‘ESKOLARA BUELTA’ INKESTA EGIN DUZUE FAMILIEN ARTEAN. ZER IRITZI ETA KEZKA DITUZTE FAMILIEK?

2021-11-01
 
 

Aztiker Ikergune Soziologikoaren ekimen bat izan da
Eskolara buelta inkesta. Inkesta honek ikasturte berria dela eta, hezkuntza komunitatea osatzen duten familien iritziak eta kezkak aztertzen ditu. Hezkuntza komunitatean ikasturte berriaren aurrean zegoen ziurgabetasunezko egoera ikusita, hezkuntzako hainbat aditu eta eragilerekin kontraste azkar batzuk egin eta egoera horretan Hego Euskal Herriko hezkuntza komunitate osoarentzat lagungarriak izan zitezkeen datuak biltzea erabaki genuen Aztikerren. Datu horiek beraz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eta irailaren 4tik 8ra bitartean bildu ziren, biak barne. Inkesta bide digitaletik egin zen, inkestatuak berak autobetetako galdetegi baten bidez. Guztira 1.649 inkesta jaso ziren. Horietatik, justu 800 inkesta izan dira ustiatu direnak (guztien azterketa estatistikoa egin ondoren balekotzat eman eta 3 eta 12 urte arteko umeak dituzten familien erantzunei dagozkienak). Xehetasun tekniko gehiago ikusteko txosten osoa hemen aurkitzen da: https://aztiker.eus/proiektuak/eskolara-buelta-familien-bizipen-eta-iritziak/
Heziketa ardurak eta generoa
Neurri posible ugariri buruz ikertu da, landa-lanaren datetan hainbat galderen artean, bereziki hezkuntzaren eremuan indarrean dauden neurri batzuk eta epe ertain eta luzerako beste neurri hipotetiko batzuen inguruan galdetuta. Baina eduki horietan sartu aurretik, datu bat nabarmendu nahiko genuke. Jasotako erantzunak familien izenean emandakoak izan dira. Beraz, familia bakoitzeko pertsona baten erantzuna behar zen. Oso adierazgarria iruditzen zaigu umeen heziketaz erantzuteko orduan inkesta guztien % 86a emakumeek erantzun izana. Umeen zaintza eta heziketa arduretan sexu/generoen artean desoreka dagoela esatea ez da berria. Baina proportzio horrek argi adierazten du desoreka hori zein neurrikoa den umeen heziketaren ardurari dagokionean behintzat, gizon eta emakumeen artean.
Eta desoreka hori ez da nolanahikoa aurrerago landuko eta komentatuko ditugun emaitzen gainean pentsatzean, desoreka horrek beste hari asko luzatzen baititu. EHUren ikerketa baten arabera1, konfinamendu garaian areagotu egin ziren ondoez psikologikoak, nagusiki ezjakintasunak, gaixotasun larri bat izatearen edo izateko aukeraren kezkak eta maite ditugunak galtzeko kezkak eraginda. Datuek erakusten dute emakumeek gehiago egin zutela okerrera kontu horietan, eta baita egonkortasun emozionalarekin lotutako beste elementu batzuetan ere: gehiago jasan zituzten lo egiteko arazoak, kontzentratzeko zailtasunak, antsietateak, umore-aldaketak, deskonektatzeko arazoak edo narritadura.
Hori guztia kontuan hartuta, eskolaz eta umeen heziketaz ari garelarik, bertan hartzen diren erabakiak nork/nortzuk hartzen ditu eta nork/nortzuk hartu beharko lituzke? Eta nori eragiten dio gehiago bertan gertatzen denak? Eskolak funtzio erreproduktiboa eta zaintza funtzioak dituen neurrian, zer-nolako talkak eman dira eta ematen dira esparru erreproduktiboa eta produktiboaren artean eta euren arteko interes ezberdinekin? Nola bideratu dira talka horiek? Eskolak heziketa edo eremu pedagogikoa baino askoz gehiago dira eta galdera horiei (eta beste askori) ematen zaizkien erantzunek ondorio anitzak dituzte.
Hori esanda, orain goazen inkestaren edukietara.

