Urriaren 1a arte jasoko ditu Hik Hasik Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekako lanak

2021-09-16

Hobekuntza pedagogikoa; euskara eta euskal kulturaren biziberritzea; herri hezitzailea eta inklusioa dira Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Hernaniko Udalaren laguntzarekin sortu duen Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren ardatzak. Proiektu berri bat abian jartzeko edota dagoeneko indarrean dagoen bat bultzatu eta bideratzeko izango da diru-laguntza eta hezkuntza komunitate osoari zuzendua dago. Euskal Herri osoko ikastetxeak, hezitzaile taldeak, guraso taldeak, aisialdi taldeak, euskara elkarteak, herri mailan osatutako eragile-taldeak eta abar aurkeztu ahal izango dira bekaren lehen deialdi honetara. Eragile desberdinen arteko elkarlana hobetsiko da. Bekaren iraupena bi ikasturtekoa izango da. Eta bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da. Iragan ekainaren 10ean aurkeztu zuten beka Hernaniko udaletxean.

 
 
Urriaren 1a arte jasoko ditu Hik Hasik Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekako lanak

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekako epaimahaia Hernaniko Udalaren ordezkari batek eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko hiru hezkuntza adituk osatuko dute. Hautatutako proiektuari jarraipena egiteko, beti ere proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aholkulari pedagogikoa izendatuko du epaimahaiak onuradunekin adostuta.

Balioetan aurrera egiteko bekaren oinarriak:

 

Sarrera

Deialdi honen helburua Joxe Mari Auzmendiren hezkuntza balioei jarraipena eman eta balio horietan oinarrituriko hezkuntzaren eginkizun eraldatzaileak dituen proiektua laguntzea da. 

 

Joxe Mari Auzmendik euskara eta euskal kulturaren, hobekuntza pedagogikoaren, herri hezitzailearen eta inklusioaren inguruan ardaztu zuen bere ibilbidea: “Hezkuntzak ekarriko du gizarte hobe bat, gizarte justuago bat, orekatuago bat, parekideago eta euskaldunago bat. Baina hezkuntzak eginkizun handi hori beteko badu, bikaina, kalitatekoa izan behar du”. 

 

Hezkuntza komunitateari zuzenduriko beka hau Joxe Mari Auzmendik sortu eta gidatu zuen Hik Hasi egitasmo pedagogikoak sustatzen du eta Hernaniko Udalak diruz laguntzen. 

1. XEDEA

Hezkuntza komunitateari zuzenduriko beka hau proiektu berri bat abian jartzeko edota dagoeneko indarrean dagoen bat bultzatu eta bideratzeko izango da. Proiektuak lau eremu hauetako batean kokatua egon behar du:

 

Hobekuntza pedagogikoa

Gizartea aldatzen doan neurrian aldatzen da hezkuntza ere. Hezkuntza berrikuntza funtsezkoa da gizarte batentzat, iraganeko gaizki-eginak gainditu eta etorkizun hobe bat eraikitzeko bidean.

 

Euskara eta euskal
kulturaren biziberritzea

Euskararen erabilera bultzatzeko eta indartzeko eta euskal kulturaren transmisioa sustatzeko ekimenak izatea. Haur eta gazteen eleaniztasuna sustatzeko bidea euskararen eskutik egitea da helburua, euskara eta euskal kultura bizitzarako tresna eraginkor bihurtuz.

 

Herri hezitzailea

Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko tresnatzat dituen haurren kultura aitorturik, haurrei benetako parte-hartze eta erabakitzeko ahalmena ematea. Haurrek beraiek eraikitako aisi hezitzailearen eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdinak eta parekideak izanez, eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea da herri hezitzailearen helburua, pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

 

Inklusioa

Guztiontzat beharko lukeen herri inklusiboa eraikitzeko, oso garrantzitsua da izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea eta balioa aitortzea eta ikusaraztea. Elkarte, haur eta familia hauek transmititzen dituzten balioak jaso behar ditu hezkuntza-komunitateak, gizarte moduan aberastu eta hezteko.

 

2. IRAUPENA ETA 

ZENBATEKOA

Bekaren iraupena bi ikasturtekoa izango da.

Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da. Kopuru horretatik zenbateko bat proiektua bultzatzeko eskainiko den aholkularitza pedagogikora bideratuko da.

 

3. HIZKUNTZA

Proiektua euskaraz landu, idatzi eta aurkeztuko da.

