MAPI URRESTI “Ezin dugu haurrarekin egon gure buruarekin egon gabe”

2017-11-01

 

Hik Hasi-k antolatuta, “Psikomotrizitate erlazionala” izeneko ikasturte osoko formazioa ematen ari da Mapi Urresti. Psikologoa, sexologoa eta harreman psikomotrizista da eta hamar urteko esperientzia du familiekin, irakasleekin nahiz hezkuntzako profesionalekin lanean. Aurrez irakasle izana da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan nahiz Unibertsitatean. Bere eguneroko jardunean, haurra eta helduaren arteko harremanean jartzen du arreta, uste baitu haurraren garapena egokia eta osasuntsua izan dadin, helduarekiko harremana segurua izatea funtsezkoa dela. “Haurraren garapena kognitiboa da, baina baita emozionala, morala, motorra, soziala... ere. Garapen integralaz hitz egin behar da. Integrazio horretan helduarekiko harremanak lagunduko dio zailtasunak gainditzen eta dituen ahalmenak garatzen”.

 

 
 

Psikomotrizista zara eta psikomotrizitate erlazionalaren arloan diharduzu. Aurten, gainera, lehen aldiz, psikomotrizitate erlazionalaren inguruko formazioa emango duzu Hik Hasi-rekin. “Psikomotrizitate erlazionala” kontzeptuak zer esan nahi du zehazki? Zer eransten dio “erlazionala” hitzak “psikomotrizitate”-ari?
Psikomotrizitateak haurrari espazio bat eskaintzen dio berak izan nahi duena izateko. Gero eta gutxiago, baina oraindik ere, maiz, eskolan arau asko jartzen dizkiegu umeei, psikomotrizitatean, berriz, arau bakarra dago: ondo pasatzeko norbere burua zaintzea eta aldamenekoak zaintzea. Arau sinple hori bakarrik daukanez, psikomotrizitateak umeari aukera ematen dio bere beharrak eta desioak ateratzeko eta bera den bezala azaltzeko. Beraz, testuinguru horretan haurrak barruan duen guztia ateratzen du, berak dituen proiekzio denak, kontzienteak zein inkontzienteak.
Eta erlazionalarekin esan nahi dena da guk garrantzia ematen diogula loturari, binkuloari. Haurraren garapena egokia eta osasuntsua izan dadin, helduarekin harreman segurua izatea funtsezkoa da berarentzat. Haurraren garapena kognitiboa da, baina baita emozionala, morala, motorra, soziala… ere. Garapen integralaz hitz egin behar da. Integrazio horretan helduarekiko harremanak lagunduko dio zailtasunak gainditzen eta dituen ahalmenak garatzen.


Beraz, psikomotrizitate praktikari buruz ari zara hizketan, alegia, eskola ordu formalen barruan egiten den psikomotrizitate saioari buruz?
Bai, hala da. Eskola batzuetan gero eta gehiago ari gara ikusten psikomotrizitatea gela barruan txertatzen ari direla. Zenbait pedagogia berrirekin hori egiten da. Baina niretzat oinarria da norbera den bezalakoa izateko aukera hori haurrei ematea, eta minik hartuko ez duten espazio bat eskaintzea, hau da, fisikoki zein afektiboki seguru eta zainduta sentituko diren espazio bat. Hala, haurrak bera den hori atera dezakeelako. Alegia, haurrak izan dezala askatasuna nahi duen hori egiteko minik hartzen ez duen eta minik ematen ez duen bitartean.
Psikomotrizitatea haurrak berez dakar, nolabait esatearren umea mugimenduak darama psikomotrizitatera. Baina psikomotrizitateko saioan haurrak ateratzen du berak duen tresnarik inportanteena: jolas librea. Jolasarekin garatzen da haurra. Eta bere ahalmenak ateratzen ditu eta dituen gaitasun kognitiboak, moralak, sozialak… denak batera garatzen ditu. Jolasak funtsezko garrantzia hartzen duen eremua da psikomotrizitatea. Baina eremu horretan helduon begiradak eta gure interbentzio hezitzaileak lagunduko diote haurrari garatzen.

