Solasaldi literarioak Haur Hezkuntzan

2019-11-01

Komunikazio-ekintzetako bat elkarrekin irakurtzea da, eta, horretarako, baliabide paregabeak dira ipuinak Haur Hezkuntzan. Esperientzia honen helburu orokorra Haur Hezkuntzako zeharkako oinarrizko konpetentziak eta esperientzia-eremuak lantzeko (5 urteko ikasgelan) solasaldi literarioen ekarpena eta baliagarritasuna baloratzea da.

 
 

K

omunikazio-ekintzetako bat elkarrekin irakurtzea da, eta, horretarako, baliabide paregabeak dira ipuinak Haur Hezkuntzan. Ipuinak ilustratuak, letra handikoak eta orriko hitz gutxikoak izatea komeni da, eta testuaren eta irudiaren artean loturak izatea, umeak inoiz ikusi edo bizi ez dituen objektuak eta esperientziak ikus ditzan (Goikoetxea eta Martínez, 2015). Ipuina beti izan da inguruan dituen errealitate askotarikoak eta liluragarriak azaltzeko gizakiak erabili duen narrazioa. Irakurketa partekatuak zuzeneko eraginak ditu ahozko hizkuntzaren garapenean, testuaren ezagutzan, zeharkako alfabetatze goiztiarrean eta irakurketaren ikaskuntzan. Liburuetako hiztegi aberatsarekin, helduen eta haurren arteko elkarrekintzekin, sortzen dituen esperientzia emozionalekin eta idatzizko testuaren presentziarekin elikatuko da haurra.

Irakurketak planifikatuta egon behar du ikastetxean, eta ezinbestekoa da espazio eta denbora nahikoa eskaintzea eta ez mugatzea. Irakasleak era guztietako irakurketak sustatzeko bideak eta baliabideak bilatu behar ditu, irakurketarako ikasleak dituen gustuak kontuan hartuta. Liburutegia ikasteko eta irakasteko eguneroko agertoki hurbila da (Aguiló, Florit eta Trobat, 2013), eta, gaur egun argitaletxeek egiten duten eskaintza zabala aprobetxatuz, liburu egokienekin elikatu behar da. Ikasturte guztirako edo aldi baterako liburuak egon daitezke, eta, azken horien kasuan, curriculumeko hainbat alderdi jorratzeko erabili daitezke. Materiala eskuragarri egongo da ikasle, irakasle eta komunitate guztiarentzat.

Irakurketarako baliabideen hurbiltasunak informazio beharra aseko du, gaiei buruzko jakin-mina sortuko du, eta irakurtzeko ohiturak bultzatuko ditu. Azken finean, Haur eta Lehen Hezkuntzako edozein irakasleren helburu nagusietako bat, euren ikasleak irakurleak, irakurle onak izatea da, eta gai eta tipologia askotako liburuak maitatzea eta estimatzea. Horretarako, espazio alaia, motibagarria eta oso funtzionala izan behar du liburutegiak ikasleentzat, eta ezinbestekoa da zeregin horretan ikaslea partaide eta arduradun izatea.

 

Solasaldi literarioak: ikastola batean egindako ikerketa

Lan honen helburu orokorra Haur Hezkuntzako zeharkako oinarrizko konpetentziak eta esperientzia-eremuak lantzeko (5 urteko ikasgelan) solasaldi literarioen ekarpena (baliagarritasuna) baloratzea da. Lehen aipatu denez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren 237/2015 Dekretuko 3. artikuluan jasotzen denez, Haur Hezkuntzaren xede nagusia haur guztien garapen osoa eta orekatua lortzea da. Hori horrela izanik, helburu garrantzitsu hau lantzeko estrategia metodologikoak eta jarduera egokiak landu behar dira. Dekretu horren zortzigarren artikuluan zera dio: 

2.– Konpetentzien araberako pedagogiak ezaugarri nagusi hauek ditu: 

a) Problema-egoerak konpontzea, eskura dauden baliabideak modu integratuan erabiliz. 

d) Oinarrizko konpetentziak garatu ahal izateko, egoera errealetako jarduerak proposatu behar dira, eguneroko bizitzako problema nagusiak jakintzarekin lotuz. 

e) Oinarrizko konpetentziak garatzeko aukera emateko, ikasleak modu aktiboan inplikatu behar du jakintza bilatzen, ikasten, esperimentatzen, hausnartzen, aplikatzen, autoebaluatzen eta komunikatzen. 

f) Hezitzailearen eginkizuna izango da haurren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan laguntzea eta prozesu horiek tutorizatzea, eta horretarako prozesuak diseinatu, planifikatu, antolatu, estimulatu, lagundu, ebaluatu eta birbideratu egin behar ditu. 

