Miren Agur Meabe: "Garatzen laguntzeko irakurri behar da umeekin"

2022-01-10

Umea, nereabea, andrea, ama, irakaslea, haur literaturako editore izana daude Miren Agur Meabe idazlearen baitan, haur eta gazteen mundura literaturaren bidez gerturatzen laguntzen dioten ezaugarriak.

 
 
Miren Agur Meabe: "Garatzen laguntzeko irakurri behar da umeekin"

Belaunaldi askoren oheburuko lagun izan dira Miren Agur Meaberen liburuak, haur, gazte, zein helduentzat. Ironiaz, umorez eta batik bat zintzotasunetik lortu du txiki zein helduak bereganatzea. Publikoaren aitortzaz gain, sarien aitortza ekarri dio horrek bere literatur ibilbidean. Hirutan jaso du Euskadi saria; haur eta gazte literaturako modalitatean, Itsaslabarreko etxea (Aizkorri, 2001), Urtebete itsasargian (Elkar, 2006) eta Errepidea (Erein, 2011) lanengatik. Berriki Espainiako Poesia Saria jaso du Nola gorde errautsa kolkoan (Susa) liburuagatik.

 

Zorionak jaso berri duzun sariagatik. 

Liburua berbera da sariez jantzita edo saririk gabe. Baina sariak lagunduko dio ikusgarriago izaten, bai gure esparruan, euskarazko liburuari, baina baita itzulpenari, gure mugetatik kanpo. Sariak harrotasuna eta esker ona eragiten dizkit, eta espero dut gure kulturarentzako ere onuragarria izatea. 

 

Errepasatzen hasita, Euskadi Literatura Saria Haur eta Gazte Literaturan, hiru bider behintzat jaso duzu, Kritikaren saria… Sarituriko liburu horiek zuretzako gogoangarriagoak dira beste batzuk baino? Horien artean daude ‘Urtebete itsasargian’ edo ‘Itsaslabarreko etxea’?

Sortzaile modura nik liburu guztiei diet maitasun bera. Liburu guztiak direlako erronka, eta ez diedalako azken punturik ipintzen nik sentitzen dudan arte horixe dela nire goren maila. Gero momentuko gertaerak egoten dira, hala nola sariak, eta badirudi, aipatu dituzun liburu horiei bestelako sendotasun bat ematen dietela. Baina badaude, halaber, nire ustez horiek bezain landuak diren beste liburu batzuk, baina agian ez direnak saritu, sarien baldintzetako bat delako hainbat urte pasatu arte egile berak ezin duela saria jaso. Esate baterako, Zer da ba maitasuna?  liburua niretzako oso estimatua da, nerabeentzako egin nuelako prosa eta narratiba nahastuz, eta ni oso hibridozalea naizelako, eta nik uste dut liburu hori nire beste batzuk baino hobea dela, baina zegokion urte horretan ezin zen saritu burokratikoki. Saritu ala ez, niretzat liburu guztiak erronka dira, nire hoberena ematen diet, eta azken puntua ipini arte ez dut amore ematen. Gero beste gauza bat da zer-nolako proiekzioa daukaten edo zelako dirdiraz janzten dituzten. Liburu guztiek izan dituzte hainbat argitalpen: Urtebete itsasargia-n, esaterako, 23. edizioan doa, eta  horrek esan nahi du Euskal Herrian 20.000 gaztek irakurri dutela liburu hori azken 15 urtetan. 

 

Nola kokatzen duzu proiektu bat, liburu bat, umeentzako den, gazteentzako den, helduentzako den… Nola hasten zara idazten?

Gaiaren arabera edo momentu horretan neuk darabildan kezka pertsonal batek esaten dit norantz jo behar dudan. Gai batzuk helduekin konpartitzekoak dira, adibidez, Hezurren erretura helduekin komunikatzeko esperientziaz jositako liburua da. Beste gai batzuk, garapen afektiboarekin edo nortasunaren garapenarekin edo garapen kognitiboarekin zerikusia daukatenak, gehiago ikusten ditut umeentzat edo nerabeentzat. Gizarteko gertaera konkretu bati buruz idatzi nahi badut, demagun eraso bat izan dela, hori gehiago ikusiko nuke gazteekin lantzeko. Gaiak eta momentuko nire bizipen pertsonalak eramaten nau batzuentzat edo besteentzat idaztera. Beti ere, nik neuk ezin dut egon beti genero bera lantzen, ez naiz nobelagilea, poeta hutsa, ez naiz Haur eta Gazte Literatura hutsa idazten duen egilea, baizik eta sormenaren errailetatik batetik bestera saltoka edo aldatzen ibiltzen dena naiz, hala eskatzen didatelako nire izaerak eta nire ibilbideak. Orekaren bila ibili naiz genero guztien artean.

