ESKOLA FEMINISTARANTZ

2017-03-01

Generoaren motxila husten

Eskola gaur egun ez da parekidea. Mistoa bai, baina hezkidetzailea ez. Sortu ere gizonezkoentzako pentsaturiko eskolaren gainean sortu zen eskola mistoa. Eta oraino, eskolak ez dizkie aukera berdinak ematen neskei eta mutilei, eta ez die berdin exijitzen. Batzuengandik oldarkortasuna eta zabarkeria espero du, otzantasuna eta perfekzionismoa besteengandik. Eta horrek ikasleen nortasunean, sozializazioan eta proiekzio akademikoan eragiten du. Beren-beregi ikastetxe bakoitzak hezkidetza landu ezean, irakasle bakoitzak aldagai diskriminatzaileez hausnartu eta aldaketa eragin ezean, eskolak, sistema bezala, patriarkatua egonkortzeko tresna gisa funtzionatzen jarraituko du. Izan, irakasle guztiak baitira berdintasun-irakasleak.

 
 

Eskola, gaur egun, matxista da. Instituzio gisa, eskola, hemen eta orain matxista da. Hitza gordinegi zaionak jarri beza ez-parekidea: eskola gaur egun ez da parekidea, edo eskolak gaur egun, oraindik desberdinkeria sustatzen du generoagatik. Ez bada, beren-beregi ikastetxe horrek hezkidetza bultzatu duela. Gainontzean, eskola gaur egun, patriarkatua egonkortzeko sistema bat da. Eta hau ez da balorazio bat, konstatazio historiko bat baizik: gaur egungo eskola (eskola mistoa) mutilentzat diseinaturiko eskola-egitura eta curriculumean oinarritzen da, neskentzako diseinatu zen eskola-egitura eta curriculuma erabat baztertu baitziren gaur norma bilakatu den hezkuntza-sistema zabaltzeko garaian.

