ANE AGIRRE COACH-A, ZUZENDARITZAN ETA ALDAKETAN ADITUA, “Eraldaketa-prozesu batek, inbertsioez gain, lidergo esanguratsu eta sendo bat behar du”

2021-02-01

Hogeita bost urtetik gora egin ditu zuzendari-, aholkulari- eta coach-lanetan, enpresa handi zein txikietan. Ibilbide luze horrek enpresa arloan izaten diren transformazio-prozesuen gakoak modu teorikoan nola praktikoan aztertzeko beta eskaini dio. 2007an Vesper aholkularitza-proiektua sortu zuen eta bertatik zuzendaritza-taldeei eraldaketa-prozesuak pentsatzen, diseinatzen eta gauzatzen laguntzen die. Tartean hainbat saretako ikastetxeen berrikuntza-prozesuetan lagundu du aholkulari gisa, eta ongi ezagutzen ditu hezkuntza-munduak dituen aldaketa beharrak eta baita horiek egiteko ikastetxeek bizi dituzten zailtasunak zein diren ere. Enpresa-munduan nola hezkuntzan, eraldaketa gauzatzeko bi gako nabarmentzen ditu: inbertsioa eta lidertza esanguratsua. 

 
 

Aldaketa zerbait naturala dela diozu; baina, era berean, kosta egiten zaigu. Paradoxa bat dirudi.
Paradoxa bat dirudi eta halaxe da. Aldaketa zerbait naturala da, beti gertatzen da. Pertsonak hazten eta garatzen goazen neurrian, aldaketa gertatzen da. Natura etengabe aldatzen da; edozein izaki bizidun aldatzen ari da; edozein erakunde aldatu egiten da erronka berriei aurre egiteko. Egoera berrira egokitzeko mekanismo oso bat sustatzen da, eta hori bai ala bai gertatzen da, modu naturalean. Baina aldaketa zerbait naturala izan arren, egia da kosta egiten dela. Aldatzen dugun bakoitzean energia inbertitu behar dugulako aldaketan. Haur batek indarra behar du hazteko; indarra, ahalegina eta denbora eskaini behar zaizkio aldaketari, eta zentzu horretan neketsua gertatzen da.
Bi arrazoi daude aldaketa edo ikasketa erraztu edo zailtzen dutenak. Lehenengoa aldatzeko arrazoi bat edukitzea da; zertarako aldatu? Beharra daukazulako edo zure egoera hobetu nahi duzulako; kasu horietan badaukazu zertarako bat, badaukazu aldatzeko arrazoi bat. Arrazoi horrek zuri tira egiten dizu, eta ahaleginak ikastera eta aldatzera bidera ditzazun bultzatzen zaitu, eta esan dezazun, “bada gauzak ez ditut horrela egingo, eta beste era honetara egingo ditut” Horretarako arrazoi bat behar duzu. Aldaketarako arrazoia deitzen zaio horri. Batzuetan biziraupenagatik aldatzen gara, behar bat da, bestela, hil egingo ginateke. Teknologia berri bat sartzen duzu edo lehiakide batek merkatutik kanpora aterako zaitu. Beste sektore batzuk horrexegatik aldatu dira hezkuntza baino gehiago, beharra zutelako.
Aldatzeko arrazoi bat edukitzeaz gain, aldaketa bultzatzen duen beste faktore bat testuingurua da, eta askotan, hain zuzen ere, testuinguru hori ez denez lagungarria, aldaketa kosta egiten zaigu. Hau da, ume batek askoz errazago ikasten du eta aldaketa gauzatzen du bere testuingurua lagungarria zaionean, esperimentatzeko eta okertzeko aukera eskaintzen zaionean. Erakunde asko okerra eta hutsegitea zigortzeko diseinatuak daude, eta horrek berak erakunde horien aldaketa mugatu egiten du. Aldiz, arrazoi bat baldin badaukagu eta testuinguruak laguntzen baldin badigu, aldaketa modu nahiko naturalean gertatzen da. Aldaketa-saio askok porrot egin dute esan dugun arrazoi bi horietako batengatik, ez dugulako testuinguru egoki bat sortzen asmatu edo jendeak ez daukalako aldaketa beharraren kontzientziarik.
Aldaketa eta berrikuntza beharrezkoa dela esaten dugu, baina ikusten dugu ikastetxeetan zaila dela, oro har. Zergatik da aldaketa hain zaila bereziki ikastetxeetan?
Guk ondorioztatu dugu hezkuntza- munduak beste sektore batzuek baino praktika gutxiago daukala aldaketan, ez baita beste sektore batzuk bezain ingurune lehiakorretan bizi izan, eta lehiakortasun horrek berak beste sektoreak aldatzera behartu ditu. Inguruneak ez bazaitu aldatzera behartzen, eta ez baduzu aldatzeko beharra sentitzen, bada ez duzu egiten. Hezkuntzaren munduak, Internet agertu den arte, ez du mugitzera behartu duten aldaketa teknologikorik bizi izan. Esate baterako, osasungintzako sektoreak aldaketa handiak bizi izan ditu, ospitaleak ikaragarri aldatu dira, teknologikoki aukera berri asko ireki zaizkiolako. Baina hezkuntzaren sektoreak, tradizionalki, ez du aldaketa teknologiko hain esanguratsurik bizi izan. Orain badaude, orain arrazoiak daudelako.
Badago beste faktore garrantzitsu bat, irakasleek asko nabarmentzen dutena: arriskuaren pertzepzioa oso handia da. “Hau ez da tailer bat, non zerbait gaizki egiten badugu ez den ezer gertatzen. Hemen haurren hezkuntza dago jokoan”. Zerbait beldurgarria egitearen arriskuaren pertzepzioa ikaragarria da, eta balazta-lana egiten du. Saiatu eta asmatzen ez badute, jokoan dagoena oso garrantzitsua dela sentitzen dute, haurren heziketa oso garrantzitsua baita. Horrez gain, badaude beste faktore batzuk ere; irakasleak askotan kexatzen dira kanpo-ebaluzioek asko eragiten dietela, aldaketa metodologikoak egiteko prest egon arren, gero selektibitateak, esate baterako, asko baldintzatzen dituela. Dena den, ez dago demostraturik aldaketa metodologikoak egiten dituenak selektibitatea okerrago egingo duenik, baina guztiok ontzat ematen dugu gauzak orain arte bezala egiten jarraitzen badugu selektibitatean emaitza onak izango ditugula, eta aldatzen badugu, bada ez dakigu zer gertatuko den. Legez oso arautua dagoen sektorea izateak ere ez dio laguntzen aldaketari. Gainera, lege-aldaketak oso politizatuak egoten dira, eta horrek ere ez du laguntzen, zarata egiten baitute baina funtsean ez dira benetako aldaketa sakonak izaten, adabakiak baizik. Hori da akonpainamendu-lana egiten dugunean aurkitzen dugun argazkia.