 

‘Hezurren erretura’ aipatu duzu, helduekin partekatu nahi zenuen baina  umezaroa oso presente dago liburu horretan.

Eta baita Nola gorde errautsa kolkoan poema liburuan ere. Askotan iraganeko artxibategietara jotzen dugu (deitu horri memoria), gure orainaren eta gure nortasunaren arrastoak aurkitzeko, jakinik ere memoria-ariketa egiten dugunean memoria zatikatu eta zehaztu gabea lortuko dugula. Gainera, gero lortzen edo berreskuratzen dugun memoria zatikatu eta zehaztu gabe hori, manipulatu egiten dugu berriro literarioki lortu nahi dugun efektuaren arabera. Inoiz ez dago autobiografia guztiz leialik, edo lekukotza guztiz zehatzik, ezinezkoa delako. Ni adin batera heldu naiz, eta adin batetik aurrera bizitzaren lerroan geldiune bat egin behar izaten da bizitzaren errepasoa egiteko eta bai Hezurren erretura-n eta bai Nola gorde errautsa kolkoan poema liburuan badago horretatik asko. Memoria dago, baina memoria horrek zer zeregin dauka? Gogoratu gogoratzeagatik? Ez, gogoratu jakiteagatik zergatik nagoen ni orain hemen eta zelan bideratu gero etorriko dena, nahiz eta bilaketa lan hori fikzioaren bidez egin. Poema liburuan esaten dut bizitzan badagoela erredura bat bizitza zati bitan egiten duena eta, behin adin batera iritsita —nik laster 60 urte beteko ditut—, ikusten dut nire bizitzak izan duela aurreko parte bat eta orain beste bat izango duela.

 

Heriotzari ere horregatik begiratzen diozu hainbeste azken liburuetan?

Memoria da gaietako bat eta heriotza bestea. Azken batean, bizitzea zer da? Errautsak erretzea zer da? Errautsa gordetzea zer da? Bizitza momentu onak eta txarrak kudeatzea da, bizitzako argiak eta ilunak gestionatzea, ez dago besterik, hori da golkoan errautsak gordetzea. Errautsak geu gara, geure memoria da, geure bizitza, geure azertuak, geure akatsak, geure urrats legitimoak, ilegitimoak, frustrazioak, pisua daukan baina aldi berean berziklatzen eta garbitzen dugun hori guztia.

 

Eta, hala ere, une batzuetan umoreari eusten diozu. Hori bada zure ezaugarri bat ezta, bai helduentzako baina baita umeentzako eta gazteentzako idazten duzunean ere?

Ironia. Ironiak defentsarako balio du, norberaren burua babesteko balio du. Bestela gertaera tragiko bati buruz hitz egiten ari bazara eta ez baduzu zeure burua kandelaren sulamatik gorago ikusten, erre egiten zara. Zure egoeratik pixka bat urruntzeko modu bat da autoironia.

 

Umeekin ironiak funtzionatzen dizu? Umeek adin batera iritsi arte ez dute ironia harrapatzen, ezta?

Umeekin umorea erabiltzen dut, ez ironia. Umorea eta samurtasuna nahastea dira, nire ustez, umeekin klabeak. 12 urtetik aurrera, pentsamendu abstraktua garatzeko sasoia hasten dute. Baina helduekin, parez parekoekin, ez dut sentitzen eskubiderik daukadanik nire bizipenekin eta nire emozioen borborrarekin hartzailea edo solaskidea itotzeko. Urrundu eta erlatibizatzeko balio dute ironiak eta autoironiak. Min oro da absolutua eta min oro da erlatiboa, hori da gidatzen nauen premisa.

 

Umeentzako idazteko garaian, zer ume irakurle dituzu buruan? Zu zerorri zinen umea edo gaur egungo umeak? Deskribatzen duzunetik gaur egunera, asko aldatu dira gauzak. 

