Familiako gatazkak gutxitzeko hamar pilula

2022-11-23

Hazi Heziren 10. urteurreneko festan Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua medikuz jantzita joan zen Adunara. Familiako gatazkak konpontzeko hamar pilula aurkeztu zizkien bertaratutako
gurasoei, umoretik abiatuta. Edonorentzat baliagarri diren pilulak eta osagarriak.

 
 
Familiako gatazkak  gutxitzeko hamar pilula

Z

ientifikoki frogatuta dago pilula hauek funtzionatzen dutela, Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-
Bortitzean aditua
ren esanetan. Nahi adina edo behar adina hartu omen daitezke, eta bereizgarri bat dute denek: familiako elkarbizitzan sortzen diren sintomatologiak konpontzeko edo sendatzeko dira. Baina pilulak bakarrik ez dira nahikoa, horiekin batera ekintza batzuk edo ariketa batzuk egin behar dira benetan eraginkorrak izan daitezen eta arazoak konpontzera iritsi daitezen, betiere umoretik abiatuta eta so eginda.

 

1. ‘Kontux espektus’

Gurasoek espektatiba asko eta altuak jarri ohi dituzte seme-alabengan eta sintomatologia horrek talka asko sorrarazten du. “Oso ohikoak diren esaldiak barneratzen  ditugu” dio Mendizabalek. “Txintxo portatu, eskuak garbitu, ez egin garrasi, egin etxerako lanak, ez itzuli berandu, ondo hitz egin, hori ez da jaten, txukundu gela, ez hitz egin ahoa beteta, egon geldirik, erabili sardexka esan bezala, ez ukitu, ez ibili oinutsik, ez begiratu beste aldera hitz egiten ari naizenean, begira nola zatozen, ez erantzun horrela, esan eskerrik asko... Egunean zehar banaka esaten diren esaldi horiek denak jarraian entzunda, normala da seme-alabek batzuetan entzungor egitea”. Kontux espektus pilulek espektatibak doitzen laguntzen dute seme-alabak diren bezala onartzeko edo egoeretara egokitzeko. Eta gurasoek beren buruari jartzen dizkioten espektatibak jaisten ere laguntzen dute. “Autoexijentzia handia izan ohi dugu eta erabaki egin behar dugu makinak edo gizakiak izan nahi dugun: makina izan nahi badugu perfektu egin dezakegu, baina gizakiak izan nahi badugu ez, gizakiak ez garelako perfektuak eta doitu egin beharko dugulako”, dio Mendizabalek. Bolatxoek horretan laguntzen dute, eta ekintza osagarri gisa norberarekiko jarrera goxo batekin mantra bat esatea gomendatzen du psikopedagogoak: “Gizakia naiz eta harro nago”. 

 

2. ‘Askatum liberum’

Ohikoa da gurasoek “fite, fite, fite” esanez hastea eguna: goizean jeikitzean, gosaltzean, janztean, prestatzean, eskolara ordurako iristean, lanera garaiz ailegatzean, bazkaltzeko orduan, afaltzeko orduan, parketik etxerakoan, oherakoan... Guraso gisa dauden betebeharrez gain, lana, gurasoak, elkarte bateko zereginak... daude eta dena ongi bete nahi izaten da. “Denera iritsi nahi dugu eta iritsi ezinean ibiltzen gara. Eta hainbat unetan gure Hitler alderdia ateratzen zaigu: “tira, tira, azkar”. Horrentzako erremedioa Askatum liberum da. Presioak, autoexijentziak, betebeharrak eta erantzukizunak askatzen laguntzen du.

 

Osagarri moduan bi proposamen egiten ditu Mendizabalek: bata, norberak bizkar gainean dituen ardura batzuk askatzea eta beste batzuen esku uztea —edo inoren esku utzi ez arren uztea, horrek berak ere mugimendu berri bat ekar dezakeelako— eta, bigarrena, gorputza mugitu eta dantzan egitea, gorputzari ateratzen zaizkion mugimenduak egiten utziz.

 

3. ‘Sulfur baketus’

Denok ditugu gure onetik ateratzen gaituzten eremu gorriak eta lasaitzen gaituzten eremu berdeak. Sulfur baketus pilulek eremu horiek zein diren jakiten laguntzen dute, norberak bere marrak zein diren ongi jakin dezan.

Pilulekin batera, hiruko zerrenda bat egitea aholkatzen du Mendizabalek: “Bata gure onetik ateratzen gaituzten gauzen zerrenda; bigarrena egoera horiei buelta ematen laguntzen diguten estrategien zerrenda —arnasa hartzea, distantzia hartzea, hitz desegokiak erabili ordez inork ulertzen ez dituen hitzak erabiltzea min ematea saihesteko...—; eta hirugarrena indartzen gaituzten egoeren zerrenda —mendi buelta bat ematea, lagunekin garagardo batzuk hartzea, kantatzea...—. Zerrendak eginak edukitzeak, lagundu egiten du egoera kritikoetan ekintzara pasatzen, hau da, zerrendako gauzak egiten”.

 

4. ‘Autoezagutum aktium’

Nahiz eta norberak bere marrak ongi ezagutu, gerta liteke, halere, kontrola galtzea edo marra zeharkatzea. “Sarritan ez dugu ulertzen zergatik iristen garen puntu horretara. Horregatik, Autoezagutum aktiumek autoezagutza maila handiagoa edukitzen eta gauzak argitzen lagunduko digu. Autoen aurreko panelean argitxoak pizten direnean autoak zer duen adierazten diguten moduan, guri ere komeni zaigu jakitea argi horiek zer esan nahi duten”. 

