Goazen jolastera... euskararekin!

2020-02-01

Euskara arlo akademikoarekin lotzeko joera haustera datoz Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak sortutako 'Hizkuntzarekin jolasean' unitate didaktikoak. Ez da euskara ikasteko materiala, nork-nori-nork, ergatiboa eta atzizkiak erakusten dituena; aitzitik, euskararekin jolasteko materiala da. Euskara erabiltzeko eta euskaraz aritzeko proposamenak biltzen ditu, baina jolastuz, ondo pasaz eta umorez. hizkuntzarekinjolasean.asmoz.org webgunean daude edonoren eskura, doan eta erabilgarri.

 
 

G

auza jakina da gure errealitate soziolinguistikoan ikasle askorentzat euskara esparru akademikoarekin eta erabilera formalarekin loturiko hizkuntza dela. Bada, Hizkuntzarekin jolasean unitatea didaktikoak horri buelta ematera datoz. Alegia, euskara jolasarekin eta umorearekin lotzen dute, euskaraz jolasteko proposamen erakargarriak eta atseginak eginez. Hizkuntzarekin jolasean unitate didaktikoek ikasleen euskararen erabilera sustatu nahi dute, ezagutza linguistikoa hobetu eta hizkuntzarekiko atxikimendua sendotu. 

Horretarako, materiala osatzen duten hiru unitateetan hizkuntzaren alderdi jostagarriak erakusten zaizkie ikasleei, hizkuntzarekin jolasteko aukera ematen dietelarik: hitzekin jolasten, hieroglifikoak asmatzen, txisteak kontatzen eta hitz eta istorio berriak asmatzen jartzen ditu ikasleak.

Edukia eta euskarria, biak dira dinamikoak, biziak. Iñaki Zapirain aholkulari pedagogikoak eta unitateen egileak azaltzen duenez, “euskarri digitalean dagoen materiala denez, hori erabili beharko dute eta horregatik egin dugu webgune bizia eta erakargarria”. Denera hiru unitate didaktiko dira: Mahai-jolasa, Sare sozialetan eta Txistealdia. “Horietako bakoitzak hiru fase ditu. Hasierako fasean irakasleak gaia aurkezten du; bigarren fasean bi sekuentzia burutuko dituzte ikasleek; eta hirugarrenean erronka bat gauzatzeko ekintza egin beharko dute”, dio Zapirainek. Esate baterako, mahai-jolasaren unitate didaktikoan izango duten erronka mahai-jolas bat sortzea izango da. Horretarako, hainbat gauza erabaki beharko dituzte: nola antolatu, nola puntuatu, nola banatu, nola jolastu... alegia, mahai-jolasaren arauak. Erronkara iritsi aurretik, bigarren fasean bi sekuentzia landuko dituzte, eta horrek azken erronka egiten lagunduko die. Kasu honetan hitzekin jolasean eta hieroglifikoak dira sekuentzia horiek. Hitzekin jolasean sekuentzian hitzekin jolasteko hitzak behar direla konturatuko dira, hitzak esploratuko dituzte, hitz berriak sortu, hiztegia landu eta abar. Eta hieroglifikoak sekuentzian antzekoa: hieroglifikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ikastearekin batera, hieroglifikoak sortzen ikasiko dute.

Bigarren unitate didaktikoa Sare sozialetan izenekoa da, eta hor erronka izango da hitz-jolasetan oinarritutako pieza umoretsuak sortzea, meme delakoak, eta ondoren, horiek sare sozialetan ipintzea. Euskara mundiala da eta hizkuntzak imitatzen sekuentzietan euskarazko esanahia eduki dezaketen beste hizkuntzetako hitzekin jolastuko dute, hitz berriak sortu eta beste hizkuntzak imitatu ere bai. Kike Amonarriz egitasmoaren zuzendariak eta unitateen egileak mota horretako jolasen adibideak ematen ditu, asko Txiskolan eta Mihiluzen erabilitakoak direla azpimarratuz: “Nola esaten da venezieraz ‘ondoloin’? Gondoloin. Nortzuk zarete? Ni Bea eta hau Sonia” (Nivea eta Ausonia).

