Estitxu Fernandez: “Ama guztiok ari gara borrokan”

2022-05-25

Bokazioz bizi ditu psikologia eta komunikazioa. Bi biak bizi ditu. Orain bere lekua haur txikien amen ondoan aurkitu du. Osasun mental perinatala zaintzen duen elkarte bat sortu du, bertan bidelaguntza eskaintzen die eta ahalduntzea du tresna. Xede horrekin egin berri du Erika Lagomagaz 'M *ama *eme *ume'  liburua.

 
 
Estitxu Fernandez: “Ama guztiok ari gara  borrokan”

"Zaila da liburu ba idaztea entziklopedia bat izan behar duela dakizunean" idatzi dute Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amen kontakizunak jaso dituzten liburuaren sarreran. Gauza bera gertatzen da psikologo eta komunikatzale hau elkarrizketatzean. Faszikuluka argitaratu beharko lirateke orriak. Amatasuna eta haziera ardatz harturik, orrialde askotarako ezagutza dauka Estitxu Fernandez Maritxalarrek (Lesaka, 1975). 

 

Psikologia ikasketak egin zenituen, gero denbora luzez telebistan eta irratian aritu zara. Nolatan itzuli zinen psikologiara eta, bereziki, psikologia perinatalaren arlora?

Amatasunaren aitzinetik ere lan egiteko modu batzuk zalantzan jartzen hasita nengoen: ordutegi luzeak; lan esparruko harremanak; nola zaintzen dugun elkar… Bertzetik, amatasunak eragin zuen, noski. Argi neukan nola bizi nahi nituen haurdunaldia, erditzea eta erdiondo goiztiarra, eta garbi nuen 0-3a asko zainduko genuela Xumar [Altzugarai, bikotekidea] eta bion artean, amatasun baimenaz harago. Gero Lur laguntza behar zuten kondizio fisiko zehatz batzuekin jaio zen. Hiru gako horiek direla-eta, ez naiz oraindik telebistara itzuli. Zergatik bueltatu naizen psikologiara? Ez dudalako inoiz utzi. Ni telebistan nengoen bitartean etengabe formatzen jarraitu dut; ez nekien nora nindoan zehazki formazio horrekin guztiarekin, banekien emakumetasunarekin, sexualitatearekin eta amatasunarekin zerikusia izango zuela egingo nuen bide horrek, baina ez nekien zer forma hartuko zuen. Psikologia perinatalean nire tokia topatu dut.  

 

Psikologia klinikoan bezala, haurdun eta haziera taldeetan eskaintzen duzue bidelaguntza. Nola ikusten dituzu, lehendabizi, gurasoak?

Gure taldeetan dauden gurasoak zaintzarekin inplikatuta ikusten ditut. Amek, bereziki, haurdunaldi, erditze eta erdiondo goiztiarrean ondo zaindu nahi dute, tratu onak eman nahi dizkiete euren seme-alabei, eta, horretarako, elkar zaindu behar dutela ere ulertzen dute. Era berean, ama asko itota ikusten ditut. Bi gauzak ikusten ditut: zaindu nahi dute eta inplikatu nahi dute, baina itota daude. Eurek aukeratu duten haziera-eredu hau, inplikazio handia eta elkar zaintza dituena, oso exijentea da, eta, gainera, daukagun bizimoduak, lan esparruak, ordutegiek, malgutasun faltak eta sare faltak zaildu egiten dute haziera. Sarea eta euste emozionala behar dira haurrak hazteko; ama askok talde horietan bilatzen dute sustengu hori, nori kontatua, epairik jaso gabe nork ulertua izatea… Dantza horretan ikusten ditut familiak.

