Nola birplanteatu aurtengo mozorroak? Arte-hezkuntza bidelagun

2021-01-01

Urte asko dira hezkuntzan ikuspegi sozio-konstruktibista zabaltzen hasi zenetik; baina, tamalez, ezagutza “eraiki” egiten dela defendatzen duen ikuspegia ez da oraindik maila berean heldu ikaskuntzaren arlo guztietara. Jendarteak gehien baloratzen dituen arloetan garatu da gehienbat: hizkuntzan (idatzian batik bat) eta matematikan. Baina zer gertatzen da arte bisualen hezkuntzarekin?

 

 
 

Begiratu diezaiogun apur bat egungo egoerari: zer jarduera mota proposatzen ditugu? Marrazki librea edo beste arlo batean lantzen ari garen gaiarekin lotutakoa, koloreztatzea, eskulanak, artisten lanak kopiatzea edo horien bertsioak egitea, horma-
irudiak, edota hainbat teknika eta materialekin aritzea izan ohi dira ohikoenak.
Zer helbururekin proposatzen ditugu jarduera horiek? Nagusiki, sormena bultzatzeko, emozioak adierazteko, materialak esploratzeko, psikomotrizitate fina lantzeko, apaintzeko, gozatzeko, errealitatea irudikatzeko, lasaitzeko, teknikak ikasteko, edota artistak eta haien lanak ezagutzeko.
Bat al datoz proposatzen ditugun jarduerak lortu nahi ditugun helburuekin? Egun eskoletan proposatzen diren jarduera ohikoenak honelakoak direla antzeman du Imanol Agirrek (Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta arte-hezkuntzan aditua), itzal batzuk agerian utziz:
Proposamen gidatu itxiak, aldez aurretik emaitza erakutsita, prozesuaren pausoak instrukzio gisa proposatzen dituztenak. Zer-nolako sormena bultzatzen dute? Zer lortzen dugu horrela? Teknika batzuk ikastea? Etxera eramateko zerbait “polita eta figuratiboa” ekoiztea? Guztientzako material, pauso eta emaitza berberak proposatzen dituzten jarduerek ez dute aniztasuna aintzat hartzen, eta, horren ondorioz, uste dugu ezin dituztela sormena eta autonomia bultzatu. Pentsamendu exekutiboa baino ez dute garatzen (eskulanak eta buru-lanak behar dira); eta artearen funtzio dekoratibo hutsa erakusten dute, trebetasunari lotutakoa (ondo eginda). Bestalde, eskulanak edo koloreztatzeko marrazkiak egiteko aukeratzen diren ereduen ezaugarriak (sinplifikatuak, estereotipatuak, askotan sexistak) haurtzaroaren ikuspegi sinple eta pobrearen isla dira.
Artisten lanak imitatzeko edo bertsioak egiteko proposamenak. Agirrek “artea irakasteko” joera horrekiko adierazten duen kezka partekatzen dugu: eredu erreproduzitzailea da, lantzeko artisten aukeraketa oso mugatua da (batik bat hildako margolari abstraktuak lantzen dira), “jeinu sortzailearen mitoa” indartzen du, eta haurtzaroaren ikuspegi edulkoratua islatzen du.
Jarraibide eta eredurik gabeko jarduerak (“libreak”). Umeen rol aktiboa onartzen denez eta erantzuna bakarra ez denez, aniztasuna aintzat hartzen da. Baina aipatutako autoreak 1997an jada Hik Hasik argitaratutako monografiko batean aldarrikatzen zuen legez: “Marrazki librea, benetan librea?” Zer ideia, irudi eta gai izango ditu buruan umeak bakarrik uzten dugunean? Azken batean, nondik dator sormena? Teoria innatistek jaiotzetiko gaitasuna dela defendatzen dute, berariazko lanketarik behar ez duena, eta kutsatuko gaituzten irudietatik babestu beharrekoa. Artea nork bere emozioak adierazteko tresna gisa ulertzen da. Baina, pertsona guztiak gara sortzaileak maila berean arlo guztietan? Askotariko adimenen teoriari jarraituta, denok ez dugu gaitasun bera abesteko, idazteko edo marrazteko, eta arlo guztiak landu eta garatu daitezke. Konpositoreak oso sortzaileak dira txikitan musikarik entzun ez dutelako? Ereduek mugatzen dute gure sormena? Gure ustez, eredu pobre eta estereotipatuak kaltegarriak dira, baina kalitatezko ekoizpen artistikoek gure imajinarioa aberasten dute, arlo bisualean edo beste edozeinetan. Gainera, esan daiteke XXI. mendean irudia dela pertsonak modelatzeko eta manipulatzeko tresnarik erabiliena. Neskek egindako marrazkietan, bihotzak eta loreak sarriegi agertzen dira; mutilenetan, pilotak eta kotxeak. Egun, helduok besterik eskaini ezean, pantailak eta publizitatea, oro har, dira umeen imajinario bisuala elikatzen dutenak (Disney, Clan edo Youtube, besteak beste). Beraz, “libre” al da haur bat paper zuri baten aurrean? Nork ematen die forma haurren desioei?