Eskola, gaur egun, matxista da. Arau-esparru zabal batek eskolan berdintasunezko gizarte baten alde lan egin dezala eskatzen badio ere hezkuntza-sistemari. Oraindik ere, ez dizkie aukera berdinak ematen neskei eta mutilei. Ez baitie berdin exijitzen neskei eta mutilei. Batzuetan esplizituki, besteetan sutilki. Neska izateak edo mutil izateak ikasle bizitza baldintzatu egiten du, ez bada, beren-beregi, ikastetxe horretan parekidetasunaren aldeko lana egin.Zeinek eurenganatzen dute arreta gelan, neskek ala mutilek? Zeinek okupatzen dute jolaslekuko espazio zentrala? Nor jolasten da bazterretan? Nola, zer-nolako ahots doinuarekin, hitz egiten die irakasleak mutilei? Ete neskei? Nori exijitzen zaio arduratsua izatea? Letra ona edukitzea, etxerako lanak beti eginda ekartzea? Norengandik espero ditugu nota hobeak? Zeinek pairatzen dute eskola-porrota? Zer-nolako balioak goresten ditu eskolak? Zer ikasketa hautatzen dituzte batzuek eta besteek? Testuliburuetan zenbat erreferentzia daude emakumeenak? Historia-liburuetan zenbat gizonezko eta zenbat emakumezko agertzen dira? Hormetako afixetan ze jarreratan agertzen dira andrazkoak eta gizonezkoak? Zein da ikastetxeko zuzendaria? Haur-eskolako irakasleak gizonezkoak ala emakumezkoak dira? Parekidetasun eza erakusten duten aldagai batzuk baino ez dira galdera hauen erantzunak.Patriarkatuak —gizonek emakumeak menderatzeko duten botere-harremanen sistemak— hainbat baliabide ditu gizartea egituratzeko —kapitalismoak dituen bezalaxe—. Eta eskola sistema arras eraginkorra da gizartea bi kaxoitan egituratzeko: eskolak eragin itzela du nortasunaren eraikun-tzan, neskei halakoak eta mutilei holakoak izan behar dutela irakasteko tresna da eskola patriarkatuarentzat. Mundua bitan banatzen du patriarkatuak, orori generoaren ikuspegitik begiratzen dio, eta dominazio-sistema bat antolatzen du, gizonezkoak goian eta emakumezkoak behean ezartzen dituena. Datuek erakusten dute posizio makurra: bidean aurrera egin bada ere, sexu-erasoak eta genero indarkeria pairatzen dute andrazkoek, emakumeen soldatak baxuagoak dira oro har, politikaren, ekonomiaren, kulturaren eta zientziaren alorretan erabakiak hartzeko esparruetan askoz emakume gutxiago daude, etxeko lanen eta zaintza-lanen ardura eta lan banaketa desorekatua da, gizarteak goresten dituen balioak, eskuarki, maskulinoagoak dira… Beraz, tradizioz patriarkala den eskola-sistema erreproduzitzen dugun heinean nesken eta mutilen arteko diferentzia ereiten ari gara, batzuekiko eta besteekiko espektatiba eta aurreiritziak desberdinak diren neurrian haiei eskaintzen dizkiegun aukerak eta irteerak ere desberdinak izango baitira, ez badugu, beren-beregin binarismoa baztertzen eta munduari prisma anitzagotik begiratzen: pertsona bakoitza, ezarritako generoaren gainetik, bere gaitasun eta interesen arabera garatzeko aukera eskainiko duen eskola bultzatuz.Diskurtso-mailan, ia-ia lortu dugu berdintasuna:“Legez, hitzez eta teorian berdintasunean bizi gara. Baina mezuak, errealitatea eta egunerokotasuna bestelakoa da: sexu-genero sistema baten arabera bizi gara. Gurea sedukzio patriarkatua da, eta agindu horren araberako mezuak jasotzen ditugu etengabe, gure nortasunean eragiteraino”, Amelia Barquinen hitzak dira, Huheziko irakasleak kulturaniztasunarekin batera berdintasun gaiak lantzen ditu Eskoriatzako Magisterio eskolan. “Gizartea ez da parekidea; familiak ez gara hezkidetzaileak, hedabideek eta kultur produktuek zer-nolako mezuak ematen dizkiete neskei eta nolakoak mutilei? Jasotzen ditugun mezuen bidez, familian, lagun artean, komunikabideetan, kalean... etengabe ari gara gure nortasuna eraikitzen, eta pertsonak generoaren arabera sailkatzen