HALLOWEEN ALA GAU BELTZA EUSKAL HERRIAN? NOLA OSPATU?

2019-12-01
 
 

H

 alloween, Gau Beltza, Gau Iluna... azken urteotan ospakizun horien inguruko iritziak ugaritu egin dira, aldekoak, kontrakoak, kritikoak... Zer ospatu beharko genukeen Euskal Herrian, zer ez, nola, zein modutara eta abar.

Hori dena ikusita, “zer gertatzen da urriaren 31 iluntzean?” galdera generabilen buruan bueltaka. Hainbat haur eta gaztetxok herriko kaleak hartzen dituzte hamaika herritan, Halloween festa ospatuz. Gainera, galdera horri erantzun nahian hasi ginenean, “Gau Beltza” festa berria zabaltzen hasia zen Euskal Herrian. Bestetik, duela hamarkada batzuk zer egiten zen jakin nahi genuen, adinekoen ahotik. Adinekoen praktikak jasotzeaz gain, haurren bizipenak eta diskurtsoak entzun nahi genituen, eurei ahotsa jarri eta euren esperientziatik hurbildu festa hauetara. 

Antropologo moduan, jai, erritu eta egungo fenomenoen ikertzaile moduan, Jaime Altuna eta bioi beti egiten zitzaizkigun deigarriak urriaren 31ren eta azaroaren 1aren inguruan sortzen ziren mugimenduak. Hori ikertu nahi izan genuen antropologia ikuspegitik Eibarko Juan San Martin bekari (2015) esker urtebetez. Landa lanean, hainbat jai eta ospakizunetan barneratu gara, elkarrizketak egin ditugu eta marko teorikoa landu. Antropologo izan gara gaur egunean pil-pilean dagoen jai baten barrenean. 

 

Halloween kaleak hartzen

“Festa kontsumista”, “amerikanada”, “kanpokoa”... erantzun horiek eman zizkiguten heldu askok Halloween aipatzean, eta ospatzen zuten haurrak horren biktimatzat hartzen zituzten. Haurrak euren kabuz antolatzen dira festa hori ospatzeko, ikerketan egindako behaketetan ikusi dugunez. Gehienetan, etxe batean taldetxoan edo koadrilan mozorrotu, beldurrezko pelikularen bat ikusi eta kalera ateratzen dira “truco o trato” esanaz, goxokiak biltzera eskean. Kaleak hartu ditu Halloween-ek, komunikabide, pelikula, kanpaina komertzial eta abarren bidez, eta baita eskoletako ingeles eskolen eta ingeles akademien bitartez ere. 

Baina nondik dator jai hori? Samhain festa zeltiarra da Halloween, Gau Beltza eta Arimen Gaua izenarekin ospatzen diren jaien jatorria. Antzinako Europa guztian zehar zabalduta zegoen ospakizun honek udaren amaiera eta neguaren hasieraren mugarria finkatzen zuen: urteko aldi “hilaren” hasiera, non lur eta bizidunek lo egiten zuten udaberria iritsi bitartean. Hiru egunetan zehar hainbat festa eta ospakizun egiten ziren hildakoak bizidunen tokira itzultzen zirela ospatzeko. Aspalditik, beraz, heriotzarekin lotutako jaia dirudi, hildakoen arimak etxera itzultzeko egunak baitziren (Frazer, 1995). Negua gerturatzean arima hoztu eta gosetiek baso eta soro biluztuak utzi eta etxearen goxotasuna bilatzen zuten sutan berotu eta familiartekoen ongi etorriarekin sukaldean egoteko. Urtean zehar hildako familia-kideentzat platera jartzea ohikoa zen (Barrera, 2003: 31). Euskal Herrian eta Pirinioetan antzeko ospakizunak jaso izan dira, izpirituek edo arimek jaten zutela uste zen eta hil ostean ere premia berarekin segitzen zutenez janari-edanekin batera lurperatzen ziren eta ofrenda moduan ogia eta argiak ipintzen zitzaizkien (Batzuen artean, 1995a). K.a. I. mendean erromatarrak Europan zehar militarki zabaltzearekin batera, kulturalki ere hedatu ziren, bertan bizi ziren herrien ohiturak bereganatuz, moldatuz eta aldatuz, tartean Samhain festa. VIII. mendean Gregorio III.a eliza katolikoaren buruak, kristau martirien eguna azaroaren 1ean ipini zuen, Samhain festaren egun berean. Geroztik, kristau egutegiaren ospakizun egun garrantzitsu gisa finkatu da eguberriekin eta Aste Santuarekin batera. Orduan aldatu zen egunaren izena ere: All Hallow's Eve, Santu Guztien bezpera, ondoren Halloween izen laburtuarekin ezagutuko zena (Arana, 2004). 

