Bizitzan sortzaile izateko gaitasuna elikatuz

2018-01-25

Gaur egungo garai hiperestimulatzaile eta hiperbisual hauetan, telebista, tablet, sakelako eta iragarkietatik irudiz bonbardaturik bizi garen aro honetan, osasungarria da haurrei euren kabuz istorioak irudikatzeko abaguneak eskaintzea. 

 
 
Bizitzan sortzaile izateko gaitasuna elikatuz

 

Istorio bat entzun eta nork bere buruan irudikatzea, pertsonaiak sortzea, halako aurpegikerarekin, altua/baxua, zaharragoa, lerdenagoa… espazioak marraztea, usainak iradokitzea… irudimena lantzea da. Bestelako errealitateak asmatzeko tresna da irudimena. Bestelako errealitateak bilatzeko eta egia bilakatzeko tresna ere bada irudimena. Baina zer gertatzen da irudiz hanpaturik, gainezka, puzturik bizi garen garai honetan irudimenarekin? Dena egina ematen bazaigu, telebistatik irudiak, publizitatetik irudiak, sakelakotik, tabletetik, ordenagailutik irudiak, etengabe irudiak jasotzen ari baldin bagara, zer tarte gelditzen zaio haurrari istorio bat entzun eta bere buruan pertsonaiak eta espazioak sortzeko?

Gaur egungo garai hiperestimulatzaile eta hiperbisual hauetan, osasungarria da haurrei euren kabuz istorioak
–pertsonaiak, gertakizunak…– irudikatzeko abaguneak eskaintzea
. Izan ere, kanpotik sartzen zaizkigun gehiegizko irudiek ez digute barnetik sortzeko aukerarik uzten. Beraz, kanpoko estimuluetatik jasotzen dugun irudi bonbardaketaren aurrean, haurrak bere irudimenaren araberako irudiak sortzeko gaitasuna izateak abstrakziorako gaitasunean, memoriarako gaitasunean eta barne pentsamenduan eta pentsamenduon antolaketan laguntzen du.

Irudiak sortzeko gaitasuna izateak memoriari laguntzen diola esaten dugu, azken batean askoz errazago gogoratzen baita irudikatzen dugun hori entzuten edo irakurtzen dena baino. Eta horrek gaitasun sozialekin ere badu loturarik, enpatizatzen laguntzen baitu ondokoa esaten ari den hori irudikatzeak.

Irudiak sortzeko gaitasunik ez izateari, berriz, afantasia edo adimen itsua deitzen zaio. Gabezia hau duten pertsonek ez dute irudi mentalik sortzeko gaitasunik, eta ikerketen arabera, zabaltzen ari den gabezia da. Adimen itsua duten pertsonek oinarrizko irudiak ere ezin dituzte bisualizatu, hondartza lasai bat, ardiak zenbatu lotarakoan... Muturreko afasia dutenek ez dute gertuko pertsonak bisualizatzeko gaitasunik ere.

Nola elikatu haurren irudimena eta saihestu hiperestimulazioa? 