 

Errespetuzko zaintzan barneratzen garenean ikusten dugu ez dela soilik umeekiko kontu bat, pertsonak elkar ulertzeaz ari gara, bestearen emozioak aintzat hartzeaz, emozioen atzean zer behar egon daitekeen ulertzeaz... Umeek eraman gaituzte egiteko modu horietara, eta zentzu horretan, umeak opari bat dira. Orain, hori gure bizitzako beste esparruetara zabaltzen saiatzen garenean oso zaila dela ikusten dugu. Kosta egiten da tratu onak zailak direlako? Egia da, gure motxila berrikusi behar dugula, ez gaudela ohituta, gizarte indarzale batean gaudelako, baina, horrez gain, daukagun sistema sozio-politikoagatik ez da erraza haurrarekin eta ingurukoekin guk nahiko genituzkeen tratu onetako harremanak edukitzea. Horregatik guztiagatik, familiak ez dira iristen. Nik horrela ikusten ditut. Kontzientzia badute, baina kosta egiten da. Egia da, baita ere, kontzientzia izateko, askotan, ikasketak edo ezagutza behar direla, eta gure tailerretara etortzen den jendeak ikasketak dituela eta maila sozio-ekonomiko erdi mailako bat duela… nahiz eta ikastaroak dohainik diren. Horregatik, egia da familia horiek, ez direla gizarteko errepresentazio zabal bat.  

Eta haurrak? Haurraren garapen psikoemozionalean aditua izanik, nola ikusten dituzu? 

Inplikazioa eta kontzientzia dituen guraso horri kosta egiten bazaio haziera, pentsa hain inkontzientea den gizarte honetan nola dauden haurrak! Ozenki esan behar da: gizarte honetan haurrak ez dira subjektu politiko kontsideratzen, objektu baizik. Ez zaie inongo eskubiderik onartzen. Horrela ikusten ditut haurrak politikoki. Eta osasunaren aldetik, hain zaila dugu gurasook zaintza! Alde batetik gure motxilagatik; baina, batez ere, gizarte ereduagatik. Eta eredu horren barruan, eskola sistema dugu, niretzat aldagai inportantea. Berez 6 urte bitarteko haurrak ez dauzkagu eskolatu beharrik, baina lau hilabeterekin eskolatzen ditugu. Noski, familia da eragin inportanteena, baina lau hilabeterekin eskolara eramaten baditugu haurrak, bi ekosistemak, dagoeneko, hagitz inportante bihurtzen dira: familia eta eskola. 

 

Gurasoak itota eta ezin iritsita baldin badaude, haurrak berdin daude, orokorrean. Hala ere, haurrak helduok baino konektatuago daude bizitzarekin, bizitzarako joera handia daukate. Baina, hala ere, agresibitate handia ikusten dut batzuetan. Argi dagoena da gurasoak gehiago sostengatuko bagenitu, amak gehiago zainduko bagenitu, eta ondoren, hezkuntza sistemari buelta handi bat emango bagenio eta iraultza handi bat egingo bagenu, orduan bai, haurrak hobeto egongo liratekeela. Orain daukagun sistemaren adierazle dira haurrengan agertzen ari diren psikopatologia guztiak, hiperaktibitatetik hasi eta suizidioetaraino. 

 

Kontua ez da inor errudun sentiaraztea, baizik eta ikustea bizimodu hau ez dela bizitzarekin jasangarria eta sostengarria, bizitzarekin berarekin talka egiten du gure bizimoduak eta baita eskolak ere, oro har. Eta haurdunaldiaz, erditzeaz eta hazieraz ari bagara, ezin utzi osasun sistema aipatu gabe, eragin handia baitauka emakumearen osasunean eta umearen osasunean. Osasun sistemak berrikuspena behar du. Gizarte eredu hau gurasotasunari eta bizitzari bizkar emanda bizi da, etengabe oztopatzen du bizitzak behar duena, eta horrela, nola egongo gara osasuntsu?

 

Eta nola laguntzen diezue? Aldaketa zenbateraino izan daiteke pertsonala/familiakoa, egituraz ez baldin badira baldintzak aldatzen?

Niretzat sorgin-gurpil bat da hau guztia. Ni saiatzen naiz familien bidelagun izaten,  bakoitzaren baldintza partikularretan, haiek bila dezaten bere bidea. Baina beti begirada politikoa eduki behar dugu. Ni horretara iritsi naiz. Lehen familia bakoitzari laguntzen saiatzen nintzen, baina orain diskurtso politikoan kokatzen naiz, beti ere kontu handiarekin, familia batzuei euren emozionalitatean bidelaguntza eskaintzen ari naizelako eta euren erantzunak behar dituztelako, ez soilik diskurtso politikoak. Baina derrigor sartu behar da begirada hori. Familia bat bere sei hilabeteko umeari begira dagoenean eta errealitate horretan erruduntasunak leku handia daukanean, ama hori erruduntasunetik atera egin behar duzu: ez da zure kulpa. Gure liburuan emakume batek dioen bezala, “patriarkatua, tori hau guztia, zure errua da!”.

