Zorionak, Hik Hasi Geroa elkarrekin idatziko dugu!

2021-11-01

Ospatzeko unea iritsi da. 2020-2021 ikasturtea ospakizun-urtea izango da Hik Hasirentzat, duela 25 urte ikusi baitzuen argia hik hasi aldizkariaren lehen zenbakiak, eta, beraz, bada zer ospatua haren inguruko hezkuntza-komunitate osoarentzat. Euskal hezkuntza-komunitateari eskaini diona eta komunitate horretatik bertatik jaso duena altxorrak dira. Borondatez, bihotzez, elkarlanez eta eskuzabaltasunez osatutako altxorrak da. Hik Hasira eta haren sortzaile Joxe Mari Auzmendirengana hurbildutakoek hori bizi eta sentitu dute urte hauetan, eta balio horietan oinarrituta jaio, hazi eta heldu da Hik Hasi.

 
 

Ikasturte berezia izango da arrazoi horregatik, bai eta bizi dugun pandemia-egoeragatik ere. Testuinguru zaila egokitu da ospakizunetarako, egungo egoerak espazioak, harremanak, topaguneak eta eguneroko bizitza bera baldintzatzen dituelako. Edonola ere, egoera eta erronka berriei irudimena eta aukera berriak baliatuz erantzungo die Hik Hasik, eta hainbat egitasmo garatuz ospatuko du 25. urteurrena.

Sorreraren testuingurua
Egitasmo berri baten hasieran nahasten diren sentimenduak pilatzen ziren duela 25 urte Hik Hasiren abiatzean: urduritasuna eta ziurgabetasuna, alde batetik, eta gogoa eta borondatea, bestetik. Euskal hezkuntza-komunitateak topagune bat behar zuen. Euskal hezkuntzari buruzko aldizkari baten beharra zegoen, ilusioa eta nahia ere bai, eta zailtasunari eta sinesgaiztasunari aurre egin eta abian jartzeko balio izan zuen horrek. Eta, behin abiatuta, ez da geratu. Heziketa euskaldunerako Hik Hasi egitasmoak 25 urte bete ditu.
Egitasmoaren sorrera beharrak bultzatu zuen. Hala azaldu zuen Joxe Mari Auzmendik berak Argia astekarian 1995eko urriaren 8ko zenbakian: “Beti kanpoko erreferenteekin ibili izan gara pedagogia munduan, Cuadernos de Pedagogia, Escuela española eta gisakoekin. Baina gure artean oso esperientzia interesgarriak gauzatzen dira, eta ez dugu elkarren berri jakiteko modurik”. 20. urteurrenean, Ainhoa Azpirotzek gauza bera azpimarratu zuen Hik Hasi aldizkariaren 191. zenbakian: “Euskal Herri osoko eremuan elkarren berri izateko tresna bat da Hik Hasi. Eremu guztietan eta sare guztietan, izan ikastola, eskola publiko edo bestelako, guztien berri eman izan dugu lekuan lekuko esperientziak jasoz”. Joxe Mari Auzmendik oso garbi ikusi zuen hasieratik elkar hartu beharra zegoela, bakoitza zegoen posiziotik, bakoitzak zeukan ikuspegitik, baina elkar hartuta. Zimendu horien gainean ezarri zen, bada, aldizkaria, eta ezarri dira, baita ere, geroago etorri diren prestakuntza eta proiektu guztiak ere.