 

Psikomotrizitate erlazionalaz gain, Hik Hasi-rekin emango duzun formazioan, aukera berdintasuna eta emozioen hezkuntza ere landuko dituzu. Azal dezakezu zer-nolako lotura duten beste kontzeptuok psikomotrizitatearekin?
Gaur egun badakigu gure emozioek gure jarreraren zati handi bat bideratzen dutela. Hortaz, esparru libre batean, mugimendua dagoen eremu batean, beti daude emozioak. Denbora guztian agertzen zaizkigu hainbat emozio: poza, zalantzarik gabe, haurrek psikomotrizitatean plazerarekin konektatzen dutelako eta hori delako oinarria. Baina horrez gain beste emozio batzuk ere agertzen dira: beldurra, lotsa, inbidia, haserrea, frustrazioa… Haurrak emozio horiek adieraztea eta bizitzea, besterik gabe da inportantea, hala umea hainbat emozio kanporatzen ari delako. Hortik abiatuta, hainbat kasutan helduaren esku-hartzeak lagundu egin diezaioke emozio horiek modu inteligente batean bideratzen: adibidez, haserrearen energia ondo bideratzen. Edota, beste adibide bat jartzearren, haur batek beldurra baldin badu salto egiteko orduan, helduarentzat helburua izango da haurra beldur hori gainditzeko gai izatea. Beraz, gure konfiantzarekin eta gure begiradarekin esku-hartzeak egin ditzakegu lasaitasunez salto egin dezan, eta harro senti dadin egin duenarekin eta emozio hori bizi dezan, bere lorpena sentitu dezan gure begiradaren bidez, hala lortu duen hori egiten jarraitu nahiko baitu, modu autonomoan, aurrerantzean ere.

 

Hori arlo emozionalari dagokionez, eta hezkidetzaz zer esango zenuke?
Gu saiatzen gara pertsona modu integralean gara dadin. Eta, horrek zer esan nahi du? Bada, adibidez, mutilek zein neskek haserrea berdin bizitzeko aukera izatea, edota negarra modu berean bizi ahal izatea… Hori da psikomotrizitateak baimentzen duena. Oro har, esan dezakegu hezkuntza nahiko gidatuta dagoela neskek euren agresibitatea atera ez dezaten, bada, guk psikomotrizitatean hainbat ekintza bideratzen ditugu agresibitate hori (minik eman gabe eta modu ludiko batean), kanporatzeko, ezetz esaten ikas dezaten, eta euren gauzak defendatzen —neskek zein mutilek—. Era berean, jolas sinbolikoaren munduan sartzen direnean eta zenbait rol hartzen dituztenean ere berdin egiten dugu, esku hartzen dugu estereotipoetatik atera eta rol ezberdinak bizi eta esperimenta ditzaten.

 

Psikomotrizitatearen oinarrian jolasa dagoela esan duzu. Zer ematen dio jolasak haurrari?
Haurrek jolastu egiten dute, horixe delako euren modua mundua ezagutzeko eta baita euren garapenerako ere. Eta, lehen aipatu dudan moduan, garapen hori integrala da, osoa: garapen motorraz, sozialaz, emozionalaz, moralaz… ari naiz. Denerako balio du jolasak, bizikidetzarako, identitatea lantzeko… Jolasean, nahi gabe ere plazera sartzen da jokoan. Guretzat oso garrantzitsua da jolas hori librea izatea, guk garrantzia handia ematen diogulako alderdi emozionalari eta jolas libre horretan haurrak islatzen dituelako bere bizipenak, hau da, bizitzan gertatzen zaizkion gauzak ateratzen ditu jolasaren bidez, eta hala, integratu egiten ditu, ulertu egiten ditu eta, behar izanez gero, gainditu egiten ditu. Horretarako jolas librea behar da, hain zuzen ere, jolas libreak jolas sinbolikora daramalako haurra eta jolas sinbolikoak inkontzientera, eta horrekin bere korapiloak aterako ditu. Guk hor ikusten badugu haurrak zailtasunen bat duela, adibidez, frustrazioa ez duela ongi bideratzen, jolasaren bidez zailtasun horiek gainditzen lagun diezaiokegu.

