Nafarroako Gobernuak kontzertua eten die Batxilergoko bi ikastetxeri ikasleak sexuaren arabera bereizteagatik

2023-01-31

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak finantziazio publikoa kendu die Batxilergoko bi ikastetxeri sexu araberako segregazioa egotzita. Opus Deikoak diren Irabia-Izaga eta Miravalles-Redin ikastetxeetan ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzte; lehendabizikoan neskek ikasten dute eta bigarrenean mutilek. Espainiako LOMLOEren legeak dio diru publikoz lagundutako ikastetxeek ezin dutela sexuaren araberako bereizketarik egin.

 
 
Nafarroako Gobernuak kontzertua eten die Batxilergoko bi ikastetxeri ikasleak sexuaren arabera bereizteagatik

Nafarroako Gobernuak 2022an berritu zien kontzertua, baina ikastetxeek ez dituzte hartutako konpromisoak bete, ikasleak bereizten jarraitu dute, eta egoera aztertu ondoren eta ikastetxearen alegazioak baztertu ondoren, gobernuak kontzertua kentzeko erabakia hartu du. Dena dela, une honetan ikastetxeetan dauden ikasleei kalterik ez egitearren, 2023ko abuztuan etengo dute finantziazioa.

 

Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen kasuan gobernuak itun bat sinatu zuen helburu bera lortzeko: segregazio mota hori amaitzea. Ikastetxeek urtez urte ikasgela mistoak sortzeko konpromisoa hartu zuten. Lehen Hezkuntzan 2021-2022 ikasturtean maila batean eskaini zituzten ikasgela mistoak eta aurten bitan. Helburua da 2026-2027 ikasturterako gela guztiak mistoak izatea.