‘Kapen’, karta-joko didaktikoa. Hondarribiko faunaren eta floraren ezagutza jolasaren eskutik dator haurrengana

2019-05-01

Herriko ekosistema jolasaren bidez ezagutzeko aukera eskaini nahi die Hondarribiko Arma Plaza Fundazioak herriko haur eta gaztetxoei, eta, helburu horrekin, Kapen karta-jokoaren proiektua eman du argitara. Sei karta-familiatan banatuta, herriko fauna eta flora osatzen duten izakiak agertzen ditu. Gainera, horien izenak Hondarribiko hizkeran, euskara batuan nahiz modu zientifikoan azaltzen dira.

 
 

Lehoia, foka edo ostruka ezagu-tzeko arazorik ez dute izango, segur aski, Hondarribiko nahiz Euskal Herriko edozein etxetako txikienek, nahiz eta erabat arro-tzak izan animalia horiek euskal ekosistemetan. Akaso, ordea, ez dira gai izango euren herriko txoririk arruntenari izena jartzeko, edo herriko errekan dabilen amuarraina identifikatzeko. Horri erremedioa jartzeko asmoz sortu du, besteak beste, Hondarribiko Arma Plaza kultur eta turismo-guneak Kapen karta-jokoa. Izan ere, herriko ekosistemak, fauna eta flora ezagutaraztea du helburu jolasak, modu didaktikoan, betiere. Jolas hori osatzen jardun dira Eñaut Aiarzaguena marrazkilaria, Iñaki Sanz biologoa eta Lore Erriondo pedagogoa. Jokoa doan banatu dute herriko ikastetxeetan, eta 10 €-ren truke eskura daiteke Arma Plaza Fundazioaren bulegoan nahiz webgunean.

Sei karta-familiak osatzen dute Kapen karta-jokoa, eta ekosistema bat irudikatzen du horietako bakoi-tzak: basoa; ibai eta errekak; itsasoa eta itsaslabarrak; landa-eremua; padura; eta hiria. Familia bakoitzak, bere aldetik, seina karta biltzen ditu, eta karta bakoitzak, berriz, izaki bat irudikatzen du: anfibioa edo narrastia; arraina; hegaztia; landarea; ornogabea; eta ugaztuna. Besteak beste, platuxa, amuarraina, karrakela, huntza, apoa, suge gorbataduna edo kaskabeltza agertzen dira kartetan. 

 

Nola jolasten da?

Sei karta-familia horiekin egiteko, lau joko proposatzen dituzte egileek. Batetik, puzzleak egiteko erabil ditzakete etxeko txikienek. Izan ere, familia bereko kartak elkartuta, dagokien ekosistemaren irudia osatzen da. Bigarrenik, familia-joko klasikora joka daiteke, hau da: partaide bakoi-tzak karta-familiak osatzea izango du erronka. Hirugarrenik, memoria-jokoa egin daiteke. Horretarako, karta handiago batzuk sortu dituzte, eta izaki bat baino gehiago agertzen dira horietan. Bere kartari begiratzeko denbora bat izango du partaide bakoitzak, eta, ondoren, bere kartan zein izaki agertzen diren zerrendatu beharko du, buruz eta kartari begiratu gabe. Azkenik, arreta- eta azkartasun-joko bat proposatzen dute egileek. Horretarako, karta handiago horiek banatuko dira partaideen artean, eta, txanda bakoi-tzean, karta bat botako beharko du partaide bakoitzak erdira. Bere kartako izaki bat beste batean agertzen dela ikusten badu partaideren batek, kapen esan beharko du ahalik eta azkarren, eta kontrarioaren karta eskuratzeko aukera izango du. Karta gehien bildu dituenak irabaziko du jokoa.

 

Naturaren eskutik hizkuntza

Karta-jokoaren helburu nagusia herriko ekosistemak ezagutaraztea bada ere, Kapenen bidez herri-hizkera ere zabaltzen lagundu nahi dute. Horrela, karta bakoitzean, dagokion izakiaren izena hondarribieraz, euskara batuan nahiz modu zientifikoan agertuko da idatzirik. 

Bestalde, kapen izena bera ere herri-hizkerari egindako keinu bat da. Izan ere, hitz horrek putzura buruz salto egitea adierazi nahi du hondarribieraz. 

 

Irudiaren garrantzia

Karta-jokoaren aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez, irudiari garrantzia berezia eman nahi izan diote, eta arreta jarri dute, bai ekosistemen irudiak, bai animalienak ahalik eta errealistenak izan daitezen. “Askotan, animaliak karikaturizatzeko joera dago, gizakiengana gerturatzeko. Errealistak izan nahi genuen guk, baina ilustrazioak erabilita, ez argazkiak, ikuspegi zehatzagoa eskaintzen dutelako”, zioen Iñaki Sanz-Azkuek. Erronka horren aurrean “beldurtu” egin zela aitortu zuen Eñaut Aiarzaguena marrazkilariak, “hainbeste animalia, landare modu identifikagarrian” egin behar zituela jakitean. Baina azkenean emaitzarekin gustura gelditu dira.