 

Jolasaren barruan, beraz, jolas sinbolikoak sekulako garrantzia hartzen du psikomotrizitatean.
Bai, hala da. Jolas sinbolikoan haurrak paper bat interpretatzen du eta sinbologia batean sartzen da: adibidez, medikuetara jolasten duenean, behar bada beste haurraren gorputza nolakoa den ikertzen du, baina besteak bere intimitatean sartzen noraino uzten dion ere esperimentatzen du. Alegia, berak errealitatean egin ezin duena modu sinboliko batean egiten du. Beste adibide bat jartzeko, haurrak jolastu dezake otsoetara eta otsoak beste norbait hil dezake edota jan. Hori errealitatean ezinezkoa den zerbait da, baina haurrak horrela bere beharrak eta kezkak proiektatzen ditu, eta barruko beldur zein ezinegonak gainditzeko balio diezaioke horrek.

 

Nola antolatzen dituzue espazioak haurrak jolasarekin konekta dezan?
Gelan hainbat espazio antolatzen ditugu, baina ez dugu espazio hori zuzentzen. Haurrari aukera ematen diogu espazio batean zein bestean modu anitzetara egoteko. Espazio horietako bat espazio sentsoriomotorra da, mugimendua eta plazera sustatzeko sortua, eta hor tonua lantzen dugu, haurrak jakin dezan tonu altuan egoten: eskalatzen, salto egiten… gorputzak sortzen duen ahalmen horri guztiari bidea ematen zaio hor. Beste aldean, kaxak eta antzekoak jartzen ditugu, eta hor lasaitasuna lantzen dute haurrak. Zertarako eremu hori? Etxeak egiteko, jolas sinbolikoan sartzeko, baina baita ere kontentzio jolasak egiteko, lasai egoten ikasteko, tonu baxuan, eta helduaren begirada eta afektu hori sentitzeko. Baina, esan bezala, ez dugu bideratzen inolako jolasik, baizik eta hainbat modu sortzen ditugu haurrak bere desioarekin konekta dezan eta premia sentitzen duen eremura joan dadin. Espontaneotasunari leku egin nahi diogu, naturaltasunari, bere desioan sartzeari, maiz eguneroko hezkuntza eta sozializazioan kontrolean egon behar duelako.   

 

Psikomotrizitatearekin haurraren arlo afektibo, emozional, motor edota soziala lantzen direla diozu, baina moralaz ere hitz egiten duzu.  
Bizikidetza sustatzeko haurrak jakin behar du arau batzuk badaudela, bizikidetzako arau batzuk, eta nik horri deitzen diot morala. Adibidez, arau moral bat litzateke inori ez minik ematea, edota aldamenekoarekin enpatizatzea, edota besteak eraikitakoa ez puskatzea… Baina haurrak bizikidetzako arau horiek errespetatzen ikasten du ez helduaren inposiziotik, baizik eta bere bizipenetik. Adibidez, haur batek beste batek eraikitako dorre bat puska dezake, baina akaso gero, bestearen espresioa ikusten duenean, lagundu egiten dio dorre hori eraikitzen.

 