Eta zergatik aldatu behar dute eskolek?
Hasteko eta behin, orain beharra dagoelako. Lehen, agian, ez zegoen hain argi, baina orain ez daukagu zalantzarik. Internet iraultza bat da. Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologiak iraultza bat dira. Eta badakit hori entzuteak irakasle askori azkura eragiten diela. Iraultza bat dela diodanean ez dut esaten arriskurik ez daukanik, baina aitortu behar dugu aukera berrien mundu bat zabaltzen zaigula, orain arte ezezaguna zena. Orain aldaketa teknologiko garrantzitsu bat dago eta geure buruari galderak egitera behartzen gaitu.
Hortik aparte, azken hamarkadetan asko estudiatu eta sakondu da ikasketa-prozesuen inguruan edota askotariko adimenen inguruan, metodologia berrien inguruan, eta baita garunaren funtzionamenduaren inguruan ere. Bostonera bidaia bat egin genuen, MIT (Massachusetts Institute of Technology) bisitatzeko, eta hango errektore ordeak esan zigun kontzentrazio-denborak ere ikertzen ari direla. Esate baterako, ordubeteko eskolak pertsona baten kontzentrazio-gaitasunaren ezagutzan oinarritzen dira benetan? Badirudi ezetz. Badirudi kontzentrazio-gaitasuna askoz txikiagoa dela. Badakigu haurrek hainbat modutara ikasten dutela, baina hala ere, gure hezkuntza-ereduak haur guztiak prozesu berean enbutitzen ditu. Asko estudiatu da umeek eta helduek nola ikasten duten, eta ezin diogu ezagutza horri guztiari bizkar eman.
Lan-mundua ikaragarri azkar ari da aldatzen. Adimen artifiziala izugarri ari da garatzen, beraz, hezkuntza- munduak bere buruari galdetu behar dio nola hezi behar duen makina adimenduz beterik dagoen mundu baterako. Agian enfasi handiagoa jarri behar dugu pertsonen alde gizatiarrenean, ez gara bakarrik adimenean eta kognizioan kokatu behar. Egiteko gai garen horri begiratu behar diogu, ekintza-gaitasunari eta adimen emozionalari. Zer egiteko gai gara? Nola erlazionatzen gara? Zer sentitzen dugu? Buruaz gain, bihotzari arreta jarri behar diogu eta eskuei, ekintzei. Eduki dugun hezkuntza-eredua ezagutzei oso lotua egon da.
Arrazoi horiez gain, bada aldaketa bultzatzen duen faktore pragmatikoago bat ere: bizi dugun ingurune demografikoan orain lehiakortasuna dago. Ikastetxe asko dira eredu berriak hartzen ez badituzte, agian atzean geldituko direnak, eta entzuten da han edo hemen ikastetxeak ixten ari direla. Haurrak segurtatuak baldin badituzu, agian atseden har dezakezu apur bat, baina konpetentzia baldin badaukazu, ez.
Azken finean, eskolek aldatu beharra dute mundua aldatzen ari delako, beste batzuk mugitzen ari direlako.

