KEBren gida eta APPa: Komunikazio Ez Bortitza ezagutzeko eta praktikatzeko bi material berri

2018-12-01

‘Zutani’ jolasaren ildoari jarraituz, KBE Komunikazio Ez Bortitza lantzeko eta praktikan jartzeko beste bi material argitaratu berri ditu Nerea Mendizabal psikopedagogoak eta Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzaileak: ‘KEB Komunikazio Ez Bortitzaren Gida’ eta ‘Zutani, bizitza on baterako altxor kutxa’ app-a.

 
 

Helduentzako gida batekin eta eta adin desberdinetarako aplikazio digital batekin dator oraingoan Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta KEB Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzailea. Helduentzat pentsatuta dagoen materiala da. Umeekin batera lantzeko modukoa ere bada, baina ez umeek bakarrik erabiltzekoa, helduekin batera baizik.

Eta gaia KEB Komunikazio Ez Bortitza da. Urteak daramatza Mendizabalek herriz herri eta ikastaroz ikastaro KEBren gaineko formazioa ematen. Duela 4 urte ‘Zutani’ mahai-jolas didaktikoa egin zuen eta horrekin gatazkak eta adimen emozionala KEBren bidez lantzeko materiala jarri zuen guztien eskura. Marshall Rosenberg-en KEBren ereduan oinarrituta, pertsonen arteko ulermena lantzea du xede. Oraingo bi materialak eduki hori osatzera eta eskaintza zabaltzera datoz.

 

KEBren gida

Batetik, KBE Komunikazio Ez Borti-tzeko Gida prestatu du. “Komunikazio Ez Bortitza ezagutu eta praktikatu nahi duenarentzat orientazio bat da eta bi osagai ditu: gida eta ariketa-ibilbidea. “Gida den heinean, KEBko prozesuko oinarrizko elementuak esplikatzen dira laburki: behaketa, sentimenduak, beharrak eta eskaera”, azaltzen du Mendizabalek. “Bakoitzaren inguruko deskribapena egiten da eta adibideak ere agertzen dira. Esate baterako, egoera baten behaketa objektiboa edo subjektiboa izan daiteke. KEBren ikuspegitik, egoera bat modu objektiboan deskribatzeak lagundu egiten duela esplikatzen da eta adibideak agertzen dira. Sentimenduen kasuan, benetako sentimenduen eta balorazio-sentimenduen arteko desberdintasuna argitzen da. Beharrei dagokienez, beharren eta estrategien arteko aldea argitzen da. Eta azkenik, eskaeren kasuan, eskaerak nola egitea komeni den azaltzen da”.

Elementu bakoitza diptiko eta triptikoetan esplikatua dago eta horiek guztiak kartoizko estutxe moduko batean bilduta daude. Horietako triptiko bat da gidaren bigarren osagaia. “Oinarrizko eduki horiek praktikan jartzeko ibilbide bat proposatzen da”, esplikatzen du Mendizabalek. “Hau da, ‘nik neure burua ulertzeko eta bestea ulertzeko, zer egingo dut?’, galdera proposatzen du. Hasteko, neure buruari zer gertatzen zaion ikustea, alegia, KEBko lau elementuak erabiliz: behaketa, sentimenduak, beharrak eta eskaera. Gero, besteari zer gertatzen zaion ulertzen saiatu: haren behaketa, sentimenduak, beharrak eta eskaera. Hori dena post it-ak erabiliz idazten joango ginateke, eta horretan laguntzeko definizioak eta esaldiak daude diptikoetan. Txuleta moduko bat izango litzateke, pistak ematen ditu eta post it-ak erabiliz, bakoitzak bere erantzunak idatzi di-tzake, azkenean bakoitzak bere mapa edo ibilbidea osatzeko”.

Azken batean, norberari eta besteari zer gertatzen zaion argituz, irtenbide edo elkarrizketa eraginkor baterako baldintzak errazten lagundu dezake. 

 

‘Zutani, bizitza on baterako altxor kutxa’ APPa

Bigarren materiala euskarri digitalean aurkeztu du Mendizabalek. KEB lan-tzeko aplikazio bat da eta tabletara edo telefono mugikorrera deskarga daiteke. “Norbera eta ingurukoak hobeto ezagutzeko tresna da aplikazioa, esan nahi duguna minik egin gabe esateko eta besteak entzuten ikasteko”, Mendizabalen hitzetan.

Aplikazioak hiru atal nagusi ditu. Lehenengoak Norbera ezagutzeko jolasak du izena eta hiztegi emozionala lantzeko edo entrenatzeko da. Elementu desberdinak eskaintzen ditu horretarako: emozioak eta beharrak adierazten dituzten marrazkien bikoteak aurkitzea, musika entzunketak eta ipuin kontaketak. Finean, emozioen mundura iristeko kanal desberdinak erabiltzen dira.

Bigarren atala, Komunikazioan trebatzen deiturikoa, lau elementuen entrenamendua da, bete-betean. Lau elementuak deskribatzeaz gain, entrenatzeko esaldiak edo egoerak ager-
tzen dira eta horien aurrean eran-tzunak eman behar dira. Erantzun bakoitzarekin azalpenak ematen ditu, ariketak eginez ikasten joateko.

Eta hirugarren eta azken atalean, Nire bizitza gidatzen izenekoan, dena borobiltzen da. Egoera baten aurrean lau elementuak jarraituz, norberak bere prozesua egiten du, erantzunak bertan idatziz. Ondoren, bestearen ibilbidea egiten du, bestearen jokaera edo jarrerak ulertzeko. Eta azkenean, landutako bi ibilbideak agertzen dira laburpen gisa, norberarena eta bestearena. “Gidan post it-ekin egindako gauza bera da, baina euskarri digitalean”, dio Mendizabalek.

Aplikazioa KEBen murgiltzeko eta norberak bere emozioak ezagutu eta adierazten laguntzeko helburuz planteatutako ariketa multzoa da.