Zein litzateke helduak jokatu beharreko papera testuinguru horretan guztian?
Helduak lehenik eta behin segurtasun fisikoa eta afektiboa bermatu behar ditu. Segurtasunak esan nahi du haurrak seguru sentituko direla eurak diren bezala azal eta porta daitezen. Horrek eskatzen du batetik, arau asko ez edukitzea; eta bestetik, minik hartuko ez duten espazio bat edukitzea. Zerbait erortzen baldin bada, ziurtatuta edukitzea ez dutela minik hartuko, edota salto egiten badute babestuta egongo direla, etab. Zeren bestela gure begirada etengabe egon beharko litzateke esaten “hori ezin duzu, hori bai, beste hura arriskutsua da…”. Hori segurtasun fisikoari dagokionez. Segurtasun afektiboak, berriz, esan nahi du haurrak garatu dadin guregan, helduongan, konfian-za izan behar duela, lotura osasuntsu bat eraiki behar dugu haurrarekin, horrek emango baitio aukera bera den bezala azaltzeko. Segurtasun afek-tiboan sartzen da gure begirada ez epaikor eta harreman segurua, alegia, haurra begiratzea dituen ahalmenetan oinarrituz, eta jasotzea bere jolas horretan uzten duen guztia. Hortaz, haurrak berak dakarrena atera ahalko du: ahalmenak baldin badira, gara-tzen lagunduko diogu; eta zailtasunak baldin badira, zailtasun horretan akonpainatuko dugu.

 

Helduaren akonpainamenduaz, begiradaz, jolaserako bitartekari lana egiteaz… hitz egiten duzu. Azken batean, helduaren interbentzioaz ari zara.  Haurren jardunean esku har-tzea beharrezko ikusten duzu?  
Nik uste dut haurrak berez gaitasunak badituela eta ingurune egoki batean gaitasun horiek garatuko dituela, baina horretarako heldua behar du. Haurra ahalmen askorekin jaiotzen da, baina ez badago helduarekin harremanik, elkarrekintza positiborik, eta helduaren aldetik begiradarik ume horrek ez ditu ahalmen horiek garatuko. Beraz, nik uste dut psikomotrizistaren papera ez dela egiten egotea, baizik eta dela egoten egotea. Egote horretan lehenik behatu egin behar da eta haurrak behar baldin badu, errespetuz baina interbenitu egingo dugu. Esku-hartze horiek hezitzaileak izango dira. Ezin duguna da interbentzio bat egin egiteagatik edota helduaren behar bat ase nahi dugulako. Izan ere, askotan helduaren beharrak dira haurrarekiko harremana era batera edo bestera eraikitzera garamatzatenak eta hori ere oso kontuan izan behar dugu. Zentzu horretan, inportantea da gai izatea desberdintzeko zer den gurea eta zer haurrarena. Nik beti esan ohi dut ezin dugula haurrarekin egon geure buruarekin egon gabe.

 

Zer-nolako eragina dauka norberaren historia psikoemozionalak haurrarekin lan egiterako orduan?
Eragin handia dauka. Horregatik guk zenbait saio bibentzial egiten ditugu gure baitako haurrarekin konektatzeko. Gure barneko haur horretan ikusten ditugu zeintzuk diren gure behar psikoemozionalak, baina une honetan emozionalki nola gauden aztertzeko ere balio digu: zein zailtasun ditugun, zein ahalmen… Nik izugarrizko garrantzia ematen diet ahalmenei, ahalmen horiei esker gainditzen ditugulako gure zailtasunak. Horregatik garrantzitsua da irakasleak edo psikomotrizistak haurrei dituzten ahalmenetatik abiatuta begiratzea. Gure baitako haurrarekin konektatze horrek, era berean, laguntzen digu psikomotrizitate saioetan aurrean ditugun umeek egiten dituzten ekintzek eta jarduerek zein zentzu duten jakiten. Adibidez, gure saio bibentzialetan esperimenta dezakegu zer sentitzen dugun kaxa baten barruan sartuta, eta horrekin jakin gure haur bat kaxa batera sartzen denean, zein behar dagoen horren atzean, zergatik egin duen hori.