Beharrak eta hutsuneak betez
Elkarrekin osatutako foro hori abian jartzeko lehendabiziko euskarria Hik Hasi aldizkaria izan zen. Irakasleen artean informazioa partekatzeko, esperientziak trukatzeko eta elkarren berri izateko aukera ematen zuela ikusi zen. Eta, horrela, 1995eko maiatzean, 0. zenbakia argitaratu zen, aldizkari “euskalduna, nazionala, irakasleena, irekia eta plurala, baterakoia eta independentea”. Irakasle eta ikastetxe guztiak bultzatu nahi ziren aldizkarian parte hartzera eta haien esperientziak kontatzera. Nahi zuen guztiarentzat irekia izatea nahi zen, ideologia jakin bati lotua ez egotea, denontzat izan zedin. Hasieratik hautsi ziren sareen eta administrazioen arteko banaketak; Hik Hasi denentzat zen. Sarasuak dioen bezala, hasieran irakasleei zuzendu zitzaien batez ere, “erronka nagusia irakasle guztientzat izatea zelako: sare guztietan zeudenentzat, edozein egoeratan zeudenentzat, pentsamolde desberdina zeukatenentzat… denentzat. Irakasleak protagonista bihurtu nahi ziren aldizkariarekin, eta erakarri. ‘Aldizkari hau gurea da, irakasle guztiona’ ideia zabaldu nahi zen”.
Gerora, begirada irekitzen joan da Hik Hasi, eta hezkuntza-komunitate osora zabaldu da bere ikuspegia eta jarduna: irakasleak, haurrak, familiak, aisialdiko hezitzaileak, herria… Beharra non, hura betetzen saiatu da, aurretik aseta edo beteta zeuden eremuetan sartu gabe. Aldizkariarekin informazioaren eta elkarren ezagutzaren beharra aseta, beste hutsune batzuk atzeman ziren jarraian. Lehendabiziko ikasturtean bertan euskal irakaskuntzan lanean zebi,ltzan irakasle eta hezitzaileek prestakuntza euskaraz jasotzeko zuten beharra detektatu zen, orain dela 25 urte prestakuntza gehiena gaztelaniaz edo frantsesez eskaintzen baitzen. Behar horri erantzuteko antolatu ziren aurreneko jardunaldiak Donostiako Miramar jauregian 1996ko maiatzean, Irakurketa-idazketa konstruktibismoaren ikuspegitik izenekoak. 400 lagunetik gora elkartu ziren, eta horrek begien bistan utzi zuen euskarazko prestakuntzaren beharra bazegoela eta jendea horren egarri zela.
25 urteotan, euskarazko prestakuntzaren adarra sendotuz eta eskaintza zabalduz joan da Hik Hasi. Ikasturtean zehar, hainbat gairen inguruko jardunaldiak eskaintzen dira, besteaka beste: berariaz 0-6 etapari zuzendutakoa udazkenero, Udako Topaketak uztailean, ikasturte osoko psikomotrizitate erlazionalaren inguruko prestakuntza eta bi ikasturteko 0-6 aditu tituluaren formazioa.
Ezaugarri jakin batzuk daude jardunaldi, prestakuntza eta topaketa horien oinarrian. Euskara eta haurra erdigunean jartzen dituen pedagogia berria lantzen da. Eta, horrekin batera, hezitzaileak elkartzeko aukera ematen duten topaguneak dira: elkar ezagutzeko, aurrez aurre egoteko, elkarren esperientziak azaleratzeko eta bizipenak partekatzeko.
Hemengo nahiz kanpoko adituak eta erreferenteak ekarri izan dira topaguneetara, eta, horrez gain, beste urrats bat egin zuen Hik Hasik 2000. urtean: esperientziak zuzenean eta in situ ezagutzeko bidaia pedagogiko bat antolatu zuen Italiako Reggio Emiliako haur-eskoletara. Prestakuntza-bide berri bat ireki zuen horrek, eta hainbat bidaia pedagogiko egin dira geroztik: Finlandiara, Kubara, Estoniara, Kataluniara…
Prestakuntzaren beste esparru bat monografikoak izan dira. Hainbat gairen inguruko 34 monografiko argitaratu ditu Hik Hasik urte hauetan zehar, eta horrek ere hezitzaileen eta irakasleen beharrak asetzeko balio izan du. Eguneroko lanari eta jardunari lotutako gaiak landu dira, eta tresna baliagarriak izan dira irakaskuntza- zein heziketa-lanerako. Argitaraturiko azkenak etorkizuneko hezkuntza-errealitateei begiratzen die, “Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi” izenburupean.
Monografikoez gain, liburuak ere argitaratu ditu Hik Hasik, unean-unean zegoen beharrari erantzuteko material egokia zela ikusi den heinean. Hor ditugu Euskara eta gazteak, Ilunetik argira-Elbira Zipitria, Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako, Gaxuxa, Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak…
Musika-liburuen bilduma bat ere egina du Hik Hasik, eta hainbat instrumenturekin jotzeko abesti ezagunak biltzen dira horietan, musika-tresna horiek jotzeko metodoarekin batera: Txirulaz I, Txirulaz II, Gitarraz, Pianoaz, Eskusoinuaz eta Ostadarraren hotsaz.