XVIII. mende amaieran ingeles eta irlandar etorkinek eraman zuten Halloween ospakizuna Ipar Amerikara eta XIX. eta XX. mendean zehar “amerikar identitate berriaren” tradizio propio gisa finkatzeko eta batasun kultural bat sortzeko elementu garrantzitsua bihurtu zen (Barrera, 2003: 189). Egun, Ameriketako Estatu Batuetako urteko egutegian garrantzia duen ospakizuna da, Pazko ospakizunak edo Esker-Emate Eguna bezala, eta esan daiteke Halloween barrura begira etengabe berritzen eta finkatzen den tradizio kulturala dela baina, era berean, kultur ekoizpenen bidez mundura ere indarrez zabaltzen dena (ibid.).

Oihal kristau eta kapitalista batek estaltzen duten jentil jai hau, beraz, oso aspaldikoa da eta, antzinako formetan moldaketak egin badira ere, helburua eta logika nolabait mantendu izan da: urteko aldi hilaren etorreraren berri ematea, hildakoak gurtzea, hildakoak gogoratzea edo bizidunen eta hildakoen arteko harremana ospatzea.

 

Kalabazarekin jolasten ziren gure aitona-amonak

Kalabaza aurpegi festarekin ikustean, Halloween etortzen zitzaigun askori burura, festa horretako sinbolo baita, urria hilabeteko ikurra. Baina halako batean, helduenen ahotik entzun dugu, haurrak zirenean kalabaza edo arbiak baratzetatik ostu, hustu, aurpegi forma eman eta bide bazterretan eta bidegurutzeetan jartzen zituztela jendea izutzeko. Gure ikerketaren arabera, oso praktika zabaldua zen, Euskal Herriko toki askotan jasotako testigantzak dioten bezala. Udazken guztian zehar egiten zen bihurrikeria edo jolasa zen –garai honetakoak baitira arbiak eta kalabazak–, baina urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an gehiago ugaritzen zena, testuinguru erlijiosoan arima eta hildakoak etortzen zireneko ustea eta sinesmena zegoelako. Gainera, argiteri gutxiko kale eta herrietan, kinke batekin etxera oinez joan behar izaten zen garaietan, kandelaren dir-dirak mugimendua sortzen zion buru hari, izugarri bilakatzen zen; askoren ahotan arima, etsaia, sorgina edo deabrua.

Miretsi eta ia Gau Beltza festaren muina bilakatu den praktika hura haurrei loturikoa zen, helduen ikuspegitik “umekeria”, “txorakeria”, jaramonik egiten ez zitzaion kontua. Baina jolasa garrantzitsua da, Huizingak zioen bezala: “Jolasatu egiten dira, antzezpena egiten dute haien jolas eremu propio baten barruan, festa gisa definitutako eremu batean, hau da, pozez eta askatasunez. Horretarako, garaiko mundu bat sortzen dute eta horren eragina ez da bukatzen jolasa amaitzean, baizik eta bere distirak egunero argiztatzen du mundua, eta festa ospatu duen taldeari segurtasuna, ordena eta ongizatea ematen dizkio” (Huizinga, 2000: 29)1. 