  • Ba hasteko, kanpoko irudiak ahalik eta gehien mugatuz. Telebista, tablet, sakelako, ordenagailu, bideojoko bidezko gero eta irudi gutxiago sartu, gure burua eta gure haurrak irudikatzera bultzatuko ditugu. Olentzeroren pelikula 20 aldiz ikusi badu haur batek, Eguberriak iritsi eta Olentzero abestean filmean ikusiriko hura izango dute haurrek gogoan, eta ez eurek irudikaturikoa. Edo jentilen istorio bat kontatu aurretik, jentilen marrazkiak –Tartalo, Mari, lamiak, Basajaun...– iruditan ikusi badituzte hamaika aldiz, eurek irudikaturiko jentilak beharrean aurrez ezagutu dituztenak bururatuko dituzte. Eta hori, pertsonaia arketipiko guztiekin gertatzen da, otsoa, printzesa, printzea... 
  • Adi publizitatearekin. Iragarkiak espresuki pentsatuak daude kontsumituak izateko, eta beraz, irudiok bereziki sarkorrak eta emozionalak dira. Helduongan eragitea lortzen badute, nerabeengan eta haurrengan biderkatu egiten da eragin hori. Haurren esku dagoen publizitatea neurtzeak irudimenean ere badu, beraz, eraginik. 
  • Kanpoko irudiak mugatzeak ez du esan nahi irudi guztiei atea itxi behar zaienik. Baina irudimena sustatzea badugu desio, irudi batzuen sarbidea, gutxienik mugatu egin behar dugu. Gero eta irudi sinpleagoak eskaini, irudimenari eta abstrakzioari leku handiagoa egingo diegu, beti ere, abstrakziorako gaitasuna gara-tzen doazen abildade bat dela kontuan izanik. Irudiak gero eta konplexuagoak izan, haurrari irudimenerako aukera gutxiago uzten zaio.  
  • Irudirik gabeko liburuak irakurtzeak (euren kabuz gai badira, edo gurasoek kontatuak) narrazioa irudikatzea eskatzen dio haurrari. 
  • Kontakizunak elkarrekin inprobisatzeak, pertsonaia, espazio eta gertakizun berriak aliritzira inprobisatzeak, pertsonaia, espazio eta gertakizun horiek deskribatzeak, eta gero eta deskribapen xeheagoa egiteak haurraren irudimena elikatzen du modu dibertigarri batean.
  • Asmakizunak irudimena eta irudi mentalak sustatzeko kutxa agortezina dira. 
  • Ipuinak beste euskarri batzuekin laguntzeak irudimena bultzatzen du, esate baterako, txotxongiloen bidez, haurrak berak egindako marrazkien bidez, eskuen bidez interpretatuz, antzeztuz...

Irudimena eta irudi mentalak sortzeko gaitasuna elikatzean, haurraren sormenari loratzen uzten diogu. Eta sormenak artearekin eta kulturarekin du lotura, baina harago doan gaitasuna da sormena: bizitza honetan sortzaile izateak gatazken aurrean soluzioak bilatzeko gaitasuna izatea ere esan nahi du. Beraz, haurrari irudikatzeko gaitasuna mugatzeak soluzioak bilatzeko gaitasuna murriztea ere esan nahi du, imajinatzean bestelako errealitateak asmatzen baititu haurrak, bestelako errealitateak, bideak eta irtenbideak bilatzen.

Era berean, gaitasun sozialez gain, norbere izatea eta banakotasuna ere sendotzen du irudikatzeko gaitasuna izateak. Kanpotik sartzen zaizkigunean irudiak guztiok ideia baten errepresentazio bera egiten dugu (Olentzero telebistako gizon gizen apaina irudikatzen dugu, esate baterako), haatik, barnetik irudiak sortzeko gaitasuna sustatzen dugunean haur bakoitzak bere erara errepresentatuko du pentsamendua. Homogeneoki pentsatzeari uzteko bidea da beraz irudimena elikatzea, norbere pentsamenduak, emozioak eta ekintzak irudikatzeko gai izateak autentikoago egiten ditu.

Gaitasun pertsonal eta sozialez gain, irudimenak trebezia kognitiboarekin lotura estua du. Jean Piagetek dagoeneko zehaztu zuen irudikatzeko gaitasuna edo irudi mentalak sortzeko trebezia prozesu kognitiboarekin erabat lotua dagoela, irudi mentalak egiteko gaitasuna etapa pre-operatiboan bereziki garatzen den gaitasuna dela zehaztu zuen (2 urtetik 6 urtera bitartean) eta ondotik etorriko den funtzio sinbolikoa osotasunez garatzea bermatzen du gaitasun horretaz jabetzeak. Bitartean, etapa honetan irudiak estatikoak izan ohi dira, Piageten arabera, ez dute mugimendurik, eraldaketarik ez prozesurik marrazten. Filminetan bezala irudikatzen da hasieran, ondoren prozesu osoa irudikatzeko gaitasuna erdietsi arte. 

Bereziki lehen etapan eta urte gozoetan garunak asimilatu ditzakeen baino irudi gehiago eta konplexuagoak eskaintzeak beraz, horretarako prest ez dagoen haurrari mesede baino kalte gehiago egingo dio. Muturrera eramanda, kanpoko irudi gehiegi prozesatu behar dituenean umeak, hau da, estimulu gehiegi jasotzen dituenean garunak, zail du guztietan arreta jartzea, eta azkenean erabateko deskonexioa eta arreta gabezia etortzen da.