Joxe Mari Auzmendiri liburua eskaini dio HIK HASIk, irakasleentzat eredu eta akuilu izan dadin

2022-12-01

Joxe Mari Auzmendiri buruzko liburua aurkeztu du gaur Hik Hasi egitasmo pedagogikoak. A-tik Z-ra, Joxe Mariren lana, bizitza eta batez ere balioak jasotzen dituen liburua argitaratu du: Euskal Pedagogoa lokatzetan izenburupean. Liburua aurkezteko, gurekin izan ditugu liburuan parte hartu duten hiru egile: Lorea Agirre kazetaria, Ane Ablanedo irakaslea eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa.  Gaur inoiz baino gehiago aldarrikatu beharreko hezkuntza balioak biltzen ditu liburuak: ausardia, zubigintza, zaintza, konpromisoa... Hezkuntzarekin, euskararekin eta hobekuntza pedagogikoarekin konprometituak dauden irakasle guztiei, eta euskalgintzan eta herrigintzan dabiltzan herritar guztiei zuzenduriko liburua da.

Hemen Koldo Mitxelena Kulturuneko aurkezpena, Lorea Agirre, Ane Ablanedo eta Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'ekin.

 
 
Joxe Mari Auzmendiri liburua eskaini dio HIK HASIk, irakasleentzat eredu eta akuilu izan dadin

Joxe Mari Auzmendik bizitza osoa eskaini zion euskalgintzari, herrigintzari eta hezkuntzagintzari. Ezagutu beharreko biografia bat dela sinetsita gaude, eredugarri eta akuilu delako haren lana, eredugarri eta akuilu, bereziki, Euskal Herri honen hezkuntza sistema josten diharduten irakasleentzat; euskararekin eta hobekuntza pedagogikoarekin konprometituak dauden irakasleentzat; eta finean etorkizun hobe bat nahi duten irakasle, guraso eta herritarrentzat. Euskal pedagogoa lokatzetan liburua abenduaren 10ean Durangoko Azokan aurkeztuko du HIK HASIk eta han egongo da salgai (eta baita Hik Hasiren webgunean eta liburu-dendetan ere).

 

Hiru urte beteko dira otsailean Joxe Mari hil zela. Eta bizi zen artean, aski merezia zuen arren, ez zuen omenaldirik nahi izan, halako izaera zuen: umila, ez zen protagonismo zalea. Eta omenaldi kutsua ere badu liburu honek. Horretarako, hemen mahaian ditudan egileez gain, beste 20k parte hartu dute: besteak beste… Maialen Lujanbiok, Josu Txapartegi Txapasek, Arantxa Urbek, Irene Lopez Goñi irakasleak, Jon Sarasuak Pello Otxandianok, Joseba Sarrionandiak, Nora Salbotxek…

 

Guztion artean, A-tik Z-ra saiatu gara Joxe Mariren balioak biltzen. Egile bakoitzari hitz bat proposatu diogu, eta hark idatzi du Joxe Mariren profila. Ariketa zaila izan da A-tik Z-ra Joxe Mari definitzea, balio garrantzitsuak gorpuztu baititu 40 urtetan egin duen ibilbide oparoan. Oroz gain, haren konpromisoa, ausardia eta batasuna nabarmendu dituzte liburuan parte hartu duten irakasleek eta idazleek:

 

Joxe Mari Azkaraten jaio bazen ere, Legazpin hazi zen Joxe Mari eta hango garai grisetan, 70eko hondarretan eta 80eko hasieretan, euskalgintzan egindako lehen urratsak mugarri izango dira bizitza osoan egingo duen ibilbiderako: batetik, Huescan estudiatutako kimikari lanak baztertu eta Haztegi ikastolan hasi zen lanean. Ordutik aurrera, ekiteko modu horri eutsi zion, cromlechean zioen berak, auzolanean ere esan liteke, Joxe Marik bere ibilbide osoan, euskara, hezkuntza eta herria josiko zituen ekinez, sortuz eta auzolanean. Hala, LAB sindikatuko hezkuntza arloko Gipuzkoako lehen ordezkaria izan zen, eta han hasi zen euskal hezkuntzagintzak zituen behar larriak identifikatzen eta 1995ean Hik Hasi egitasmo pedagogikoa sortu zuen hainbat irakasle konprometiturekin. euskarazko hezkuntzagintzari ikusten zizkioten hutsuneak betetzeari ekin zion, lehenik aldizkaria eta ondoren formazioak, materialak, bidaia pedagogikoak, hezkuntza proposamenak… sortuz.

