Helle Heckmann: “Munduko lanik inportanteena haurtzaroa ona izango dela ziurtatzea da”

2023-02-14

Mundu osoan erreferentziazko pertsona bilakatu da Helle Heckmann danimarkarra haurtzaroari dagokionez eta Euskal Herrian Haur Hezkuntzako zikloa eskaintzen duten lau ikastetxetako bost irakasle joan ziren Danimarkara harekin aurrez aurre egotera. Ondotik, Euskal Herrira gonbidatu zuten eta Hik Hasirekin egoteko tartea hartu zuen. Duela 40 urte baino gehiago sortu zuen Nøkken haurren zaintzarako zentroa Kopenhagen (Danimarka) eta haur txikiekin Waldorf pedagogia aplikatzen lehendabizikoa izan zen. Haurren zaintzari eta haur eskolei buruzko hainbat liburu argitaratu ditu eta mundu osoan dabil hezitzaileak hezten eta aholkulari gisa eskolekin, gurasoekin eta gobernuekin, Waldorf pedagogia eta Slow Parenting (gurasotasun mantsoa) defendatuz. Haurtzaroa zaintzeko beharra azpimarratzen du, hori baita mundua aldatzeko giltza, haren ustez.

 
 
Helle Heckmann: “Munduko lanik inportanteena haurtzaroa ona izango dela ziurtatzea da”

Geografo ikasketak egin arren, ama izan zinenean lanbide horretan aritu ordez seme-alabak zaintzeari eta hezteari ekin zenion eta ondoren Nøkken haurren zaintzarako zentroa sortu zenuen Kopenhagen (Danimarka). Zergatik hartu zenuen erabaki hura?

Ama izan aurretik, nire burua Afrikan eta Hego Amerikan lanean irudikatzen nuen, nekazal guneetatik hirietara bizitzera joaten ziren migranteekin lan eginez, haien bizi baldintzak hobetzeko. Baina guraso izan nintzenean haurtzaroan lan egitea askoz inportanteagoa zela sentitu nuen. Zeren benetan pertsonak aldatu nahi baldin baditugu, haur txikiak direnean hasi behar dugu. Izan ere, haurtzaroa ez baldin bada ona izaten, arazoak izan ohi dira bizitza osoan zehar.

Izugarrizko aldaketa ekarri zidan erabaki horrek eta askok ez zuten ulertu. Nik neukan tituluarekin eta maila akademikoarekin nahiago nuela umeekin lan egitea? Halere, nik argi sentitu nuen hori dela munduko lanik inportanteena: umeekin lan egitea eta haurtzaroa ona izango dela ziurtatzea. Lehen zazpi urteak dira bizitzako urterik garrantzitsuenak eta urte horietan gertatzen dena eramaten da gainerako urteetan.

Haurtzaroa, zuretzat hain garrantzitsua, arriskuan dagoela esan izan duzu. Zergatik diozu hori?

Haurtzaroa arriskuan dago ez zaiolako behar duen denborarik eskaintzen. Haurrei begiratzen diegunean onura gisa ikusten ditugu; azkar erakutsi behar diegu berehala heldu bihur daitezen eta haiengandik onura jaso dezagun. Sarritan joera da akademikoki azkar hastea, 7 urte baino gutxiago dituztenean. Idazten eta irakurtzen irakasten hasten gara, ume txikientzako eskoletara bidaliz. Baina ume txikiak ez dira eskola-
ume txikiak. Ume txikiak zerbait oso berezia dira. Haien garuna ez dago prest ikasketa intelektualetarako. Ume txikiak bizitzako oinarrizko gauzak ikasi behar ditu seguru eta bizitzan aurrera egiteko prest senti dadin, unea iristen zaionean bizitzan kanpora atera dadin eta pentsamendua eta garuna erabiltzen has dadin. 

