Hezkuntzako sindikatuek greba deialdia egin dute martxoaren 25erako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2022-03-15

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria egiteko abian den prozedurarekin ez datozela bat adierazteko egin dute greba deialdia ELA,LAB, Steilas eta CCOOk. Prozedurarekin ez ezik, hezkuntza akordioaren oinarrien behin behineko dokumentuaren edukiekin ere ez dute bat egiten. Sindikatuen iritziz, hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia ez da aintzat hartu eta hori aldarrikatzeko egingo dute martxoaren 25eko greba. Horren aurretik pare bat elkarrreratze ere iragarri dituzte Gasteizeko Legebiltzarraren aurrean; martxoaren 18an lehendabizikoa eta 28an bigarrena. Hilaren 18an Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak behin-betiko dokumentua bozkatuko du eta martxoaren 28an onartuko du.

 
 
Hezkuntzako sindikatuek greba deialdia egin dute martxoaren 25erako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Sindikatuek haien ustez hezkuntza akordioaren oinarrietan egon beharko luketen hainbat ardatz aldarrikatu dituzte, eta besteak beste, “publiko, euskaldun eta propioa”. Sindikatuek “publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea” babesten dute, egungo sistema duala gainditu eta itundutako eskola publiko bilakatzeko esparru orokor bat ezarriko duena. Horrekin batera, euskara eta bizikidetzaren balioak erdigunean jarriko dituen hezkuntza lege bat aldarrikatu dute. Horrez gain, hezkuntza sistema horrek “propioa izan behar du sindikatuen ustez, EAEko Hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu eta Euskal Herriko gainerako lurraldeekin elkarlana areagotu” beharko litzatekeelarik.

Segregazioaren arazoari irtenbidea emateko gai izango den lege bat nahi dutela azpimarratu dute eta horretarako hainbat neurri sorta zerrendatu dituzte: matrikulazio prozesu gardenak, irregulartasunik gabekoak eta ikasleak ez segregatzeko helburua duten matrikulazio bulegoak, besteak beste.

Langileen lan baldintza egokiak bermatu beharko lituzkeela ere azpimarratu dute, hezkuntza arloko inbertsioak eta baliabideak sustatzeko eta handitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, gutxienez BPGren % 6 inbertituz, ratioak jaitsiz eta 0-18 urte arteko hezkuntzaren doakotasuna bermatuz. Azkenik, sindikatuek lege parte-hartzailea galdegin dute.