Haurrak erdigunean
eta familiak gogoan
Irakasleen euskarazko jardunari eta prestakuntzari garrantzia eman zaien gisa berean eman zaio haurren euskararen erabilerari ere. 90eko hamarkadaren amaieran, hutsune bat ikusi zen: haurrak ez ziren euskaraz jolasten. Soka-saltoan, korroan, ezkutaketan, harrapaketan, hatz-jolasetan eta abarretan ibiltzeko garaian, gaztelaniazko edo frantsesezko abestiak abesten zituzten. Hori ikusita, euskarazko abestien bilduma bat egin genuen: Haur-jolasen abestiak. Parte-hartze zabaleko esperientzia aberatsa izan zen (Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoak eta Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrak), eta izugarrizko arrakasta izan zuen bildumak.
2000. urtean, proiektu honen beste urrats bat etorri zen: jolasak nolakoak ziren ikusteko bi bideo egin ziren: Zatoz jolastera! eta Jolasen altxorra. Pirritx eta Porrotx pailazoek, haurrek eta Euskal Herriko kulturaren eta kirolaren munduko hainbat aurpegi ezagunek hartu zuten parte; denak jolasten eta abesten, istorio baten bueltan. Arrakasta itzela izan zuten, eta bultzada handia eman zioten euskarazko haur-jolasen abestien hedapenari eta ezagutzari.
Irudien munduan sartuta, hurrengo ekarpenak Ilargiaren sekretua filma (2004an) eta, haren ondoren, Begiradaren heziketa izan ziren (2005ean). Berriro ere film bat egin zen Pirritx eta Porrotxen eta umeen parte-hartzearekin, eta harekin batera telebistaren eta zineman erabiltzen diren baliabideak ezagutzeko material didaktikoa sortu zen.
Kukurruku, zer diozu? CDan, berriz, ahozkotasuna eta literatura hartu ziren ardatz. Bernardo Atxaga, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide eta Mitxel Muruaren ipuinak, Joxan Ormazabalen olerkiak, Jexux Mari Lopetegiren musika, Antonio Bolasen pasadizoak eta Pirritx eta Porrotx pailazoen eta umeen elkarrizketak. Material bizia, ahozkotasuna lantzeko eta ipuinak entzuteko.
Umeak beti presente egon dira Hik Hasin 25 urteotan; hezkuntzarekin eta eskolarekin lotuta, eta irakasleekin batera, ikasleak daudelako. Baina ikasle horiek seme-alabak ere badira; eskolan hezteaz gain, etxean ere bizi eta hezten dira. Horrexegatik, eskola eta familia uztartu zituen Hik Hasik, eta familiei zuzendutako Hazi Hezi aldizkaria argitaratzeari ekin zion 2012an. Gurasoei eta familiei haziera eta heziketari buruzko gaien inguruko informazioa ematen dien aldizkaria da. Nahiz eta une hartan kazetaritzaren eta paperezko argitalpenen krisi betean egon eta euskarazko prentsa beheraka joan, argi ikusi zen tresna bat behar zela gurasoei aipatutako gai horien inguruko informazioa emateko, eta aurrera eraman zen proiektua. Euskal Herriko profesionalekin, hala nola irakasle, pedagogo, psikologo, pediatra edota psikomotrizistekin osatzen da hiru hilean behin Hazi Hezi.
Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkariekin, zabaldu egiten da hezkuntzaren eta heziketaren gaineko ikuspegia, hezkuntza eta heziketa guztion zeregina baita, ez eskolarena soilik, ez familiena soilik. Eskolan eta etxean hezten dira haurrak, eta baita kalean ere, aisialdiko esparruetan, heldu eta zaharrekin, beste adinetako haur eta gazteekin… herrian. Ikuspuntu horri jarraituz, 2012an, beste eragile batzuekin batera, haurra hezten duten herrien inguruan hausnartzen hasi zen Hik Hasi. Herrigintzatik, benetako parte-hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburua hartuta, proiektu berri bat sortu zen: Oinherri, herri hezitzailea. Gaur egun, Euskal Herriko hainbat herri dira proiektu honetan murgilduta daudenak, euren herria denentzako herri bilakatu nahi dutenak, denen parte-hartzearekin, herriko aniztasuna aintzat harturik eta denei lekua eginez.
Herri hezitzailearen ikuspegia edukitzeaz gain, filosofia hori gauzatzeko bitartekoak eskaintzea garrantzitsua zela ikusten zuen Hik Hasik. Hortik etorri zen beste proiektu bat: tokian tokiko ondarea jasotzeko eta ezagutarazteko baliabide pedagogikoak sortzea. Hik Hasik Oreretako materiala ondu zuen, eta, ondoren, Arrasaten eta Azpeitian ere egin zituzten, Hik Hasiren aholkularitzarekin.

