen gelatik eskola atarira ateratzen, naturara, basora edo mendira joan gabe, eta has gaitezen erritual txikiak sortzen pixkanaka. Ohitura txikiek gure gaitasunengan eta ikasleengan konfiantza sortzen lagunduko digute.

Hezitzailearen ongizatea bilatzen dut formazioetan, hezitzailea seguru sentitu behar baita haurrekin naturara aterako bada, bestela, ekintza estresagarria iruditzen bazaio, ez du merezi. Funtsezkoa da hezitzaileak, naturara atera nahi badu, bere burua seguru sentiaraziko duen hori egitea.

 

Bizipen pertsonalari garrantzi handia ematen diozu formazioan.

Teoria liburuetan dago eta oso garrantzitsua da, baina niretzat bizipen aberasgarriak izatea da benetan garrantzitsua, bizi dugun hori ongi transmitituko baitugu. Ikasketa esanguratsuari asko laguntzen dio bizipenak. Haurrek biziko duten hori norberak bizitzea garrantzitsua da hezkuntzan, eta zer esanik ez Baso-eskolako ereduan. Garrantzitsua da harriak ukitzea, makilak hartzea, naturak eskaintzen dizkigun aukerak bizitzea, atera eta begirada lantzea, eta behin landuta, ingurune guztian baliabideak ikusiko ditugu, zenbakiak, letrak, angeluak, patroiak… Hori biziz ulertzen da, ez teoriatik.

 

LOMLOE aztertu ostean, Espainiako legeak dakarren curriculum berria Baso-eskolako eredutik eta pedagogia aktiboetatik gertuago dagoela diozu. Zer nabarmenduko zenuke?

Curriculum berria interpretatzen ari gara, eta paperaren gainean bederen, ikasleari ematen zaion protagonismoagatik, Baso-eskolako eredutik gertuago ikusten dugu. Adibidez, ikas-egoerek aukera gehiago ematen dizkigute ikasketa globalagoa izan dadin, globaltasunean ikasten baitugu egunerokoan eta baita naturan ere, bizitzan ez baitaude arloak bereizita. Ikasleek naturan jasotzen duten esperientzia osoa da, aldiz, orain arte gelan oso ikuspegi partziala eskaini izan zaie eskuarki, eta ikasleentzat mundua arloka barneratzea eta ulertzea zailagoa izaten da. Proiektu zabalen bidez lan egiteko aukera ematen du basoak. Horrez gain, basoak ikasketa prozesuan oso baliagarria den faktore bat dakarkigu: sorpresa. Neurozientziak dio sorpresa, motibazioa bezala, oso mesedegarria dela ikasketa prozesuan. 

Era berean, pedagogia berritzaileetan ez dugu batez besteko ikaslea buruan, ikasle bakoitza baizik, eta ez diegu beraz, “hau da gaur ikastea dagokiguna” esaten eta ez diegu ordu bakoitzean haur guztiei gauza bera irakasten. Gure kasuan, haur bakoitzaren behar espezifikoei eta era guztietako aniztasunei erantzuteko baliabideak eskaintzen dizkigu basoak, baina horretarako, formatu egin behar dugu, hezitzaileek baliabide horiek ikus ditzaten. Errazenetik konplexuenera, sekuentzia guztiak barnebiltzen ditu basoak, eta horrek ikasketa prozesuei laguntzen die. Paperaren gainean bederen, curriculum berriak horri egiten dio lekua.

 

Nola ebaluatzen duzue Bosquescuelan?

Hori gai potoloa da. Lege honek ebaluazioa egiteko eredu ugariagoei egiten die leku, ez dira soilik alderdi jakinak ebaluatu behar, baita alderdi globalagoak ere, eta haurren autoebaluazioa eskatzen du. Haurrei eta helduei metaezagutza lana eskatzen die lege berriak, ikasi duen horrek norberari zer ekarpen egin dion aztertu beharko dute, eta hori naturako eskoletan dagoeneko egiten dugu. Horrez gain, curriculum berriak behaketa bidezko ebaluazioa dakar.

Gure kasuan, hainbat ebaluazio egiten ditugu. Cercedan gaudenez, Madrilgo komunitateak eskatzen digun ebaluazio eredua ere jarraitu behar dugu, eta prozesuak eta edukiak behatzea eskatzen zaigu. Guk ez dugu ezezkorik jartzen, ez dugu jartzen haur batek zerbait ez duela lortu, prozesuan egon daitekeela ulertzen baitugu, edo lortuta ere, ez digula guri erakutsi, edo agian hezitzaileak ez duela ikusi lorpen hori. Haur Hezkuntzan, haur askok ez dituzte dagoeneko gainditu dituzten prozesuen emaitzak erakusten, ez baita fitxa bat betetzea bezala. Haurra naturan behatzen dugunean, alderdi asko izan behar ditugu kontuan: begirada, jarrera, gorputza, inplikazioa eta abar, eta behaketak erakusten du haurra ikasketa asko ari dela bereganatzen. Lege berria aniztasun ugariri erantzuteko baliatua behar dugu, eta ez soilik diagnostikatutako aniztasunei, baita ikasteko modu anitzei ere. 

Dena den, guretzat ebaluazio garrantzitsuena familiekin hitz egiten duguna da, eta egiten ditugun behaketak. Egunero eta egunean zehar haurrak sarritan behatzen ditugu eta eskaintzen dieguna ea beren garapenerako egokia den behatzen dugu, edo aldaketak egin behar ditugun. Guk ditugun ratioekin oso behaketa zorrotzak egin ditzakegu. Behaketarekin batera, dokumentazioa ere oso garrantzitsua da. Oharrak hartzeaz gain, argazkiak egiten ditugu eta haurrek euren landa-egunerokoa daukate.

 

Familiekin egiten dituzuen bilera horietan, zer-nolako kezkak azaltzen dizkizuete?

“Ongi prestatuak aterako al dira?”, “idazten eta irakurtzen ikasiko al dute?”… Gisa horretako kezkak ohikoak dira familia batzuen kasuan. Haurren prozesuak eta bizipenak aurreratzeko arriskua du, ordea, beldur horrek. Horregatik, Baso-eskolako hezitzaileak ongi jakin behar du dinamika bakoitza pedagogikoki oinarritzen. Basoan haurrekin egiten dugun guztiaren oinarria ongi ezagutu behar dugu, proposamen guztiek haurren garunetan sortzen dituzten ikasketak funtsatzeko gai izan behar du hezitzaileak. Gorputzaren garapenak ondoren gelan lagundu egin behar dio, baita arreta jartzen ere, eta ondorioz, ikaskuntzaren garapenarekin harmonian egongo da, ikasketari lagunduko dion motrizitatea baitauka.