NOLA ERABILI EBALUAZIO HEZIGARRIA ETA PARTEKATUA GORPUTZ HEZKUNTZAN?

2019-02-01

DAVID HORTIGÜELA ALCALÁ. Burgoseko Unibertsitateko Fakultateko Gorputz Adierazpeneko Didaktika Arloko zuzendaria

 
 

Gorputz Hezkuntzan (GH) bi ikuspegi nagusi daude ebaluazioaren gainean. Bata errendimenduari lotutako ikuspegia, eta bestea partaidetzari eta ikaskuntzari lotutakoa. Zer eginkizun hartzen dituzte bi ikuspegi horietan ikasleek eta irakasleek?

GHn azken urteetan aldaketa handiak txertatu arren, oraindik irakasle askok entrenamendu bat jartzen dute praktikan beren eskola-orduetan. Horrek ez du esan nahi test fisikorik egin behar ez denik. Proba bakar batean ikasleek egindako errendimendu motorra soilik kalifikatzen bada, horrek ez du ikasleengan ikaskuntzarik sortuko. Adibide gisa, ikasle batek minutuan 60 sabel-ariketa egitea lortuz gero, hamarra lortuko luke, baina eskolako lehen egunean lortzen badu, zer irakatsiko genioke handik aurrera ikasleari? Gure helburua ikasleak malabarismoak egitea baldin bada eta lehen egunean egiten baditu, zer irakatsiko genioke hurrengo egunean?

Ez ditugu ahaztu behar eskolan ditugun beste osagaiak: alderdi soziala, ikasleen arteko harremanak, autokontzeptua, gizarteratzea. Jakina da GH arloa oso tresna eraginkorra dela praktika fisikotik transferentzia onuragarriak lortzeko eta sedentarismoari aurre egiteko.

Badakizue zergatik ez duten helduen erdiek egunero ariketa fisikorik egiten? Haien ikasle-garaian GHn izan zituzten esperientziak ez zirelako onuragarriak izan. Aldatu egin behar dugu irakasle-lanean egiten duguna, eta zertarako egiten dugun pentsatu. Ikasleei ematen diegu tarterik prozesuan egiten dutenaren inguruan pentsatzeko eta hausnar-tzeko? Irakasleok bultzatzen dugu gelan ikasten dutena gelaz kanpo aplikatzea? 

Non kokatzen dugu gure jarduna irakasleok? Errendimenduan (marka motor baten lorpenean) ala ikasleen partaidetzan eta ikaskuntzan?

Ikasleengan osasuna bultzatu nahi badugu eta gelatik kanpo ohitura osasungarriak izatea bilatzen badugu, ikasleen autokontzeptua hobetzea eta taldeko harremanak hobetzea nahi badugu, orduan, ikasleen partaide-tzaren eta ikaskuntzaren ikuspegian kokatu beharko ginateke GHko irakasleok. 

Zer da garrantzitsuagoa, ikasle bati esatea minutuan 60 sabel-ariketa eginez gero kalifikazioan hamarra duela ala sabel-ariketak nola egin behar dituen erakustea? Zer ekarpen izango da onuragarriagoa? Ebaluazio-proposamen esanguratsuak eta benetakoak eskaini behar dizkiegu ikasleei, baloi medizinala metro bat luzeago edo atzerago botatzeak ez du inolako onurarik ekarriko ikaslearen ikaskuntza-prozesuan.

 

Ebaluazio hezigarria

Zer da ebaluazio hezigarria eta partekatua? Egiaztatzeko, baliozta-tzeko eta erabakiak hartzeko prozesu bat da; azken helburua irakasteko eta ikasteko prozesua optimiza-tzea da, baina ikasleari laguntzeko asmoarekin, eta ez soilik kalifikazio bat jartzeko. Ebaluazioa, normalean, ikaslearengan zentratzen dugu, eta zergatik ez irakasteko eta ikasteko prozesuan?

