2008ko uztaila: IX. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

2008ko uztaila: IX. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

Uztailaren 1, 2 eta 3an (asteartetik ostegunera)

2000ko uztaila: I. HikHasi Udako Topaketa Pedagogikoak

Iritsi dira Hik Hasi Udako Topaketak! 900 pertsona inguru ibiliko gara Donostian hainbat ikastaro, hitzaldi, aurkezpen eta saiotan parte hartzeko. Orain dela urte batzuk Adarra Talde Pedagogikoak antolatzen zituen ikastaroek berea eman zuten. Geroztik hutsune bat nabaritu izan da, eta orain, topaketa hauek hutsune hori betetzera datoz. Gauza berriak ikusi eta ikasteaz gain, elkarrekin egoteko aukera eskainiko digute topaketok.

Gure erronka egungo irakaskuntzan ikusten ditugun hutsuneei erantzuna ematea izan da, ahal den neurrian behintzat, eta matrikula kopurua ikusita, asmatu dugulakoan gaude. Horrelako elkargune baten beharra zegoela nabari zen, eta sortu dugu. Hik Hasiren ideia edo asmoa ilusioz sortu zen eta gogo hori handituz joan da ingurunean aurkitutako laguntza eta animoei esker. Eskerrak eman beharrean gaude beren prestutasuna agertu duten guztiei, hasieratik animatu gaituztenei eta gurekin lanean dabiltzan guztiei. Guztion lanaren emaitza izango dira euskal irakaskuntzako topaketa hauek, eta aurrerantzean ere denon artean gorpuztuz joango gara. Denon parte-hartzearekin, lankidetzarekin eta indarrarekin Euskal Eskolaren bidea zabaltzen eta sendotzen jarraituko dugu.

Dena dela, ezin ditugu ahaztu guri bidea ireki zigutenak, lehen urratsak eman zituztenak, alegia. Horregatik, Hik Hasi Udako Topaketen aurkezpen ofizialean leku berezia eskaini diegu Euskal Eskolaren hastapenetan ibilitako irakasleei. Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiarekin batera ekitaldi berezia prestatu dugu.

Ekitaldi horrekin Euskal Eskolaren hastapenetan ibilitako irakasleak omendu nahi ditugu. Izan ere, jakina da Euskal Eskolak mende bateko ibilbide luzea egina duela, hastapen isolatu eta xumeetatik, nahi bada, eskola eredu finkatu eta sustraituak ezartzerainokoa. Ibilbide horretan, zer esanik ez, hainbat esperientzia eta ekarpen egin dira, baina sarri askotan esperientzia horiek guztiak tokian tokikoak izatetik harat ez dira igaro.

Hastapenetan aritu zirenen kezkak zein ziren eta zein iturri pedagogikotara jo zuten ezagutu nahi dugu. Gaur egungo eskola hobeto ulertzeko edota hezitzaileen artean zabaldu diren praktikak beste ikuspegitik aztertu eta baloratu ahal izateko aukera emango digu.

Horrek guztiak eta topaketa hauetan ikas dezakegunak balio beza gure eguneroko lanerako, gure ezagutza areagotzeko, gure arteko harremanak estutzeko eta euskal hezkuntzari bultzada bat emateko. Hala bedi!

2001eko uztaila: II. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

hik hasik antolatutako II. Udako Topaketa Pedagogiko hauek ilusioz eta gogoz antolatzen hasi ginen. Iazkoa erronka gisa hartu genuen, gure aldizkariaren 50. zenbakiaren kaleratzea aitzakiatzat harturik. Apustu hark erantzun ezin hobea izan zuen, eta aurten ere topaketak antolatzera animatu gintuen.

Lehenengo aldiak izaten duen berritasun eta primiziarik gabe, aurtengo ikastaroek iaz adinako erantzunik izango ote zuten zen gure kezka. Aitzitik, matrikulatu kopurua ikusirik, iazkoa errepikatzera goazela esan daiteke. 600 pertsona inguru matrikulatu dira 20 ikastarotan, eta hizlari eta antolatzaileon artean 700 lagun inguru bilduko gara uztailaren 3, 4 eta 5ean Donostian.