 

Niri gustatzen zait beraiek dakarten horretan bidelaguntza ematea, zer sentitzen duten ikustea, eta, horretarako, Komunikazio Ez Bortitza ederra da, emozioei begiratu eta atzean zer behar egon daitekeen ikusten dugu, eta behar horiek familia horren ezaugarri partikularretan nola ase daitezkeen begiratzen dugu, ahantzi gabe dena ezin dela aldatu; lanean ez digutelako malgutasunik ematen; eskola sistemak, momentu batean akaso, ez digulako ematen guk nahiko genukeen bidelaguntza... Orduan, zer alda dezakegun eta zer aldatu nahi dugun ikusi behar dugu, eta hortik ikusten dugu nola izan umearen bidelagun. Haur bat eskolatik oso aztoratuta baldin badator, adibidez, hori konpentsatu egin behar dugu. Familia bakoitzaren errealitatean bilatu behar dira irtenbideak, zeren eurek baitituzte irtenbideak, ez nik. Zerekin borrokatu nahi dugun ikusi behar dugu; zerekin ez; zer onartzeko prest gauden eta zer ez; eta nola konpentsatu ditzakeen familiak sistemak ekartzen dituen zailtasun horiek guztiak. Baina hori, sistema honen barruan, ahal duguna egitea da, egokitzea, eta ez da gutxi, baina gaixo dagoen sistema bati egokitzea ez da osasungarria. Sistema bera da aldatu behar dena.

 

Bereziki lantzen ari zaren arlo bat biolentzia obstetrikoarena da. Biolentzia fisiko, emozional eta sinbolikoa da, bai profesionalek eta baita andreok ere normalizatua duguna. Izendatzeak, berak, lagundu egin du, ezta?

Dudarik gabe. Oraindik ere mediku batzuk kexatzen dira izenarekin berarekin; are gehiago, beste batzuen kexua da ez dela indarkeria hori existitzen. Errespetu guztiarekin: izena badago, gustatu ala ez gustatu, eta emakume askori balio dio berari gertatu zaiona hori dela izendatzeko, orain ulertu dute zergatik zeuden horren gaizki umea jaio eta gero, ustez dena “normal” joan eta gero eurek gaizki baitzeuden. Profesional zenbaitek esan didate beraientzako hasieran zaila izan dela onartzea, baina zintzotasunez begiratu diotenean beren lanari, konturatu direla beren praktika batzuk ez direla egokiak, eta emakumeen aliatu bihurtu dira.  Aliantza horiek garrantzitsuak dira.  Indarkeria honen aurrean feminismoa —amatasunaren beste gai batzuetan ez bezala— hain garbi kokatu izana ere, niretzat, oso garrantzitsua izan da.

 

Gai honi buruzko informazioa zabaltzeak asko lagundu du. Dena den, informazioari buruzko zehaztapen bat ere egin nahiko nuke: informazioa lagungarria da, libreak izan nahi badugu informatuta egon behar dugu zer erabakitzen ari garen jakiteko, ados, baina ez bazaude informatuta, ez badakizu ezer eta zure haurdunaldia, dagokion bezala, lasai bizitzen ari bazara, eskubide osoa duzu zure erditzean arreta egokia jasotzeko. Zer-nolako ama izan nahi duten pentsatzea dagokie amei, baina erditzeari begira, erditzea jarraitzea eta bizitzea dagokio, “orain mina daukat, orain indarra egiteko gogoa sentitzen dut… “ eta ez zaie hori egiten uzten.  Konfiantza duen emakume horrek ez du zertan praktika txarrekin topatu.

 

Biolentzia obstetrikoaren ondorioak lantzen dituzu emakumeekin. Zer ondorio ikusten dituzu?