Dekretuko paragrafo horiek irakurri ondoren, hiru helburu jakin planteatu genituen: 

a) Solasaldi literarioak Haur Hezkuntzako esperientzia-eremuak lantzeko (norberaren nortasuna eta komunikazioa, eta norberaren nortasuna eta ingurune fisikoa eta soziala) egokiak diren aztertzea. 

b) Solasaldi literarioak zeharkako oinarrizko konpetentziak lantzeko (komunikazioa, ikasten ikasi, elkarbizitza, ekimena eta izaten ikasi) egokiak diren aztertzea.

c) Solasaldi literarioen inguruan praktikak hobetzeko hausnarketa eta ekarpenak egitea.

Hona Hemen, goiko taulan, esperientzia-eremuak eta zeharkako oinarrizko konpetentzien zerrenda:

Saioak Donostiako ikastola batean landu dira, Haur Hezkuntzako 5 urteko ikasleekin. Ikasgela horretan, 21 ikasle daude (15 neska eta 6 mutil), eta Donostian bizi dira denak. Solasaldi literarioak ikastolako liburutegian egin dira, eta lau saio landu dira. Azkenik, esan behar da gure lanean ageri diren ikasleen eta ikastolaren izenak asmatuak direla, isilpekotasun-printzipioa errespetatzeko. Lan-saioak ikastetxeko liburutegian egin dira, ikasgelako ordutegian (9:30etik 10:30era bitartean). Lau saio horiek 2018ko abenduan (bat), 2019ko urtarrilean (bi) eta otsailean (bat) egin dira. Saio baten egitura honako hau da, gutxi gorabehera: ipuina irakurri, komentatu, solasaldi bat izan eta eskulanak egin. Solasaldi osoan, arazoren bat izan dugu (lanaren mugak), batez ere isiltasunaren gaiarekin. Ikasleekin entzute-prozesua lantzea espero genuen, baina oso zaila gertatu zaigu. Bestalde, aipatzekoa da gurasoen baimena lortzea ere oso prozesu astuna izan dela. 

Materialei dagokienez, lau ipuin hauek landu dira, saio bakoitzean bat: 

- Lehen ipuina: Browne, A.: Kezkamuxelak, Pamiela, Arre, Nafarroa, 2018.

- Bigarren ipuina: Aguilar, L.: Tximeleta belarriak, Pamiela, Arre, Nafarroa, 2018.

- Hirugarren ipuina: De Dios, O.: Munstro Arrosa, Cenlit Ediciones, Lizarra, Nafarroa, 2016.

- Laugarren ipuina: Sendak, M: Piztiak bizi diren lekuan, Kalandraka, Pontevedra, 2009.

Bestalde, honako hau da saioetan erabili den galderen eredu malgua:

Oinarrizko galderak:

- Gustatu al zaizue? Zerk eman dizue atentzioa? Ipuinak beste zerbait gehiago edukitzea gustatuko al litzaizueke? Marrazkiak gustatu al zaizkizue?

-Bada gustatu ez zaizuen zerbait? Zatiren bat aspergarria izan al da? Zerbaitekin pena, amorrua sentitu al duzue?

Galdera orokorrak:

- Lehendik irakurria al zenuten ipuin hau? Gehiago gustatu al zaizue orain, ala gutxiago, ala modu berean? Beste batean berriz irakurtzea nahiko al zenukete? 

- Irakurri duzue ipuin honen antza duen istoriorik? Zertan da antzekoa? Zertan da desberdina? 

- Zer esango zeniekete zuen lagunei ipuin honetaz? 

- Inoiz pasatu al zaizue ipuin honetan gertatutakoa? Liburuko gertaeraren bat gerta al daiteke bizitza errealean?  Zer ezin da inoiz gertatu? Ipuin hau zuek idatziko bazenute, zer izenburu jarriko zeniokete? 

-Zein da ipuinaren atal garrantzitsuena zuentzat? 

Esan dugun bezala, galdera horiek egokitu egin dira, ipuinaren arabera.

 

Ikerketaren emaitzak eta ondorioak (laburpena)

Lehen helburuari dagokionez (Solasaldi literarioak Haur Hezkuntzako esperientzia-eremuak lantzeko  egokiak diren aztertzea: Norberaren nortasuna eta komunikazioa eta Norberaren nortasuna eta ingurune fisikoa eta soziala), eremu komunikatiboa lau ipuinetan landu da batez ere. Lau ipuinetatik hirutan, eremu komunikatiboa gehiago landu da eremu fisikoa eta soziala baino. Aldiz, lau ipuinetatik batean, bai eremu komunikatiboa, bai eremu fisikoa eta soziala orekatuta landu dira. Landutako gaiei dagokienez, beldurrari, penari, familiari, isekari, gizarte-estereotipoei, kanpotik etorritako pertsonei, bizitza duinari denboraren kontzeptuari, espazioari, errealitateari eta fantasiari, eta portaerei eta zigorrei buruz hitz egin da. Gai horiek ikasleen ingurune fisiko eta sozial hurbila ezagutzeko balio izan dute. Irakaslearen rolari dagokionez, solasaldian eremu fisikoa eta soziala lantzeko trebetasunak hobetu behar genituzke. Gaur egun indarrean dagoen 237/2015 Haur Hezkuntzako Dekretuko 8. artikuluko 2. ataleko f. puntuak zera dio: hezitzailearen eginkizuna izango da haurren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan laguntzea.