Teknologia aipatu, eta era berean, eskolak alderdi humanoena zaindu behar duela aipatu duzu. Horrek ere paradoxa bat ematen du.
Mundua zenbat eta teknologikoagoa izan, orduan eta humanoagoa izan behar da hezkuntza. Zein da pertsonen ekarpena? Justuki makinek egin ezin dutena. Iraultza industrialarekin makinek lan fisikoa ordezkatu zuten, bada orain, lan intelektuala ordezkatzen ari dira makina inteligenteak. Baina zer ezingo dute egin? Makinek ezingo dute akordioetara iritsi; ezingo dituzte arazo konplexuak ebatzi ez badira programagarriak; ezingo dira erlazionatu; ezingo dute konfiantza sortu; ezingo dute etikoki erabaki. Guk erabaki etikoak hartzeko gai izan behar dugu. Horregatik, izatearen heziketan enfasia jartzeak gero eta garrantzia handiagoa izango du etorkizuneko hezkuntza-ereduan, orain arteko jakintzak-jakintzak-jakintzak ereduaren aurrean. Kontuz, ez dut esan nahi jakintzak ez direnik garrantzitsuak, noski badirela, baina baita ekintzarako gaitasuna ere eta, horregatik, proiektuka lan egitera bideraturiko metodologiak edo erabakiak hartzeko gaitasunari loturikoak, oso garrantzitsuak dira. Jakin zertarako? Jakin, egiteko. Oso garrantzitsuak dira adimen emozionala eta erlazionala, norbere burua ezagutzea, eta ikuspegi horri loturikoa da hezkuntzan datorren aldaketa, eta horretan ari dira, dagoeneko, ikastetxe asko. Esan dugu ikastetxeek, oro har, ez dutela aldatzeko arrazoirik izan, baina ikastetxe asko aldaketan murgilduak daudela ere esan behar dugu eta euren ibilbidea egina daukate dagoeneko.

Zuk lehiakortasuna aldaketarako faktore positibo gisa ikusten duzu, baina ikastetxeen artean segun eta zer-nolako lehiakortasuna dagoen, lehiakortasun horrek ez lioke mesederik egingo aukera berdintasunaren printzipioari eta ekitateari.
Oso inportantea da puntu hori. Hezkuntza zerbitzu bat edo produktu bat baino askoz gehiago da. Hezkuntza aukera berdinak eskaintzen dituen gizarte justu baten oinarria da. Gizarte bezala arreta handia izan behar dugu ez daitezen bi abiadura egon. Eskola batzuek aldaketan aurrera egiteko eta besteak atzera gelditzeko arriskua dago.

