Guztiok izan beharko genuke feminista

2017-03-01

Zenbat tona sufrimendu eragin behar da emakume bat eraikitzeko?

Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarraren ‘Guztiok izan beharko genuke feminista’ saiakera labur eta zuzena euskaraturik eta Lorea Agirreren hitzaurrearekin argitaratu du Hik Hasik, ikastetxe guztiek generoaren gaia lantzeko euskarri sendo bat izan dezaten.

 
 

Suediako 16 urteko ikasle guztiek jasotzen dute Chimamanda Ngozi Adichieren Guztiok izan beharko genuke feminista liburuaren ale bat etxean. Guztiek. Ikus dezaten, ohar daitezen zer dakarren generoak, zer dakarren gizartea bi kaxoitan—gizonezkoak goikoan eta emakumezkoak behekoan, uler bedi— banatzeak. Gazteak beste era batera, parekidetasunean hezteko asmoz banatzen dute liburua. Eta orain, Hik Hasik Euskal Herriko ikastetxe guztietara zabaldu nahi du saiakera, irakasle guztiek eta ikasle denek diskriminazioaren bizipena eta feminismoaren balioa azaltzen dituen saiakera arrakasta-tsua euskaraz goza dezaten. Eskolan irakur dezazuen elkarrekin, ikasleekin landu eta iruzkindu dezazuen, edo fotokopiatu edo deskargatu edo ale gehiago eskatu eta etxean banaka irakurtzera gonbidatu ditzazuen ikasleak, eta hausnartu eta partekatu ondoren, solastu, mintzatu eta eraldatzeko.

Beretik, pertsonaletik eta lokaletik abiaturik, Okoloma lagunarekin izandako elkarrizketatik hasita, txikitako pasarteetatik, emakume eta idazle gisa bizi izandako esperientzietatik, binarismoa, patriarkatua, genero sistema eta hori guztia gainditzeko feminismoa zer den azaltzen du, xehe eta xume saiakera labur honek. Horra Chimamanda Ngozi Adichieren meritua. Mundu osoan sona izan duena. Izatez entzuteko idatzia izan zen, TED talk solasaldi bat —bi milioi erreprodukzio baino gehiago izan dituena eta Hik Hasik euskaraz eskainiko duena— jasotzen du liburuak, eta zuzena eta sarkorra da oso. Nork bere burua ikus dezake Ngoziren hitzetan, nork bere larrua emakume adeitsu eta desiragarriak deskribatzen dituenean, gizon oldarkor indartsu arrakastatsu izatera behartuak ager-tzen dituenean.
Feminista hitza —eta beraz ekin-tza— aldarrikatzen du idazle nige-riarrak. Feminismoa hezkuntzarako tresna ezinbesteko.
Eta euskarazko bertsioa Lorea Agirre kazetari eta antropologoaren hitzaurreak osatzen du. “Zenbat tona sufrimendu eragin behar da emakume bat eraikitzeko? Eta gizonezko bat eraikitzeko?” Hor Agirrek egindako hausnarketa. “Neska izatea beti izan da gutxiago izatea. Orain ere bai”.
Adichieren liburua irakurtzera gonbidatuz, generoaren gaiak duen zentraltasuna ikustera darama hitzaurreak irakurlea: “Geure identitatea goitik behera zeharkatzen, zedarritzen eta determinatzen duelako. Generoak ezin du izan oin-ohar bat orriaren ezker bazterrean. Ez da gauza partikular bat. Ez da kontu pertsonal bat. Gai zentrala da. Herritar guztion auzia”.
Nigerian eta Euskal Herrian, bat eta bera da genero-sailkapenak egiten duen diskriminazioa. Bat da Ngozi Adichieren mezua eta Agirrerena: “ez dezagun neskei, neska jaiotzeagatik, guneak eta ateak ukatzen jarraitu, ez ditzagun beldurtu; ez ditzagun mutilak erasotzaile eta tratu txarren emaile bihurrarazi, ez ditzagun beldurtu, eta irakats diezaiegun denei zapalduaren eta baztertuaren aldeko ardura hartzen”. Feminismoa da horretarako tresna: “Jakin-min bat da feminismoa —dio Agirrek—. Jakintza bat. Jabetze bat. Ahalduntze bat. Boteretze bat. Izan neska izan mutil izan emakume izan gizon izan zernahi izendatu gaituztela”. Baina badaki Agirrek hitzak berak beldurra sortzen duela oraindik, Angela Davisen hitzak dakartza: “Feminismoa emakumea gizakia dela defendatzen duen ideia erradikala da”.
Saiakerak, deskribatzen dituen bizipen eta egoerengatik  —hain pertsonal eta hain unibertsal—, darabilkien hizkeragatik, zehaztasunagatik, ironiagatik eta fintasunagatik nerabe eta gazteak ditu irakurle-jomuga. Goza dezatela, eralda dezazuela hezkuntza.