Hik Hasiren eragile sena
Duela 25 urteko erronkak aipatutakoan, “denon elkargune izango den foro bat” sortu nahi zela azpimarratu da, eta Hik Hasin serio hartu izan da ezaugarri hori, denengana irekitze hori, denen arteko izaera bateratzaile hori. Garaiak eta egoerak ez dira beti aldekoak izan, baina, Joxe Mari Auzmendik zioen bezala, “batzen gaituenean” jarri du indarra Hik Hasik: “Elkartuko gara, lasai, elkarrekin goaz eta elkartuko gara”, zioen. Euskal hezkuntza-sistema propio baten bidea jorratzeko lanean jardun da Hik Hasi, eta hainbat emaitza

25 urteko ibilbidean, balio batzuen alde egin du nabarmen Hik Hasik. Denengana zabaltzea, parte hartzeko gonbidapena luzatzea, espiritu zabala, askotarikoa eta parte-hartzailea, konstante bat izan dira 25 urteotako ibilbidean, Hik Hasiren “marka”, nolabait esatearren.

Euskara
Ardatza, zutabea, muina. Hik Hasiren jarduna euskaraz garatzen da. Ipar hori oso presente dago beti. Euskaraz elikatu da Hik Hasi, hemengo aditu eta erreferenteekin nagusiki.

Sentitu, pentsatu, ekin
Etorkizun argirik ikusten ez zitzaion proiektua aurrera ateratzeko osagai batzuk izan dira: jendearen energia eta bultzada, herri-konpromisoa, ausardia eta “sentitu, pentsatu, ekin” sentimendu oso sakona eta garbia. Garai hartan zeuden premiak eragile eta irakasle askoren artean partekatutakoak eta sentitutakoak ziren, eta horrek bultzatuta elkartu zen jendea.

Harpideak
Herri-konpromiso batetik sortutako egitasmoa izanik, harpidedunak oinarri, zutabe, horma eta teilatu dira. Etxearen euskarri nagusia. Haien konpromisoari esker izan da posible Hik Hasiren inguruan antolatu den hezkuntza-komunitatea sortzea eta elikatzea.

Izaera bateratzailea
Hezkuntza-komunitate osoa batzeko erronka izan du hasieratik: Euskal Herriko zatiketa administratiboaren eta sareen arteko banaketaren gainetik, lurraldetasunari eta hezkuntzaren jarduerari berari eman dio lehentasuna. Horren adierazgarri dira Hik Hasik 2009an egindako Hezkuntza Goraipamenak —Udako Topaketen 10. urteurrenean eta Hik Hasiren 15. ikasturtean egin zirenak—. Euskal Herri osoko 80 hezkuntza-ordezkari elkartu zituen ekitaldi-bazkaria izan zen.