Azkenik, hirugarren unitate didaktikoan, Txistealdia izenekoan, erronka txiste emanaldi bat antolatzea izango da. Horretarako, aurreko sekuentzietan txisteak kontatzen eta antzezten trebatuko dira. Txisteka-misteka eta txoauaren ordua! sekuentzietan txistearen erregistroa lantzen da eta horrekin batera txisteen egokitasuna, umorearen inguruko hausnarketa, erregistro aldaketa seriotik kalekora, hitanotik zukara, kontaketa onaren gakoak, txisteak kontatzeko trikimailuak eta abar. “Atal honetan lau gonbidatuk hartzen dute parte: Zuriñe Hidalgok, Iker Galartzak, Idoia Torregaraik eta Julen Telleriak. Gustukuen dituzten txisteak kontatzen dituzte, asmatutakoak ere bai, txisteak kontatzeko trikimailuak erakutsi ere bai eta beste hamaika gauza, beti umorez eta jolastuz”, dio Amonarrizek.

 

Gazteak inspirazio iturri

Gonbidatuak aukeratzerakoan gazteentzat erreferenteak direnak aukeratu nahi zituztela aipatu dute egileek, eta horretarako, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako gazteei galdetu dietela. “Ume hauek zer ezagutzen duten jakin nahi genuen, guretzat ezagunak diren erreferenteak jartzeak ez baitu zentzurik”.

Halaxe aukeratu dute Antton Telleria EITBko aurkezlea unitate didaktikoetako bideoetako aurkezpen lanak egiteko. “Nire neurrira egindako lan bat izan da, nik berez baitut jolasean aritzeko joera. Izugarri gustatzen zait hizkuntzarekin eta hitzekin jolas egitea. Hizkuntzek gauza askotarako balio dute, besteak beste, sormena lantzeko eta jolasteko”.

Unitate bakoitzean sekuentziak eta erronkak planteatzen dira, beraz, eta horiek aurrera eramateko jarduerak. Eta irakasleentzako gida ere badago, jarduerak gauzatzeko argibide guztiekin eta informazio osagarriarekin. Horrez gain, ikasleentzako lan-koadernoak ere badaude. Printzipioz bere osotasunean lantzeko pentsatuak eta prestatuak baldin badaude ere, jarduerak modu soltean egin daitezke beharren eta egokitasunaren arabera. “Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat sortu dugu materiala” dio Amonarrizek, “baina DBHkoentza, Batxilergokoentzat eta euskaltegietakoentzat ere egokia izan daiteke”. 

Jolas horiek denak taldelanean egiteko planteatuta daude, Zapirainek azaltzen duen moduan: “Esate baterako, memeak egin behar dituztenean, aditu taldetan banatzen dira eta lanak banatu egiten dituzte: grafista taldea grafismoaz arduratuko da; interpretazio taldea esketxa egiteaz; grabaketa taldea grabatzeaz; beste batzuk sare sozialetan sartzeko plangintzaz...”.  Eta hori guztia metodologia aktiboak erabiliz planteatu dute: “Garrantzitsua da lantzen dituzten edukiak barneratzea ikasleek eta, horretarako, egokiena metodologia aktiboak erabiltzea dela iruditzen zaigu. Hau da, eduki horiekin zerbait egitea, zerbait sortzea, eta horrela ikasten duten horri zentzua hartzen diote eta ikasketa bera esanguratsuagoa bihurtzen da”.

Jolastuz ikasi. Haur txikien kasuan behin eta berriz esaten dena, haur koxkorragoekin ere egitea proposatzen dute egileek. “Azken finean, ludolinguistika edo aisilingustika egin dugula esaten dut nik, –dio Amonarrizek– linguistika baina jolasarekin. Horixe baita nahi duguna: bai ikasleek eta baita irakasleek ere ongi pasatzea”. Eta mezu horri beste bat gehitzen dio: “materiala zabaltzea nahi dugu, denen eskura dago eta kopiatu daiteke, ondo kopiatuz gero. Eman ta zabal zazu, horixe da nahi duguna”.