Erantzun honek argi uzten du euskal irakaskuntzan gabiltzanok prestakuntza gosea daukagula. Eguneroko lana hobetzeko aukera emango diguten ikastaroak nahi ditugu, gure beharretara egokitutako ikastaroak. Hori jakinik, hik hasiren erronka dauden gabezia, hutsune eta kezkei erantzuna emateko aukera eskaintzea da, bai ikastaroen eta saioen bidez, eta baita elkarrekin egoteko topagunea sortuz.

Horrela, aurten 20 ikastaro izango dira, horietako bitan taldea bikoiztu delarik eskaerari erantzun ahal izateko. Hainbat gai eta arlo ukitzen dituzten ikastaroak dira, zehatzak eta praktikoak. Teoria arloa jorratzen da batzuetan, infomatika eta teknologia berriak beste batzuetan, gaurkotasuna eta kezka sortzen duten gaiaren ingurukoak dira beste zenbait, eta espresioarekin eta komunikazioarekin zerikusia duten ikastaro arinak beste zenbait. "Etorkinak eta kulturaniztasunaren trataera hezkuntzan" ikastaroa bertan behera gelditu da erantzun eskasa jaso duelako. Guk ilusio handia geneukan gaurkotasuna duen eta kezka sortzen duen gai hau lantzeko. Gero eta etorkin gehiago dago gure artean eta eskolan eman behar zaien trataera eta heziketa euskal ikuspegitik aztertu nahi genuen. Bruselan gai hau jorratzen ari diren pertsonak etortzekoak ziren. Baina, esan bezala, ikastaroa aurrera ateratzeko adinako erantzunik ez zuen jaso.

Goizeko lanari arratsaldeko saioek emango diote segida, modu lasaiagoan, baina gogoa duenari ikasteko eta esperientziak elkartrukatzeko aukera emanez.

Urte osoko lanaren emaitza ikustera goaz. Hilabeteetan jorratutako soroan uzta jasotzeko unea iritsi da. Jende askok lagundu digu soro horretan lurra prestatzen, hazia ereiten edota ureztatzen. Lerro hauetatik laguntza guztia eskertu nahi dugu, eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta EHUko Pedagogia Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarena. Lehenengoarekin, iaz bezala, topaketen aurreko hasiera ekitaldia antolatzen jardun dugu. Gipuzkoako Foru Aldundia gazteen hizkera informalaren erabilera bultzatzeko egiten ari den lana, ikastetxeetako ahaleginarekin lotu nahi izan dugu, eta aurkezpenean Joxerra Garziak eskainiko duen hitzaldia izango da horretarako bide emango duena. Pedagogia Fakultateko aipatu sailaren aldetik, ostera, ikastaroetarako lekua aurkitzeko eta egokitzeko garaian jaso dugun jarrera, laguntza eta prestutasuna ere benetan eskertzen ditugu.

Eta orain, uzta jasotzeko garaia iritsi denean, argi utzi nahi dugu ez dugula guretzako nahi uzta hori, denon artean banatzeko baizik. Ikastaroetan parte hartzen duzuen guztion artean eta interesa agertzen duen edonoren artean banatu nahi dugu. Atera bekio bakoitzak ahal duen etekinik handiena, bai berarentzat eta baita, oro har, euskal hezkuntzarentzat ere. Horrela, gero eta soro handiagoa, oparoagoa eta aberatsagoa izango dugu. Ahalegin horretan jardun du hik hasik orain arte eta hemendik aurrera ere hala jarraituko du.

2002ko uztaila: III. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

III. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak hastear daude. Aurten ere hiru egunetan zehar elkarrekin jarduteko eta ikasteko hitzordua egina daukagu. 765 lagunek eman dute izena eta 31 ikastaldetan banatuko dira. 70 hizlari arduratuko dira edukiz betetako saio atsegin, praktiko eta landuak eskaintzeaz, hots, uda sasoiari egokitutako ikastaro erakargarri bezain baliagarriak emateaz.