Ume txikia ez da heldu txikia, zerbait oso-oso berezia da eta pentsatzen dut gizartean ez dela benetan ulertzen haurtzaroa zein desberdina den bizitzako gainerako etapekin alderatuta. Gauza asko gertatzen dira haurtzaroan, lehen zazpi urteetan, eta haziera tarte horrek denbora eskatzen du: amarengandik jaiotzea, gorputz fisikoaren eta garunaren garapena, atxikimendua... Horrekin batera pixkanaka beste umeekin egotea desio du, sozializatzea, komunitateko parte izatea, beste haurrekin jolastea, bere burua deskubritzea eta besteak bilatzea... Horrek denak denbora asko eskatzen du eta garapen inportanteak dira gero 7 urtetik aurrera eskolara joan eta han nola jokatu jakin dezan, edo beste modu batera esanda, nahikoa denbora eskaini ez zaiolako hara heldugabe iritsi ez dadin. 

Horregatik diot ume txikiak ez direla heldu txikiak. Eta hori hobeto ulertuko balitz eta ume txikiari denbora emango balitzaio bere espazioan eta pausoan hazteko, ez genituzke gazteekin ditugun arazoak edukiko. Gazteek ez dakite zer nahi duten eta bizitzarekin, zer egin txikitan ez zaielako denborarik eman hazteko edo ez zutelako behar adina denborarik izan haurtzaroan. Haurtzaroak isla du gaztaroan, bizitza kudeatzeko gaitasuna behar denean, eta gerora, noski, helduaroan eta guraso izatean.

 

Haurtzaroari behar duen denbora eskaintzea aldarrikatzen duzu, beraz.

Hala da. Denbora kentzen diogu ez dugulako ulertzen ulertu beharko genukeen moduan, ume txikiak heldu txikiak direla uste dugulako. Azkarrago ikasten baldin badute, azkarrago joango dira. Gaur egungo gurasoek seme-alabekin egoteko denborarik ez dutela sentitzen dute lana egin behar dutelako eta beraientzat ere gauza asko nahi dituztelako. Seme-alabak izan aurretik zuten bizitza eduki nahi dute. Umeak maite dituzte, baina ez dute sakrifikatu nahi edo ez dute ume bat edukitzeak dakarren bidesaria ordaindu nahi. Beste batzuetan, gurasoek denbora asko behar izaten dute erritmoa jaitsi behar dutela konturatzeko eta aurretik egiten zuten guztia ezin dutela egin ohartzeko.

 

Egoera horretan, zer egin daitekeela uste duzu?

Oso galdera ona da eta erantzunak gure lehentasunekin du zerikusia. Haur txikiak gurasoak behar ditu, baina ez bizitza osoan, baizik bereziki lehen zazpi urteetan.

Familia asko estresatuta daude eta guraso askok kontzientzia txarra dute badakitelako ez dutela nahikoa denbora pasatzen seme-alabekin. Beraz, oraindik familiak balioa duela pentsatzen baldin badugu, nik uste dut soluzio bakarra dela gizarteak familiei laguntza gehiago eskaintzea. Posible al da gurasoetako batek astean 25-30 ordu lan egitea etxetik kanpo umeak 7 urte izan arte eta haurra instituzioetan 6-7 ordu baino gehiago egon ez dadin? Horrek aldaketa handia ekarriko luke: gurasoak denbora gehiago pasako luke etxean eta umeak ere bai, ondorioz. 

Ideia hau gurasoekin ere landu behar da, guraso askok uste baitute haurra hobeto dagoela profesionalekin. Haiekin ongi egon arren, umearentzat oso inportantea da etxean egotea. Nire esperientziaren arabera, ume gehienak 14:00-14:30etik aurrera nekatuta egoten dira eta etxera joan nahi izaten dute, ez dute haur eskolan edo haurtzaindegian egon nahi izaten. Baina askok arratsaldeko 4ak, 5ak edo 6ak arte egon behar izaten dute eta etxera iritsitakoan negarrez, nekatuta, haserre... egoten dira. Eta gurasoak ere nekatuta. Eta hori ez da bizitza atsegina.