 

Umearen gorputzak sekulako garrantzia hartzen du psikomotrizitatean, batez ere, lehen urteetan; eta psikomotrizistarenak?
Lehen esan dudan bezala, psikomotrizitatean nahi duguna da haurra bera den bezalakoa izatea, eta bere desioak ateratzea, bai kontzienteak eta bai inkontzienteak. Hitzak askotan ez digu uzten horretan, pentsamendu logiko arrazionalera eramaten gaituelako. Aldiz, guk nahi duguna da haurrak alderdi emozionalarekin konektatzea. Gero beste gauza bat litzateke sentitzen dugunari hitza jartzea, baina lehendabizi atera egin behar dugu sentitzen duguna. Eta sentitzen duguna ateratzeko, hitzik ez dugu behar. Hortaz, psikomotrizitatean harremana toniko korporala da, nagusiki. Gu saiatzen gara haurrekin ez hitz egiten, baizik eta gorputzaren bidez adierazten. Esate baterako, haur bati mina hartu duelako besoak zabaltzen dizkiogunean, haurrari informazio bat ari gatzaizkio bidaltzen. Azken batean, gorputza da benetako harremana eta haurrak adin horretan gorputzetik eta emozioetatik askoz ere hurbilago daude arrazoitik eta logikatik baino. Orduan, helburua da haurrei uztea euren gorputzaren bidez hitz egin dezaten eta guk ere beste horrenbeste egitea, behintzat gure gorputza egon dadila eskuragarri eta erabilgarri haurrarentzat. Jakinik noski, eskuragarritasun hori haurraren adinaren arabera era batekoa edo bestekoa izango dela.

 

Espazioaren formaz gain, bertako materiala ere garrantzitsua izan ohi da. Zein material mota erabiltzen dituzue?
Materiala orokorrean biguna da, haurrek jolas librean minik ez hartzeko. Bestetik, material horrek sinbolizazio mota desberdinak egiteko balio du, baina nagusiki bi nabarmentzen ditugu: erlazionalak eta ordezkariak. Hori [Andre] Lapierrengandik hartutako ideia da. Objektuak alde batetik erlazionalak izan daitezke, hau da, guk erabil ditzakegu objektuak haurrarekin harremana bideratzeko. Adibidez, haur bat ez bada ateratzen espazio batetara, guk bota diezaiokegu pilota bat gure harremanaren bidez atera dadin espazio horretara eta jolastu dezan. Hor objektua darabilgu bitartekari gisa, umearekin erlazionatzeko. Bigarren objektu mota ordezkaria litzateke. Adibidez, ume batek hartzen du baloi bat eta ez du sekula uzten. Baloi horretan ume horrek bere emozioak eta bere sentimenduak jartzen ditu. Hortaz, baloi hori berarentzat hartuz eta baloi hori defendatuz, nolabait, bere burua defendatzen ari da. Beste haur batek har dezake pilota bat edota oihal bat, horrek segurtasuna ematen diolako. Nolabait segurtasunaren erreferente diren sinbolo ordezkariak dira.  
Hor zentzua dauka jakiteak haur batek ekartzen dizunean objektu bat, ez dela objektua bakarrik, objektu horren atzean berak jarri dituela sentimenduak, emozioak, afektua… Eta ez da gauza bera haur bati jartzea oihal bat kapa moduan begiratu ere egin gabe edota jartzea begietara begiratuz, irribarre batekin eta gure jarduerarekin “ikusten zaitut eta inportantea da zuretzat jolas hau, bada niretzat zu zara inportantea”. Erlazio horretan egoten jakitea da garrantzitsua. Guk, normalki, objektua bakarrik ikusten dugu, baina objektu horrek badu haurrarentzat zentzua. Eta jartzen du proiekzio bat, eta proiekzio horretan jartzen du bere behar bat. Hortaz, hori begiratzea soilik jada asko egitea da haurrari laguntzeko.  

 