Zer ikas dezakegu enpresa pribatutik eta kooperatibagintzatik, aldaketari dagokionez?
Bi gauza. Lehenengoa, lidertza sendo bat behar dela, zuzendaritza-talde bateratu eta indartsu bat, egin behar denarekin konprometiturik egongo dena. Enpresek badauzkate horrelako zuzendaritza-taldeak. Eta beste gakoa inbertsioetan dago; transformazio-prozesu bat egiteko inbertsioak behar dira, eta hori enpresek oso ondo dakite. Merkatu berri bat zeureganatu nahi duzu? Inbertitu egin beharko duzu. Teknologia berri bat txertatu nahi duzu? Inbertitu egin beharko duzu. Eta ikastetxeek normalki justuko egitura finantzieroa daukate, urtetik urtera doi-doi iristen dira eta horrek arrisku bat dakar: inbertsio garrantzitsuak egiteko gaitasuna daukaten familiak dauzkaten ikastetxeek bakarrik egitea eraldaketa-prozesuak, eta gizartean arrakala sortzea. Uste dut gizarte bezala oso garrantzitsua dela inbertsio hori egitea erabakitzea. Aldaketa hori sistema osoan egiteko ardura daukagu gizarte bezala. Gure gizartea lehiakorra izango da oso ongi prestatutako pertsonak baldin baditu. Nahiko baliabide bideratzen ari al gara?

Zein dira eskolak egin behar dituen aldaketa nagusiak?
Bakoitzak bere egoera eta bere beharrizanak dauzka. Baina ikusten ditugun aldaketa nagusiak honakoak dira: ikastetxe guztiek agendan daukaten aldaketa nagusietako bat da nola txertatu teknologia, modu inteligente batean, ikasketa-prozesuetan. Jose Antonio Marinak honako esaldi hau esaten du: “Ez du balio pantailek, besterik gabe, liburuak ordezkatzeak”. Internetek eskaintzen dituen edukien eta aukeren mundua oso zabala da, eta ez gara ari apunteak Ipad batean jartzeari buruz.
Beste aldaketa handi bat oinarrizko hezkuntzan eta unibertsitatean ohitu garen arren, guztiz artifiziala den irakasgaien ideiari lotua dago. Ikasgaiak guztiz konpartimentatuetan banatuta ditugu, eta horren aldean zeharkakotasuna oso garrantzitsua da, eta hortik dator proiektu bidez lan egitea.  Jakintzen edo alor teorikoen heziketa eta egiteko gaitasunaren arteko oreka bilatzearen inguruko aldaketa ere esanguratsua da. Gaitasun emozionalak ere lehen lerrora ekarri behar dira, izatea garatzeari edo espiritualtasuna garatzeari loturikoak. Hezkuntza integrala behar dugu. Jakintzari pisu handia ematen dion heziketa-eredu batetik, eskuak, burua eta bihotza txertatuko dituen hezkuntza-eredura igaro behar dugu.
Gero, bada beste aldaketa handi bat era berean balazta handi bat ere badena: egiteko modu berri hauetan guztietan, eta, gainera, teknologia asko dagoenean tartean, hezitzailearen rola aldatu egiten da: jakintzen transmisore izatetik ikasketa-prozesuen bidelagun izatera pasa behar du. Une honetan mundua baliabidez betea dago; beraz, baliabide horien guztien aurrean, haurren ikasteko gogoa suspertuko duten hezitzaileak behar ditugu, baliabide horiek beren eskura jarriko dituztenak; zer gauza ikastea gustuko duten ulertzen lagunduko dietenak, zerk balio dien eta zerk ez dien balio ikusten lagunduko dietenak. Hezitzailearen rola aldatu egiten da eta erreparoak agertzen dira, eta erresistentziak eta beldurrak. Irakasle askok diote eurek dakitena jakintza azaltzea dela, eta orain beste ikasketa-eredu bat jarraitzea eskatzen diegu... eta irakasle batzuei kosta egiten zaie. Alde batetik 25 ikasleko gelaz arduratu behar dutelako eta, era berean, aldaketa honetarako prestatu behar dutelako. Horregatik azpimarratu nahi dut aldatu ahal izateko denbora behar dutela hezitzaileek. Munduko arrazoi guztiarekin eskatzen dute denbora behar dutela. Hezitzailearen rola aldatzea ez da kanbio txiki bat, aldaketa pertsonalaz gain, ordutegiak, denborak eta espazioak ere aldatzea eskatzen du.