Nire iritziz, gehiago inbertitu beharko litzateke haurtzaro onean, helduen arteko eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak lotuagoak izateko, elkar hobeto eta gehiago ezagutzeko, konfiantza izateko, baina baita erritmoa jaisteko eta gehiegi ez estresatzeko ere. Gauza gehiegi egiteari utzi beharko genioke.

 

Denborarik gabe eta estresatuta, bai helduak, bai gurasoak, bai gazteak, bai umeak... Gurpil zoro horretatik ateratzeko gai izan gaitezke?

Norbera da bere bizitza alda dezakeen bakarra. Eta bada beste gauza inportante bat ere: estresatuta egotea egoera bat edo jarrera bat dela konturatu behar dugu, ekintza bat aurrera eramateko modu bat. Adibide bat jarriko dut hobeto ulertzeko: ume bati berokia janzteko unea. Ekintza hori egin daiteke beste aldera begiratuz, hitz eginez, beste umeei begiratuz, besoa sartzeko esanez, mugitzeko esanez... edota umeari begiratuz eta isilik. Lehenengo kasuan ez gaude presente eta umeak ez daki zer egitera goazen edo berak zer egin behar duen. Aldiz, bigarren kasuan kontaktuari garrantzia ematen diogu, hor gaude eta umeak badaki zer egin behar duen. Denbora aldetik berdina da, baina bigarren kasuan gusturago gaude, atseginagoa da eta ez gaude estresatuta. 

Sarritan gauzak egiten ari garenean galdu egiten gara, ez dakigu zertan ari garen eta gure kontaktua galtzen dugu, bai geure buruarekikoa eta baita harremanetan gauden horrekikoa ere. Nik uste dut hori dela gure bizitza estresatuaren alderdi bat: geure buruarekiko kontaktua galdu dugu eta gauza guztiak azkar egin behar ditugula uste dugu, nahiz eta azkar egiteko beharrik ez izan. Badugu denbora, baina ez dugula sentitzen dugu. Denbora berbera behar da umeari berokia modu batean zein bestean janzteko, baina emaitza desberdina da.

 

Zein da gurasoentzat, instituzioentzat eta gizartearentzat daukazun mezua?

Gurasoek haurrak izatea erabakitzen baldin badute, euren bizitza desberdina izango dela edo aldatu egingo dela jakin behar dute, ez dutela bizitza bera izango umeak izandakoan, alegia.

Instituzioei esango nieke gazteak guraso izatea nahi baldin bada, familiarekin egoteko denbora hobea eman behar zaiela gurasoei. Bestela, familiarik gabe geratuko gara edo zaharren egoitzen modura umeentzako egoitzak sortzen bukatuko dugu, umeak han bizi daitezen astelehenetik ostiralera eta gurasoak lanera joan daitezen. Familiak existitzea nahi baldin badugu, familia bizitza babestu behar dugula ulertu behar dugu.

 

Zer da zuretzat familia bizitza babestea?

Ume txikiak dituzunean kanpoko lan ordaindu gutxiago egiteko denbora onartzea umearekin denbora gehiago egoteko, umeek denbora gehiago behar baitute.

Horrekin, nik uste dut automatikoki beste gizarte bat lortuko genukeela, gure gizartean komunitatea zaintzeko talde bat egongo litzatekeelako. Denbora baldin badaukagu, adineko pertsonak zaindu ditzakegu, edo baratze txiki bat eduki dezakegu, edo haurrekin ipuinak irakurri.

 

Zer funtzio betetzen dute haur eskolek zure iritziz?

Ume askori ordu batzuk etxetik kanpo pasatzeak on egiten diela uste dut, baina ez bospasei ordu baino gehiago. Uste dut garrantzitsua dela gaitasun sozialak hezteko edo lantzeko, besteekin nola erlazionatu ikasteko, partekatzen ikasteko, besteak nola jolasten diren ikusteko eta ikasteko... Uste dut garrantzitsua dela umeak beste umeekin egotea, baina ez haur eskolan bizitzea. Alegia, haur eskola ez dadila familiaren ordezkoa izan.

