Zerbitzu publikoen defentsan milaka irakaslek greba egin dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

2021-04-23

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek greba deialdia egin zuten apirilaren 22rako, behin-behinean lanean ari diren 60.000 behargin publikoak finkatu, benetako langile beharrak zeintzuk diren kuantifikatu, eta «zerbitzuen pribatizazioak» gelditu daitezela eskatzeko. Sindikatuek jakinarazi eta Berriak jasotako datuen arabera, unibertsitatez kanpoko hezkuntzan %50 inguruko oihartzuna izan zuen grebak. Haur eta Lehen Hezkuntzan «oso jarraipen zabala» izan zuela nabarmendu zuten: %55 ingurukoa. Bigarren hezkuntzan, berriz, eragin apalagoa izan zuen. Hezkuntza komunitateko bete langileei dagokienez, sukaldarien artean %55eko eragina izan zuen, eta garbitzaileek ezin izan zutela greba egin salatu zuten Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuengatik.

 
 
Zerbitzu publikoen defentsan milaka irakaslek greba egin dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Haatik, Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emandako datuen arabera, hezkuntzako langileen %29,4k egin zuen bat grebarekin.

Apirilaren 22an, greba egunean hainbat mobilizazio deitu zituzten sindikatuek. Goizean elkarretaratzeak egin zituzten lantoki ugariren aurrean.  eta eguerdian manifestazio bana Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Berria egunkariak jaso duen kronikaren arabera: Deitzaileen esanetan, 18.000 langilek hartu zuten parte, eta hiruretan handiena Bizkaiko hiriburukoa izan zen. Grebalariek sei eskaera plazaratu zituzten: egun indarrean dauden lege egitasmoak alboratzea, «nahikoa ez direlako»; erakunde guztiek lanpostuak finkatzeko «salbuespenezko neurriak» hartzea; behin- behinekotasunaren gehiegizko erabilera ahalbidetzen duten mekanismoekin bukatzea eta benetako premiak zehaztea; pribatizazioekin amaitzea; eta lantaldeak gaztetzeko pausoak ematea.

Seigarren eskaera sakon azaldu zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak: «Lege propioa behar dugu, kontsolidazioak berme osoz egiteko. Lekuan lekuko errealitateak aztertu behar dira, eta lekuan lekuko erantzunak eman». Ez zen izan hitza hartu zuen idazkari nagusi bakarra; Loli Garcia CCOOko buruak sinaturiko akordioak gogorarazi zizkion Jaurlaritzari: «2010ean sinaturikoa betetzeko eskatzen diegu erakundeei. Behin behinekotasuna %8ra murriztea adostu genuen, eta egungo mailak oso urrun gaude. Langile publiko asko ezinbestekoak izan dira pandemian.