Aurtengo topaketen ezaugarrietako bat ikastaro kopurua da. Lehendabiziko urtean 12 ikastaro eskaini genituen; iaz 22ra igo zen kopurua; eta aurten 30era. Igoera horrekin aukera zabaldu nahi izan dugu; teoria pedagogikotik hasi eta teknologia berriei, gorputz espresioari, hizkuntzari, zehar lerroei, gai espezifikoei eta ikastetxeko proiektuei egin diegu leku eta bakoitzaren barruan hainbat ikastaro prestatu ditugu. Abanikoa zabaldu egin dugu eta jaso dugun erantzunak egokia izan dela baieztatu digu.

31 ikastaldeetatik 26 guztiz euskaraz dira, eta gainontzeko bostetan gutxienez erdia euskaraz. Horixe da, hain zuzen ere, topaketen beste ezaugarri garrantzitsua. Euskal irakaskuntzan gabiltzanon prestakuntzak ere hizkuntza berean izan behar duela uste dugu, eta usteak erdi ustel geratu gabe, ezaugarri hori bermatu egin dugu.

Topaketen eskaintzen diguten abagune hau euskal irakaskuntzan zabiltzaten guztiok omentzeko aprobetxatu nahi dugu. Gaur egun jasaten ditugun erasoen aurrean tinko jarraitzen duzuen irakasle eta profesional guztion lana eta proiektuak azalaratu nahi ditugu. Gure babesa eta bultzada luzatzearekin batera, egunero-egunero burutzen duzuen lana errekonozitu eta omendu nahi dugu. Aurtengo topaketen hasierako agurra zuentzat da, eta Joxan Ormazabalek, ikasle baten ahotan jarrita, bereziki zuentzat prestatu duen olerki hau ere bai. Animo eta segi horrela!

Bide bat

zabala, estua

laua, malkartsua

euskaraz pausoa.

Denok bidaiari

zuek gidari

andereño edo maisua

itzal ez dadin

euskararen sua.

Lagundu

irakatsi

hezi

bidean hainbat lore

hainbat hesi.

Orain eta hemen

bide ertzean

atseden hartzean

jakin ezazue

zuen oroitzapena

gorderik daramagula buruan

eta zuen maitasuna

bihotz-bihotzean.

2005eko abendua: Telebista eta hezkuntza. Eskola-familia-gizartea

Abenduak 3, Miramar jauregian (Donostia)

Egitaraua

Goizeko saioa

9:30 Materialen banaketa.

9:45 Topaketen hasiera.

10:00-11:10 “Balioen aldaketaren aurrean familiak, eskolak eta gizarteak nola jokatu beharko lukete?",

* José María SETIÉN, Donostiako gotzain ohia.

11:10-12:20 “Televisión: valores y mentiras”

* Lolo RICO, haur eta gazte programa askoren programatzaile eta gidoilari. RTVEn emandako “La bola de cristal” haur-gaztetxoen programaren zuzendaria.

12:45-13:30 “Gaztetxoak eta telebista. Ikerketa soziologikoa”

* Josi BASTERRETXEA, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea. Kazetaritza Saila.

Ikerketaren helburu nagusia EHko gaztetxoek (14-18 urte bitartekoek) duten alfabetizazio mediatikoa zehaztea izan da. EH osoan ia 2.000 ikasleri egindako inkestaren ondorioak dira.

13:30-14:00 “Kutxa katodikoa ala katolikoa”

* Fito RODRIGUEZ, EHUko irakaslea.

1- Ikus-entzule esnatua izateko iratzar-bideak (irudimena eta norberaren birsorkuntzarako gakoak).

2- Irudikapenaren arauetan alfabetakuntza.

3- Irudia eta eskola: informazioa eta ebaluazioa.

Arratsaldeko saioa

16:00-17:00 “Detrás de la cámara”

* Isabel ALBA, Donostiako Larrotxenen urteak daramatza gaztetxoentzat zinema ezagutzen laguntzen.

17:00-18:00 “Telebista era kritikoan ikusteko irizpideak”

* Antton ALFARO, Lezoko herri eskolako irakaslea.

18:00-19:00 “Gidoiaren garrantzia”.

Haurrekin eta haur-gaztetxoentzako egindako programak eta lanak aurkeztuko dira. ARlo teorikoa, arlo praktikoa eta ikus-entzunezko euskarria izango dute.

