Seaska eta elkartenet elkartea.

 

Burujabetza digitala eta ekonomia zirkularra uztartzen dituen elkarlana gauzatzen ari dira Seaska eta Elkartenet elkartea. Egoera onean dauden ordenagailuak birgaitu, eta Seaskaren esku uzten ditu Elkartenetek.

 

Oraindik ere egoera onean dauden ordenagailu mordo bat erretiratzen dira erakundeetatik, osasun zentroetatik edota ikastetxeetatik Euskal Autonomia Erkidegoan. Zaharkituak gelditu direlakoan, zaborretara botatzeko erabakia hartzen dute, baina, sarritan, aski da memoria handitzea edo diskoa aldatzea, ordenagailu horiek ongi funtziona dezaten. Horixe egiten du Elkartenet elkarteak: erretiratzen diren ordenagailuak jaso, aztertu, egokitu eta behar dituztenei eskaini. Afrikako hainbat herrialdetara, Hego Amerikara, Nepalera… bidaltzen dituzte maiz ordenagailuak, baina hain urrunera joan gabe ere, badira Euskal Herrian bertan ordenagailuen beharra duten ikastetxeak, eta horien artean dira Seaskako ikastolak.

Jabi Alfaro irakaslea eta Elkartenet elkartearen sortzaileak azaldu du nola egiten duten euren lana: “Baja emandako ekipamendu informatikoa jasotzen dugu, birgaitu egiten dugu, eta, berrerabiltzeko moduan dagoenean, beharra dutenei helarazten diogu. Urrunera joan gabe, Bilbon bertan badugu halako kasu bat: San Inazio auzoan, San Inazio BHI institutua eta San Inazio eskola ditugu elkarren ondoan. San Inazio eskolan ordenagailuak behar dituzte, eta, aldiz, San Inazio institutuan hainbat ordenagailuri baja eman zieten joan den ikasturtean, jada balio ez zutelakoan. Egokitu genituen eta, gaur egun, San Inazio eskolako ikasleek erabiltzen dituzte. Halako egoerak bideratzeko borondaterik balego eta ekonomia zirkularra aintzat hartuko balitz, berehala konponduko lirateke. Ekonomia zirkularra posible baita”. Ekonomia zirkularraren aldeko aldarriaz gain, software librearen aldeko aldarria egiten du Alfarok: “Hezkuntzan, aplikazio libreak behar ditugu. Nik ezin diet esan ikasleei korrika egiteko Adidas markako kirol oinetakoak janzteko. Kirol oinetakoak janzteko esango diet, baina ez marka zehatz batekoak janzteko. Gauza bera da. Ez diet esango Word irekitzeko eta testua idazteko. Testu prozesadorea irekitzeko esango diet”. 

2019an sortu zen Elkartenet, Bilboko Miribilla auzoko Harrobia ikastolan. Software librea erabiltzen dute, eta hezkuntzarako Txikilinux sistema eragilea sortu zuten duela zenbait urte. Sistema eragile hori erabiltzen dute, hain zuzen ere, birgaitzen dituzten ordenagailu guztiek. “Ez dugu ezer deskubritu. Oinarria Linux Mint sistema eragilea da, eta hori moldatu dugu. Oinarrizko abileziak lantzeko aplikazioa sortu genuen, jolasaren bidez ikasteko. Hezkuntzarako software bilduma bat da, azken batean, eta irakasle bakoitzak duen beharraren arabera egokitzen joan gaitezke”, dio Alfarok. 

Eta horixe egin dute Seaskan: Txikilinux haien beharren arabera egokitu, eta Elkartenetekin batera Txikilinux Xilaba sortu. 