Eskolara buelta: umeak, COVID-19 eta neurriak
Umeak, beren familien arabera, ikasturte amaieran baino poztasun handiagoarekin eta urduritasun handiagorekin bueltatu ziren eskoletara. Urduritasun hori bi zentzutan uler daiteke. Modu positiboago batean: zeinetan umeak irrikaz zeuden eskolara bueltatzeko, lagunak ikusteko e.a. Edo negatiboago batean: egoera berria, neurri berriak, ezjakintasuna… eskolara buelta modu negatiboago batean bizitzera eraman zitzaketenak. Inkestan jasotako datu guztiak ikusita, kasu gehienetan urduritasun hori lehen zentzuan interpretatu behar dela uste dugu. Hau da, urduritasun hori poztasunarekin lotzen da. Izan ere, adierazgarria da ekainetik irailera umeen artean nola jaitsi diren haserrea, inpotentzia edota tristura bezalako sentimenduak. Hala ere, nabarmentzekoa da, horrek umeen zaintza emozionalari dagokionean izan ditzakeen inplikazioengatik, ia umeen % 10ak beldurtuta jarraitzen zuela irailean.
Bestalde, kutsatzea saihesteko neurriak hartzea oso garrantzitsua edo garrantzitsua da familien % 90arentzat. Nolabait badago adostasun zabal bat horretan. Baina zein neurri hartu edo zein modutan, horretan badago eztabaidarik. Batetik, neurri gogorrena izan daitekeenari dagokionez —konfinamendu osoa—, behar izanez gero, gehiengoa konfinamendu berri baten alde dago, baina beste modu batean eginda. % 51,3k, konfinamendu baten alde egonik ere, ez luke nahi apirileko moduko konfinamendu bat. Horrez gain, beste % 33k ez luke nahi inolaz ere beste konfinamendu bat. Beraz, neurriak hartzearen behar zabalduak, osasun eta zaintza komunitarioaz gain, beste erabateko konfinamendu bat ekiditearekin ere izango du zerikusirik.
Zentzu horretan, udaberriko konfinamenduari familia hauek egin diezaioketen kritiketako batek umeen ongizatearekin eta eskubideekin zerikusia izan dezake. Familiei inkestan eskatzen zitzaien hainbat esaldiekiko haien adostasun maila adieraztea. Esaldi horien artean bat hauxe zen: “Pandemiaren hasieratik ez dira kontuan hartu adingabeen eskubideak” eta erantzun zutenen % 83,5 oso ados edo ados zegoen horrekin.
Adingabeen eskubideak kontuan hartzeko orduan dimentsio asko sartu daitezke eta ez soilik konfinamenduaren testuinguruan. Horregatik, konfinamenduaz gain, inkesta egiteko momentuan eskoletan hartzen ari ziren edo har zitezkeen neurrien inguruan ere galdetu zen. Oro har, galdetutako neurri guztiek lortzen zuten aldeko jarrera bat. Izan ere, 0 eta 10 arteko eskalan neurtuta, denek 6tik gorako adostasuna eskuratzen zuten batez beste. Baina, aldi berean, neurrien artean baziren alde nabarmenak. Atxikimendu txikia eskuratu zuenaren eta handia eskuratu zuenaren artean ia 3 puntuko aldea eman zen.
COVID-19ari aurre hartzeko edo hobe esanda, bere zabalkundea mantsotzeko, espazio irekien garrantzia azpimarratu da leku askotatik eta adierazpide propioekin baita hezkuntza komunitatetik ere. Aldi berean, ez soilik COVID-19a dela eta, bestela ere praktika osasuntsuak izateari begira espazio ireki eta natura espazioek izan dezaketen garrantzia azpimarratu da. Baso eskolak eta antzeko ereduak garatu dituzten proiektuak jarri izan dira mahai gainean. Kontua zera da, izan testuinguru guzti honen eraginaren ondorioz edo izan bestela ere, berez horrelako ereduek ekar ditzaketen onurak baloratzen dituztelako, familien artean neurri baloratuena “kanpoko eta natura espazioetako heziketaren aldeko apustua egitea (ikasleriaren eskolak gela barruan zein gela kanpoan emango lirateke)”  izan dela. Harreman estua izan dezakeen beste esaldi honek, “eskolarako espazio alternatiboak dibertsifikatzea eta/edo areagotzea”, gertu zuelarik. Bi horiek izan ziren adostasun handiena bildu zuten esaldiak. Batez beste 9,1 eta 8,8ko atxikimendua eskuratu zuten, hurrenez hurren.
Goiko postuetan agertzen ziren, baita ere, garbiketak areagotzearen inguruko esaldiak: “Garbitzaileen kontratazioa garbiketa guztiak bermatzeko”, 9,1; eta “Eskuak maiz garbitzea” 8,6ko batezbestekoak.
Hau da, ia erabateko adostasuna eskuratu zuten espazio irekiekin, dibertsifikazioarekin eta garbiketekin zerikusia zuten neurri motek. Adostasun zabaleko multzo horretan sar daiteke beste mota bateko neurri hau ere: “Laguntza psikologiko espezifikoa bermatzea ume zein langileei pandemian zehar” (8,6ko batezbestekoa lortu baitzuen). Hau da, alderdi psikologiko zein emozionala oso kontuan hartzen den elementu bat dela esan daiteke.
Apur bat baxuagoa bada ere, baina oraindik atxikimendu handiarekin agertzen ziren beste bi neurri: “Umeen ratioa erdira murriztea” (8,5) eta “Pilaketak saihesteko sarrera/irteera mailakatua jartzea” (8,3). Hortik aurrera, gainerako neurriekin nabarmenago jaisten doa agertutako atxikimendua.
Nolabait tarteko atxikimendua jasotzen zuten neurrien multzoan antolaketa neurri batzuk zeuden, eta nabarmentzekoa iruditzen zaigu bertan irizpide pedagogikoak dituzten hainbat aurkitzen ditugula: “Goizeko ordutegia edo ordutegi jarraia ahalbidetzea” bederatzigarren postuan agertzen da eta, hamargarrenean, “Derrigortzen zaienean, ikasleei maskara nahikoak ematea edo hornitzea” (7,4ko batezbestekoarekin biak). Beherago, “Bizikidetza-taldeak edota “burbuila-taldeak” sortzea” (6,9), “Ebaluazioa egoera berrira egokitu eta ikasturtea gainditzeko erraztasunak eman behar dira” (6,9), “Irakasleei aldikako PCR probak egitea” (6,8) eta “Curriculuma edo hezkuntza programa malgutu eta lan erritmoa jaitsi beharko litzateke” (6,6). Hau da, arlo pedagogikoari dagokionean, gure interpretazioa da gurasoen aldetik egoera kontuan hartuta badutela nolabaiteko aldeko jarrera bat eduki curricularren edota ebaluazioaren malgutasunerako edo horren premia ikusten dutela neurri batean. Baina, aldi berean, betiko erritmoak eta exigentzia akademikoak mantentzeko nahia ere ageri da.
Azkenik, galdetutako neurrien artean, adierazgarria da, baita ere, aldeko jarrera baxuenak, gainerakoetatik koska batera, hurrengo biak izatea: “Ikastetxeetan 1,5 metroko distantzia soziala ezartzea” eta “Ikastetxeetan 6 urtetik gorakoek musukoak edo maskarak derrigorrez erabili beharra”. Hain zuzen hartutako neurri nagusietako bi, nagusienak ez badira.

