Alluitz Natura. Izan zaitez artzain egun batez

 
 

 

Etorri eta izan zaitez artzain egun batez; artzainaren egune­roko bizitza eta zereginak partekatzera gonbidatuta zaudete.

Alluitz Natura landa garapenerako enpresa bat da, Idiazabal gazta ekoizten duen baserri batean dago. Aisialdi jarduerak eskaintzen ditu taldeentzat, ikasleentzat, familientzat eta 
norbanakoentzat.

 

Talde handiak 3 azpitaldetan banatzen dituzte, horrela umeen, naturaren eta animalien arteko elkarrekintza sustatzeko. Izan ere, bertako ekoizpenak ondoko hiru ardatzen inguruan du oinarria:

1. 200 ardi latxaren artean izan zaitez Artzain egun batez: ekintza horrek artzain baten eguneroko bizitzan sartzeko aukera ematen du: ardiak jeiztea, artaldea zaintzea, bildotsei titia ematea, Border-Colli-arekin ardiak landan zehar mugitzea...
2. Bertoko artilea: eskumuturreko edota zintzilikario ederrak egiteko tailerra.
3. Gatzatu ekoizpena: tailer horretan goizean bertan jetzitako eta pasteurizatutako esnearekin gatzatu goxo-goxoak egiten dira eta Idiazabal gaztaren sekretuak ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Eguna girotzeko goiz erdian talo tailerra egiten dute.

Nahi izanez gero, aukera dago tailerretako batzuk ondoko hauen ordez aldatzeko: xaboi tailerra, kandela tailerra, paper saskigintza, plastilina ekologikoa, areazko eskulturak, ortu bertikalak, baserriko animaliak... 

Aukera dago egun osoa edo tailer batzuk ingelesez egiteko.