Aldiz, pandemia garaian, eta eskolak etxetik eman dituzten garaian, irakasle askok online-irakaskuntza ongi ez baliatu izanaren sentsazioa izan dute...
Irakasleek ahal zutena egin dute. Ahalik eta ondoen egin dute baina, egia da, askok ez dutela asmatu nola egin gauzak. Pena ematen dit esperientzia horretatik hainbat irakaslek atera duten ondorioa izatea teknologiak ez duela irakaskuntzarako balio. Ikaragarrizko baliabidea da, baina ondo erabili behar dugu, eta irakaslearen rola berrikusi behar dugu: ikasleei teknologiak ongi erabiltzen lagundu behar die, pentsamendu kritikoa garatzen lagundu behar du. Teknologia behar dugu, bai, baina oso modu inteligentean txertatua, haurrek ongi erabil dezaten eta ez ditzan teknologiak haurrak erabili; hori da gakoa.
Ikastetxeen eta hezitzaileen lana konplexua da benetan, oso exijentea eta zorrotza da. Ezin da pentsatu irakasleek lehendik daukaten lanzamari ikastaro txiki bat erantsita inolako eraldaketarik egingo dutenik; ez, denbora asko inbertitu behar da elkarrizketetan, gauzak probatzen eta esperimentatzen.

Nola laguntzen diezue ikastetxeei aldaketa horren lidertza har dezaten?
Eraldaketa-prozesu batek, inbertsioez gain, lidergo esanguratsu eta sendo bat behar du. Ongi josiriko eta prestaturiko zuzendaritza-taldeak behar dira, denbora-ortzi-muga nahikoarekin, urtebetean ez baita ezer eraldatzen. Aldaketarako arrazoiak eta motibazioa izango dituen taldea behar da. Eta hortxe egon ohi da, hain zuzen ere, geldiaraztea dakarren beste gako bat: jende askok ez ditu zuzendaritzako ardurak hartu nahi, lehenik eta behin, sektore honetan lan horiek oso gaizki ordainduak daudelako, beste sektore batzuekin konparatuta; eta badakit ikastetxe askotan zuzendaritzak osatzeko zailtasunak izaten dituztela. Zuzendaritza-talde batean baldin bazaude, hala egotea egokitu zaizulako, ahal duzuna egingo duzu, baina hori ez da lidertza hartzea, hori ez da gauzak ongi egiteko bermea. Talde sendoak, seguruak, konprometituak, prestatuak eta indartsuak behar ditugu, eskuartean daukagun gaia oso garrantzitsua delako.
Ikastetxe batek deitzen digunean, lehenik eta behin, entzun egiten diegu, non dauden ikusten dugu, zertan saiatu diren, zer egin duten, zer ez duten egin, zer daukaten, zer falta zaien, zein den beraien pertzepzioa... Planteamendu indibidualizatu, zehatz eta praktiko bat egiten diegu, eta kasuren batean lidertza-gaiei buruzko formazioa ere eman izan diegu. Esan ohi diegun lehen gauza da lidertza hau partekatua dela, ez dela asko dakiten bi edo hiru pertsonaren kontua, hemen talde osoa inplikatu behar dela.
Guk bidelaguntza eskaini diegun ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak oso konbentzituak eta konprometituak daude aldaketarekin. Abiapuntu horren gainean hausnarketarako espazioak sortzen lagundu diegu, ikuspegi partekatua eraikitzeko, gauden egoeraren inguruko ulermena zabaltzeko, eta eraldaketarako estrategien eta ekintzen diseinua zirriborratzeko.

