IKASLEEN EUSKARAZKO HIZKUNTZA GAITASUNAK INDARTZEKO AHALEGINA: D ereduan euskara berpiztu nahian

2019-02-01

Bittor HIDALGO. Bigarren Hezkuntzako irakaslea

D ereduko ikastetxe batean euskararen erabilera berpizteko irakasle talde batek egindako ahalegina jasotzen da ondorengo esperientzia honetan. Izan ere, D ereduko ikastetxe zenbaitetan arazoak atzeman dituzte ikasleen euskara erabilera ziurtatzeko. Bittor Hidalgo irakaslea izan da esperientzia hau gidatu duena, eta Donostia inguruko ikastetxe batean egin dute. Ikasle guztien euskarazko hizkuntza gaitasun aktiboak zein pasiboak zabaltzea izan dute helburu, eta baita beraien euskara erabilera eta ulermen gaitasunak indartzea ere. Txostenaren laburpena egin du Hik Hasik artikulu honetan.

 
 

D ereduko ikastetxeetako ikasleek, euskara izan beharko lukete ikastetxeko komunikazio, ikasketa eta laneko hizkuntza. Hori da teoriak esaten duena, baina bestelako errealitate batekin topatu naiz Gipuzkoan lan egitea tokatu zaidan D ereduko hiru ikastetxetan. Jaurlaritzak aipatzen du Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean bi hizkuntza ofizialak aukera berdintasunez eta praktikotasunez erabil-tzeko xedezko neurriak eskainiko dizkiela ikasleei, eta euskara-giroa bermatuko duela. Nolabait, gure gizarteak, batik bat gizarte euskaldunak, bizi duen desoreka linguistikoa orekatzeari keinu egiten dio horrek. Baina nire galdera da: etxetik euskara ez dakarren ikasleak, non garatu behar du ahozkoa, eskolan ez badauka horretarako aukerarik? Eskolak berdindu beharko luke nolabait, ikasleek dakarten desoreka linguistiko sozial-familiarra. Baina nola egiten da hori?

Galdera horiei erantzunak aurkitzeko eta ikasle guztien euskara erabilera eta ulermen gaitasunak indartzeko asmoz, esperientzia oso bat garatu dugu Donostia inguruko D ereduko ikastetxe batean, lehen ikastola izandakoa eta gerora publifikatua. Ikastetxean euskararekin genituen arazoak detektatzeko diagnostiko bat gauzatu genuen lehenengo eta behin. Horrekin, ikastetxeko komunikazio, ikasketa eta laneko hizkuntzaren inguruko arazoak eta egoerak izendatu genituen eta emaitza nahiko edo oso gordinekin topatu ginen:

Ikasleek ez zuten beraien artean “inoiz” egiten euskaraz ikastetxean, ez gelaz kanpo, ez gela barruan ere, eta ezta salbuespenez ere. 

Ikasleak irakasleei zuzendutakoan ere, 10etik 8 edo 9 alditan espainolez zuzentzen zitzaizkien.

Orokorrean etxetik euskara zekarten ikasleek (% 7 inguruk euskara bakarrik, % 30 inguru dira euskara eta espainola batera izan dituztenak etxean), euskara ezkutatzen zuten beste ikasleen aurrean. 

Ikasleek soilik erabiltzen zuten ahoz euskara, derrigorrean irakasleari edo ikasgela aurrean, ikasgai azalpenen bat egin behar zutenean “notarako”, edota azterketa idatzietan.

Irakasleei dagokionez, egindako diagnostikoan jaso dugu irakasle gehienok (% 80 inguruk) gehienetan besterik gabe jarraitzen dizkiegula ikasleei beraiek espainolez hasitako elkarrizketak, irakasleok beti, edo gehienetan behintzat, euskaraz eran-tzuten diegun arren. Horrekin batera, zenbait irakaslek aitortu dute (ia
% 20k), “tarteka” espainolez ere egiten dietela ikasleei, “ikaslearen arabera, edota egoeraren arabera, besteak beste”.

Modu horretan, ikusi dugu euskara etxetik edo kanpotik dakartenek, oro har, nahikoa euskara maila ona eskuratu ohi dutela. Ildo beretik, familia edo ingurunetik soilik espainola dakarten ikasleek, eta berez hizkun-
tzetako erraztasunak dituzten ikasleek, nahikoa euskara maila ona lortu dezaketela ikastetxean, nahiz eta askotan hizkuntzaren ezagutza pasiboa soilik landu. Aldiz, familiatik eta ingurunetik soilik espainola dakarten ikasleek, eta hizkuntzetako erraztasunak ez dituztenek, arazo handiak izan ditzaketela uste dugu beren euskara mailarekin. Hizkuntza beste arlo guztietako jakintzari heldu ahal izateko ezinbesteko oinarria dela kontuan hartzen badugu, ezinbestekoa da hiru multzoetako ikasleen euskararen erabilera aktiboa indartzea, hizkuntza sormen gaitasuna, bai ahoz eta bai idatziz, oro har, lehen multzokoen euskara hizkuntza gaitasun maila berdintzeko. 