Elkarlana
Hezkuntzako eta gizarteko eragileekin elkarlanean aritu da, errespetuz eta lankidetzarako prest. Eragile emankorra, baikorra eta eskuzabala izaten asmatu du, eta, horren ondorioz, ongi onartua eta ongi ikusia izan da. Ekarpen gisa bizi izan dute gainerakoek, eta ez mehatxu gisa.

Errespetua
Hik Hasik errespetuz eman ditu urratsak: desberdinaren errespetutik, beste bide bat jorratzearen errespetuz, beste izaera baten errespetuz, beste nortasun baten edo beste pentsamendu baten errespetuz…

Aintzat hartua Euskal Herrian
eta munduan
Hainbat sari jaso ditu 25 urteotan, eta Hik Hasiren ekarpenaren adierazgarri dira: 2001ean, Zatoz jolastera! bideoarekin, jatorrizko bideoen sailean aipamen berezia jaso zuen Migel Altzo sarietan; Lekeitioko XXV. Zine eta Bideo Bilerako saria 2002an, lan berarekin; Migel Altzo Sarian, bideorik hoberenaren saria 2006an, Begiradaren heziketarekin; eta Argiaren merezimendu saria 2006an, Hik Hasik 10 urte bete zituenean.
Bidaia pedagogikoen eta jardunaldien bitartez, harremanak egin ditu nazioartean hezkuntza-munduan pisua duten eta erreferenteak diren pertsonekin. Eta joan-etorriko bidea izan da, nazioartean ere adituek Hik Hasi ezagutzen baitute. 25 urteotan, mundura ere zabaldu da Hik Hasi.

Beti erne eta jakin-minez
Euskal Herrian zein nazioarteko hezkuntza-mugimenduei begira egon da beti, erne, jakin-minez eta interesarekin.

Begirada zabaltzen
Eskola, familia, herria. Begirada zabaltzen joan da urteotan, aurrekoari entzutearekin batera pixka bat zabaltzeko eta aurrera jotzeko prest beti.

 

EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZA AURRERA BEGIRA:

Elkarrekin, guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten alde


Mundua astindu du COVID-19ak eta baita Euskal Herria ere. Gizarteko arlo asko ukitu ditu, eta baita hezkuntza ere. 2020ko udaberriaz geroztik konfinamendua, kontingentzia-planak eta protokoloak nagusitu dira ikastetxeetan, aisialdian, hezkuntza ez formalean eta herrietan. Horrek denon egunerokotasunean eragin du: lan egiteko moduan, erlazionatzeko moduan eta bizitzeko eran. Ziurgabetasun-
egoera ekarri du eta ikasturte hasieran ohiko gaiei eta kezkei lekua eta denbora kendu diete protokoloek, hartu beharreko neurriek eta kezka berriek.

Azken hilabeteetan osasuna erdigunean kokatu da eta neurriak osasuna bermatzera bideratu dira. Ekonomia ere aintzat hartu da, berauk hondoa ez jotzeko neurriak hartuz. Orain, hezkuntzaren garaia da. Osasunaren eta ekonomiaren aldamenean kokatu behar da hezkuntza, neurriek eta protokoloek hezkuntza-irizpideak ere aintzat har ditzaten. Orain arte esku artean genituen aldarrikapenak, proiektuak eta proposamenak mahai gainean jarri behar ditugu berriro. Horixe da Hik Hasik luzatu nahi duen mezua. 25 urte bete ditu Hik Hasik eta aurrera begira, Euskal Herriko hezkuntza elkarrekin garatzeko mezua luzatzen du, guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten alde jardun dezagun.

