Rudolf Steiner

2017-03-01

Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta datorren ikasturtean emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, pedagogiako zein psikologiako adituen eta arituen eskurik. Rudolf Steinerren inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan hirugarrena.

 
 

Rudolf Steiner filosofoa dugu Waldorf pedagogia izenez ezagutzen denaren sor-tzailea, eskola tradizionala kenduta, gaur egun hedapen handienetakoa duen mugimendu horren aita. Beste hainbat joera bezala, XX. mendearen hasierako Eskola Berriaren mugimenduaren barruan sortu zen hau ere, Lehen Mundu Gerraren osteko kaos sozial eta ekonomikoaren garaian.

Datu biografikoak

Rudolf Steiner Austriako Kraljevi-ç-en (gaur egun Kroazia) jaio zen, 1861ean, familia eta inguru pobre batean, eta Suitzako Dornach-en hil zen, 1925ean. Gaztetan, berehala erakutsi zuen ikasketetarako grina. Hasieran, institutuko irakasle izateko prestatu zuen bere burua, baina laster hasi zen goi-mailako ikasketetan eta ikerkuntzan. Lehendabizi, doktore egin zen Filosofia eta Letretan, eta, aldi berean, Matematika, Fisika eta zientzietako beste arlo batzuk ere jorratu zituen. Autodidakta bikaina zen, eta literatura, historia, pedagogia, arteak, arkitektura eta beste hainbat alor ere landu zituen. Arlo guztiak landu zituela esan daiteke.
Benetan langile nekaezina zenez, eremu askotara heldu zen haren jarduna, bai irakasle moduan, bai hizlari eta idazle moduan (6.000 hitzaldi inguru eman zituen Europa osoan, eta 30 liburu argitaratu zituen), eta bai bizitzaren esparru ugaritako ikertzaile moduan.
Gaztetan, Goetheren lan zientifiko guztiak argitaratu zituen, eta, gerora, teosofiaren jarraitzaile egin zen. Dena den, joera hura alde batera utzi zuen gerora, eta bere filosofia moldatu zuen (1912), antroposofia deitu zion filosofia espirituala. Antroposofiaren bidez, gizakiaren hiru dimentsioak aldarrikatu nahi izan zituen: gizakiak, gorputzaren eta arimaren dimentsioez gain, baduela dimentsio espirituala ere zioen, eta mundua pertzepzio espiritualaren ikuspuntutik, zentzuekin loturarik ez duen adimen-maila batetik, ulertu behar dela. Beraz, berrikuntza espiritualerako mugimendu bat izan zen antroposofia, eta, antroposofian oinarrituta, beste diziplina hauek sortu zituen, garaiko gizartea eta kultura berritzeko zuen grinak bultzatuta: Waldorf pedagogia, nekazaritza biodinamikoa, medikuntza antroposofikoa, terapia artistikoak, farmakopea, gizartearen eta erakundeen antolakuntzarako hiruko eredua...