Liburuko hainbat pasarte:

Snukkan, Nigeriako hego-ekialdeko unibertsitate-hirian, Lehen Hezkuntzako ikaslea nintzenean, hiruhilekoaren hasieran azterketa jarriko zigula esan zigun irakasleak, eta nota onena ateratzen zuena ikasgelako begiralea izango zela. Ardura hori izatea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Ikasgelako begiralea izanik, zalaparta sortzen zutenen izen-abizenak jaso behar zenituen egunero —botere-mozkorraldia eragiten du horrek baina gure irakasleak, gainera, makila ematen zizun, eskuan eraman zenezan zalapartarien bila ikasgela goitik behera zeharkatzen zenuen bitartean. Jakina, makila erabiltzea ez zegoen baimenduta. Bederatzi urteko ni bezalako neskato batentzat, baina, egoera zirraragarria zen hura. Ikasgelako begiralea izateko irrikan nengoen, eta, beraz, notarik onena atera nuen azterketan. Orduan, nire harridurarako, irakasleak esan zuen begiraleak mutila izan behar zuela—.

Lagun estatubatuar batek oso ondo ordaindutako lan bat dauka, publizitatearen alorrean. Lantaldean dauden bi emakumeetako bat da. Lagun horrek kontatu zidan nagusiak gutxietsita sentitu zela bilera batean: nagusiak ez zituen aintzat hartu haren iruzkinak, eta, gero, oso antzeko batzuk laudatu zituen, gizonezko batek egindakoak. Emakumeak gogoa sentitu zuen kexatzeko eta nagusia auzitan jartzeko, baina ez zuen halakorik egin. Aitzitik, bilera amaitutakoan, komunera joan eta negarrari eman zitzaion; gero, barrenak husteko hots egin zidan. Ez zuen kexatu nahi izan, oldarkor itxura ez ematearren. Erresuminari barrenak jan ziezazkion uztera mugatu zen.

Atentzioa eman zidan lagun hark eta beste lagun estatubatuar askok zenbateko ahalegina egiten duten jendearen “gogoko” izateko. Ematen du gainerakoen gustukoa izatea oso garrantzitsua delako ustean hezita daudela, eta “gogokoa” izate horrek oso gauza zehatza dakar: alde batera uzten du amorrua adieraztea, oldar- korra izatea edota desadostasuna ozenegi agertzea. Denbora gehiegi pasatzen dugu neskatoei mutikoek eurei buruz pentsatuko dutenaz kezkatu behar dutela irakasten. Mutikoei, ordea, ez diegu irakasten gogokoa izatearen gaineko kezka izaten.

Ez da erraza generoari buruzko elkarrizketak izatea. Jendea deseroso sentiarazten dute eta, batzuetan, jendea sumindu ere egiten da. Gizonek nahiz emakumeek egiten diote uko generoaz hitz egiteari, edota joera izaten dute, genero-arazoei garrantzia berehala kentzeko. Beti izaten delako deserosoa gauzen egoera aldatzeari buruz pentsatzea.

Hainbatek galdetzen dute: “Zergatik erabili feminista hitza? Zergatik ez esan giza eskubideetan sinesten duzula, edo halako zerbait?”. Bada, ez litzatekeelako zintzoa izango. Argi dago feminismoa giza eskubide orokorren parte dela, baina “giza eskubideak” adierazpide generikoa erabiltzeak generoaren berariazko arazo berezia ukatzea dakar. Mendeetan emakumeak baztertuak izan ez direlako itxurak egitea da. Genero-arazoak emakumeak jomugan jartzen dituela ukatzea da. Tradizionalki, arazoa ez zela gizakia izatea, baizik eta sexu femeninoko gizakia izatea. Mendeetan, munduak bi multzo handitan bereizten zituen gizakiak, eta, gero, multzo horietako bat baztertu eta zapaltzeari ekiten zion. Bidezkoa da arazoaren irtenbidean horixe onartzea.
Zenbait gizon feminismoaren ideiak mehatxatuta sentitzen dira. Uste dut horren jatorria jasotako heziketak sorrarazten dien ziurgabetasunean dagoela, izan ere, euren autoestimua murriztu egiten da gizon gisa dagokien kontrola “naturaltasunez” ez daukatenean.