Psikomotrizitate saioetan erabiltzen duzue protokolo zehatzik?
Psikomotrizitateko saioa beti hasten da gomazko blokeekin eraikitako hesi edo pareta botatzen. Eta horrek balio sinbolikoa du. Eremu libre batean sartzera doala adierazten dio haurrari, alegia, datorren espazio horretatik ezberdina izango den mundu batera doala. Saioak hasiera, erdia eta bukaera ditu, estruktura bat eman nahi diogu haurra laguntzeko. Hasieran zapatak kentzen dira… arropak… eta hori ere inportantea da, zeren askatasuna adierazten duen sinbolo bat da, eta zenbat eta arropa gutxiago, gorputza ere libreago izango du. Horrekin batera, hasieran kokatzeko kontsigna ematen diegu. “Ez minik hartu, ez minik eman”. Niri kontsigna hori positiboan ematea gustatzen zait: “Zaindu zure burua eta zaindu lagunak; hona ondo pasatzera gatoz”. Hala ere, saioa beste modu batera has daitekeela uste dugu, gela modu kreatibo batean prestatuz. Gela txoko edo espazio sentsoriomotor desberdinetan antola daiteke, hala haurrari erronka berriak aurkezteko eta interesa eta kuriositatea pizteko. Emozio hauek oso baliagarriak dira esploratzeko, irrika sortzen dutelako eta haurrarentzat ezezaguna dena edo beldurra eragiten dion hori gainditzeko aukera ematen dutelako. Gainera, haurrari zerbait berria eskaintzen diogunean zainduta sentitzen da.
Erdiko partean, psikomotrizitate saioa egiten da, eta orain arte aipatu dugun guztia sartzen da hor. Bukaeran, berriz, inportantea da itxiera egitea. Saioa amaitu baino minutu batzuk lehenago abisatu egin behar zaie haurrei, hala jokoa ixteko aukera izan dezaten, eta jakin dezaten denbora bat dutela behar dutena edo nahi dutena egiteko, eta tarte horretan gure begirada jasoko dutela. Horretarako, bakoitzari begietara begira esan diezaiokegu zertan ari den edo zertan ez den ari. Horrez gain, ixteko modu ezberdinak daude: izan daiteke ipuina, eraikuntzak, marrazkiak, erlaxazio txiki bat eta banan bana joan berarengana… Edozein kasutan, inportantea da ixtea. Hala, haurrak tonua jaisten du, eta beste jarduera formalagoaetarako prestatzen da.

 

Psikomotrizitatearekin batera heziketa emozionala ere lantzen duzue zuek. Adimen emozionala diogunean, zertaz ari gara? Hain txikitatik has daiteke hori lantzen?
Gu adimen emozionala ez gara ari lantzen modu formalean, baizik eta bibentzialean. Adin honetan inportanteena da bizipenetatik egitea lanketa hori. Haurren bizipen horiei helduok jartzen dizkiegu hitzak. Ume bat beldurrez ikusten badugu, zera esaten diogu: “Beldur zara?”… Beldur hori normaltzat hartzen, ulertzen eta onartzen badugu, jada, adimen emozionala lantzen ari gara. Sentimendu hori baimentzen dugun momentutik, onartzen dugu eta ari gara lantzen. Eta umeak berak ere esperimentatzen duena da baduela baimena sentitzen duen hori bizi-tzeko. Geure onarpenezko begiradak eta konfiantzak barnean duen ume ausarta ateratzen lagunduko dio.
Azken batean, mugimendua emozioa da eta emozioa mugimendua (barneraka edo kanporaka). Eta mugimenduak garamatza sozializatzera. Eta sozializatze horretan arauak dauzkagu eta bizikidetzarako ezinbestean kontuan izan behar dugu aldamenekoa. Hortaz, testuinguru horretan dena da emozionala eta haurrei emozio horiek naturaltasunez bizitzen uzten diegun momentutik ari gara heziketa emozionala lantzen.
Guk formazioa egiten dugunean emozioak eta sentimenduak banan-banan aztertzen ditugu. Hauek onartu eta ulertzen ditugu, banakako funtzionamendua aztertu egiten dugu eta hala beroien erregulazio adimentsua zein den ohartzen gara. Era horretan, irakasleok emozionalki jakintsu egiten gera eta saioetan haurrei emozioa positiboki bideratzen laguntzeko prestatzen gara.