Euskal Herriko hezkuntzak unea du aurrera begira jarri eta eraldaketa sakona egiteko. Nor bere lubakian gotortu beharrean, guztiona eta guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten alde elkartzeko unea da. Eta hori eragile guztien parte-hartzearekin egin behar da. Erronka handiak ditugu aurrean: osasun-krisi larri bat elkarrekin gainditzeaz gain, hezkuntza-eredu publiko, propio eta bateratzailea eraiki behar dugu; gizarte kohesioa erdietsiko duen kultura-eredu berri bat behar dugu, eta aldi berean aniztasunari lekua egingo diona; jasangarritasuna ardatz izango duena; haur eta gazteak euskaldun eleaniztun bilakatu behar ditugu; haiek balio egokietan heztea eta konpetentziak garatzen laguntzea funtsezkoa da, ikuskera propioa izan dezaten eta egungo gizartea hobetzeko gai izan daitezen.

Aurrerapauso hori egiteko, gaur egun hezkuntzan diharduten eragile guztien lanaren aitortzatik abiatu behar da; dela egungo eskola publikoak, dela ikastolak, dela gizarte ekimeneko ikastetxeak, dela eskola libreak, direla aisialdian diharduten eragileak, direla sindikatuak, direla udalak, direla Hezkuntza Sailak. Guztien ekarpenak hartu behar dira aintzat, sare eta lurralde guztietako irakasleena, baita ikasle, guraso eta tutoreena, zerbitzuetako langileena eta, oro har, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona ororena ere. Bakoitzaren esparrua eta aniztasuna errespetatuz, hezkuntza-jarduera guztien oinarriak berritu eta bateratu behar ditugu, elkarrekin aurrean ditugun erronkei behar bezala erantzuteko. Osasun-krisi honek mahai gainean inoiz baino indar handiagoz jarri du aurrera egitekotan elkarrekin egingo.

Hortaz, hezkuntza berrirako behar ditugun oinarri bateratuak adosterakoan, hiru ardatz hauek garatu beharko dira, gutxienez:

1. Komunitatean eta komunitaterako hezi: heziketa herri baten testuinguruan gertatzen da, nagusiki familian, eta eskolak eta aisialdiak ere berebiziko garrantzia du. Beraz, batetik, jendarteak heziketaren  ardura bere gain hartu behar du; eta bestetik, jendarte horrek bateratuago aritu behar du, elkarrekiko konfiantzan eta elkarzaintzan oinarrituta. Horrela, hezkuntza-eragileek lankidetzan aritu behar dute, herriko hezkuntza planak adostu eta egikaritzeko. Horrez gain, euskal komunitate zabalaren partaide gisa hezi behar dugu, ikuskera propioarekin Euskal Herritik mundura begira.


2. Gure haur eta gazteak bizitzarako hezi behar ditugu; beraz, heziketak kritiko eta askatzailea behar du izan, eta haur bakoitzari osotasunean garatzen lagundu behar zaio, den hori errespetatuz betiere. Ildo horretatik, Herri hezitzailearen filosofiari jarraiki Oinherri elkarteak adostu zituen balioak aldarrikatzen ditugu. Aldi berean, bizitzako lehen urteen garrantzia aintzat hartuta, konfiantzazko ingurune goxoa eskaini behar zaie haurrei. Bizitzarako hezteak, halaber, naturarekin bat eta gaitasun ekosozialetan heztea esan nahi du, hori izango delako edozelako pandemien prebentziorik onena.

3. Herritar euskaldun eleaniztunak sortu behar ditugu. Horretarako, mantentze eta murgiltze ereduak dira bide, eta herriko askotariko eragileak bidelagun. Euskararekin batera, euskal kulturaren transmisioa eta sormena sustatzea ezinbestekoa da. Horretarako baliabideak jarri egin behar dira, premien araberako baliabideak.

Hiru zutabe horietan oinarrituriko ERALDAKETA sakonak gauzatzeko, ordea, lehenik Espainiako eta Frantziako estatuetatik jaso dugun hezkuntza sistema horiek eragiten dizkiguten oztopoez ohartu behar dugu: sareen arteko zatiketa, hezkuntza esparruen arteko banaketa, burokratizazioa eta urruneko antolaketa, autonomia falta eta berdintasunik eta kohesiorik eza hezkuntzaren kalitatearentzako oztopo eta traba dira.