Asko aldatu da dena. Hori arazo izan daiteke, batez ere, nerabeekin konektatzeko orduan. Nik uste dut badirela adin-tarte batzuk, denboraren joan-etorrian ere berdintsu irauten dutenak, eta horiek adin goiztiarrenak dira. Adin txikienetan, nire ustez, literatura idazteko orduan printzipio zenbait izan behar dira kontuan: bata da literaturak balio behar diela hitzaren unibertsoa apreziatzeko. Nik horregatik ematen diot hainbeste garrantzi hizkuntzaren lanketari, musikalitatea lantzeari, noizean behin irakurgaian kantatxoren bat sartzeari, esaera zaharrak txertatzeari eta abar. Jaio aurretik ere, amaren sabelean, kantatxoen eta sehaska kantuen bidez dagoeneko berenganatu dute hitzaren unibertso hori, eta ni hori paperera ekartzen saiatzen naiz. 

Beste premisa bat euren emozioekin konektatzen duten istorioak kontatzea da, eta horretarako bide bi daude: bide errealista eta fantasiaren bidea. Nirea zein da? Biak uztartzea. Egoera errealetatik abiatu baina elementu fantastikoak txertatzea gustatzen zait, horrek balio izaten baitie nolabaiteko katarsia egiteko. 

Eta hirugarrena: moralista eta instrukzionista ez izatea. Beti dago mezua, beti dago idazlearen jarrera politiko eta ideologikoa testuen atzean, baina ez dadila liburua edo ipuina panfleto bihurtu. 

Horiek kontuan izanik, uste dut ni izandako umea eta ni izandako nerabea azaleratu egiten zaizkidala sortzen ditudan pertsonaietan. Baina ez ni nintzena % 100ean, baizik eta nire alderdiren bat, nire alde inozenteena, edo nire alde idealistena, nire alde maltzurrena edo tranpatiagoa, eta abar. Beti egiten ditugu gure izatearen proiekzioak. Baina egia da, umeak aldatu egin dira, batez ere nerabeak.

 

Zure liburuak hainbeste kontsumitu eta irakurri izanak ez ote du esan nahiko nerabezaroa, formetan asko aldatu den arren, esentzian ez dela hainbeste aldatu?

Formetan asko aldatu da bai, agian esentzian ez. Baina asko aldatu da nerabeen testuingurua. Testuinguru horretan eragin handia daukate ikus-entzunezkoek, eta ni asko kezkatzen naute telebistatik eta Internetetik etortzen zaizkien azaleko edukiek, eduki landugabeek. Askotan hitz egin izan dugu COVID birusari buruz, baina nik uste dut gizartea beste birus batekin kutsatua dagoela, I-aren birusarekin: i hori ikonizazio larregizkoa da, gorputzaren hiperikoniazazioa eskaintzen duten telebistako programak… Internautika: irudi digitala, harreman digitala, amets digitalak… Eta hirugarrena itxurakeria edo insustantzialitatea da. Horiek dira gure gizartea kutsatzen duten hiru I birusak. Gazteek hori jasotzen dute eta halako estimuluekin inguratuta  egonik askoz zailago bihurtzen da eurengana gerturatzea literatur hizkuntzaren bitartez, eta hori ikastetxeetan eta toki guztietan nabari da. 

 

Dena azkar eta bat-batean bizi dugun XXI. mende honetan, zergatik irakurri umeekin eta umeei?