ari dira, etengabe”. Pilar Aristizabal Gasteizko Magisterio eskolako irakaslearentzat gero eta joera handiagoa dago mundua bi kaxoitan banatzekoa: “Jaio aurretik ari gara baldintzatzen umeak, ekografiak neska edo mutila dela esaten digunetik igurikapen eta estereotipo batzuk ari gara eraikitzen haur horren inguruan. Neska bada gauza bat espero dugu, arropa batzuk erosiko dizkiogu eta gela era batera apainduko diogu; mutila bada, beste era batera. Gutaz espero denak eragina dauka gure nortasunean. Gero eta gehiago ari gara baldin-tzatzen, jaio aurretik ere”. Etengabe jasotzen ditugun mezu sexisten aurrean, Barquinentzat ikastetxearen funtzioa izan beharko litzateke “erreferenteak eskaintzea eta eredu alternatiboak ematea kultur industria nagusiak, hegemonikoak ematen dituenak alde batera utzita, beste batzuk ematea haur bakoitzak binarismotik harago, sedukzio patriarkatu honek neskei eta mutilei ematen dizkien mezuak baino osasuntsuagoak jaso ditzan”.Pilar Aristizabalek ere argi dauka, eskolak pertsonaren nortasunean eta sozializazioan duen erantzukizuna handia da: “Eskolak garrantzia handia du generoaren eraikuntzan. Eskolan ordu asko pasatzen dira. Horregatik, luze hausnartu beharko genuke: zer-nolako neska- eta mutil-ereduak eramaten ditugu gelara? Zer-nolako familia-ereduak lantzen ditugu? Eredu asko aurkeztea garrantzitsua da, aniztasuna eskaini behar dugu, eta aniztasun hori errespetatzen ikasi. Curriculumaren eraikuntzatik beretik, bizitzen dena ikasten da. Hezkidetza-balioetan hezi gintezke, edo kontrakoetan. Baina hezkidetza ez da plangintzan dugun gai bat bakarrik. Hezkuntza-proiektuan eduki dezakezu hezkidetza landuko duzun gaien artean, baina, gero, jarrerak, materialak… kontrakoak baldin badira, ipuinetan beti mutilak neska salbatuko badu, balio horietan ari gara ikasleak hezten. Curriculuma osatzean, materiala aukeratzean, geure jarreretan, esku-hartzeetan… Parekidetasuna bultzatu nahi badugu, genero-irizpidea presente izan behar dugu beti eskolako erabakiak hartzean, uneoro betaurrekoak jantzita eduki behar ditugu”.Barquinentzat eskola parekidetasuna lantzeko “leku pribilegiatua” da. “Baina ez da erraza, hori argi eduki behar dugu. Beraz, eskolari ematen zaion berdintasunerako enkargua bete nahi bada, baliabideak ere eman behar zaizkio. Eskolak aukera asko dauzka gai batzuk aurrera eramateko, eta horietako bat da hezkidetza, baina eskolak bakarrik ezin du. Hori da daukagun erronka, eta horretaz kontziente izan behar dugu. Eskolaren erantzukizuna, hezkidetza-gaietan, zentrala da, horregatik irakasleen kontzientzian eragin behar da: irakasle guztiak dira berdintasun irakasleak. Ezer ez baduzu egiten ere, zerbait egiten ari zara: patriarkatua erreproduzitzen ari zara. Irakasle bakoitzak dauka gai honekiko erantzukizuna. Orain, erronkak betetzeko baliabideak behar ditu eskolak”.Zergatik izan behar luke eskolak feminista?Hasteko, helburu hori izan ezean, Barquinek dioen bezala, eskola ez-parekidea izango delako, gizartea den bezalaxe. Neska eta mutilak aukera berdintasunean hezteko, lehenik eta behin helburu hori zehaztu behar du eskolak, bestela, gizartean nagusi dena erreproduzitzen du eskolak: generoaren araberako antolaketa eta botere-eredua, eta beraz, harreman ez-parekideak nesken eta mutilen artean; eta beraz, mutilak, oro har, oldarkeriara bultzatzea eta neskak isiltasunera kondenatzea. Zergatik izan behar luke eskolak feminista? Hona hemen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentzioa sustatzeko Gida Plana-k zehazten dituen hainbat arrazoi: •Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak ezabatzen lagunduko duten berdintasunezko harremanak sustatuko dituen eskola nahi dugulako eta sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskainiko zaizkiela bermatu nahi dugulako.