2003ko uztaila: IV. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak

Aurtengo uda ere IV. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoekin estreinatzeko moduan izango gara. Irakaslearen aulkia utzi eta ikasle lanetan jartzeko parada iritsi da. Hiru egunetan zehar ikasi egingo dugu, aldameneko ikaskide berria ezagutu, lehendik ezaguna denarekin elkartu... Gozatzeko egunak izatea nahi genuke, eta nola ez, euskaraz.

Kolore guztietako ikastaroak izango dira aukeran. Teknologia Berriek erakartzen zaituztela? Bada, Informatika Fakultatean ordenagailuei eta programa informatikoei adarretatik heltzeko aukera izango da. Gorputzak mugimendua eskatzen dizula? Hor daude euskal dantzak eta jolasak izerdia botatzeko. Antzerkiak ere, gehiegi izerditu gabe, gorputza mugitzeko aukera emanen du, eta plastikako saioak hainbat trebezia lantzeko bidea irekitzen du. Atsedena nahi duenarentzat, berriz, masajeak eta Alexander teknikak eskaintzen dituzten ariketak daude. Gelara sartzeko nagikeriaz dagoenarentzat ere badago irtenbidea, baratze ekologikoaren ikastaroa Zizurkilgo Fraisoro Nekazaritza eskolan egingo baita. Literatura duzula gustuko? Bada, ohiko txokoan hiru idazleren lanetan sakontzeko eta gozatzeko gonbitea egiten dizugu. Nahiago duzuna ipuinak entzutea? Bada, hori ere egina dago. Agian zure afizioa artea izango da, edo matematikak, historiak, psikologiak edota heriotzak piztuko du zure jakin-mina. Kasu horretan arlo horietan sakontzeko ikastaro espezifikoak zuri bideratuta daude. Aurten, gainera, bi txoko berri sortu ditugu: artearen eta historiarena. Artearen txokoa Oteitzari buruzkoa izango da eta historiaren txokoak arkeologiara eta historiaurrera egingo du salto.

Talde batean zein bestean parte hartzen duzuen guztion artean 500 lagun inguru izango gara, eta ikastaroetako emaileen eta antolatzaileon artean beste 60 bat. Gidaritza nagusia hik hasiren gain egon arren, EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekin antolatzen ditugu topaketok. Azken finean, beste behin ere, denon artean osatuko dugu euskal irakaskuntzan erreferentzia bilakatu den topagune hau.

Bide batez, IV. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoetako aurkezpen ekitaldiko hitzaldia aipatu nahi dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatu dugun ekitaldi honetako hitzaldiaren izenburua"Euskal testu liburugintza XXI. mendearen atarian" da eta EHUko Bilboko eta Gasteizko Irakasle Eskolako Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez Urraza irakasleek aurkeztuko dute. Euskal Herriko ikastetxeetan erabili izan diren eta erabiltzen diren testu liburuak aztertu dituzte ikerketa zabal baten barruan eta berauetan Euskal Herriari buruz ematen den ikuspegia ikertu dute. Bakoitza arlo zehatzetara mugatu da (kultura, zientzia, teknologia, lanbideak...) eta tesi banatan bildu dituzte ikerketaren nondik norakoak. Lehen bi tesiak eginak eta aurkeztuak daude, eta azkenekoa falta da. Zorroztasun eta objektibotasun handiz egindako lanak izaki, atera dituzten ondorioek arreta berezia merezi dute. Eta batez ere, euskal irakaskuntzaren alde lanean ari garenon aldetik. Izan ere, testu liburuei egun duten garrantzia aitortzen baldin badiegu, ezin uka eragin handia dutela ikasleek jasotzen dutenarengan. Beraz, euskal curriculumaren eta euskal irakaskuntzaren jorraketan oso garrantzitsua da testu liburuek jokatzen duten papera eta markatzen duten norabidea. Horretaz hausnartzeko eta eman beharreko urratsak bideratzeko lagungarri izanen da irakasle hauek egin duten lana eta emango diguten azalpena.

Indartsu, oparo, seriotasunez, umorez, gogoz eta, nola ez, euskaraz datoz IV. edizioko topaketak, denon artean aberastu eta osatuko ditugun topaketak.