 

Aurretik haur eskola eta haurtzaindegi gehiago egon arren, zuk Nøkken haur eskola sortu zenuen Kopenhagen. Zergatik? Zer ekarpen egiteko?

7 urte bitartean ume txikiak leku askotatik pasatzen zirela ikusten nuen; aurrena zaintzaile batekin, gero haurtzaindegian, gero haur eskolan... Agian bospasei leku desberdinetatik pasatzen dira eta batzuetan anai-arrebak ere leku desberdinean egoten dira, elkarren bizitza ezagutu gabe eta elkarren berri izan gabe. Eta nik leku bat eta bakarra eskaini nahi nuen, non umeak bertan egongo diren eskolara hasi aurreko urte guztietan. Horrela, bi erreferentzia leku izango dituzte: etxea eta haur eskola. Niretzat hori oso garrantzitsua da.

Horrez gain, nire haur eskolak berezitasun batzuk ditu. Hasteko, ordutegia. Haurren gainean egindako hainbat ikerketa zientifikok diote sei-zazpi orduren ondoren umeen estres maila izugarri igotzen dela, oso-oso zaila dela maila hori jaistea eta ikasitakoa galdu egiten dutela oso eszitatuta daudelako. Horregatik, nire haur eskola zazpi orduz soilik egoten da irekita eta horren barruan erabakitzen du familia bakoitzak zenbat denboran eduki umea. 8:30etik aurrera hasten dira etortzen eta 9:00etarako egon behar dute. Gero 14:00-15:00 bitartean jasotzen dituzte. Ordutegi hori dugun bakarrak gara, gainerakoak 17:00 edo 18:00ak arte egoten dira irekita. Gobernuak esaten digu jendeak gurekin egon nahi duen arte finantzatuko gaituela. Ordutegi horrekin inork ez gaituela aukeratuko uste dute. Baina 40 urte daramatzagu eta 300 haur dauzkagu itxaron zerrendan.

Haur eskola Kopenhanen dago. Lau hezitzaile eta 26 haur ditugu, 3 urtez azpiko zortzi haur eta gainerakoak 3-7 urte artekoak, eta denak batera egoten dira jateko eta lo egiteko izan ezik. Hezitzaile guztiek Waldorf formazioa dute. Danimarkan onarpen ofiziala dute Waldorf eskolek eta gobernuak finantzatzen ditu. Gure haur eskolak, Waldorf pedagogian oinarrituta, umeen beharrei erantzuten die. 

 

Umeen zein beharrei erantzuten diezue Nøkkenen?

Eguneroko lehen ekintza kanpora ateratzea izaten da, naturara, eta bi ordu izaten ditugu ibiltzeko. Horrekin, lehendabizi, mugitzeko aukera ematen diegu eta hori oso garrantzitsua da, gaur egun denbora asko egoten baitira mugitu gabe. Naturan dabiltzanean ikasten dute nola eskalatu, nola igo eta jaitsi aldapan... Modu horretara, euren gorputza ezagutzen dute; orekarik ez baldin badute erori egiten direla ikasten dute, ibilian ikasten baita oreka mantentzen. Eta erortzen badira ez dira hiltzen, nahiz eta guraso askok hori pentsatu gaur egun eta umeak gainbabestu. Gaur egun jolaserako lekuak erabat babestuta daude: ez dago belarrik, ez dago hondarrik, ezta lurrik ere, garbiak daude, ez dago usainik, ez dago lorerik, elementuak daude eta euskarriak dituzte eta zorua biguna da. Ez daude umeen beharretara egokituta. Naturan, aldiz, mugak zein diren ikasten dute: zuhaitz batera igo daitezke lehen aldiz benetan horretarako prest daudenean.