 


"Hezkuntzan, aplikazio libreak behar ditugu. Nik ezin diet esan ikasleei korrika egiteko Adidas markako kirol oinetakoak janzteko. Kirol oinetakoak janzteko esango diet, baina ez marka zehatz batekoak janzteko. Gauza bera da"

Jabi Alfaro, irakaslea eta Elkartenet elkartearen sortzailea


 

Elkarlanaren hasiera

2020ko irailean hasi zen Seaskaren eta Elkarteneten arteko harremana. Eder Etxebarria Hezkuntzan Librezale elkarteko kidea eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea da, eta haurra Donibane Lohizuneko ikastolan eskolatzean, hango informatika batzordean hasi zen lanean. “Ikastolako ordenagailuak zaharkiturik zeuden, eta hainbat programek ez zuten ongi funtzionatzen. Irtenbide baten bila hasi nintzen, eta Txikilinuxekin egin nuen topo. Hari horri tiraka, Elkartenet aurkitu nuen ondoren. Jabi Alfarorekin harremanetan jarri nintzen, eta Donibane Lohizuneko ikastolako ordenagailu guztietan Txikilinux instalatu nahiko genukeela azaldu nion. Harrobia ikastolan ordenagailuak berreskuratzeko egiten duten lanaren berri eman zidan, eta ikastola batean egiten ari zirena beste batera ekartzea eta muga gainditzea oso ideia erakargarria iruditu zitzaigun”. 

Hortik abiatuta, eta Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean zituzten beharrak aintzat hartuta, Txikilinux Xilaba sortu zuten, Bidasoaz iparraldera erabiltzeko. “Moldaketa egitea ezinbestekoa zen: teklatuak desberdinak direnez, hori egokitu beharra zegoen, eta euskararik erabili ezin den ataletan gaztelaniaren ordez frantsesa erabili behar genuen. Irakasleek eskatutako hainbat programa gehitu genizkion, eta, ondoren, iruditeria propioa jarri genion, Larhun mendiaren silueta gehituta. Xilaba izena jarri genion amaitzeko”, azaldu du Etxebarriak. 

Donibane Lohizuneko ikastolan instalatu zuten Txikilinux Xilaba, eta oso ongi funtzionatu zuen. Etxebarriak Baionako Bernat Etxepare Lizeora eramateko apustua egin zuen orduan. Hamar bat urte dira Etxeparen Linux sistema eragilea erabiltzen dutela, baina Seaskak ordenagailuak behar ditu digitalizazio prozesua garatzeko, eta ez da lan erraza izaten ordenagailuak lortzea. Elkartenetek lan hori egin zezakeela pentsatu zuen Etxebarriak: “Handik hiru hilabetera 30 bat ordenagailu ekarri zizkiguten, oso prezio onean”. Besteak beste, Basurtuko ospitaleko laborategian zeuden hainbat ordenagailu Baionako Bernat Etxepare Lizeoan daude orain. 

Linuxen erabilera ez da berria Iparraldean, baina Txikilinux Xilaba sistema eragilea pixkanaka zabaltzen ari da ikastoletan. Urruñako eta Donibane Garaziko ikastoletan berriki hasi dira Txikilinux sistemarekin lanean. “Perretxikoen antzera gabiltza, eta etorkizunera begira guztia bateratu nahiko genuke. Haurrei erakutsi nahi diegu ekosistema digital alternatiboak daudela, Euskal Herrian eginak, euskaraz, libreak, pribatutasunean lan egiteko aukera ematen dutenak eta gure tresnen bizitza luzatzen dutenak”, dio Etxebarriak.  

 


"Haurrei erakutsi nahi diegu ekosistema digital alternatiboak daudela, Euskal Herrian eginak, euskaraz, libreak, pribatutasunean lan egiteko aukera ematen dutenak eta gure tresnen bizitza luzatzen dutenak"

Eder Etxebarria, Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea


 

Baionatik Bilbora, eta alderantziz

Aurten, Arizmendi ikastolakoekin egin dute trukea Bilboko Harrobia ikastolako ikasleek, baina lehen trukea Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleekin egin zuten iaz. 