 

Egindako lanaz gain, egiteko modua nabarmendu dute liburuan parte hartu dutenek. Izaera berezia baitzeukan Joxe Marik, txiki-txikitatik zekarrena: bisio handikoa, ikuspegi zabalekoa, ekina, konprometitua zen Joxe Mari, baikorra, bateratzailea, abegikorra, zaintzailea ameslaria eta batez ere langilea izan zen Joxe Mari. “Oso zaila zen Joxe Mariri ezetz esatea. Jendea biltzen eta akordioak lortzen oso ona zen. Proiektu bat bisualizatzen hasten zenean konplizeak bilatzen zituen, ea nor elkartu zitekeen horretarako, eta horiengana iristeko erraztasun handia zuen. Jendea inplikatzen oso abila zen, oso erraz konbentzitzen zuen”, kontatzen du liburuan Mila Apezetxea irakasle eta lagunak.

 

Joxe Mari, oroz gain, zubigilea

Akordiotarako erakusten zuen jarrera izan da hezkuntzaren eremuko kide askok nabarmendu dioten beste ezaugarri bat:, alde desberdinen arteko zubiak eraikitzeko konfluentziaren bila aritu zen beti Joxe Mari, batzen gaituenari begiratzen zion, sareez, administrazioez eta lurraldeez gaindi. Horixe azpimarratu du Lore Erriondo EHUko irakasle eta UEUko kideak ere libururako: “Beti jende diferentearengana joaten zen, eta beti saiatzen zen jendea integratzen. Bateratzaile ikaragarria zen. Sentiberatasun handia zuen, eta nik uste dut intuizio berezia zuela horretarako. Radar berezia zuen inor ez zedin isolatua edo gutxiago sentitu. Askotariko eztabaidak eta iritziak zeuden: sareak, publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaida, hizkuntza ereduak, lurraldeak, unibertsitatea eta eskola… eta Joxe Marik denak biltzea lortzen zuen”. Bizi ditugun garai hauetan ere, eredu eta akuilu izan beharko luke, Hik Hasiren ustez, Joxe Mariren jarrera baikorrak eta bateratzaileak.

 

Esan bezala, Joxe Mari Auzmendiren omenaldi gisa ondutako liburua euskalgintzan, herrigintzan eta hezkuntzagintzan ametsen atzetik lanean ari diren hezitzaile eta herritar guztientzako eredu eta akuilu izan dadin egin du Hik Hasik.

 

Egileen zerrenda: 

 

A-tik Z-ra, egileak:

 

 

Izaskun Madariaga, Hitzen jostalaria 

Ausardia: Maialen Lujanbio

Bizizalea: Lorea Agirre, Liluraberen kluba

Cromlecha: Hik Hasi, ‘Gintza’-ren izpiritua

Dermisa: Josu Txapartegi, Eta hau guztia, herriagatik 

Euskara: Arantxa Urbe, Ezina ekinez egina 

Futbolaria: Arantzazu Muñoa, Zelaian bezala, bizitzan 

Gu: Maialen Izaro eta Olaia Auzmendi Sarasa, Irribarre bat sukaldean 

Hik Hasi: Ainhoa Azpirotz, Enbidoari hordago! 

Irakaskuntza: Irene López-Goñi, Daltonismo pedagogikoa uxatuz 

Jostuna: Jon Sarasua, Badakik zer den herrigintza 

Kimika: Josi Oiarbide, Kimika bereziko prestakuntza, euskarazkoa eta berritzailea

Libertatea: Ane Ablanedo Larrion, Joxe Mari, izpiritu libre hori 

Mundutarra: Joseba Sarrionandia, Joxe Mariren bidaia amaiga- bea 

Norabidea: Amagoia Mujika (Bizipoza), Txori baten begirada

Andereño: Asier Iriondo, Andereño bizardun futbolaria 

Oles: Hik Hasi, Lurrak astintzen etengabe 

Presentzia: Alfredo Hoyuelos, Presentzia sotil bezain indartsua 

Quoruma: Olatz Lasagabaster, Ekin eta ekin, batera ekiteko auke- ren bila 

Radarra: Joxe Luix Agirretxe (Oinherri), Premiak hautematen trebe

Sozia: Kristina Mardaras, SL beharrean, GKE behar lukeen en- presako sozia 

Testigua: Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Lekuko eta hauspo emaile 

Umea: Alvaro Beñaran, Haurra hezkuntzaren erdian, bere bizitza ren jabe eta subjektu; horretan genuen eta dugu Joxe Mari aditu 

Viana: Aines Dufau, Bihotz eta periferien arteko mugarik gabe 

Watta: Ainara Gorostitzu, Azken wattera arte 

Xangorin: Fito Rodriguez, Joxe Mari xaloa 

Y aldagaia: Pello Otxandiano, Euskal hezkuntzagintzaren alkimista 

Zaintza: Nora Salbotx, Besarkada haien hiztegi ttipia 

Hitzatzea: Gloria Sarasa, Hitz bakar batean 

Irudiak: Eñaut Aiartzaguena Bravo