PSE-PP itunak euskalduntzeari jarriko dizkion oztopoak salatu dituzte

2009-04-03

Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) herri ekimenak euskararen kontrako erasotzat jo du PSE-EE eta PP alderdiek sinatu duten ituna eta jarduneko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasleak euskalduntzeko neurriak kendu nahia egotzi die bi alderdiei.

 
 

EHBEko kideek, kezka agertu dute itun berriaren aurrean. Euskararen kontrako “iruzur eta eraso garbia” dela esan dute, izan ere, itunak, guraso orok euskara edo gaztelania ardatz duen hizkuntza eredua aukeratzeko duen eskubidea bermatuko duela jasotzen du, eta ingelesari garrantzi berezia emango zaiola. Proposatzen duten eredu hirueledun horretan “euskararen kaltetan ingelesezko eta gaztelaniazko orduak gehitzeko eta euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtzeko amarrua dagoela” uste dute.

Egoera horren aurrean, ez kikiltzeko deia egin die EHBEk hezkuntza eragileei eta pertsona orori eta datozen asteetan Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko ekimena abiatuko dutela iragarri dute.

Hezkuntza saila ere, kexu da
Jarduneko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ustez, PPk eta PSE-EEk lortu duten akordioak “atzera egitea” dakar. Hezkuntza Sailak salatu duenez, hitzarmenak ez ditu kontuan hartzen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legeak eta Euskal Eskola Publikoaren Legeak markatzen dituzten ildoak. Horrez gain, PSE-EEri irakaskuntza gaztelaniaz gehien ematen duten ereduak aldatu gabe “elebitasun integratzailean” nola sakonduko duen argitzeko eskatu diote.