ASKATASUNA IKASTAROA

Irakasleak: ANE ABLANEDO

Oharrak:


COVID-19 eta gero, nolako eskola?

Krisi orok bezala, bizitzen ari garen honek ere eskura uzten dizkigu aukera berriak, bizitzeko molde eta errealitateari begiratzeko ikuspuntu ezberdinak. Ongi jakin beharko genukeenez, zerbait ongi ez dabilenean baizik ez da krisia sortzen, gure munduak ez duenean jadanik haztea ahalbidetzen, muga bat topatu duelako, tope bat, bizitzari estuki loturiko garapena oztopatzen duena. Horregatik, berez dakar krisiak kaosa, iluna, eta zalantza. Jadanik zaharkitua gelditu zaigun munduaren bukaera horretan, neke egiten zaigulako berria aurre-ikustea.

Eskolari buruz ari garela, aspaldi krisian dagoen eredu baten gainbehera ikusten dut nik egunotan, bizitzen laguntzen ez duen eta pertsonon beharrei erantzuten ez dion eskola-eredu baten zentzugabekeria. Izan ere, eskolak, zerbait izatekotan, bizitzeko eta erlazionatzeko tokiak dira. Horren ondorioz baino ez direlarik ikastoki bilakatzen, mendiak, karrikak, etxeak edo hondartzak direnaren pareko.

Bihotza dio, beraz, Covid-19ko krisi honek eskolari erauzi. Eta zentzua ematen dion horren faltan, oso bide okerretik ikusi dugu, zoritxarrez, eskola-eredu ofiziala krisiari aurre egiten. Eskolari erauzi beharko geniokeen alderdirik itsusienetik jo du, egungo egoerarekin batere loturarik ez duten eduki, etxeko-lan, eta erritmoaren zurrunbilo itsuan. Gure komenientziarako, baina, oso agerian uzten ari zaigu zenbateraino den eredu hau zentzugabea, zenbateraino den hutsala haurrei eskaintzeko duena. Zenbateraino zaion bizitzari urrun eta arrotz. Balia dezagun unearen garrantzia eta hunkibera hori azaleratzeko. Bazatoz?