Ikastetxeen autonomiaz bi hitz
Ikastetxeen autonomiari dagokionez, familiei galdetu genienean ea ikastetxeek autonomia gehiago, berdina edo gutxiago behar duten, erantzuna argia izan zen: autonomia gehiago eduki beharko lukete (% 62,9). Kontrako posizioan, aldiz (autonomia gutxiago eduki beharko lukete), % 3,4 bakarrik kokatu ziren.
Autonomia horren barruan, nortzuk edo noren artean hartu beharko liratekeen erabakiak galdetuta, hiru subjektu ageri dira nabarmen besteen gainetik eta antzeko proportzioekin: ikastetxeko zuzendaritza (% 88,5), irakasleria (% 86,3) eta gurasoak (% 85,8). Proportzio altuarekin baina 20 puntutara zerbitzu osagarrietako langileak (jangela, zaintza...) % 64,2arekin. Ikasleak (% 47,7) beste eragile edo erakundeen gainetik ageri dira (Eusko Jaurlaritza / Nafarroako Gobernua % 37,3, sindikatuak % 30,2, udaletxeak % 30,2).

Eskolen heziketa funtzioetatik haratago
Esan dugu aurretik, eskolek askotan aitortuta ez badute ere, zaintza funtzio garrantzitsua ere betetzen dute. Horrela, hainbat aldagaien bidez ikus daiteke familiek nolako zailtasunak dituzten eskolak funtzio hori betetzeari uzten dionean. Batetik, familiek eurek erantzunda, beste konfinamendu bat egongo balitz  % 40,2k “ezingo ginateke konpondu umea zaintzeko”. Ezin zaintzeaz gain, ia proportzio berdinean (% 38,4) “denbora faltagatik, gurasook ezingo genioke gehiegi lagundu gai akademikoetan”.
Bestetik, aurretik ikusi dugu, “Goizeko ordutegia edo ordutegi jarraia ahalbidetzeak” 7,4ko adostasuna eskuratu zuen batez beste. Gainerako batezbestekoak ikusita, neurri horrek zalantzak edo aldeko eta kontrako multzoak sortzen dituela ematen du. Aldi berean, behar maila ezberdinarekin, baina % 70ak jantokia beharko luketela aipatzen zuen, enpleguan ordutegi malgutasuna nahiko luketenak % 91,1 ziren; umea konfinatu behar bada zaintzaile bati baja aukera bermatzea % 90,8k eskatzen zuten edo % 88,2k amatasun/aitatasunarentzako laguntzak edo umeak zaintzeko muga gabeko aparteko baimena %84,8. Beraz, datu horiek ere agerian uzten dute eskolarik gabe familiek bizitza eta enplegua bateragarri egiteko dituzten zailtasunak.
Beraz, pandemia honek beste eremu askotan egin duen bezala, zaintza, heziketa eta hezkuntza formala lotzen diren eremuetan ere arrakala asko utzi ditu agerian. Inkesta honetatik eskuratutako datuek esparru honetan dauden gabeziak eta zailtasun batzuk erakusten dituzte. Ahal den neurrian, hori guztia kontuan hartzea eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa eta parte hartzea ezinbestekoa da modu holistiko batean erantzuten saiatu nahi bada.