Bigarrenik, ez dute jostailurik eta objekturik behar naturan ibiltzeko, eta hori ere oso garrantzitsua da gaur egungo umeek hainbeste jostailu eta objektu dituztenean. Ume askoren gelek supermerkatuak dirudite. Eta gainera, ez dira jolasten. Gehiagotan gertatzen da gauzak hartu eta utzi ibiltzea. Eta jolasa ez da gauza asko edukitzea, baizik eta nahi duzun edo egin nahi duzun gauza bat edukitzea eta horretara jolastea.

Hirugarrenik, naturan urtaroez jabetzeko aukera izaten dute eta naturarekin lotuta daude. Ez dute intelektualki kontatzen zaielako ikasten neguan hotza eta elurra egiten duela edo udaberrian txoriak etortzen direla, esperimentatuz baizik. Beti otar batekin ateratzen gara, naturan aurkitzen dituzten jakiak biltzeko.

 

Naturako ibilbideaz gain, zer egiten duzue lorategian eta barruan?

Hala lorategian nola barruan, helduak beti etxeko jarduerak egiten ikusten dituzte eta haiei lagundu diezaiekete edo jolasten jarraitu: arropa eskegitzen, ontziak garbitzen, kozinatzen, baratzean lanean, lorategia zaintzen... Gaur egun oso garrantzitsua da ekintza horiek egiten ikustea, ume askok inoiz ez baitute inor ikusi sukaldatzen, oheko maindireak aldatzen edo garbigailua jartzen. Gazte askok inoiz ez du komunik garbitu edo sukaldean ezer egin, eta bizitzan jakin beharreko ikasketak dira. Gainera, 7 urte bitartean asko maite dute ekintza horiek egitea eta parte hartzea, komunitatearen parte sentitu nahi baitute.

Gure eguneroko jardueran badira beste bi ekintza inportante eta azpimarratu nahi ditudanak: ipuinen momentua eta kantatzea. 

 

Ipuinak eta kantuak lantzeak ere behar batzuei erantzuten die?

Bai, umeak biribilean eseri eta hezitzaileak ipuin bat kontatzen die egunero eta helburu bat du horrek: haur guztiak esertzeko eta entzuteko gai izatea —gaur egun hori ere ezin baitute egin ume askok—. Izugarrizko arreta jartzen dute eta behin ipuina entzundakoan, beraiek izan daitezkeen zerbaitetan jolasten dira —erregea, erregina...— eta jolas horiek aldatzen eta garatzen joaten dira. Modu horretara umeak bere burua ezagutzen du eta besteekin erlazionatzen da. Jolasaren bitartez bihurtzen da izaki sozial. Hori da jolastea eta hori da haurtzaroa. Ez eserita egotea edo pantaila aurrean jartzea eta hango indarkeria, gatazkak, esamolde desegokiak, entonazio altuko ahotsak eta abar irenstea, batez ere ongi dagoena eta gaizki dagoena bereiztea oso zaila delarik.

Kantatzea ere oso garrantzitsua da. Abestean erlaxatu egiten zara, ahots desberdina ateratzen da, aurpegiaren itxura aldatu egiten da, keinua aldatu egiten da irribarre bat ateraz eta oso polita eta atsegina da. Oso garrantzitsua da haurrek edertasuna sentitzea. Kantatzearekin batera mugimenduak eta keinuak egiten ditugu eta horrek zubi kognitiboak eta neuronalak eraikitzearekin zerikusia du. Eta baita arnasketarekin ere. Ume askok azaleko arnasketak egiten dituzte, ezin dute arnasketa sakonik egin, gorputz osoarekin. Azaleko arnasketarekin tonu altuagoan eta azkarrago hitz egiten da; kantatzean, berriz, arnasketa sakonagoa erabiltzen da. Askok hitz egiten baino lehenago ikasten dute abesten eta hizkuntza bere egiten dute. Ibiltzeko, katuka egiten da aurretik; hitz egiteko, kantatu egiten da; eta pentsatzeko, hitz egin.