Ondorioak askotarikoak eta denboran oso luzeak izan daitezke, hasi fisikoetatik eta ondorio sozialetara. Oso ohikoak izaten dira ondorio fisikoak perinean, zesarea baten ondorioa, zesarearen orbaina bera, hor gerta daitezkeen infekzioak eta odol galtzeak... Ondorio fisikoen artean aipagarria da, baita ere, sexualitatean episiotomia batek duen eragina. Amari fisikoki gerta dakizkiokeenez gain, umeari gerta dakizkiokeenak daude: lepa-uztaia haustea edo zesareagatik ebaki bat egitea, edo amagandik bereiztea... Erditzeak dakartzan ondorio fisiko horiek psikologian eta harremanetan eragina daukate eta, zer esanik ez, sexualitatean. 

 

Ondorio psikologikoei dagokienez, erditzetik ateratzen zaren moduak, haziera baldintza dezake. Erditze on batek ahalduntzearen sentsazioa dakar. Aldiz, erabakimenik gabeko erditze batetik, eta zer esanik ez, tratu txarrekin, txikituta atera daiteke emakumea. Horrelako kasuetan, trauma ondoko estresa ohikoa izaten da, depresioa ere bai, erruduntasun handia egoten da… Horrek sozialki ere eragiten du; emakume horiek, askotan, ez dute atera nahi izaten etxetik. Eta noski, horrek guztiak eragina dauka ama-umea harremanean. Ume jaioberriak amaren gorputza behar du, baina erditze traumatiko bat bizi izan duen emakume batek nola emango du, bada, haur jaioberri batek behar duen guztia biolentzia horren ondoren?  

 

Emakume bakoitzari bere historia berreraikitzen lagundu behar zaio, eta osasun sistemak izan duen erantzukizuna zein den argitzen. Kontsultan, gutxienez, izan dezala horrek bere tokia.

 

Zure lan-ardatzetako bat emakumearen ahalduntzea da. Horretarako tresna eskaini zenuen ‘Gure haurdunaldiaren jabe’ liburuan. Zein dira ahalduntzearen gakoa eta zein garrantzia?

Emakumeak erabaki beharko luke nola bizi nahi dituen haurdunaldia, erditzea eta 0-3 etapa; 3 urte arteko amaren gorputza oso lotua baitago umeari. Eta hor emakumeak nahi duena lehenetsi beharko litzateke. Gero, nahi badugu, hitz egin dezakegu berdintasunaz gehiago, eta agian lehenago ere bai, edo geroxeago, familia bakoitzak ikusiko du. Baina nik argi daukat, lehen urtean bederen, emakumeak berak erabaki behar duela nola zaindu nahi duen. Ikuspegi feminista horri ikuspegi perinatala erantsiko nioke, hau da, umearena. Emakumeaz gain, beste subjektu bat baitago: umea, bere beharrekin. Bi ikuspegiak txertatu behar ditugu. Emakumeak erabakitzen badu, dena delakoagatik, haurra jaio eta lau hilabetera lanean hasi behar duela, ingurukook erabaki hori lagundu egin behar dugu. Gizarteak babestu behar du. Ume hori eta bere beharrak babestu egin behar dira. Eta erabakitzen badu umea denbora gehiagoz zaindu nahi duela, berdin. Irtenbideak eman behar zaizkio. Haur eskola al da aukera bakarra? Non daude beste aukerak? Nahi dugun amatasuna bizitzeko eskubidea ez da eskubide erreal bat. 

 

Niri garrantzitsua iruditzen zait haurra izango duen emakume horrek jakitea, lehen urtean gutxienez, haur horrek amaren gorputza behar duela. Hori denok jakin beharko genuke eta lehen urte hori babesteko egiturak beharko genituzke gizartean. Hala ere, ama batek erabakiko balu ez dela haurrarekin lehenengo planoan egongo urtebete horretan, erabaki horretan gizarteak lagundu egin behar die amari eta haurraren beharrei. Baina, hor lan-esparruan sartzen gara, eta arazoak datoz. 

