Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde, egunez egun, herriz herri, urratsez urrats

2008-04-08

Ostiralean egin zen Herriz herri, egunez egun, urratsez urrats... Hezkuntza Sistema Nazionala dinamikaren aurkezpen ofiziala Arrasaten. Bi hilabete iraungo dituen dinamika honek hezkuntza sistema nazionalaren aldeko aldarrikapena agertzea, urratsak eta oztopoak azaltzea du helburu.

 
 
Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde, egunez egun, herriz herri, urratsez urrats

Hezkuntza Sistema nazionalaren alde pauso sendo bat gehiago emango du Euskal Herria Bere Eskola ekimenak. Martxoaren 31n hasi eta maiatza bitartean Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldarrikapena herriz herri eta ikastetxez ikastetxe zabaltzeko dinamika sortu du eta horretarako ekimen nazionalak eta tokian tokiko ekimenak uztartuko dira, azken horien aldarrikapen bereziei ere erantzunez.

Dinamika orokor honen helburuak, Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko aldarria egitea, hezkuntza esparruko egitasmoak helburu hori antolatzeko eskubidearen logikan kokatzea, inposizioak salatzea eta herritarren partehartzea eta inplikazioa bultzatzea dira. Ekimenak iraungo dituen zortzi asteetan zehar, zortzi eskualdetan gauzatuko dira ekimenak, tokian tokiko hezkuntza mugimendua eta herritarren inplikazioa bilatuz. Leku bakoitzaren esku geldituko da antolaketa, ekimen anitzak sortzeko xedez, baina beti izango da presente Pitz, EHBEren logoaren oinarri den arkatza.

Ekimen nazionalei dagokienez, hasiera ekitaldia apirilaren 4an izan zen pasa den ostiralean Arrasaten. Arratsaldeko 18:00etan eragileekin aurrebilkura izango zen eta ondoren ekitaldia eta luntxa. Apirilaren 24an Euskal Unibertsoa 08 izango da Gasteizen eta maiatzaren 10ean, Pirritx eta Porrotxen jaialdia izango da Oreretan. Amaiera ekitaldia maiatzaren 31n izango da Iruñean, “Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde… Denok Iruñera!” leloarekin.