Hortik abiatuta, gure lana ikastetxeko bi hizkuntza batzordeen ingurutik eratu genuen: Bata Hizkuntza Normalkuntzako Batzordea, jada aurreko ikasturteetatik lanean ziharduenaren jarraipena izango zena; eta bestea, Hizkuntza Proiektuko Batzordea, berria, eta Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua prestatzea helburu izango zuena, ikastetxeko kide guztion inplikazioa bilatzeaz  eta hausnarketetan parte hartzea sustatzeaz arduratuko zena. Eta oinarrizko hiru helburu finkatu genituen:

Lortu, ikasleak beti euskaraz egin diezaion irakasleari eta ikastetxeko beste langileei. 

Lortu, ikasleek hizkuntza aktiboa askoz gehiago erabiltzea ikas-arlo guztietan. 

Lortu, ikasleek beraien arteko interakzio guztiak euskaraz egitea ikasgela barruan. 

 

Kolektibo guztien inplikazioa helburu

Esparruak eta helburuak finkatuta, urte askotako inertziak mugitu beharko genituela jakitun ginen, eta bagenekien ez zela nahikoa izango ikasleei eta irakasleei, besterik gabe eta beste behin, esatea zer egin behar zuten aldatu zitzaten beraien hizkun-
tza jarrerak gauetik goizera. Eta inolako neurriak hartzen hasi aurretik, ikastetxeko irakaskuntzarekin lotura zeukaten eragile guztien inplikazioa lantzeari ekin genion. Ikastetxeko hiru giza multzorekin aritzea erabaki genuen: ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Hiruretan eragiteko sentsibilizazio faseak abian jarri genituen. 

Irakasleekin gaia lantzeko galdetegi bat prestatu genuen. Hausnarketarako bidea irekiko zuen galdetegi bat prestatu genuen ikastetxeko DBHko hizkuntzen trataera oinarri hartuta, eta klaustro bat baliatu genuen gaiaren inguruko kezken lanketa egiteko. Irakasleen aldetik parte-hartze altua lortu genuen, irakasle taldearen
% 97,5k erantzun zuen galdetegia. 

Ikasleekin, berriz, hainbat izan dira lanketarako baliatu genituen estrategiak. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Ulibarri programaren barruan diseinatutako Branka galdetegia landu genuen eta tutoretza saio bana egin genuen horretarako. Aldi berean, gaiaren gaineko hausnarketa nork bere familiara eramateko asmoz, bi lan eskatu genizkion ikasle bakoitzari. Beste bi galdeketa egiteko ardura hartu behar zuen ikasle bakoitzak. Horrela planteatuta, gurasoen erantzunak jasotzearekin batera, gurasoen eta seme-alaben artean ikastetxeko hizkuntza erabileraren inguruan interakzioa sustatzea nahi genuen. Modu horretan, gaia ikastetxeko eremutik ateratzea nahi genuen eta familia barrura eramatea. Horrekin batera, ikasleen ordezkari-tza talde antolatuekin lan egiten hasi ginen, ikasleen ordezkarien batzordearekin eta ikasleen euskara batzordearekin. Aldi berean, gure ekinbideekin ikasleen artean lortzen ari ginena, lortu genezakeena edo eragin eza neurtu nahi genituelako. Tuto-retza saioak ere egin genituen eta horietan galdetegiak pasatzearekin batera, hizkuntzaren inguruko kezken inguruko eztabaida saioak egin genituen ikasleekin. Eta amaitzeko, ikastetxeko hizkuntza egunen festen inguruko gogoeta saioak antolatu genituen. Dinamika horrekin ikasleek munduko hizkuntzen inguruko ikuspegi zabalagoa, globalagoa an-tzematea landu nahi genuen, euskara-espainola dikotomiatik harago. 

Hirugarren multzoa gurasoena izan zen eta, batez ere, ikasleen bidez egin genuen horiekin lanketa. Uste dugu ideia ona izan zela ikasleek gurasoei pasatzea galdetegiak. Izan ere, gaiaren inguruko kezkak eta hausnarketak familien barnera eramateko dinamika ona izan zen eta gurasoen % 75ek baino gehiagok erantzun zuten. Ildo beretik, gurasoengana iristeko bide gehiago ere erabili genituen, hala nola, ikastetxeko gurasoen batzordeak, inguruko auzo-elkarteak edota Udaleko Euskara saila. 