Zuzendariaren figuratik zuzendaritza-taldeetara pasa dira ikastetxeak, ezta? Aldaketa hori, dagoeneko, gertatu da, ezta?
Derrigorrez, ez dago beste aukerarik. Pertsona bakar batek ezin du irakasle-talde bat mugiarazi. Eta are gehiago esango nuke: zuzendaritza talde batek ezingo dute eraldaketa-prozesu bat gauzatu ez baldin bada gauza eragingo duen irakasle talde konprometitu bat bat osatzeko. Guk gako garrantzitsu batekin laguntzen diegu: ikuspegi partekatua sortzen laguntzen diegu. Arrazoiak edukitzearen garrantziaz hitz egiten dugunean, etorkizunari begira dituzun ideiak eta ikuspegia ezagutzea oso garrantzitsua da; zer eraiki nahi duzu? Ikuspegi horrek zure motibazioari tira egiten dio, aurrera begirako urratsak egiteko zure gaitasunari bultza egiten dio.
Garrantzitsua da berba egiteko denbora hartzea, lehendabizi zuzendaritza-taldeetan, eta gero erakundearen geruza zabalagoetan; berba egin dezagun munduaz, egin behar duguna egiteko armatu gaitezen, metodologia aldatzeko. Horretarako guztirako, lehenik eta behin, oso ongi ulertu behar dugu zertarako egiten dugun zerbait, halako ikastetxe bat eraiki nahi dugulako, munduari honela edo hala erantzun nahi diogulako... Berba egiteko espazioak sortzen laguntzen diegu, zer nahi duten eta zer behar duten ikusteko eta ohartzeko. Hori bera, berba egiteko denbora hartzea, hain zuzen ere, ikastetxeek duten beste zailtasun bat da, irakasle guztiak hiru orduz elkarrekin egotea lortzea oso zaila baita. Ordutegi-egitura oso konplexua daukan erakundea da, eta horrek euren arteko komunikazioa zaildu dezake.
Batzuetan iruditzen zaigu ikastetxe askok ez dutela kanpora begiratzen. Oso erakunde endogamikoak izan direla, eta barnealdera begiratu dutela asko. Kanpora ere asko begiratu behar dute, gizarteari, enpresei... zer gertatzen da hor kanpoan? Ikastetxetik kanpo gertatzen diren gauzekin bat egiten duzunean inguruak segituan gonbidatzen zaitu hainbat aldaketa egitera, esate baterako, teknologien gaian edo gaitasun emozionalen alorrean... Helduei zuzenduriko formazio asko gisa horretako gaitasun pertsonalak ikastera bideratzen dira, bada ongi legoke geuk ere haurrak txikitatik heztea gaitasun horietan...

Zer behar du zuzendarita-talde batek lider on izateko? Formazioa behar du? Lidertzaren gakoak barneratu behar dituzte?
Zuzendaritza-taldeek talde-ikuspegia eduki behar dute, eta luzera begirako ikuspuntua. Horretarako lidertzaren gutxieneko gakoak ezagutzea ondo datorkie. Orokorrean, zuzendaritzataldeek formatu egin behar dute, eta gero elkarrekin ikasten joatea erabaki behar dute. Formazioaren gakoak eraldaketa-prozesu bat zer den ulertzea litzateke, komunikazio-gaitasunak ezagutzea eta zuzendaritza-taldearen adimen emozionala lantzea. Adimen emozional handia behar da lidertza hartzeko, “tira, goazen, honek txarto irten du, goazen bestea saiatzera...”. Lehen hezitzaileez esaten genuen bezala, zuzendaritza- taldeak ere bere rolaz jabetu behar du, ondokoak seguru sentiarazi behar ditu aldaketan, ez daitezen epaituak sentitu. Aldaketa ez da erosoa, deserosoa da; baina guk testuinguru segurua eskaintzen badugu, ondokoek onar dezakete deserosotasun hori; ez baita gauza bera segurua eta erosoa. Erronkaren aurrean babestuak sentitu behar dute, ikastetxe baten eraldaketa-prozesua egin dadin irakasle bakoitzak aldaketa pertsonala egin behar baitu. Hau ez baita irakurrita barneratzen duzun zerbait. Nola egiten da hori? Horri buruz berba egin behar da, baina gero praktikatu egin behar da. Ez dago lasterbiderik. Zein da hezitzailearen rol berria eta zein gaitasun eskatzen ditu? Eta ni neu, nola nago konpetentzia horiei dagokienez? Badauzkat ala ez dauzkat? Lanketa hori enpresa guztietan egiten da. Ikastetxe batean hori planteatzean irakaslearen ebaluazioa planteatzen da, eta bai, noski egin behar dela.