Zein da ebaluazio hezigarriaren helburua edo xedea? Garbi dago
helburua ez dela kalifikatzea. Ikasleari ikasten laguntzeak izan behar du gure iparra. Jarduerek autorregula-tzeko aukera izan behar dute. Ikasleek jarduerak haientzat esangura-tsuak izan daitezen lortu behar dute. Guri, irakasleoi, akatsak garaiz zuzentzeko aukera emango digun tresna izango da ebaluazio hezigarria. Ikasleen eta irakasleen arrakasta bilatzen duen prozesua da, eta irakasteko eta ikasteko prozesuaren barnean txertatuta dago. Hori horrela egiteak errendimendu akademikoan onurak ekarriko ditu. 

Ebaluazioa egiten den unearen arabera, hasierako ebaluazioa, ebaluazio jarraitua eta ebaluazio sumatiboa edo finala izan daiteke ebaluazioa.

Ebaluazioa zertarako den kontuan hartuz gero, ebaluazio diagnostikoa, ebaluazio hezigarria eta ebaluazio gehigarria izan daiteke.

Posible da ikasleekin adostea noten banaketa, taldean lan egin dutenean. Elkarrizketan oinarritutako kalifikazioak bilatu daitezke. Taldekideek aurretik egin duten lanaren arabera banatzen dute azken nota. Prozedura horietara iristeko, aldez aurretik hori egiten irakatsi behar diegu ikasleei, eta ziur guk ere geure burua jantzi beharra izango dugula.

Ebaluazio gehigarria bukatuta dauden prozesuetan egiten da. Prozesuaren bukaeran kokatzen da. Helburua izango da ebaluatu nahi den produktua positiboki ala negatiboki balioztatzea. Epe ertain edo luzeko erabakiak hartzeko aukera ematen du.

Ebaluazio hezigarria, aldiz, martxan dauden prozesuetan erabil dezakegu. Prozesu osoaren beste osagai bat bezala txertatzen da. Helburua da ebaluatu den prozesua hobetzea. Neurri zuzentzaileak berehala hartzeko aukera ematen du.

 

Hiruko ebaluazioa

Gaur egun, kontzeptu berria ari gara erabiltzen ebaluazioan: hiruko ebaluazioa. Ebaluazio hirukoitza bultzatzen da: alde batetik, ikaslearen autoebaluazioa; bestetik, taldeko autoebaluazioa (talde batek beste talde bati egiten dion ebaluazioa), eta, azkenik, irakasleak egiten duen heteroebaluazioa. 

Ikasleei jarduerak autorregulatzeko ahalmena ematea komeni da. Ebaluazio hezigarrian, irizpideak hasieratik garbi eskaini behar zaizkie ikasleei, eta hainbat ohar eta gomendio eman behar zaizkie prozesuan zehar hobe-tzeko aukera izan dezaten. Prozesua aztertu beharko da, baina ez bakarrik irakaslearen aldetik. Ikasleen artean ere autoebaluazioa eta koebaluazioa bultzatu beharko dira. Ondoren, erabakiko da kalifikaziorako jauzia nola egin. Horregatik esaten da: “Esan nola ebaluatzen duzun, eta zer irakasten duzun esango dizut”.

Ez dugu gaizki ulertu behar, ebaluazio hezigarria ez da etenik gabeko kalifikazioa. Irakasle batzuek pentsa-tzen dute hiruhilekoan hiru proba egin, eta horrekin jada ebaluazio hezigarria egiten ari direla. Ez dira konturatzen benetan egiten ari direna etenik gabeko kalifikazioa dela. 

Hobe da ikasleari prozesuan zehar feedbacka ematea; hala, bukaeran eskatuko diogun horretan hobekuntzak txertatzeko aukera emango diogu. Erabiltzen ditugu gure eskoletan behaketa-orriak, errubrikak eta eskala deskriptiboak ikasleak egiten dituen lorpenak mailakatzeko eta benetan jakiteko ikaslea ikaste-prozesuan non dagoen?