•Sexu harremanak eta harreman afektiboak osasuntsuak, errespetuzkoak eta askeak izan daitezen nahi dugulako. Aniztasunean eta emakume eta gizonen aukera-berdintasunaren errespetuan eta sexu-identitateen eta –joeren errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak sustatuko dituen eskola behar dugulako, gizarteko aurreiritziak eta inposizioak baztertuz. Espazio seguru eta orekatua izan behar duelako LGTTBI ikasle guztientzat, sexu-joera, sexu-identitatea edota genero-identitatearengatiko era guztietako bazterkeria, jazarpen edota erasoetatik babestuta sentituko diren espazioa. •Genero-indarkeria eta sexismoa sorburu duten indarkeria mota guztien prebentzioan aktiboki lan egin nahi delako, eta emakumeen aurkako indarkeriazko kasuen detekzio goiztiarrean engaiatuko den eskola nahi dugulako. •Emakumeen jakintza eta emakumeek gizadiaren garapenari egin dioten ekarpen sozial, zientifiko eta historikoa curriculumean txertatu nahi direlako.•Gaurko genero estereotipoek mutilen artean eskola-porrotaren tasa igoarazten duela ikusirik, kasle guztiek hezkuntza-sisteman jarraituko dutela bultzatuko duen eskola nahi dugulako.•Ikasleei beren harremanak berdintasunetik, errespetutik, alaitasunetik, askatasunetik... bizitzen lagunduko dien eskola delako osasuntsuena, jarrera bortitzak, matxistak, homofobikoak, lesbofobikoak eta transfobikoak gaindituz. Eskolaren egitekoa da, pertsonak bere osotasunean hezten laguntzea, bada eskolaren egitekoa litzateke hezkidetzan heztea ere, bi adituen iritziko. Hezkidetzaren helburua genero-desberdintasunak etengabe desagertzea da, eta ez eskolako egitura formalean bakarrik, baita hezkuntzaren ideologian eta jardun osoan ere. Honela deskribatzen du Jaurlaritzaren planak hezkuntza ikuspegi hau: “Gizonezkoen kulturaren eta emakumezkoen kulturaren alde positiboak berreskuratu nahi ditu, eta era dikotomikoan genero bakar bati lotuta ez dauden jokabide-erreferente bihurtu, neska eta mutilen giza garapena bultzatzeko, eta identitate pertsonala duten subjektuak direla onartzeko, estereotipoak alde batera utzita. Hezkuntza-planteamendu hori funtsezkoa da genero-indarkeriari heltzerakoan”. Arazoa da eskolari egiteko asko ezartzen zaizkiola, euskaran heztea, kulturaniztasunean heztea... eta baliabiderik ez zaiola ematen. Lehentasun kontua da: eskola parekide baten alde lan egin ala ez, lehentasun kontua da; erabaki politikoa da, adierazi du Pilar Aristizabalek. Gasteizko Irakasle eskolako irakasleak ‘Emakume eta gizonen berdintasuna irakasleen formazioan: Gasteizko Irakasle Eskolaren kasua’ izenburua duen tesia egin zuen duela urte batzuk. Ikasleek eta irakasleek berdintasuna nola hautematen duten aztertu zuen tesian, eta, formazioa hobetzeko, hainbat proposamen jaso zituen. Historikoki eskolak pertsonak generoaren arabera hezteko tresna izan direla erakutsi zuen bere tesiaren bidez: “Desberdintasun biologiko batzuetan oinarrituta, horrek aitzakia eman du egoera baztertzaileak sortzeko eta emakumea etxean uzteko. Tradizio horretatik gatoz, eta nabarmena da hori. Hezkuntza-sistemaren hasiera-hasieratik, emakumeenganako diskriminazioa izan zen nagusi. Europa osoan XVIII. mendean ezarri zen eta XIX. mende osoa iraun zuen eredua etxetiarra izan zen. Zertarako prestatu behar zen emakumea? Zerbitzatzeko, umeak zaintzeko, etxea garbi edukitzeko... zientzia-ikasketak, matematika... hori dena ukatu egin zitzaion emakumeari. Hortik gatoz, beraz, gauzak aldatu nahi badira, lehen-lehenik kontzientzia hartu eta nahi izan behar da, erabaki kontua da hasteko, eta ondoren baliabide kontua”.

