Ikasgela batzuetako ratioak jaitsiko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, bai ikastetxe publikoetan eta baita kontzertatuetan ere

2022-05-26

Alde batetik, Hezkuntza Sailak, STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa sinatu du  “euskal hezkuntza sare publikoaren antolakuntza modernizatzeko eta ardatz estrategikoak indartzeko”, eta bertan, hainbat hezkuntza etapatan ratioak jaistea onartzen da. Bestetik, itunpeko ikastetxeei dagokienez ere, ratioen jaitsiera aurrikusten da, publiko egin den Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroak jasotzen duenez.

 
 

Maiatzaren 26arekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordioa erdietsi du STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin. Eusko Jaurlaritzaren oharraren arabera, akordioak, besteak beste honako hauek jasotzen ditu:

-Ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea. Ingeleseko irakasle kopurua ugaritzea

-Soin Hezkuntzako irakasleak gehitzea Lehen Hezkuntzan

-Hezkuntza Premia Bereziei loturiko baliabideak ugaritzea

-Egiturazko ez diren plazak egiturazko bihurtzea

-Zuzendaritza-eginkizunetara bideratutako baliabide gehiago

 

 “Hainbat hilabetez elkarrizketan eta negoziazioan aritu ondoren, Hezkuntza Sailak eta Irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak akordioa lortu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Akordio horrek STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesa izan du”.

Adostutako dokumentuaren helburua “ikastetxeen antolaketa eguneratzea” da, baita sare publikoan “estrategikotzat” jotzen diren ardatzak sustatzea ere: ikastetxeen kudeaketari, funtsezko esparruak indartzeari eta plazak finkatzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu. Zehazki, testuak honako hauek jasotzen ditu:

  • Ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea, eta ikasgai honetarako irakasleen kopurua handitzea. Soin Hezkuntzako ere irakasleak gehitzea, Lehen Hezkuntzan
  • Egiturazko plaza ez direnak ikastetxeko plaza egonkor bihurtzea
  • Hezkuntza Premia Bereziei loturiko baliabideak gehitzea.
  • Zuzendaritza-eginkizunak betetzeko baliabideak handitzea
  • Proiektuak garatzeko baliabideen esleipena handitzea: berrikuntza, hizkuntza edo pedagogia-proiektuetarako, STEAM Estrategia…
  • Bigarren Hezkuntzan 20 ikasleko kopurua gainditzen duten taldeei tutoretza bikoitza esleitzea…
  • Irakaskuntza-lanaren berezko eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio-zereginetatik libratzeko profil profesionalak sortzea. Profil administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak.

 

Ratio berriak

Adostutako dokumentuan nabarmentzekoa da, halaber, hezkuntza-etapetarako ezarritako gehienezko ratioetan izango den aldaketa. Era honetan antolatuta geldituko dira:

  • Haur Hezkuntza, lehen zikloa: 18 ikasle (egun 18 dira)
  • Haur Hezkuntza, 2. zikloa: 20* ikasle (egun 23 dira)
  • Lehen Hezkuntza: 23** ikasle (egun 25 dira)
  • Derrigorrezko Bigarren Hezk.: 25 ikasle (egun 25 dira)
  • Batxilergoa: 27*** ikasle (egun 30 dira)

*Ratio jaitsierak 2023-24 ikasturtetik aurrera arian-arian aplikatuko dira: 2023-24 ikasturtetik aurrera 3 eta 4 urteko geletan, eta 2024-2025 ikasturtean 5 urteko geletan

** Arian-arian aplikatuko da 2023-24 ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetako geletan.

*** Arian-arian aplikatuko da 2024-25 ikasturtetik aurrera Batxilergoko lehen mailako geletan.

Taldeak osatzeko ezarritako ratioaz gain, ikasle/irakasle ratioa ere jasotzen da etapa guztietan, oro har. Etapa bakoitzak irakasle-hornidura izango du, ikasleak/irakasleak ratioa honako hau izan dadin:

  • Bi urteko gelak: 1/12
  • Haur Hezkuntza, 2. zikloa: 1/18
  • Lehen Hezkuntza: 1/20.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 1/20.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondokoa (Batxilergoa): 1/25.

 

 

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroa publiko egin da filtrazio bidez, eta bertan itunpeko ikastetxeetarako ere hainbat berrikuntza ikusten dira, besteak beste, ratioen jaitsierari dagokiona: gela bat mantentzeko gutxieneko ratioak ukituko dituzte; alegia, haur gutxiago beharko dituzte ikasgelak mantentzeko. Itunpeko ikastetxeetan, egun, HH Haur Hezkuntzan eta LH Lehen Hezkuntzan, hamazazpi haur behar dituzte gutxienez; hemendik aurrera, berriz, hamahirurekin nahikoa izango da. Ikastetxea herriko bakarra bada, 11 haurrekin ikasgelari eusteko moduan izango dira. Batxilergoan ere, jaitsiera: itunpekoetan, hemezortzi behar dituzte egun, eta hemendik aurrera, bat gutxiago. Zirriborroaren arabera, Itunpeko ikastetxeetan ez dute aldaketarik egingo gehienezko ratioan, eta publikoetakoa baino altuagoa edo bera izango da beti: HHn eta LHn, 25; DBHn, 30; eta Batxilergoan, 35.