Orain inoiz baino gehiago, osasun-krisiak nabarmen utzi duenean hezkuntzan eraldaketa sakona behar dugula, zutabeak finkatzeko garaia dugu, beste era bateko antolaketa eredua behar dugu: sistema publiko edo komunitario baterazlea, anitza, parte-hartzailea eta inklusiboa izango dena. Ezaugarri hauek izan beharko ditu: Euskal Herri osorako pentsatua eta artikulatua eta, era berean, gertuko kudeaketan oinarritua izango dena; Europako hainbat eredu jarraiki, ikastetxeei autonomia emango diena, bai barne-antolaketari bai arlo pedagogikoari dagokienean, beren hezkuntza egitasmo propio indartsu eta ilusio sortzailea gara dezaten. Hezkuntza komunitateko kideen arteko konfiantza eta zaintza erdigunean izango dituena, eta hezitzaile eta irakasleen prestakuntza egokitua itsasargi izango duena, bereziki aipatutako hiru oinarrien lanketari dagokionez, eta baita zuzendaritza-taldean egonkortasunez arituko direnena ere.

Hezkuntza sistema berria eraginkorra izan dadin, finantziazio egokia beharko du, noski, hezkuntzak gizartean duen garrantziaren araberakoa eta hezkuntza-premiei erantzuteko behar bestekoa; hau da, Europan eredu ditugun herrialdeen parekoa (5 urteko epean, BPGren % 6ra iristea, gutxienez). Aniztasunaren eta aukera-berdintasunaren printzipioak bete daitezen, honakoa bermatzeko moduan erabili beharko da: edonor aukera berdinetan matrikulatu ahal izatea, aipatutako hezkuntzasistema publiko anitz baterazle horretako edozein ikastetxetan. Ikaskuntza jarduera kalitatezkoa gerta dadin bermatzeko, hezitzaile/ikasle ratioak egokiak izan behar dira.

Horrenbestez, adierazpen honekin bat egiten dugunok:
Zera eskatzen diegu…
Hezkuntza eragileei: Euskal Herrirako hezkuntza sistema komunitario baterazlearen alde lan egin dezatela, adostasunera iristeko borondatez eta zer-nolako Euskal Herria eraiki nahi dugun jomuga hartuta.
Hezkuntza Sailei: hezkuntza eragile guztien egiazko parte-hartzea eta adostasunaren bidez, behar dugun hezkuntza sistema propioa garatzeko nahitaezko urratsak egin ditzatela eta baliabideak eskain ditzatela.
Udalei: udalerriko haur eta gazteen hezkuntza beren berezko zeregintzat har dezatela, eta herriko hezkuntza eragile guztiekin lankidetza emankorrari bide eman diezaiotela, harik eta Udal Hezkuntza Plan bat elkarrekin adostera eta garatzera iritsi arte.

Konpromiso hau hartzen dugu: gure eremuan, udalerrian eta Euskal Herriari begira lan egingo dugula, eragile, ikastetxe, sare eta gizabanako guztien artean konfiantza eta lankidetza sustatzeko, euskal hezkuntzak aurrean dituen erronkei erantzuteko norabide berean egin behar baitugu denok arraun.

 

izan dira 25 urteotan: 1999an, Hezkuntzaren Gizarte GUNEA dinamizatu zuen, hezkuntzaren gaien inguruko eztabaida eta hausnarketarako bilgunea, eta irakaskuntzan euskarak zuen egoeraren gainean Adostasun txostena egitea lortu zen; 2003an, Nazio Eztabaida Gunearen barruan Hezkuntza Batzordea eratu zen, euskal hezkuntza-sistema nazionalaren inguruko hausnarketa egiteko, eta Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa izan zen emaitza; 2018an, Hezkuntza Proposamena aurkeztu zuen (www.hikhasi.eus-en dago dokumentu osoa), euskal hezkuntza hobetzeko hamar gakorekin. Orain, 25. urteurrenean, guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten aldeko proposamena dakar Hik Hasik.