 

Nola eragiten du parekidetasun ezak ikaslearen nortasunean, sozializazioan eta proiekzio akademikoan?

Curriculuma, materialak, testuliburuak, harreman-ereduak, espazioaren erabilera, eskolaren egitura, neskekiko eta mutilekiko espektatibak, estereotipoak, exijentziak, rolak eta aukerak desberdinak baldin badira nesken eta mutilen kasuan, haiengan proiektatzen ari garena ere ez da parekidea izango, adituen arabera. Neska izaten eta mutil izaten irakatsi egiten da, eta, horretarako, esaten zaie zer balio, zer sentimendu, zer jarrera, zer jokabide, zer sexu-joera, zer sexu-identitate edota zer genero-identitate, zer gaitasun, zer rol... onartu behar dituzten sexu batekin edo bestearekin jaiotzeagatik, eta arau hori hausten duenari zigorra ezartzen diote besteek, eta hori eskolan ere ikasten da. “Neskak lotsatiagoak direla pentsatzen dugu, isilagoak direla aurreirizten dugu. Mutilak, aldiz, zabarragoak izatea espero dugu, zaratatsuagoak. Eta aurreiritziak, azkenean, bete egiten dira. Curriculum ezkutuaren bidez, neskengandik gauza batzuk eta mutilengandik beste batzuk espero ditugula adierazten diegu, eta horrek eragina dauka txikitatik nortasunaren eraikuntzan”. Batzuetan oharkabean egiten diren keinu txikiek ere garrantzia handia dutela nabarmendu du Barquinek: “Egunerokotasunean, konturatu ere egin gabe, eragiten ari gara, esate baterako, ohartzen al gara zein desberdin tratatzen ditugun neskak eta mutilak? Batzuei etengabe “ze polita zauden” esaten diegu, besteei tonu ozenagoan hitz egiten diegu. Horrek guztiak eragina dauka”. Kontuan izateko beste gauza bat erreferenteen gaia da, bi irakasleek nabarmendu dutenez. “Umeek oso erreferente gutxi izan ohi dituzte markatutako bi bideetatik ateratzeko. Ikastetxe batzuetan ez dago ipuin bat bera ere non genero bereko bikote bat dagoen —adierazi du Huheziko irakasleak—. Posible da ikastetxe batean hamar urte pasatzea eta genero bereko bikote bat agertzen den ipuinik ez irakurtzea, ez marrazki bizidunetan ez afixetan ez beste inon agertzea. Nola irudikatuko du ume horrek genero bereko bikote bat? Ikusten ez dena zail da irudikatzen, eta zail da ikusten ez dena erreferentetzat hartzea”. Bortizkeria sinbolikoa deitzen dio horri Barquinek, “umeei irudikatzeko aukerarik ez eskaintzea bortizkeria sinboliko potentea da. Bide bakarra eskaintzea umeari aukerak erabat murriztea da”. Generoaren ikuspegitik Queer teoriak egin duen ekarpena eskolan txertatzea proposatzen du Barquinek: “Queer teoriak ekarpen ederrak egiten dizkigu: adibidez ez dagoela beharrik pertsonak bi generotan sailkatzeko; Queer teoria saiatzen da, besteak beste, binarismoa gainditzen, eta orduan konturatzen gara horri esker dena daukagula binarizatua, baina beste mundu bat posible da non ez den horren inportantea gizarteak dioen neska zarela ala mutila zarela, eta posible dela, zakila izan arren, orain arte neskek egin dituzten gauzak egitea. Kontua da momentu honetan hori ez dela posible, batez ere mutilentzat. Mutilek zailago daukate ‘nesken gauzak egitea’ prestigio galera bat baita haientzat, mutila bazara eta maitagarriz janzten bazara, zigor soziala jasoko duzu. Ez gara horren libreak”. Indarkeria sinbolikoaz gain, mikroindarkeria –eta baita indarkeria eta bullying kasuetara arte ere– eragin dezake generoaren gaiak, Barquinen arabera, “eskola ez da leku babestu bat genero  aniztasunari edo aniztasun afektibo-sexualari dagokionez. Umeek askotan generoa erabiltzen dute elkar markatzeko; mikrobortizkeriak umeen artean ere gertatzen dira, batzuek bigilatzen dituzte besteak bidetik ez ateratzeko, komentarioak egiten dizkiete...”Umeei bi kaxoietatik haragoko mundu bat eskaintzeak, zabaltasuna emateak, esperimentatzeko aukera emateak, erreferente eta eredu anitzak emateak mesede egingo lieke banakoei. “Ez dakit zenbateraino kontziente garen gure identitatearen eraikuntzan zer-nolako eragina daukaten eskolak eta eskola-komunitateak”. Barquinen arabera, eskolak aukera berdintasuna sustatu behar du binarismoaren aurretik, baina aniztasuna eta aniztasunaren errespetua ere sustatu behar du. “Dikurtso honek bi hanka ditu; berdintasuna batetik, eta aniztasuna eta errespetua bestetik, eta bigarren hankaz ez da ia hitz egiten. Berdintasuna eskubideei dagokienez, aukerei dagokienez, soldatak, lanpostuak... hori ezinbestekoa da, eta zure burua eraikitzeko daukazun askatasunaz zer? Hori da aniztasuna, eta aniztasunarekiko erronka handia daukagu oraindik ikastetxeetan”. Aristizabalek eskola ez-parekide batek ikasleen nortasunean duen eraginaz gain proiekzio akademikoan duen eragina ere nabarmentzen du: “Eskolak ereduak eman ezean haurrek zail izango dute euren etorkizuna beste bide batzuetatik proiektatzea. Hasieratik gizarteak eta eskolak markatzen dizu zer izan zaitezkeen eta zer ez, ematen dituen edo ematen ez dituen ereduen, ez bakarrik nortasun eta jarrera kontuetan, baita lanbide-orientabidea eta proiekzio akademikoari begira ere”. Horren erakusle, ikasleen aukera pertsonal eta profesionalak lirateke, Batxilergoan nesken gehiengoak giza eta gizarte zientzietako adarrak aukeratzen dituzte eta mutil gehienek modalitate zientifiko-teknikoa hautatzen dute. Unibertsitate-mailako ikasketak aukeratzean generoaren araberako diferentzia oraindik zein nabarmena den adierazten du Aristizabalek: “Oraindik ere zaintza-lanen inguruko karreretan —zentzu zabalean hartuta— neskak dira gehiengo handi bat, eta teknikoagoetan mutilak. Eskolaren egiturak, materialetan eskaintzen ditugun erreferenteak, badauka eragina ikasleengan sortzen ari garen iruditerian, erreferente eta ereduetan. DBHn eta Batxilergoan zer bila-tzen dituzte gazteek? Ereduak, eta dituzten ereduen arabera aukeratzen dute, badakite gizarteak zer onartzen duen eta zer ez. Guri eztabaida taldeetan argi esan digute gazteek: iturgin bat aipatzean, guztiei gizonezko bat etortzen zaie burura, eta ingeniariak eta politikariak aipatzean ere berdintsu, hori delako eskolan ere ikusi dutena. Txikienen ipuinetatik hasita, gaur egun oraindik umeekin ama agertzen da ia beti, emakumea ia beti etxe barruan agertzen da, edo zaintza eta irakasle lanetan... Emakumezkoak rol zientifikoetan ager-tzen direnean ere askotan zaintzari lotutako roletan agertzen dira. Estereotipo asko ditugu irudietan, eta horiek guztiek eragina dute nortasunean eta baita lanbide orientabidean ere”.

 

Nola bilaka liteke eskola bat feminista?