 

Eta emozionalki umeak modu osasuntsu batean gara daitezen zer egin dezake helduak psikomotrizitatearen ikuspegitik?  
Psikomotrizitatean baimentzen dugu emozioa, gehiagorik ez. Emozioak dira uneoro espazio horretan daudenak. Emozioak, plazerak eta pozak umeak daramatza beste gauza batzuetara. Bizipen horiek ulertzea, onartzea eta baimentzea zerbait handia da. Beste gauza bat da, gero, gatazketan esku nola hartu, edota haserrea nola kudeatu. Esate baterako, bigarren adibide horri helduta, haserrearen bizipena gure gizartean ez da oso normaltzat hartzen. Haur bat haserretzea, normalki ez dugu ondo ikusten eta umeari ez diogu haserre hori kanporatzea baimentzen. Ez haserretzeko esaten diogu eta heserre horrek ondorio negatiboak ekartzen dizkio. Hortaz, askotan, psikomotrizitate gelan haserreak ateratzen dira oso modu pultsionalean. Guk laguntzen dugu jolasaren bidez agresibitate hori edo haserre hori kanalizatzen. Hasieran haserre hori modu pultsionalean aterako du, baina pixkanaka modu sinbolikoan adieraziz joango da. Eta haserre sinbolikoak umeari (baita helduari ere) beste lasaitasun bat ematen dio.
Normalki, gizartean, emozioak ukatu egiten zaizkigu eta ukatzen zaizkigun momentutik gorde egiten ditugu, eta hori gero nonbaitetik ateratzen da, akaso ez modu egokienean. Maiz gertatzen da hau psikomotrizitate saioetan, egunerokotasunean kontrolatzen dugun hori guztia atzeratzen da: tristura, inbidia, kulpa, frustrazioak… Aldiz, emozioak erregulatzeko gai izateak esan nahi du emozio horren kontzientzia hartzea (sentitzen duenari hitza jartzea), ulertzea eta onartzea. Psikomotrizitateak, beraz, onarpen eta baimentze horretatik datorrenez, erregulazioan laguntzen du. Aske sentitzeko espazio bat badu, gero gela edo etxeko errutinak errazago onartuko ditu.

 

Heziketa emozionalarekin zuzenean lotuta dago gatazken kudeaketa.   
Espazio batean, non arau bakarra den minik ez ematea eta minik ez hartzea, gatazka asko sortzen dira. Egia da, hala ere, helduarekiko lotura segurua eta konfiantzazkoa denean, gatazka gutxiago sortzen direla. Eta hori oso kontuan izatea komeni da. Horrekin batera oso inportantea da haurrak entzuten jakitea, eta behatzea zer egiten duen. Edozein kasutan, kontuan eduki behar dugu gatazka gehienak haurrek eurek kudeatzen dituztela oso modu naturalean, umeak berez enpatikoak direlako. Orduan guk  beti esku hartzen dugu bata besteari mina ematen ari badira egoera hori mozteko. Baina minik ematen ari ez badira, soilik behatu egiten dugu eta  gatazkara hurbiltzen gara zerbait normala izango balitz bezala. Eta hurbilpen horretan ikusten ditugu haurren beharrak zeintzuk diren. Horretarako haurra ongi ezagutu behar dugu eta jakin zein proiektu hezitzaile dugun berarekin. Adibidez, inoiz defendatzen ez den haur batek objektu bat hartzen baldin badu, esango edo sentiaraziko diozu: “Tira, zurea da!”. Izan ere, haur horrek defendatzen ikasteko beharra dauka. Hor dago interbentzioaren zentzu hezitzailea. Haurrak baldin badaude pareko egoera batean eta ohiko liskar bat bada, haur horien emozioak jasotzen ditugu —haserrea, frustrazioa, samina…—. Izan ere, jolasak ematen digun beste ikasbide bat da beti ezin dugula nahi dugun hori lortu, eta hain zuzen ere, bizitza horrelakoxea da, baldin eta besteekin elkarbiziko bagara.