 

4. ONURADUNAK

Hezkuntza-komunitateari zuzendutako beka honetara Euskal Herri osoko ikastetxeak, hezitzaile taldeak, guraso taldeak, aisialdi taldeak, euskara elkarteak, herri mailan osatutako eragile-taldeak eta abar aurkeztu ahal izango dira. Eragile desberdinen arteko elkarlana hobetsiko da.

 

5. ESKAERA EGITEKO EPEA ETA LEKUA

Proposamenak aurkezteko epea 2021eko urriaren 1ean amaituko da eta epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, azaroaren 2an jakinaraziko da saritutako proiektua zein den.

Dokumentazio guztia gutunazal batean sartuta honako helbide honetara bidali beharko da: Hik Hasi bulegoa, Errekalde hiribidea 59, Aguila eraikina 1-1. solairua, 20018 Donostia, honako izenburua jarrita: Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren lehen deialdia.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia digitalki ere aurkeztu daiteke, fisikoki aurkeztu beharrean. Kasu horretan, dokumentu guztiak PDF bihurtu, karpeta bakar batean bildu, eta posta elektronikoz bidali beharko da, honako helbidera: jmauzmendibeka@hikhasi.eus 

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe balego edo oinarri hauetan eskatutako baldintzak beteko ez balira, interesdunek hiru eguneko epea izango dute dokumentazioa zuzendu edo osatzeko. Hala egin ezean, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da. 

 

6. ESKAERA EGITEKO 

DOKUMENTAZIOA 

Parte hartu ahal izateko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

• Eskaera-orria (I. eranskina) behar bezala beteta. 

• Proiektuaren nondik-norakoa: izenburua, azalpena, helburuak, lan-
lerroak, metodologia, aurrekontua eta lan-plana.

• Parte-hartzaileen (ikastetxea, hezitzaile taldea, guraso taldea, aisialdi taldea, euskara elkartea, herri mailan sorturiko eragile-taldea eta abar) ibilbidea.

Hau guztia gehienez 15 orrialdetan jaso behar da (DIN A-4 formatua, 12 tamainako hizkia eta ohiko tartea).

 

7. EPAIMAHAIA ETA 

IRIZPIDEAK

Lau izango dira aurkeztutako lanak aztertuko dituen epaimahaiko kideak: Hernaniko Udalaren ordezkari bat eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko hiru hezkuntza-aditu. 

Epaimahaiak proiektuak ebaluatu eta hautatzeko, honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

• Beka honen xede-atalean jaso diren ezaugarriekin bat egiten duen proiektua izatea (hobekuntza pedagogikoa; euskara eta euskal kulturaren biziberritzea; herri hezitzailea edota inklusioa).

• Proiektuaren interesa, premia, onura, zuzentasuna eta bideragarritasuna.

Hautatutako proiektuari jarraipena egiteko, betiere proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aholkulari pedagogikoa izendatuko du Epaimahaiak onuradunekin adostuta. 

 

8. BEKAREN ORDAINKETA

Ordainketa modu honetan egingo da:

• Kopuru osoaren %20 (gehienez) aholkularitza pedagogikora bideratuko da.

• Onuradunak jasoko duen zenbatekoaren %40 proiektua hautatzen den une berean emango da.

• Gainerako %60a bi zatitan ordainduko da onuradunak eta epaimahaiak adostutako epeetan, betiere bekak irauten duen bi ikasturteko epe-mugaren barruan. Ordainketa hauek egin ahal izateko, onuradunak zehaztu egin behar du zer lan egin duen eta zein aurreikuspen eta lan- plan duen hurrengo hilabeteetarako.

 

9. ONURADUNEN 

BETEBEHARRAK

Honako hauek dira bekaren onuradunak bete beharrekoak:

• Hamar eguneko epean beka onartzen duela jakinaraztea. Aurreikusitako lan-programa ezingo dela bete edo kalitatea ez dela bermatuko jabetuz gero, beka itzultzeko konpromisoa hartzea.

• Bekaren helburuei lotutako lan-programa garatzeko dagozkion jarraipen-saioak egitea epaimahaiko kideekin edota aholkulari pedagogikoarekin.

• Proiektuan aurreikusi eta jasotako helburuak, metodologia eta lanak garatzeko konpromisoa hartzea.

• Proiektua adierazitako epean entregatzea.