Urteak dira hezkidetzaz hitz egiten dela eskola-komunitateetan. Mugimendu feministaren ekimenez lehendabizi —Bilgune Feministak duela 15 urte egin zuen minimoen taula—, pedagogia berrikuntzako mugimenduen eskutik ondoren, eta instituzioen ekimenez hirugarrenik eskola mistoa eskola hezkidetzaile bihurtzeko betebeharra mahai gainean dago aspalditik. Eragile guztiak bat datoz aldaketa osoa izan dadin, eskola-komunitate guztiak hartu behar lukeela aldaketa-prozesuan parte: ikasleek, irakasleek, eskolako langileek eta familiek, genero-ikuspegia ikastetxeko kultura eta praktiketan planteamendu integral baten bidez txertatzeko beharrezko direla diote.

 

1-“Irakasleek klik egin behar dute”

Barquinek eta Aristizabalek irakaslegaiak formatzen dihardute, eta euren egitekoa da ikasketak amaitu ostean ikasleak betaurreko moreak jantzita ateratzea. “Ez dago genero gaiei buruzko berariazko irakasgairik, graduak antolatu zirenean aukera horri ateak itxi zitzaizkion, beraz, irakasle taldearen ekimenez txertatu dugu gradu osoan genero ikuspegia”. Bi irakasleentzat funtsezkoa da haurrekin dabiltzan maisu maistrak gaiarekiko sentsibilizatzea. Bai Aristizabalek eta bai Barquinek argi dute: “Irakasleek klik egin behar dute”. Aristizabalek tesia egin zuenean konstatatu zuen irakasle-gaien artean hezkidetzarekiko sentsibilitate gutxi dagoela: “Berdintasunaren diskurtsoa zabaldua dago gizartean, eta  baita irakaskuntzan ere; ematen du diskriminazioa jasotzen baduzu arazoa zurea dela, problema pertsonala dela. Azaleko geruzaren azpian begiratu behar dugu: eta horretarako irakasleek tresnak behar dituzte, eta lehenengo kontzientziazioa da”. Bi irakasleek berdintasun konpetentziak sistematizatzeko beharra ikusten dute. “Gai hau, tamalez, irakasleen esku gelditzen da, boluntarismoaren araberakoa da: irakasle batzuek interesa baldin badute, ekiten dute; baina ez dutenek, ez; eta ezin du horrela izan egiturazko egin behar da”, azaldu du Barquinek. Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte, transbertsalki landu behar da, Huheziko irakaslearen aburuz, berdintasun konpetentzia haurrekin. Lerro transbertsalaz gain, puntualki ere, materia gisa landu behar litzateke noizbait ikasle bizitzan, gaian sakondu umeek eskura ditzaten gizartea analizatzeko tresnak. “LHko hirugarren zikloan eta DBHko bigarren zikloan materia bat ematea oso pertinentea izango litzateke. Feminismoak garatu dituen tresna kon-tzeptualak eskura izan behar dituzte ikasleek, haien errealitatea irakurri ahal izateko, pelikula hori ikusteko, bideoklip hori ikusi ahal izateko, abesti hori entzuteko... Horretarako irakasleak entrenatu egin behar dira.”

 