 

Hausnarketa eta galdetegien emaitzak

Behin galdetegiak pasata eta eran-tzunak jasota, emaitza guztiak sistematizatzea zegokion Hizkun-tza Batzordeari eta hortik abiatuta ekin genion kolektibo bakoitzarekin bigarren hausnarketa faseari. Irakasleekin prozesuaren emaitzak lantzeko, behin betiko hausnarketa eta neurri proposamena egiteko, Mintegi eta Hausnarketarako Gida bat prestatu genuen. Bereziki irakasleekin hiru puntu jorratzea interesatzen zitzaigun. Batetik, zein zen irakasle eta ikastetxeko langileok hartu beharreko jarrera, bateratua eta adostua, ikasleek gurekiko zerabilten espainolezko jardunen aurrean. Bestetik, nola eragin ikasleen arteko jardunak gure ikasgaietako talde eta lanetan euskarazkoak izan zitezen. Eta hirugarrenik, bereziki landu nahi genuen irakasleekin zein hizkuntza lanketa egin beharko genukeen ikasgai bakoitzean hizkuntza gaitasun egokienak lortzeko.

Ikasleekin egin beharreko jarduna prestatzeko, ondoko bi ideia hauen inguruan egin genuen hausnarketa: batetik, galdetegien bidez ikasleen jarrera zein zen ezagutu nahi genuen, batez ere, beraien ustez ikastetxean eduki beharreko hizkuntza jarreraren gainean. Eta bestetik, seme-alaben bidez gurasoei pasatako galdetegiaren emaitzak ondo aztertu nahi genituen, lan-taldeak zituen asmoek aurrera egiteko familien aldetik zenbaterainoko laguntza izango zuen ezagutzeko.  Laburbilduz, ondoko grafikoetan ikus daitezke bi kezka nagusi horien inguruan jasotako emaitzak zein izan ziren.

Datu horiek ikusita, pentsatzekoa da guraso horiei azaldu behar izatea euren seme-alaben euskarazko jarduna irakasleekin gela barruan ez dela ez beraiek espero zutena (% 90,2) eta ezta seme-alabek aitortutakoa ere
(% 86,5). Eta horra hor paradoxa: Zertara bidaltzen dituzte orduan guraso horiek beren seme-alabak D ereduko ikastetxera. Ez badute egiten euskaraz ikastetxean? Bakarrik irakasleei euskaraz entzutera? Testuliburuak euskarazkoak izan ditzaten?

 

Neurri proposamenak

Behin kolektibo desberdinen eran-tzunak jasota, euskararen erabileraren inguruko aurreranzko neurriak ezar-tzen hasteko garaia iritsi zen. Ondorengo lau ideia nagusitan oinarritu ginen horretarako: Batetik, ikasleei erakutsi nahi genien eurek eran-tzun zutela galdetegian nahi zutela euskara erabiltzea eskolan (% 91,5ek irakasleari; % 70,2ek beste ikasleei gelan-edo lanean ari direnean; eta
% 62,5ek ikasgelaz kanpo irakasle eta ikastetxeko langileei). Bigarrenik, ikasleei jakinarazi nahi genien euren gurasoek zer-nolako erabilera nahiko luketen egitea ikastetxean (% 98,5 irakasleari; %92,4 beste ikasleekin ikasgelan; eta % 94,6 ikastetxean ikasgelaz kanpo). Hirugarrenik, ikasleei erakutsi nahi genien zein neurritan zituzten “engainatuta” euren gurasoak, erabileraren inguruan egiten zutenaren eta aitortzen zutenaren gaineko datuak oso bestelakoak zirelako. Azkenik, gurasoentzat seme-alabek euskaraz ondo ikastea zeinen garrantzitsua zen ikusarazi nahi genien, beraien etorkizuna ziurtatu ahal izateko (%96,2). Modu horretan, proposamenarekin lanean jarraitzeko bi neurri zehatz izendatu genituen:

Irakasleari beti euskaraz, gela barruan eta gelaz kanpo.

Ikasleei beti euskaraz gela barruan behintzat bai. 

Eta prozesua borobildu genuen, mezu argi honekin: “Bai euskaraz, gela barruan beti”. 

 

*OHARRA:
D ereduan euskara berpiztu nahian – Esperientza baten kontaketa DBHn Bittor Hidalgok egindako txostena bere osotasunean www.hikhasi.eus webgunean argitaratuko da datozen egunotan.