Garatzen laguntzeko. Baina jakin egin behar da zer irakurri umeei. Kontua ez da irakurtzeagatik irakurtzea. Jakin egin behar da ume bakoitzak zer istorio mota behar duen hori berarentzat aberasgarri izan dadin. Irakurketa ez da ekintza mekaniko bat, derrigorrez egin behar dena curriculum batek ezartzen duelako. Hasteko, gozamen-iturria izan behar du eta bide bat, jakintza-iturria. Horretarako, jakin egin behar da zer irakurri. Zergatik irakurri umeekin, beraz? Jakintza-iturria eta gozamen-iturria topatuko dituztelako. Eta horrek barrutik hazten lagunduko die eta, irakurketaren bidez, galderak berenganatuko dituzte eta galdera horiei erantzuten trebatuko dira, gizarte honen presek uzten badiete. Umeentzako liburuak idazten ditudanean umeengan pentsatzen dut, baina beti imajinatzen dut alboan heldu bat daukala irakurketa hori gidatzen, irakurketa horretaz solasten, agian neu irakasle izan naizelako. Era horretan askoz prozesu mamitsuagoak izango dira. Nik beti daukat tutore baten figura buruan, agian hori egiten nuelako nik nire semea txikia zenean. Baina gaur egungo umeak hainbeste estimulurekin inguratuta eta bat-batekotasunaren martxan sartuta daude, eta dena arin nahi dute. Bada egoera horretan, beharrezkoa da irakurketarako momentuak topatzea, nahiz eta oso zaila den. Heziketaren parte inportante bat da hizkuntza idatziaren bitartez eta literaturen bitartez datorrena. Nire ustez, formazio integralerako parte inportante bat da, baina ez dago prestigiatua, kirolaren aldean, adibidez.

 

Eta askotan gurasook pedagogizaziora jotzen dugu, “honi buruzko liburuak” bilatzera. Zer iritzi duzu “honi buruzko” liburuez?

Itzulpenak egin ditut gisa horretakoak. Printzipioz, liburuak ez dira egin behar helburu hori betetzeko. Ipuina berez ona bada, lortuko du efektu hori. Baina azken urteetan, pedagogia berrien eskaeraz eta eraginez, nabaritu da bazela hutsune bat eta psikologoek idatzitako ipuin sortak sortu dira, agian literarioki ez direnak hain onak, baina emozioak lantzeko hutsune hori betetzen dute, beldurra lantzeko, dolua lantzeko, autoestimua lantzeko…

 

Zure liburuetan emozioak transmititzen dira, bai haur eta gazteentzako bai helduentzako, ukitu egiten zaituzte, baina irakurlea ukitua sentitzeko ere hezi egin behar da irakurle bezala, ezta? Nola hezi irakurleak? Irakaslea izan behar da bidelaguna, gurasoa… nola hezi haurrak literarioki?

Gauza bi esango nuke: ikastetxeetan, oro har, uste dut formazio pedagogiko espezifikoa falta dela literatura lantzeko eta ez da irakasleen errua, nahikoa daukate egunerokoari aurre egitearekin. Poesian, adibidez, argi dago hutsunea sekulakoa dela. Poesia gizakiaren agerpiderik edo adierazpiderik gardenenetako bat da, fikzioa baino gehiago, estilizatuagoa delako. Eta bi: umeek sentitu egin behar dute, eta aldiz, babeskeria handia dago umeekiko —ez diot babesa—. Eta horrek, epe luzera, ume heldu gabeak ekar ditzakeela uste dut. Umeak frustrazioa sentitu behar du, naturala da frustrazioa sentitzea eta ikasi egin behar dute frustrazio hori gainditzen eta apurka estrategiak bilatzen. Hori da haztea, heldu bihurtzea, eta horretan literaturak asko laguntzen du.

 

Poesia haurrentzat?

Bai, beharrezkoa da. Fantasia, esan dut, oinarri-oinarrizkoa da euren garapen afektibo eta kognitiborako. Amaren sabelean daudenean entzuten duten lehenengo adierazpidea poesia da, lo kanta bat zer da poesia ez bada? Hori egunero egin beharko litzateke. Lehenago eskoletan errezatzen zen moduan orain poesiaren minutua egon behar litzateke. Poesia jolasa da, munduaren ezagutza da, komunikazioa da. Badauzka alderdi onuragarri asko, eta naturaltasunez ikusiz gero, ez lirateke gero DBHra edo Batxilergora helduko esanaz ez dutela poesia ulertzen eta ez dakitela zertarako balio duen, edo hau frikien edo intelektualen gauza dela. Haur Hezkuntzan garrantzi handia ematen zaio ahozkotasunari, musikalitateari, baliabide poetikoei… eta irakurketa-idazketa trebeziak eskuratu ahala, ahozkotasuna eta musikalitatea baztertuz doaz hezkuntza sisteman eta gero askotan gaindiezina den arrakala bat sortzen da. Susan Sontagek esaten zuen literaturarekin gozatzeko, muskulua landu behar dela, kiroletan lantzen den moduan.