Badira irakasle batzuk “baina hau beti horrela egin da” esango dutenak, gutxiengoa badira ere. Zer egin daiteke aldaketarako erreparoak dituzten irakasleak aldaketaren gurdira igo daitezen?
Sektore hori gutxiengoa baldin bada, baiezkoan daudenekin aurrera egin behar da, eta joango dira gurdira igotzen. Aldaketa partaide guztien artean egin behar da, baina guztiek ez dituzte erritmo berdinak jarraitzen. Lidertza-taldeetan lantzen dugu alderdi hori: bidean batzuek alde batera egiten dute bultza, eta beste batzuek, beste aldera. Lider-talde on batek hori ulertu behar du, eta iraganaren aldera tira egiten duten pertsona horiek ere prozesurako garrantzitsuak direla ulertu behar du. Beraiek gogorarazten digute iraganeko zein gauza diren gorde beharrekoak. Erreparoak dituzten horiei entzun egin behar zaie, eta ikuspegia sortzen lagundu behar zaie, baietz esaten lagundu behar zaie. Esate baterako, teknologien gaian erreparo asko daude, bada erreparo horiek posititiboak dira, inork izango ez balitu agian baldarki txertatuko genituzke IKTak hezkuntzan. Entzun eta teknologiek arriskuak dituztela esaten badigute, goazen gauzak oso ondo egitera, eurei euren argudioak aldatzen lagunduz. Horretarako pazientzia eta komunikazio handia behar dira. Aldaketa argi ikusten ez duten pertsonek beste erritmo bat behar dute eta zuzendaritza-taldeak jakin behar du eraldaketa- prozesu batean erritmo desberdinak egongo direla, eta onartu egin behar du. Ez badu onartzen, horma baten kontra joka ariko da. Behin hori onartuta, ikusiko du mugimenduak mugimendua eragingo duela, eta mugitu nahi ez zuen hori ere, azkenean mugimendua ikusita, gehitzen joango da. Goazen beraz, prest daudenekin mugimendua sortzera. Gero, egon daiteke ehuneko kopuru txiki bat mugituko ez dena, eta, kasuan kasu, irakasle horiekin zer egin behar dugun ikusiko dugu. Baina ezin dugu inor prozesutik kanpo utzi eta ezta euren iritziak baliogabetu ere; erreparoek ere bai baitaukate balioa.

Familiak eta haurrak ere funtsezko dira eraldaketa-prozesuan, ezta?
Familiek batzuetan aldaketa eskatzen dute, eta beste batzuetan, aldaketen aurrean zalantzak agertzen dituzte. Ezinbestekoa da familiak hor daudela ulertzea, eta hasieratik asko komunikatu behar zaie, prozesuaren parte izan behar dira, eta denbora inbertitu behar da haiekin aldaketaren prozesu osoa komunikatzeko. Batzuei gustatu egingo zaie aldaketaren ideia, eta ongi ulertuko dute; beste batzuek trabak jarriko dituzte. Baina guztiak dira beharrezko. Hori bai, familiak aurrez aurre baldin badituzu, hori traba handia izango da.
Ohartu gara, oro har, familiak gutxi inplikatzen direla ikastetxeen eraldaketa-prozesuetan. Irakasleei nagia eragiten die familiengana gerturatzeak, eta gauza bera gertatzen da beste aldetik ere. Diskurtsoan gauza bat esaten da eta gero praktikak erakusten du kosta egiten dela gurasoak ikastetxera gerturatzea eta aldaketa ezagutzea eta bertan parte hartzea.
Haurrek, bestalde, ikusten dutena ikasten dute, eskuragai egoten dira eta ez dauzkate aurreiritzi mugatzaileak. Gero, nagusi bilakatzean izan ditzakete uste mugatzaileak, baina txikitan ez; eskain diezaikezu ikasketa-eredu bat eta eurenganatu egingo dute. Zure ikastetxeko irakasleek gauzak probatzen badituzte, gauzak diseinatzen baldin badituzte, esperimentatzen duten irakasleak baldin badira, galderak egiten ikasten laguntzen badiete... haurrek hori guztia modu naturalean barneratuko dute. Haurren jarrera lagungarria izaten da aldaketari begira.