Waldorf pedagogia munduan

Waldorf pedagogia, beraz, XX. mendearen hasierako aldaketa-premiei erantzun nahian sortu zen. Lehen Mundu Gerra bukatu eta gutxira, 1919an, Emil Molt industria-gizonak eskola libre bat sortu zuen Stuttgart-en, eta hura zuzentzeko eskatu zion Rudolf Steinerri. Eskola hura Waldorf-Astoria zigarro-fabrikako langileen seme-alabentzat zen. Eskaria onartu egin zuen Steinerrek, eta lehen irakasle taldea eratu eta prestatu zuen. Gainera, eskola abian jartzeaz ez ezik, zuzentzeaz ere arduratu zen. Hezkuntza- eta gizarte-eredu bizia eskaintzea zen eskolaren helburua.
Hasi eta berehala, jende ugari hurbildu zitzaion informazioa eta prestakuntza jaso nahian, eskola berri baterako gogoak erakarrita; eta, horrela, eskola ugari ireki ziren Erdialdeko Europa osoan eta Bretainia Handian, 1933ra bitartean. Tamalez, itxi egin zituen Alemaniako Erregimen Nazional Sozialistak, eskola haiek norbanakoaren autonomiarako garapena bultzatzen zutela-eta.
1945. urtetik aurrera, dena den, ekimen pedagogiko hark indarra hartu zuen berriro, eta, gaur egun, 4.000 eskolatik gorako mugimendua da. Hezkuntza-maila guztiak hartzen ditu barnean, bai eta Hezkuntza Berezia eta desgaitasuna duten helduentzako zentroak ere. Gainera, kontinente guztietan eta herrialde garatuetan (Estatu Batuak, Kanada, Australia edo Japonia) nahiz ez horren garatuetan (Brasil, Kolonbia, Uganda, India, Afganistan...) dago zabalduta mugimendua. Izan ere, era guztietako umeentzat dago zabalik Waldorf pedagogia, berdin baitio zein den haurren jatorri kulturala, soziala edo erlijiosoa. Kasu guztietan, baina, familiek konpromisoa hartzen dute beren seme-alaben hezkuntza-prozesuarekin.
Sostengu ekonomikoari dagokionez, Waldorf pedagogia eskaintzen duten ikastetxeak era askotakoak izan daitezke: pribatuak dira batzuk, homologatuak, berriz, beste batzuk, eta badaude publikoak ere (Suedian, AEBn, Finlandian eta Suitzan). Kasu askotan, beraz, diruz lagunduta daude, eta, gainerakoetan, familiek eurek edo beste erakunde batzuek sostengatzen dituzte.
Baina, badira hiru zutabe, eskola guztietan berdinak direnak: norbanakoaren berariazko garapenarekiko errespetua, irakasleen talde-lana, eta eskolaren eta familiaren arteko lankidetza.
Konpromiso horiekin lotuta, Waldorf eskola ugari UNESCOrekin elkartutako Munduko Eskolen Sarean daude, beren hezkuntza-proiektuek, besteak beste, printzipio unibertsal hauek hartzen dituztelako barnean: ideal demokratikoak, bakerako hezkuntza, kultura-aniztasuna, ingurumen-hezkuntza, iraunkortasuna eta elkartasuna, bai hezkuntza-komunitatean eta bai herrialdeetako eskolen artean.
Nola erakusten da Waldorf eskoletan?
Didaktikari dagokionez, irakaslearen sormena da Waldorf pedagogiaren oinarria, eta irakaskuntzaren helburu gorena, ikasle bakoitzaren heltze-prozesua ulertzea eta errespetatzea, eta ikasle bakoitza osotasunean heztea, hau da, ikasle bakoitzaren gaitasun intelektualak, sentikortasuna eta lanerako borondatea orekatzea eta bultzatzea. Zertarako? Prestakuntza horren bidez, haurra heldua izatera heltzen denean, gai izan dadin bizitzaren erronkei erantzuteko eta etorkizuneko gizarteari ideia eta bultzada berriak eskaintzeko, benetako ekintzailea izanez; hau da, gizaki librea izanez.
Baina zer esan nahi dugu ikasle bakoitzaren heltze-prozesua errespetatzeaz eta ikasle bakoitza osotasunean hezteaz ari garenean?
Azalpenak emateko, Rudolf Steinerrek antroposofiaren bidez gizakiari buruz azaldu zuenera jo behar dugu, antroposofia hitzak berak gizakiari buruzko zientzia esan nahi baitu etimologikoki. Ikuspegi horretatik, gizakiok lau atalez edo lau gorputzez osatuta gaudela esan zuen Rudolf Steinerrek: gorputz fisikoa (ukigarria dena, eta mineralen munduarekin lotzen gaituena), gorputz eterikoa (bizitza ematen diguna, eta landareekin lotzen gaituena), gorputz astrala (sentimenduen atala, eta animaliekin lotzen gaituena) eta Nia (gizakiok gainerakoengandik bereizten gaituena).
Horrekin batera, Rudolf Steinerrek zehaztasun handiz ikertu zuen gizakiaren garapena nola gertatzen den, eta zazpi urteko etapetan gauzatzen zela konturatu zen. Beraz, gizakia zer den eta nola garatzen den oinarri hartuta definitu zuen hezkuntzak nolakoa izan behar duen edo zertan datzan Waldorf pedagogia deitzen dioguna.  
Haurren hezkuntzari aplikatuta, Haur Hezkuntzak 0tik 7 urtera bitarteko etapa hartzen du, Lehen Hezkuntzak 7tik 14 urtera bitartekoa, eta hurrengoak 14tik 21era bitartekoa, non haurra heldu izatera iristen den. Izan ere, gizakiak 21 urte behar ditu, bere NI propioa izatera heltzeko.
Hiru etapa horien bidez, hiru gaitasun handi eskuratzen ditugu gizakiok: pentsatzeko gaitasuna, sentitzeko gaitasuna, eta egiteko gaitasuna edo borondatea.
Etapa horietako bakoitzean, gizakiok gaitasun nagusi bat garatzen dugu, nahiz eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, besteak ere garatu: lehenengoan, hau da, 0tik 7 urtera bitartean, borondatea lantzen dugu; bigarrenean (7tik 14 urtera bitartean), sentitzeari loturiko eremua, eta hirugarrenean (14tik 21era bitartean), pentsamendua. Etapa bakoi-tzean, beraz, alderdi horren garapena zainduko dugu.
Prozesu horretan, bestalde, garrantzitsua da haurrak nola hautematen duen mundua, eta hori ere zehaztu zuen Steinerrek, haurraren garapen osasuntsuari begira. Lehenengo etapan, funtsezkoa da haurrak mundua ona dela sentitzea; bigarrenean, berriz, ederra dela sentitu behar du, eta, hirugarrenean, benetakoa dela.
Goazen, bada, Waldorf pedagogiak etapaz etapa eskaintzen duena gehiago zehaztera:
1. 0tik 7 urtera bitarteko etapa edo Haur Hezkuntza
Denok onartzen dugu urte horiek oso garrantzitsuak direla gizakion garapenean. Gizakiok hiru urte behar ditugu, gureak soilik diren hiru gaitasun handi erdiesteko: zutitzea eta ibiltzea, hitz egitea eta pentsa-tzen hastea; eta, horrekin batera, garatzen jarraitzen dute gure burmuinak eta gure organoek. Gorputzaren indarrak, beraz, zeregin horietan egoten dira buru-belarri murgilduta.
Baina, gorputzarekin batera, badago adin horretan lantzen dugun beste alderdi bat ere: borondatea, egiteko gogoa. Denok dakigu zein gogotsu ibiltzen diren haurrak dena ukitzen eta esperimentatzen, eta zein zaila egiten zaigun gogo hori egoki bideratzea.
Hori guztia jakinda, eskolaren zeregina haurrari gorputzaren zeregin horretan laguntzea da, eta oztoporik ez jartzea. Nola?
Haurrari haur izaten utziko diogu, helduon arrazoitzeko modua alde batera utzita eta haurraren lana jolastea eta mugitzea dela jabetuta.
Haurraren erritmoa errespetatuko dugu, hau da, mugimenduaren eta atsedenaren arteko oreka bilatuko dugu, birikek arnasa hartu eta bota egiten duten bezala.
Ez gara sartuko ezagutzaren edo trebetasun kognitiboen munduan (idazketa eta irakurketan, edo matematikaren munduan), haren gorputzean lanean ari diren indarrak desbideratuko dituelako horrek, eta haren osasunean eragingo duelako; izan ere, haurrak oraindik ez du eskuratu pentsamendu abstraktua.
Jostailu naturalak erabiliko ditugu, haurraren zentzumenak egoki garatzeko (harria, egurra, lurra, artilea, harea...). Gainera, jostailu xumeak eta bukatu gabeak izango dira, horren beharrezkoa den irudimena garatzeko (oihalak, egur zatiak... eskaintzen badizkiegu, nahi dituzten jostailuak sor ditzakete).
Imitazioz ikasteko aukera emango diegu. Lehen zazpi urtean, haurrek dena esperimentatzen eta dena imitatzen dute. Horregatik, askatasuna eman behar diegu mugimenduaren eta jolasaren bidez imitatzeko, betiere imitatzeko moduko eredu egokiak eta ulergarriak emanez: ondo hitz eginez, koherenteak izanez, bizitza errealeko trebetasunak landuz (gela jaso eta garbitu, ogia egin, janariak prestatu, eskulanak egin, baratzean lan egin...)...
Mugimenduarekin batera, biribilean jolasteko aukerak, abestiak eta ipuinak eskainiko dizkiegu, eta baita lan artistikoak ere (marrazki librea, akuarelak...), haurren mugimendua, hizkuntza eta barruko mundua aberasteko.
Edertasuna, ordena, armonia, bakea... zainduko ditugu; izan ere, beharrezkoa da haurrak mundua segurua eta ona dela sentitzea, seguru eta gustura haz dadin, indarrak kenduko dizkioten estimuluak eta zirrarak baztertuz.