Euskal Herrian Halloween ospatzen dutenean haurrak jolasean ari dira, jarduera aske batean, helduen presentziatik kanpo: eurak antolatzen dira eta deseraiki dizkigute hainbat uste. Nahiz eta Halloweenek balio kontsumista nabarmenak izan, ia dirurik gastatu gabe ospatzen dute, ihauterietako mozorroen kaxatik mozorroa hartu eta aurpegia margotuta, edota ilea harrotu, aurpegia arimaz margotu eta kamiseta zahar bat hautsita. Jai erakargarria da haientzat, hala kontatu digute. Azken finean, iluntzean lagunartean ateratzen diren lehenengotako aldia da, mozorrotu egiten dira, goxokiak jaten dituzte eta beldurra edo sustoaren emozioa sartzen da jolasean. Eta hori dena, askori, oso erakargarria zaio, eta horiek dira arrakastaren gakoak. 

 

Gau beltzaren arrakasta

Testuinguru honen aurrean sortu ziren hainbat herritan Gau Beltza eta Arimen Gauak, azken urteotan zabalpen azkarra izaten ari direnak Euskal Herri osoan zehar. Oinarrian, lehengo aitona-amonen praktika hori dago, kalabazekin jolastea, eta presentzia nabarmena dute festa honetan. Baina badute desberdintasun bat Halloweeneko kalabazekin: Gau Beltzan kalabazak baratzekoak dira. Kalabaza horiekin kalabaza tailerrak antolatu ohi dira heldu eta haurren artean norberak kalabaza desberdin eta bakarra sortzeko, kale ilunetan beldurra emateko elementu bilakatuko direnak. 

Festa horiek berreskurapena izan ordez, berrinterpretazio edo berrasmatzeak dira, gaur eguneko errealitatera egokitutako jaiak. Hainbat balio barnebiltzen dituzte: euskaraz dira, mozorroen berrerabilpenari edo sortzeari garrantzia ematen zaio, gaztainek garai bateko protagonismoa hartzen dute, hainbat herritan Euskal Herriko neguko jaietan oso hedatua zegoen puska-biltze edo eske-errondak egiten dituzte, non herritarrek janaria ematen duten ostera denen artean komunitatean jateko. Horrekin batera, esaera berriak sortu dira, “truco o trato” ordezkatzeko helburuz, Nafarroako hainbat bailaratan oraindik mantentzen diren azaroaren 1eko haurren eskeetan erabilitako esaerak berfomulatuz: “xanduli, manduli, kikirikiiii... eman goxokiak guri!”, edota “txingili, txangili, txango... gau beltza, beltzago... kalabazek argituko, jana eman arte ez gea jungo”. 

Tradizio berria sortzean, nahi den zentzua eta balioak emateko aukera ere ematen du, eta baita hainbat gai lantzeko parada ere: heriotza, esaterako. Heriotza ia tabu bilakatu dugun gizartetan, Gau Beltzak edo aurreko egunek heriotzaren gaia lantzeko aukera ematen dute. Bazirudien globalizazioak kultura ere homogeneizatuko zuela, baina bertakoa indartu eta garatzeko aukerak ere sortzen ari direla ohartzen ari gara.

Gau Beltza arrakasta ziurtaturik duen jaia da, elementu oso erakargarriak dituelako, esan bezala. Orain hausnarketarako tartea hartzea komeni da, udazkenean zer eta nola ospatu nahi dugun galdetuz geure buruari. Baina, betiere, argi eduki behar dugu ekimena eduki behar duten protagonistak haurrak direla. Haurrei beraiei entzun behar diegu eta eurei eman behar diegu hitza. Ospakizun hauek haurrekin osatu beharko dira, edo, hobeto esanda, haurrek osatu beharko dituzte. Helduok geure agentzia aitortu beharko dugu. Haien nahiak eta helburuak betetzeko gai diren pertsona gisa hartu beharko ditugu, ospakizun hauetan haur jolasa seriotasunez eta alaitasunez osatzeko.

 

Informazio gehiago

- OZAITA, JOSU eta ALTUNA, JAIME: Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa, UEU, Eibar, 2008.

- www.gaubeltza.eus