Gai dira ikasleak autoebaluazioa egiteko? Eta taldeko autoebaluazioa egiteko? Horrela, azken produktuaren aurretik, ikasleek beren ikaskuntza ebalua dezakete, eta helburuetara iristeko zer falta zaien antzeman. Ordura arte egindako lanari nota jartzeko gai ere izango dira. Ikasleak hori egiteko gai badira, oso ongi ulertzen ari dira murgilduta dauden irakasteko eta ikasteko prozesua. Ikasleak lanak egiten dituenean eta irakasleak jarriko dion notaren zain dagoenean, egoera horretan irakasleak du kalifikazioaren botere osoa, eta horrela arituz gero irakasleok gaizki goaz prozesuan. 

Ebaluazioan partaide aktiboak izaten utzi behar diegu ikasleei. Gaur egun, badaude aukerak ikasleek berek ebaluazio-errubrikak eraikitzeko, eta beste prozesu batzuetan, berriz, azken kalifikazioaren aurretik ikasleek gutxienez bi aldiz ebaluatzen dute beren lana. 

Ikasleek jakin behar dute zer ari diren ikasten. Ikasleei galdetzen badiegu “Zer ikasi duzue gaurko saioan?”, eta ez badakite zer erantzun, zerbait larria ari da gertatzen. Primeran dago jolastea eta kirolak praktikatzea, baina ikasleek ikasten ari diren horren kontzientzia izan behar dute.

Hauxe galdetu beharko genioke irakasleok geure buruari: “Zergatik egiten dugu egiten duguna eta une jakin horietan? Zergatik aukeratzen ditugu gure programazioetan batzuetan akrobaziak, besteetan saskibaloia eta beste batzuetan esgrima? Badago sekuentziarik unitate didaktiko horien artean? Badago koherentziarik eta justifikazio logikorik gure programazioetan?”. Bestela, hainbat unitate didaktiko bata bestearen ondoren txertatu besterik ez dugu egiten, inolako lotura eta logikarik gabe. 

 

Eta Gorputz Hezkuntzan, zer?

Alde batetik, batzuek pentsatzen dute alderdi motorra dela bide bakarra. Bestetik, beste batzuek pentsatzen dute ezin garela bakarrik alderdi motorra lantzera mugatu. GHk garrantzia hartzen du ikaskuntzan, motrizitatea elkarren arteko harremanak bultzatzeko baliabide bezala ulertzen dugunean. Ez digu balio oso ikasle trebea izateak eskolan, hamarrekoa, gero laguna lurrera botatzen badu eta altxatzeko eskua ematen ez badio. 

Gizarteko harremanei garrantzi handia eman behar diegu, baina talde osoaren arteko harremanei, ez soilik lagunen lagunak izateko orduan. Beraz, ikasleen gizarteratzera bideratu behar dira erlazio sozialak.

Autonomia bultzatu behar dugu ikasleen artean. Lantzen ari diren proiektuan inplikatuta baldin badaude, beren kabuz lanean hasteko gai izango dira, nahiz eta irakaslea aurrean ez egon. Ikasleei aukera eman behar diegu ikasi dutena erakusteko; horrela eginez gero, haien maila hobetu egingo da.

Autonomia bultzatzeaz gain, ikasleak beren ebaluazio-prozesuan inplikatu behar ditugu, autoebaluazioa, koebaluazioa eta taldeko ebaluazioa bultzatuz.

Zer desberdintasun dago ahalmenaren eta konpetentziaren artean? Ikasle batek ahalmena eduki dezake zerbait egiteko, eta konpetentzia da ahalmen hori egoera erreal batean baduela erakustea. Batzuetan, irakasleok mugatzen ditugu ikasleen ahalmenak.