 

Halere, ez da nahikoa nekatuta gaudela eta deskantsua behar dugula esatea. Argitzeaz gain, deskantsatzeko, kargak askatzeko edo lehentasunak jartzeko ekintzak zehaztu behar dira.

 

5. ‘Umiltatum’

“Gurasook gauzak ondo egin nahi izaten ditugu, seme-alabak ondo hezi, gauzak erakutsi... baina agian guk ez ditugu egiten edo ez dakizkigu. 'Orain ez jan gaileta' esaten diegu guk ahoan txokolatea ezkutatuz, edo 'ez egin garrasi' esaten diegu builaka, edo 'anai-arreben arten ondo moldatu behar duzue' gu bikotearekin muturtuta gaudenean. Inkoherentziak eduki ditzakegu, guk geronek ez ditugulako betetzen esaten dizkiegunak”.  Horrelakoetarako Umiltatum gomendatzen du Mendizabalek, umiltasun pixka bat guk ere egoera batzuetan ezin dugula onartzeko, haserre gaudenean goxo hitz egitea zaila dela aitortzeko. 

 

6. ‘Pre/post saihestum’

Gatazkarik gabe ez dago bizitzarik, ez dago gatazkarik ez edukitzeko erremediorik, baina bai gatazkak gutxitzeko: Pre/post saihestum. Egoerei aurrea hartzen, hausnartzen, planifikatzen, hurrengorako ideiak bideratzen... laguntzen dute pilula horiek.

 

Egoera kritiko horietatik kanpo gaudenean hainbat gauza egin daitezke osagarri moduan: HAZI HEZI aldizkaria irakurri, Elkarrekin Hazi ariketak egin, guraso eskolara joan... Alegia, gelditu eta landu.

 

7. ‘Lotu konexium’

Gustuko ez ditugun besteen jokaerak eta jarrerak zuzentzen indar handia jarri ohi da, eta horrek kontrako efektua sortzen du bestearengan, defentsiban edo erasoan jartzen baitu. Beraz, Lotu konexiumek indarra besteak aldatzen jarri ordez besteak ulertzen eta onartzen jartzen laguntzen du. Horrela, gustukoak ez diren egoerak beste energia batekin kudeatzeko aukera zabaltzen da.

 

8. ‘Natur kolaborum’

Pilula hauek kolaboratzeko gogoa pizten dute eta janarira ere bota daitezke, etxeko guztiek kolaboratzeko gogoa izan dezaten. “Baina horrekin batera hiru gauza hartu behar dira kontuan”, ohartarazten du Mendizabalek. “Ea denon beharrak ase dauden, bakoitzak bereak axola duela sentitzen duen eta aske sentitzen garen. Alderdi horiek zaintzen ez baldin badira, pilulek ez dute funtzionatuko”.

 

9. ‘Eskatus tratus’

Familietako gatazkak eta estresa jaisteko eskatu egin behar da, baina zehaztasunez. “Zortzi aldiz eskatu dizut eta ez didazu kasurik egin. Nola eskatu behar dizut? Horrela jarri behar al dut?”. “Arazoa ez da zortzi aldiz eskatu eta kasurik ez egitea, baizik eta nola iritsi garen zortzigarren aldiz eskatzera”, dio psikopedagogoak. “Askotan eskatzen ari garen bitartean beste zerbait egiten aritzen gara”. Horregatik, garrantzitsua da argi eskatzea. Eskatus tratusen horretan laguntzen du, sukaldetik eskatu ordez bertaratu eta begietara begiratuz eskatzen.

 

Horrekin batera, pilula hauek ausardia edukitzen eta modu erakargarrian eskatzen laguntzen dute: eskaerak modu baikorrean eginez, baiezkoan, eta zehatz. “Txintxo portatu esaten dugunean zer esan nahi dugu? Ez da batere argia”, dio Mendizabalek. “Hobe beste modu hau, adibidez: afaldu aurretik lurrean pieza hauek jaso ditzakezu?”.

 

10. ‘Eskertus mutium’

Gure begiak nahiko programatuta daude egin ez dena edo funtzionatzen ez duena ikusteko, eta hobetzea dagoen horretan jarri ohi dira indarrak. Eskertus mutiumek fokua gertatu denean, funtzionatu duenean, ondo atera denean, eginda dauden gauzetan... jartzen laguntzen du. Egindakoa eskertzen eta aitortzen laguntzen du, bai nork bere buruari eta baita gainerakoei ere.

 

Horrekin batera, besteengana gerturatzea eta eskertzeak pilularen efektua indartzen du: “Eskerrik asko, zein ondo egin duzun”. Besteek egindakoak zer eman digun esateak gatazkak gutxitzen ditu.

Botikinean 

edukitzeko

 

‘Kontux espektus’
Seme-alabenganako espektatibak eta norberak guraso gisa dituenak doitzeko.

‘Askatum liberum’
Presioak, autoexijentziak, betebeherrak eta erantzukizunak askatzeko.

‘Sulfur baketus’
Nork bere marra gorriak ezagutzeko.

‘Autoezagutum aktium’
Autoezagutza maila igotzeko eta gauzak argitzeko.

‘Umiltatum’
Umiltasunez gure ezinak onartzeko.

‘Pre/post saihestum’
Egoerei aurre hartzen, hausnartzen eta planifikatzen laguntzeko.

‘Lotu konexium’
Besteak eta geure burua ulertzeko eta onartzeko.

‘Natur kolaborum’
Kolaboratzeko gogoa pizteko.

‘Eskatus tratus’
Eskaera zehatzak egiteko.

 ‘Eskertus mutium’
Ongi egin dena, funtzionatu duena eta egin dena eskertzeko.