 

Heziketa emozionalarekin batera, hezkidetza ere lantzen duzue, txikitatik hasita. Haurraren sexua kontuan hartu gabe hezteaz diharduzu, baina nola egiten da hori? Zein interbentzio mota egin behar dira?   
Genero berdintasunari dagokionez gauza asko esan daitezke, ikastaroan ondorengo puntuak lantzen ditugu: identitatea, gorputzaren bizipen positiboa, genero rolak, genero estereotipoak, aniztasuna, afirmazioa (“ez beti da ez”)…
Nik uste dut oinarrian dagoen auzietako bat identitatearena dela, alegia, norbera den bezalakoa izateko aukera edukitzea, ez izatea neska edo mutil. Neska izateko hamaika modu daude, mutil izateko beste hamaika eta intersexual edo transgeneroa banaiz horrela bizitzeko eskubidea dut. Alegia, nik gona jantzi nahi badut, gona janzteko aukera izatea. Hori baimentzearekin soilik haurrari sekulako aukera ematen diogu, izan ere zenbait esparrutan egin ezin dituen gauzak hemen egin ditzake, eta berak jolastu dezake nahi duen horretara. Espazio bat emanda bera izan daiteke nahi duena eta egin ditzake proiekzioak eta bere beharrak asetu ditzake. Psikomotrizitatean horretarako aukera ematen zaie eta epaitzen ez diren momentutik haurrak hori egin egiten du. Mutil asko janzten dira gonarekin, mutilak nahi badute printzesak dira eta neska asko dira piratak edo superheroiak. Hor inportanteena da aukera hori ematea eta gainera gure begirada indartzailea izatea: “Horrela ere ikusten zaitut eta horrela ere onartzen zaitut”.
Horrekin batera kontuan izan behar dira umeek hartzen dituzten rolak ere. Jolas sinbolikoan sartzen direnean, txiki-txikitatik, zein rol hartzen dituzte? Bada gizartean esleitzen zaizkienak. Neskak izan behar du jasotzen duena, etxeko ama, erizaina … Eta mutilak izan behar du lanera doana, mekanikoa, medikua … Rol horietan ere interbentzioak egiten ditugu. “Badakizue mutilek ere mahaia ipini dezaketela ezta?”, adibidez.Hori bai, beti errespetuz.
Aipatutako guztiarekin batera garrantzitsua da emozioak berdin kudeatzea ere, alegia, ni haserretu naiteke neska edo mutila izanda, edo negar egin dezaket neska edo mutila izanda, edo neska sentitu eta pitilina izan (edo alderantziz).  Emozio denak dira onak, pertsonok berdin sentitzen ditugu baina gizarteak sexuaren arabera ezberdin erregulatzen erakusten digu. Emozioak bizitzea baimenduz —kontrolatu gabe—, horrekin bakarrik berdintasuna ari gara sustatzen, eta gainera, gauza askoren muina horixe da, izan ere gure jokabideak nagusiki emozioek bideratzen baitituzte. Adibidez, neskek etxe bat egin dute eta mutilak sartu eta etxea kentzen diete, ondorioz, neska guztiak ateratzen dira etxe horretatik. Kasu horretan inportantea da neskek haserrearekin konektatzea, eta esatea “guk hau defendatuko dugu” eta “ez da ez”. Ikas dezatela agresibitate horretan jartzen, eta hori landu behar da txiki-txikitatik… Afirmatzen ikasteko “ez beti dela ez” ikasteko, edo “hau nirea dela eta defendatuko dudala”… Hori dena jolasaren bidez landu daiteke. Hau ahalduntze bat da (neska eta mutilentzat) eta txiki-txikitatik ikasi daiteke. Eta mutilen kasuan beste horrenbeste. Zeren oraindik ere mutilak tamalez emozioak ez kanporatzera bideratzen ditu eskolak, ezin dira neskei esleitzen zaizkien jolasetan ibili, eta psikomotrizitatearen bidez horretarako aukera ematea ere inportantea da, zaintzaren arloarekin ere konekta dezaten, eta hala, nahi dutena izateko aukera gara dezaten. Gizarteak hautatzeko eta esperimentatzeko aukera gutxi ematen digula iruditzen zait, haurtzaroa zuzenduegia dago. Psikomotrizitate erlazionalak jolas libre eta espontaneoan aritzea du helburu, eta hein handi batean, hezkuntza formalak mugatzen duen guztia askatzeko bide izan nahi du.