Ikasleei zerbait egiteko gai direla erakusten diegunean, behin eta berriro erakutsi nahi dute gaitasun hori. Adibidez, soka bikoitzean jauzi egitea. Hori gizakion ezaugarri bat da. Dantzan dakiena dantzan hasiko da horretarako aukera duenean, bakoitzak horrela egiten du, duen gaitasunaren arabera. Prozesu hori areagotu egiten da nerabezaroan. Adibidez, parkour unitate didaktikoa lantzen dugunean, ikasleak korrika etortzen dira saiora. Ikasleen motibazio-maila izugarri igotzen da ikasi dutena erakutsi nahi dutelako. Guk, irakasleok, eskolen arrisku objektiboa kontrolatu behar dugu, ikasleek duten arrisku subjektiboarekin batera. 

Garrantzi berezia eskaini behar diogu arlo sozialari, jarduerak lan-tzeko ikasleak taldekatzeko orduan. Lantzen ditugun jarduerek ikasleen konpetentzia bultzatu behar dute, eta, aldi berean, autonomia eta erlazioak zaindu behar ditugu. GHko eskoletan, hiru alderdi horiek erlazionatzen dira ikaskuntzan.

Ikasleek eskolatik kanpo jarduerak egitea nahi badugu, aukera gehiago izango dituzte, haien artean lotura sozialak lortzen baditugu (adibidez, korrika egitera joateko bakarrik ateratzea baino errazago izango da kideekin ateratzea).

Gure programazioetan eduki berriak txertatzea ere oso gomendagarria da; normalean, ikasleek oso ondo hartzen dituzte proposamen berriak.

Ideia garrantzitsu hau azpimarratuko nuke: ikasleei aukera eman behar diegu ikasi duten hori erakusteko. 

Gure eskoletan eta jolas-orduan gertatzen denak ikasleei buruzko informazio ugari ematen digu. Nork erabiltzen ditu patioko erdiko guneak? Kasu gehienetan, mutilek, futbolean jolasteko. Egoera horren aurrean, zer erabaki har dezakegu? Eskola batzuetan, pentsa dezakete onena futbola debekatzea dela. Ikasleen jarrerak ez dira aldatzen debekuen bidez. Aldatzea nahi ditugun jarrerak esperientzia onuragarriak biziz gero aldatuko dituzte ikasleek. Normalean, dantzen proposamenen aurrean, DBHko ikasle mutilak protestaka hasten dira, eta atzera egiten dute. Pauso errazak dituzten dantzak eskainiz gero eta talde osoan egiten badugu, ikasle guztiek nahi izaten dute dantzan jarraitu. Gero, jolas-orduan bozgorailu txikiak eramaten dituzte, eta beren kabuz aritzen dira dantzan. Ziur aski, oso futbolzaleak diren askok futbolean jarraituko dute, baina esperientzia onuragarriak eta aberasgarriak bizitzeko aukera eskainiko diegu. Debeku hutsaren bidetik ziur lorpen gutxiago egingo ditugula. 

 

Ebaluazioa praktikara eramateko hainbat estrategia eta tresna 

Ebaluazio hezigarria ulertzeko adibide garbiak eta ugariak daude:

Escape room: gela batean, gimnasioan, taldea itxita geratzen da. Arazo motorrak konpondu behar dira gelatik irten ahal izateko. Ordubeteko epea ematen zaie. Bukaeran, arrakasta-sentsazioa sortzen da motrizitatearen bidez.

Zango-makilak: ikasle bat zango-makilen gainean ibiliko da, eta beste batek lagundu egingo dio, zuzenketak egingo dizkio eta feed-backa eskainiko, errazago ikasteko. Taldean pentsatzen dute eta egiten dituzte hausnarketak gero denen artean ekiteko.

Akrobaziak DBHn: talde osoak hainbat irudi sortu behar ditu, lankidetzan.

Bideo-muntaiak egitea: ikasleek ikasi dutena bideo baten bidez adierazten dute, ikasi dutena erakusten dute. Hausnarketak eta bizipenak bultzatzen ditu. Hiru edo lau kidek bideoa prestatzen dute, 3-4 minutuko iraupenekoa. Egindako lanak gelako blogera igotzen dira. Horrela, ikasleek ez dute azterketa puntual baten presioa. Prozesuan, irakasleak feed-backa eskainiko die. 