Bigarren helburuari dagokionez (Solasaldi literarioak zeharkako oinarrizko konpetentziak lantzeko egokiak diren aztertzea: komunikazioa, ikasten ikasi, elkarbizitza, ekimena eta izaten ikasi), lau ipuinetan oso gutxi lantzen dira ikasten ikasteko konpetentzia eta ekintzailetza. Gaur egun indarrean dagoen Haur Hezkuntzako 237/2015 Dekretuko 20. artikuluko 3. atalean aipatzen denez, ikasleek pentsatzen eta ikasten ikasteko, komunikatzen ikasteko, besteekin bizitzen ikasteko, izaten ikasteko eta egiten nahiz ekiten ikasteko konpetentziak irakatsi behar ditu irakasleak, besteak beste. Martin eta Morenok (2007), garrantzi handia ematen diote ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentziari. Egile horiek diotenez, ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia lantzeko, autorregulazio kognitiboa, afektibo-emozionala eta soziala garatu behar dira. Ikaslearen ekimena eta autonomia ere oso garrantzitsuak dira haurraren garapenean. Solasaldi literarioen bitartez, konpetentzia hau nola landu daitekeen ere ikasi beharko genuke, garrantzitsua eta konplexua baita (Puig eta Martin, 2007). 

Hirugarren helburuari dagokionez (Solasaldi literarioen inguruan praktika hobetzeko hausnarketa eta ekarpenak egitea), bitartekaritza-lana azpimarratu nahiko genuke. Tébarren (2003) arabera, bitartekaritza-zeregin horiek horrelaxe zehaztu daitezke: irakaskuntzako eta ikaskuntzako helburuak zehaztea, ikaslearekiko interakzioa, elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzea, ikasleen autoestimua indartzea, kooperazioa lantzea, ikasleen kultura ezagutzea, eta alderdi kognitiboa, afektibo-emozionala, soziala eta etikoa lantzea. Horrez gain, egokia iruditzen zait Chambers-en (2007) ekarpena solasaldi literarioak garatzeko. Egileak dioenez, solasaldi literarioak lantzeko, elementu hauek hartu behar dira kontuan: liburua arretaz irakurtzea, haurrei askatasunez adierazten laguntzea, testuari buruzko iritzia ez plazaratzea, elkarrizketarako gaia inoiz ez inposatzea aukeraketak eskainiz, haurrei beste pertsonen hizketaldiak ere entzuten laguntzea, taldeak esan duena laburbiltzea, ezagutza sendotzeko elkarrizketa liburura ekartzen laguntzea, eta haurrei erantzunak garatzen laguntzea. Azken finean, ikaslearen garapen osoa lortzea da hezkuntzaren xede nagusia.

Inoiz ez da goiz haurrekin liburu bat partekatzeko. Irakurtzen ikasi arte itxarotea hitz egiteko hitz egiten ikasi arte itxarotea bezala izango litzateke. Solasaldi literarioekin, ikasleen eta irakasleen arteko elkarrizketa bidez hitzak eta sentimenduak partekatzeaz gain, eskola-errendimendua eta harremanak ere hobetzen dira. Ikasleak, zailtasunak kudeatu eta bere gaitasun guztiak garatzeko, konfiantza izan behar du beregan, besteengan eta inguratzen duen horretan. Konfiantza hori eraikitzen laguntzeko baldintza egokiak sortzea da hezitzaileen egitekoa (Ruiz eta Bañales, 2015). Solasaldi literarioak eta dialogikoak tresna baliagarriak izan daitezkeela pentsatzen dugu, batez ere, ikaslearen konpetentziak eta esperientzia-eremuak lantzeko eta, azken finean, haurraren garapen osoa lortzeko. 

 

Bibliografia

- AGUILÓ, L., FLORITl, LI. eta TROBAT, C.: “La bibilioteca de la escuela, un espacio vivo” in Aula de Innovación Educativa, 222, 43-47 (2013).

- CHAMBERS, A.: Dime: los niños, la lectura y la conversación, Fondo de Cultura Económica, Mexiko, 2007.

- GOIKOETXEA, E.; eta MARTÍNEZ, N. (2015). Los beneficios de la lectura compartida de libros. Educación XX1, 18 (1), 303-324. 

- Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila (2016). 237/2015 Dekretua abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza. Berreskuratua: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2016/01/1600142e.pdf

- MARTÍN, E. eta MORENO, A.: Competencias para aprender a aprende, Alianza Editorial, Madril, 2007.

- PUIG, J. M. eta MARTÍN, X.: Competencia en autonomía e iniciativa personal, Alianza Editorial, Madril, 2007.

- RUIZ, D. eta BAÑALES, I.: “Ibabe, eredu dialogikoa. Solasaldi literarioak eta curricularrak” in Arbela, 47, 24-26 (2015).

- TÉBAR, L.: El perfil del profesor mediador, Santillana, Madril, 2003.