2-Ikastetxe bakoitzak batzorde bat behar luke eta denbora eta baliabideak

Aristizabalek ere egiturazko bilakatzea ezinbesteko ikusten du, “bestela, ikastetxe batek gaia lantzen du eta ondokoak ez; irakasle batzuek gaia lantzen dute, eta haiek joandakoan programa bertan behera gelditzen da... lehentasuna eman behar zaio gai honi, akaso ez ote da funtsezkoa gure ikastetxeko ikasleen artean harreman osasuntsuak sustatzea? Sexu-erasoak eta genero indarkeria prebenitzea? Zaintzaren garrantziaz kontzientzia hartzea?  Hori ez al da kalitatea?”. IKTekin egin dena jartzen du adibide gisa Gasteizko Magisterio eskolako irakasleak. “Gauza asko egin daitezke benetan lehentasuna ematen bazaio, esate baterako, IKTekin egin den bezala: Heldutasun teknologikoaren araberako mailak sortu dira eskoletan, bada horrelako zerbait egin behar da hezkidetzarekin, irakasleek gutxieneko prestakuntza eduki behar dute mailarik maila; hezkidetza-arduraduna eta dinamizatzailea izendatu behar dira”. Ikastetxe bakoitzean batzorde bat sortzea proposatzen du Aristizabalek, dinamizaitzaileak denbora eta materiala eskura izango dituelarik, gainontzeko irakasleak hezkidetzan, sexu eta afektibitate-aniztasunean eta genero indarkeriaren prebentzioan sentsibilizatzeko ardura izango luke batzordeak. Eta hortik aparte, sareko lanari berebiziko garrantzia ematen dio Aristizabalek, batetik ikastetxe bereko irakasleen artean taldea sortzeari eta bestetik ikastetxeen artean sareak josteari, lana eta denbora probesteko, “etengabe zerotik hasi gabe”. 3-Administrazioaren inplikazioa ezinbestekoa da“Baina ikastetxeetako batzorde horiek baliabidez eta denboraz hornitu behar dira, hori da benetan lehentasuna ematea”. Instituzioen babesa eta presioa gai honetan ere ezinbesteko ikusten du Aristizabalek, “gizartearen eskakizuna entzun behar da, lehentasuna eman behar zaio, eta lehentasuna ematea denbora, materialak eta espazioak ematea da”. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabari dagokionez, Eusko Jaurlari-tzako hezkuntza sailak idatzia eta garatua daukan proiektu mardularen helburua transformazio-prozesua sustatzea da, “eskola mistoko eredutik hezkidetzan oinarritutako eskolaren eredura aurrera egiteko, genero-indarkeriari aurrea hartzen eta, azken buruan, sexismoak eragiten duen edozein indarkeriari aurre egiten laguntzeko”. Oraingoz proiektu pilotua izan da. Aristizabalek ikusten duen beste premia bat gaiaren inguruan egin diren ikerketa eta materialak biltzea eta Administrazioak argi eta eskura ezartzea da. “Irakasle askok lan handiak egin dituzte, eta material horiek baliatu egin behar dira, denon eskura izan, irakasleen lana erraztu egin behar da”.

 

4-Eskola-komunitate osoa inplikatu

“Irakasleekin batera familiekin hausnarketa-guneak ireki behar dira, ahal dela familiak ere gune hezkidetzaileak bihur-tzeko”, Barquinen hitzetan. Eta eraldaketa benetakoa izan dadin, noski, ikasleekin egin behar da lan. Egokiena, Aristizabal eta Barquinen irudiko txiki-txikitatik berdintasun konpetentzietan heztea litzateke, aukera eta eredu aniztasunean, txikitatik betaurreko moreak jantzita, “ikasleak eurak izan behar dira gai inguratzen gaituen mundua analizatzeko tresna feministen bidez”. Funtsean eskola hezkidetzailearen helburua beteko balitz ikasle bizitza, bizitza akademikoa eta lanbide-orientabidea askatasunean eta aukera aniztasuna errespetatuz hautatu eta garatzeko konpetentziak erdietsiko lituzkete ikasleek, genero-baldintzapenik gabe.

 

 

Zertan antzematen da parekidetasun eza?

Tantaka-tantaka, aldagai askok eragiten dute generoagatiko diskriminazioa. Hona hemen Pilar Aristizabalek eta Amelia Barquinek identifikatu dituzten aldagai batzuk, Jaurlaritzaren txostenak ere aipatzen dituenak:

 

    •Curriculuma:

Curriculumak, ikasten denak, eragin zuzena dauka neska- mutikoen nortasunean eta genero-sozializazioan; hau da, gure gizartean gizon izatea eta emakume izatea zer den adierazten die curriculumak, zein den gizarteak esleitutako espazioa (publikoa, pribatua), rolak, sexu bakoitzari zer jokabide eskatzen zaion eta zein jokabide diren “desegokiak”. Aristizabalek proposatzen du irakasle bakoitzak bere buruari galdetzea, zer irakasten den eta zer ez? Zergatik irakasten da gauza bat eta bestea ez? “Gaur egun daukagun curriculuma gizonezkoentzako diseinatu zen curriculumaren gainean eraiki da. Neskek irabazi egin zuten zientzia eta matematika eta beste hainbat irakasgai egiteko aukera izan zuten; baina galdu ere egin zuten, esparru pribatuari zegozkion eduki guztiak galdu egin ziren”. Gainera, gizarteak maskulinotzat jotzen dituen balioak eskolan modu inplizituan ematen dira eta gizarteak femeninotzat jotzen dituen balioen gainetik hierarkizatzen dira. Adibidez: soldatapean etxetik kanpo egiten den lana, pribatua den ordain gabeko etxeko lanaren eta zainketa-lanaren gainetik ezartzen du eskolak; ekoizpena osasunaren eta ongizatearen gainetik; arrazionaltasuna hunkiberatasunaren gainetik; lehiakortasuna lankidetzaren gainetik; lehiaketa-kirolak jolasen gainetik; bizkortasuna malgutasunaren gainetik; hitza isiltasunaren gainetik...     •Testu-liburuak: “Ikasliburuak eta materialak, oro har, gizarte-errealitatea, antolamendu-formak, balioak, emozioak adierazteko moduak, arauak, gizarte-, familia- eta harreman-ereduak deskribatzerakoan genero-estereotipoetan oinarritzen dira eta ez dute egungo gizarte-errealitate osoa adierazten”, Jaurlaritzaren txostenaren arabera. Berez, argitaletxeak bazterkeria guztiaren aurka dauden lege-eskakizunetara egokitu dira, baina Aristizabalek ikusi ahal izan duen eran, zoliagoa izan arren, diskriminazioak jarraitzen du testuliburu eta materialetan. “Esplizituki, irudien bidez edo testuen bidez, diskriminazioa nabarmena da: txikienen ipuinetatik hasita, emakumezkoak ama gisa edo umeekin agertzen dira ia beti; etxe barruan; gizonezkoak, berriz, sekula ez aita gisa”.      •Ebaluazioa:Ebaluazio-metodoen neutraltasuna ezbaian jartzen du Jaurlaritzaren txostenak, “ikerketek egiaztatu dute generoen araberako joera izaten dutela ebaluazio-metodoek, ikasleek banaka lortu beharreko errendimendu-helburuak nabarmendu baitira”. Joera horretan, gainera, nazioarteko azterketa batzuek ere eragina izan dute, hala nola PISAk. Ebaluazioan erabilitako probek eta testuek kritikak jaso dituzte: egoera eta pertsonaia maskulinoak dira nagusi, emakumezkoak arinkeriaz tratatzen dira, eta hizkuntza eta irudi sexistak ageri dira. Horrez gain, ikerketan oinarriturik, txostenak dio neska/emakumeei kalifikazio baxuagoak emateko joera dagoela, eta altuagoak mutil/gizonei, kalifikatu beharreko pertsonaren sexua jakiten denean. Hori dela eta, herrialde batzuetan ikasleen anonimotasuna ezarri da.     •Curriculum ezkutua - erreferenteak:Gelan sartuta, nork bere gelan hausnarketa egin beharko luke erabiltzen dituen materialetan zenbat pertsonaia femenino dauden; eta zenbat maskulino? Zer ezaugarri dituzte? Zer roletan agertzen dira neskak eta mutilak? Egokiak al dira rol horiek, ala beste ­ipuin batzuk daude rol egokiagoak lantzen dituztenak? Eskolan dagoen paisaia, bai irudizkoa bai hitzezkoa, nolakoa da? Zer poster ditugu? Zergatik ditugu poster horiek?     •Harremantzeko moduak: Jaurlaritzaren txostenak dio irakasleak ez direla ondo konturatzen nola erabiltzen duten generoa, antolatzeko eta kategorietan sailkatzeko faktore gisa. “Irakasleek uste dute berdin tratatzen dituztela neskak eta mutilak, baina praktikan eta modu inkontzientean, pasibotasuna eta konformismoa sustatzen dute neskengan, eta independentzia eta banakotasuna mutilengan. Halaber, toleranteagoak dira mutilen portaera txarrarekin, naturala dela uste baita, eta arrazoi beragatik, espero dute neskek ‘etxean egiten diren lanak’ egitea, hala nola, ikaskideei laguntzea edo ikasgela garbitzea”.     •Espazioaren erabilera:Nork hartzen du patioaren erdigunea? Zer sinbolizatzen du horrek? Nor behartzen da patioaren bazterrera? Zer ondorio dakar horrek? Ikastetxe askotan jolastokian eta jolasteko eremuetan espazioaren banaketa sexista da oraindik ere, Jaurlaritzaren txostenak dioen eran, “jolasen hierarkiagatik, nesken eta mutilen jokabideengatik edo jolastokiaren espazioa antolatu gabe egoteagatik, mutilak erdialdean kokatzen dira eta neskak bazterretan”.     •Eskolaren egitura: Zenbat irakasle daude ikastetxean? Zenbat emakumezko eta zenbat gizonezko? Zenbat ziklo bakoitzean? Eskola bakoitzean zer-nolako banaketa dago? Zergatik? Nor dira garbi-tzaileak, sukaldean lan egiten dutenak, jantokiko begiraleak, gizonak ala emakumezkoak? Normalki, argazkia ateratzen baduzu, ikastetxe gehienetan antzekoa izango da, eta horrek zer pentsatua eman beharko liguke, Aristizabalen irudiko: “Horrek ere badauka eragina ikasleengan transmititzen ari garen iruditeria, erreferente eta ereduetan. Izan ere, dituzten ereduen arabera aukeratzen dute, badakite gizarteak zer onartzen duen eta zer ez”.