Balonkorfa: kirol alternatiboa.

Erronka kooperatiboak: ikasle bat koltxoneta handiaren gainean kokatzen da zutik. Kide guztiek batera lurretik altxatzen dute, lehenik gerriaren pareraino, eta, azkenik, buru gaineraino. Ondoren, lurrean utziko dute berriro. Denbora guztian ikaslea zutik egoten ahalegindu behar da.

Pasilloa: aurrez aurreko bi ilaratan eta soka pila bati eutsita jartzen dira ikasleak. Ikasle batek korrika egin behar du, jauzi egin eta soken gainera bota. Antzeko jarduera, baina atzeraka botatzea.

Judo: ikasturtean landutako teknikekin kate bat osatu behar dute taldean.

Parkour: ikasleei hainbat elementu erakutsiko dizkiegu. Bukaeran, ikasleek istorio bat sortu behar dute. Adibidez, polizia eta lapurra, musikarekin girotua. Beste ikasleak, aldi berean, koebaluazioa egiten arituko dira, errubrika baten bidez. 

Erresistentzia: proba bat Cooper testa izaten da, eta 12 minutuz korrika egin behar dute, gelditu gabe. Irakaslea naizen aldetik, saiatzen naiz ikasleak zirikatzen, haien emozioekin jolastea bilatzen dut, haiek ekintzara atxikitzea. 

Bikoteka kokatzen dira, bat korrika egiten eta beste kidea denbora-neurketak egiten. Ondoren, egindako lanaren grafiko bat egiten dute. Hasieran, grafikoan gorabehera asko agertzen dira, baina, bukaeran, nahiko marra zuzena lortzen dute grafikoan. Etenik gabe korrika egitean, antzeko erritmoari eusteko gaitasuna lortzen dute. Horrela ikasten dute beren esfortzua doitzen.

Aparrezko ezpata: oso emaitza onak ematen ditu. Bi ikasle dueluan aritzen dira, elkarren aurka aurrez aurre. Ezpatariak direla antzezten dute; horrela, egoera fisikoaz gain, gorputz-adierazpena ere garatzen dute. Musika aukeratzen dute, eta koreografia bat sortzen dute. Ikasle batzuei horrelako ekin-tzen bizipen sakonen arrastoa geratzen zaie luzaroan. 

Galdera hezitzaileak osatzea: irakasleak azterketa batean galderak egin beharrean, talde osoak, talde txikitan banaturik, 60 galdera prestatzen ditu gaiaren inguruan. Gero, irakasleak galdera-bateria horretako galderak aukeratuko ditu azterketan jartzeko. 

Desgaitasuna: unitate didaktiko hau sentsibilizaziorako prestatuta dago. Nola hartu parte desplazamenduetan, jaurtiketetan esku bakar batekin, hanka batekin, gorra izanda, itsua izanda.

Sokak: bakarka soka saltoan, eta aldi berean beste bi ikasle ematen ari diren soka luzean jauzi egin behar dute. Hirunaka, sokekin hainbat era bilatzen dituzte jauzi egiteko (kremailera, hirukia, pasabidea, soka bikoiztua); azkenik, prestatutakoa erakutsi egin behar dute. 

Gorputz-adierazpena: proposamen honetan, itzalen eta argi beltzaren teknikekin antzerkia prestatzen dute ikasleek. Lotsa gainditzeko oso proposamen egokia da. Maindirearen atzean oso lasai sentitzen dira, ikusleak aurrean ikusten ez dituztelako.

 

Zertan jarraitu behar dugu lanean?

Jardueretan ikasleen autorregulazioa bultzatzen jarraitu behar dugu, eta ikasten dutena transferitzen, taldeko giroa zaintzen eta ahal den neurrian hobetzen, taldeko nortasuna indar-tzen, hausnarketa kritikoak bul-tzatzen eta arazoen aurrean ikasleen sormena lantzen.