2. 7tik 14 urtera bitarteko etapa edo Lehen Hezkuntza

Haurraren indarrek beste bide bat hartuko dute orain. Abstrakziorako bidea egiten hasiko dira poliki-poliki, eta, horrekin batera, sistema erritmikoa eta arnasketa garatuko dituzte fisikoki. Aurreko etapan, mugimendua eta borondatea izan ziren ardatz; etapa honetan, berriz, sentitzeari loturiko guztiak hartuko du indarra.
Gauzak horrela, Waldorf irakasleen ustez, garrantzitsuena ez da zer irakasten duten, baizik eta nola irakasten duten, irakasteko moduak haurraren sentipenean eragingo duelako.
Eskolak prestatzerakoan, gizakiaren hiru gaitasun handiak (pentsa-tzea, sentitzea eta jardutea) jorratzen ahaleginduko da beti irakaslea, baina, betiere, sentitzeari indarra emanda, horixe delako adin horretan behar duena.
Nola egiten du hori? Artearen bidez, alderdi intelektuala ere artistikoki landuz; hau da, kontzeptu abstraktuak eder bihurtuz, marrazkien bidez, ipuinen bidez... Horrela, erraz eta eder bihurtzen da haientzat oraindik zaila dena. Eta mundua ederra eta ulerterraza dela barnera-tzen dute.
Beraz, egiten duen guztia artistikoa, bizia eta piktorikoa izan dadin ahalegintzen da Lehen Hezkuntzako irakaslea, edozein gai ematen duela ere.
Hona hemen Lehen Hezkuntzaren ezaugarri batzuk:

Artearen balioa: zerbaitetarako balio duten eskulan ugari egiten dituzte urte osoan zehar (puntua eginez, josiz, kakorratzean arituz, egurra landuz...); egunerokotasuna bustitzen du musikak (kantatuz, musika-tresnaren bat joz...); ohikoak dira errezitatzea eta antzerkia ere, bai eta marrazkigintza, akuarela, modelatua eta antzeko arteak ere.

Haurrek ez dute ez azterketarik, ez testulibururik. Irakaslearengandik datorrena ederra denez, harengandik datorrena onartuz eta maitatuz ikasten dute, eta, horretan, sobera daude azterketak. Bestalde, irakasleak erakusten die mundua ikasleei, bere bizipenen, bere hitzaren eta bere ekintzen bidez, ez testuliburuek; gero, haurrek jasotako horrekin guztiarekin, beren testuliburua sortzen dute, irakasleak lagunduta. Koaderno artistikoak egiten dituzte benetan, kolorez eta marrazkiz beteak.

Eskola-ordu printzipalak dira eguneko lanaren ardatzak, eta gaiak periodikoki lantzen dira. Goizeko lehen bi orduak izaten dira eskola-ordu nagusiak, eta arnasketa-saio baten antzera antolatzen dira. Lehenengo, atal erritmikoa garatzen da. Saio horretan, mugimendua, ahotsa eta musika lantzen dira, erritmoen, poesiaren, errezitatzeen, kantuen eta jolasaren bidez. Atal horren bitartez, lan kognitiborako eta beren hazkuntza osasuntsurako lagungarriak diren trebetasun ugari eskuratzen dituzte ikasleek.

Atal erritmikoak, bestalde, ikasle bakoitzak taldearekin bat egiteko eta ondorengo kontzentrazio handiagoko unerako prestatzeko balio izaten du.Atal erritmikoaren ondoren, beraz, ikasketa akademikoaren tartea etorriko da. Tarte hori ere modu artistikoan gauzatzen da, irudien eta kontakizunen bidez. Eta bere erritmoa du; izan ere, gai bakarra lantzen da lau bat astean. Hau da, periodoa deitzen diogun denbora-tarte horretan, gai bakarrean murgiltzen gara, eta, gero, hurrengo periodoan, beste batean, horrela gai guztiak (matematika, hizkuntza, historia, geografia...) txandakatuz. Periodoen bidez lan egiteak aukera ematen digu gaian sakontzeko eta ikasleak askotariko informazioa emanez ez nahasteko.
Bestalde, bere egitura du eskola-saio printzipal batek ere:
- Lehenengo, aurreko egunean egindakoa gogoratzen da. Burua lanean jartzeko unea izaten da hori.
- Hori egin ondoren, koadernoan jasotzen da, txukun eta modu artistikoan. Borondatea abian jartzeko unea da, idaztea eta marraztea eska-tzen duelako.
- Bukatzeko, irakasleak zerbait berria gehitzen dio gaiari, hurrengo egunean gogoratu ondoren koadernoan jasoko dutena, hain zuzen. Esan behar da, entzunez, ikasleei beren irudiak edo bizipenak sortzen zaizkiela barruan; nolabait ere, barruan birsortu egiten dute entzundakoa, eta horrexek lagunduko die gero sortzaile izaten. Entzundako horretatik, beren marraz-kia, beren ideia propioa ateratzen dute, ez ezer itxirik.
Eskola-saio nagusia bukatzeko, lasaitzeko unea etortzen da, irakaslearen ipuina edo kontakizuna entzutekoa, edo, beste era batera esanda, haurraren barne-munduari hitz egiteko unea. Edonola ere, ez da guztiz lasaitzeko unea, istorioari jarraitu egin behar zaiolako egunez egun. Lehen Hezkuntzako urte bakoitzak bere kontakizuna dauka, haurraren une ebolutiboari lagun-tzeko helburua duena: maitagarrien ipuinak, kondairak, fabulak, hainbat herrialdetako mitologia...
Gero, jolas-ordua etorri ohi da, eta, jolas-orduaren ondoren, gainerako gaiak landuko dira: atzerriko hizkuntza, gorputz-heziketa, musika, eskulanak...
Saio horiek ere eskola-saio nagusiaren egiturari jarraituko diote: gogoratu, koadernoan jaso, eta zerbait berria bizi.