Amaitu dira Topaketak

2008-07-03

Gaur amaitu dira IX. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak. Hiru egunetan zehar 500 pertsonak baino gehiagok hartu du parte Donostian heziketa gaiekin lotutako ikastaroetan. Topaketak, Imanol Urbieta musikari eta pedagogoari egindako omenaldiarekin amaitu dira.

 
 

Bere bizitzan zehar, musikaren bitartez, egin duen ekarpen pedagogikoa aitortu nahi izan diogu Urbietari. Izan ere, Euskal Herrian ditugun pedagogoek egindako lanak eta ekarpenak maiz ez ditugu aintzat hartzen, ez behar adina behintzat, eta interesgarria, beharrezkoa eta bidezkoa iruditu zaigu Urbietari egindako lana aitortzea. Ikastaroak amaituta, ikasle guztiek “Behin betiko” abestia abestuz hartu dute Pedagogia fakultateko sarreran. Ondoren, omenaldi xumea eta hunkigarria egin zaio Urbietari.

Topaketetan zehar, bestalde, ikastaroetan parte hartu dutenen interesa, motibazioa eta inplikazioa azpimarratzekoak dira; ikasleek asko parte hartu dute emaileek proposatutako dinamika eta eztabaidetan zein iritzi trukaketetan. Irakasleak ere, gustura geratu dira emaitzarekin, eta talde parte-hartzaileak izan dituztela nabarmendu dute guztiek.

Era berean, arratsaldeko saioetan parte hartze handia izan da. Asteartean, erromeria dantzak ikasteko eta dantzatzeko gogoz gerturatu ziren hainbat pertsona, eta Aiko taldeak dinamizatu zuen saioan giroa ezin hobea izan zen. Atzo, berriz, Antzerkizaleen Elkartea sortzeko pauso berri bat eman zuten arratsaldeko saioan bildu zirenek.

Datozen egunotan, ikastaroetako argazkiak zintzilikatuko ditugu web atarian.