 

Ahalduntzearen ikuspegitik, ekarpen berri bat egin duzu, oraingoan Erika Lagoma bertsolariarekin batera: amatasunaren errelatoak jaso dituzue. Elkarrek maiatzean argitaratuko duen 'M *ama *eme *ume'  liburuaren sarreran diozue, “ahal den moduan sistemari iskin egin eta eredu hegemonikoetako pitzaduretatik ateratzen diren amatasun propioak” jaso nahi izan dituzuela. Zergatik errelato horiek?

Erikari eta bioi ez zaizkigu interesatzen sistema erreproduzitzen duten kontakizunak. Kontakizun horiekin sistema hau —kapitalista eta heteropatriarkala, hau da, amatasunaren kontrakoa —erreproduzitzen jarraituko dugu. Kontua da hasieran geneukan hipotesia berresten ari zaigula: inor ez gaude hor, ama ia denok ari gara sistema arrakalatzen saiatzen, bakoitza bere modura. Amatasun biologikoaren kasuan, adibidez, geure gorputzean sentitzen ditugu mugimendu horiek.Ama guztioi egin digu gure esperientziak talka sistemarekin, momenturen batean edo bestean. Horregatik interesatzen zaizkigu arrakala horiek. Liburu honetan ama arruntak daude, batzuk ertzekoagoak besteak baino. Baina eguneroko amak dira, denok ditugun dilemak eta borrokak dituztenak. Ama guztiak ari gara borrokan, eta denontzako da borroka zaila.

 

Sistema honek bi muturretara eramaten gaitu: edo erabat ama onberak gara eta ustez barrutik ateratzen zaigulako egiten dugu zaintza-lana eta geure burua ahazten dugu ez existitzeraino, dagoeneko ume hori delako gure bizitzaren zentroa; edo, beste muturrean, superwomanak gara, zaintza erabat delegatzen duena, lanera doana eta zoragarri dagoena fisikoki ere… Bi mutur horiek erakusten dizkigu, etengabe, sistema honek, telebistan, esate baterako. Gainera, esaten zaigu erraza dela ume bat izan eta aurreko bizitza berdinarekin jarraitzea, eta haurdun daudenek sinestu egiten dute haurra izan ondoren lehen bezala segituko dutela, mendira joanaz, edo sozializatuz edo lanera joanaz. Eta bertze batzuek pentsatuko dute umetxoarekin errealizatuak sentituko direla, euren burua apartamentu txiki batean negar pila bat egiten duen haur txiki batekin ikusten duten arte.

 

Uste dugu garrantzitsua dela amek bestelako kontakizunak ezagutzea; aitzinetik entzutea ezetz, ez sistemak erakusten digun eredu batek ez besteak ez gaituela aseko. Eta horrez gain, funtsezkoa ikusten genuen amei hitza ematea; ez dezala beste inork hitz egin gure ordez. 

 

Amatasuna zartako baten gisan deskribatzen dute hainbat emakumek zuen liburuan. Gaur eta hemen, nola saihestuko dugu emakume gehiagok zaplaztekorik ez jasotzea ama bilakatzean?

Zaplazteko hori saihesteko, gure errelatoak kontatzea eta amek hitza hartzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Feminismoan eta feminismotik kanpora ere berehala behar dugu amatasunei buruzko debatea. Eta gure praktikak ikusgarri egin behar ditugu, ez dadila amatasuna etxe zokoan gelditu, atera egin behar dugu, saretu. Amak entzun eta bistaratu egin behar ditugu. Horregatik dira ama taldeak oso garrantzitsuak niretzat. 

 

Gorputzak aldarrikatzeak akaso, gozamen gehiago ekarriko ote lioke amatasunaren esperientziari?

Bai, noski. Ideia horrekin bueltaka nabil azkenaldian. Esaldi batzuk oso tabu bihurtzen ari dira; adibidez, badirudi ezin dugula esan gure umea izugarri maite dugula. Zailtasunei begiratzen diegu, eta ahaztu egiten dugu esperientzia hau ikaragarria dela. Ez naiz maitasun erromantikoan eroriko, baina uste dut plazera aldarrikatu behar dugula, umea opari bat dela eta umearekin ikaragarri ikasten dela aldarrikatu behar dugula.