Etxepare Lizeoko Lanbide Heziketako Merkataritza zikloko irakaslea da Etxebarria, eta ekintzailetza eta ekonomia zirkularra lantzeko proiekturen bat martxan jartzea erabaki zuten. Modu horretan, bi ikaslek Ilargikoop izeneko kooperatiba sortu zuten. Era berean, Harrobia ikastolan, Erdi Mailako Informatika Zikloa dute, eta ikasleek Linux distribuzioak sortzen eta ordenagailuak berreskuratzen ikasten dute, besteak beste. Bi ikastetxeak harremanetan jarri ziren, eta trukea egitea erabaki zuten. Harrobia ikastolan Elkartenetek berreskuratzen dituen ordenagailuak Seaskari eskaintzea zen Ilargikoop kooperatibaren helburua: “Proiektu apala izan zen. Elkartenetek berreskuratutako hamar ordenagailu eskuratu zituzten, eta ikasleen egitekoa horiek saltzea eta horren bidez etekin ekonomikoa ateratzea zen. Gure ikasleak bi egunez joan ziren Bilbora Harrobia ikastola eta hango errealitatea ezagutzera eta, ondoren, Harrobiako ikasleak etorri ziren Baionara beste bi egunez. Lizeoa ezagutu zuten, eta hemengo errealitatera hurbildu ziren”. Herri Urratsen eman zioten amaiera proiektuari, Elkartenetek eta Txikilinuxek zuten txokoan. Bertaratu zen orori eman zizkioten proiektuaren nondik norakoei buruzko azalpenak. 

Trukea amaitu zen, baina ez, ordea, Seaskaren eta Elkarteneten arteko elkarlana. Donibane Lohizuneko ikastolarako zerbitzaria prestatzen ari dira orain Elkarteneteko kideak, Etxebarriak azaldu duenez: “Guraso bati esker zerbitzaria lortu dugu, eta Elkarteneko kideak hori egokitzen ari dira. Ikastolan, ez dugu ordenagailuetan disko arinak instalatzeko dirurik, baina oso fite doan zuntz optikoa dugu. Behin zerbitzaria jarrita, ikastoletako ordenagailu guztiek zerbitzaritik iristen zaien irudiarekin funtzionatuko dute. Orain, lanean ari gara kolegioen eta lizeoaren zerbitzaria bera izan dadin. Denok sistema berarekin lan egin nahi dugu, enpresa euskaldun batek kudeatuko lukeen zerbitzari batekin. Bi urte barru sistema berarekin lanean aritzea aurreikusten dugu”, azaldu du Etxebarriak. 

Burujabetza digitala dute helburu nagusi, Etxebarriak azaldu duenez: “Burujabetza digitala dugu xede, bai eta digitalizazioaren erabilera arduratsua eta kritikoa ere. Digitalizazioa ez da neutroa, eta gauzak egiteko beste modu bat badagoela erakutsi nahi dugu. Irakasleok eta ikasleok tresna pila bat dugu gaur egun software librearekin lan egiteko, baina ez dago irizpide kritikorik. Mundua digitala baldin bada, zer-nolako mundu digitala nahi dugun erabaki beharko dugu. Izan gaitezen gure ideien jabe”. 

 


"Burujabetza digitala dugu xede, bai eta digitalizazioaren erabilera arduratsua eta kritikoa ere"

Eder Etxebarria, Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea


 

Azpiegiturak hobetu beharra

Elkartenetek sinadura kanpaina jarri du abian, Eusko Jaurlaritzari ordenagailuak Berrerabiltzeko Prestatzeko Zentroa (BPZ) eskatzeko. Izan ere, Bilboko Errekalde auzoko lokal txiki batean egiten dute lan gaur egun, eta azpiegitura hobea behar dute: “Euskal Autonomia Erkidegoan baja ematen zaion material informatikoa biltzeko protokoloa behar dugu. Berrerabilerari lehentasuna eman behar zaio eta horretarako beharrezkoa da Berrerabiltzeko Prestatzeko Zentroa sortzea”, azpimarratu du Alfarok. Era berean, software librearen aldeko apustua eskatzen diote Jaurlaritzari: “Protokolo bat behar dugu. Herri libreak izateko software librea behar dugu, eta guk software libre publikoa nahi dugu. Gure erakundeek oinarrizko sistema eragileak garatzea nahi dugu, komunikazio digitala librea eta segurua izan dadin. Eta hori Linuxekin soilik egin dezakegu”.