Ekimen berrietarako proposamenak
Egoera honen aurrean, zer proposatzen dugu?
Arte bisualen hezkuntzan ere, irizpide pedagogikoei heltzea, eta horiekin bat ez datozen jarduerak ekiditea; esaterako, testu bat idazteko hizkiak diktatzen ez dizkiegun bezala, ekoizpen artistiko bat sortzeko, pausoak era itxian ez ematea, alegia, pentsamendua errespetatzea. Gainera, artea “desberdinari” irekita dago; pentsamendu dibergentea berezkoa du. Hortaz, galdera ahalik eta irekienetatik abiatuta, zabaldu diezaiogun bidea bilaketari, eraldaketari eta kolore guztietako erantzunei; bidelagun izanik, umeen pentsamendua laguntzeko, ez ordezkatzeko. Horrela, subjektibitateak eraikitzen lagunduko dugu.
Ildo beretik, helburu argi eta askatzaileak izatea (ez “zerbait polit egitea” edo “emozioak” bakarrik adieraztea): bizi duten mundu bisuala konprenitzea eta diskurtsoak sortzeko gaitasunak ahalbidetzea. Hizkuntza idatzia ez ezagutzeak ez gaitu libreago egiten. Idazten eta irakurtzen jakiteak bezalaxe, kultura bisuala irakurtzen (interpretatzen), produzitzen eta kritikatzen jakiteak boteretsuago eta askeago egiten gaitu. Umeak biluzik uzten ditugu, inolako tresnarik gabe, alfabetatze bisuala landu ezean. Eta, gainera, XXI. mendean komunikatzeko erabiltzen den hizkuntza mota garrantzitsuenetako bat garatzeko aukera lapurtzen ari gatzaizkie.      
Horrez gainera, arteak eta kultura bisuala erabiltzea, arteak jokoan jartzen dituzten funtzio posible guztiekin: informatzea, salatzea, emozioak adieraztea, pentsaraztea, kritikatzea, dekoratzea, jolastea, ikastea, gozatzea…; margogintzaz harago, eskulturak, argazkigintza, instalazioak eta abar bidelagun izanik. Bestalde, kultura bisualarekin uztartuta; izan ere, egungo haurren kultura bisuala motxiletan, kamisetetan edota kromoetan dituzten irudiz hornitzen da, eta uste baino eragin nabarmenagoa dauka haien nortasunaren eraikuntzan, irudi horiek ahalbidetzen dituzten eredu eta estereotipoak direla medio. Hona, adibide gisa, gure ikastolan landutako proiektu batzuk: elikagaien ontzietako ikurrak aztertu; jolasteko instalazioa muntatu; komiki baten ilustrazioak egin; antzerkia iragartzeko kartela sortu; injustiziaren bat salatu; identitateaz hausnartzeko, animalia/pertsona hibridoak sortu; argia ikertzeko, itzal-eskulturekin esperimentatu; eta genero-rolak aztertu, ekoizpen artistikoei erreparatuz, besteak beste.
Eta, azkenik, metodologikoki, erronka irekiak proposatzea: artisten ikerketetara hurbiltzeko aukera zabaltzea, arteari buruz baino gehiago artearen bidez ikasteko. Eta lanak, testuinguru batean kokatuta, inspiratzeko erabiliz, ez imitaziorako soilik. Azken batean, uste dugu oreka egon behar duela “jarraibiderik gabeko jardueren” eta “proposatutako erronken” artean, biak baitira garrantzitsuak sormena garatzeko.