JUAN INAZIO HARTSUAGA: Herri nortasuna herriaren baitan transmititzen diren balioek osatzen dute. Egiteko hori mitologiarena zen lehen, eta gaur egun eskolarena da

2016-02-01

Mitologian aditua da Juan Inazio Hartsuaga. Hamaika liburu eta artikulu idatziak ditu gaiaren inguruan, eta doktoretza-tesia ere egina du mitologiaren ahozko transmisioaren gainean. Kritiko da euskal mitologiaz dagoen ezagutza eskasarekin, iruditzen baitzaio herri nortasuna eraikitzeko ezinbesteko elementu dela, “ez herri nortasun fosil baten esklabu izateko, baizik eta kontzienteki, gaurko eta etorkizunerako zein herri eredu nahi dugun erabakitzeko”. Izan ere, bere ustez, mitologian hainbat balio daude txertatuta, oharkabean transmititzen direnak.

 
 

Ikerketa asko egin dituzu mitologiaren inguruan. Aztertu duzun horretatik guztitik zer da baliagarria hezkuntzarako?

Dena izan daiteke baliagarria. Aurren aurreneko urratsa da jendeari esatea mitologia ez dela askok uste duena. Mitologia ez da ipuin bilduma bat, ez da gauza literario bat, beste funtzio bat du. Baina hori ulertaraztea oso zaila da.
Horren zergatia ulertzeko giza burmuinak nola funtzionatzen duen izan behar dugu kontuan. Euliak argitara joaten diren bezala, gure garuna irudiek erakartzen dute erabat. Hau da, mitologian agertzen diren irudiek erakartzen gaituzte, baina mitologiaren atzean dagoen esanahiak ez dauka horrelako erakarmenik.

Beraz, mitologia ez dugula ezagutzen esan daiteke?

XXI. mendean euskal mitologiak duen egoera, euskal filologiak Larramendiren garaian zuen egoerarekin konpara liteke. Orduan euskara mitifikatuta zegoen bezala, orain mitologia mitifikatuta dugu. Garai hartan azterketa zientifikorik ezean, euskarari buruz zernahi esatea zilegi zen bezala, orain ere halatsu: zernahi entzuten da mitologiaren inguruan. Orduan euskararen baitako maileguak eta kanpo eraginak ezezagun ziren bezala, orain ere horrela diraute mitologiaren baitakoek. Euskaldunek (euskaldun jantziek tartean) ipuinen azalaz harago ez dakite ezer haren garai bateko funtzio eta esanahiaz. Harrigarria dirudi baina honelakoxea da egoera. Euskal mitologian, Tubalismoaren garaian bizi gara oraindik eta ez dirudi axola duenik.

Nola ulertu behar da, hortaz, mitologiaren esanahia eta funtzioa?

Mitologia, beste euskarririk ez zegoen garaiko hezkuntza-sistema da. Alde horretatik, mitologiak bi funtzio betetzen ditu: batetik, errealitatea esplikatzea, eta bestetik, errealitate hori zilegitzea, portaeren, erakundeen, ogibideen, jarreren… bidez. Hortaz, eskolarik eta komunikabiderik ez dagoen testuinguru batean, funtzio horiek mitologiak betetzen ditu.
Munduaren ikuskera osoa ematen digu mitologiak. Adibidez, “Eguzkia badoa bere amagana” esaldia esplikatzen ari zaigu eguzkia lurraren alaba dela eta gauero lurraren barrura sartzen dela. Umetatik gauero kantu hori entzunez gero, ez duzu pentsatu behar eguzkia zer den, non dagoen, zergatik hau eta bestea… koskortzen zarenerako badakizu jakin beharreko guztia. Zentzu horretan, mitologiak aldez aurreko erantzunak ematen ditu. Galderen itogarri dela esan daiteke, hau da, zientziaren kontrakoa. Horregatik, mitoa eta zientzia elkarren aurkako bi gauza dira. Mitoak behin eta berriz entzunez, badakizu munduak nola funtzionatzen duen, gizartea nolakoa den, zer dagoen ondo eta zer gaizki…

Erlijio sistema batek funtzionatuko lukeen bezala?

Bai. Erlijioa, azken finean, mitologia da. Fedez onartzen den sinesmen multzo bat bezala defini daiteke. Eta definizio hori zabaltzeko, esango nuke, ohartuki edo oharkabe, eredu funtzioa betetzen duten mezu guztiak sar daitezkeela mitoaren barnean.

Adibidez?

Kirol marka baten publizitate panela. Kirol heroi bat ageri da bertan, tamaina erraldoian. Marka eta irudi hori etxekotuta edukitzea, kalean hain presente egotea alde guztietan, kirolari horrekin identifikatzea… Horrek guztiak zilegitzen du dendara joan eta 100 euroko zapatila parea erostea, lasai ederrean, zer astakeri egiten ari garen ohartu gabe.

Mitoa zientziaren kontrako zerbait dela esan duzu. Ikusita batez ere ilustrazio garaitik eta gero positibismoarekin zer-nolako indarra hartu duen zientziak eta arrazionalismoak, zein toki dauka mitoak gaur egun?

Izugarria. Esan duzun horren atzean gezur txiki-handi bat badago, ekonomiaren atzean gezur txiki-handia dagoen bezalaxe. Ekonomiaren oinarria da kontsumitzailearen arrazionaltasuna. Oinarri teoriko bezala oso ondo dago, baina kontsumitzaile arrazionalik ez dago. Publizitatea prestatzen dutenak gure alderdirik irrazionalena zirikatzen aritzen dira. Bada, zuk egin duzun baieztapen horretan ere berdin gertatzen da. Pertsonok animali arrazionalak garela esatea harrokeria izugarria da. Tarteka arrazional izateko gaitasuna dugun animaliak gara, baina gure bizitzan hartzen ditugun erabakien eta izaten ditugun jokabideen % 90a ez da arrazionala, mitikoa baizik. Erabat mitikoak gara. Homo sapiens sapiens gure buruari deitzea izugarrizko harrokeria da. Homo sapiens mythicus izango litzateke definizio askoz ere zehatzagoa eta egokiagoa.

Zergatik esaten duzu erabakien % 90 gure alderdi mitikotik hartzen ditugula?

Errepasa ezazu zure bizitzako egun bat. Eta ea zenbat gauza egiten dituzun irizpide zientifikoak jarraituz eta zenbat gauza egiten dituzun oharkabeko ereduei jarraituz. Esate baterako, nola janzten garen, edo zergatik janzten garen. Neguan bai, hotza egiten du, baina udaran zergatik janzten gara? Edota, zergatik janzten ditugu kolore batzuk eta ez beste batzuk? Zergatik erabakitzen dugu gona edo galtzak janztea… Berriro diot, gure bizitzan askoz ere pisu handiagoa du zientzia ez den guztiak, hau da, mitoak; oharkabean edo ohartuki, baina auzitan jarri eta eztabaidatu gabe onartzen ditugun hainbat eta hainbat ereduz ari naiz.

Orduan mundu mitikoaren barruan sartzen duzu soziala nahiz kulturala den guztia. Eta alor emozionala?

Horrek ez dauka zerikusirik. Alderdi emozionala naturala da, berezkoa. Mitoa, berriz, kulturala da. Noski, mitoak emozioei eragiten die. Kontua da gure jokabidearen % 90a ez dela arrazionala, okerki uste dugun bezala, baizik eta mitikoa. Beraz, oso inportantea da mitoak ezagutzea, gure izaera mitikoa zein den jakitea, eta guri egunero eragiten diguten mito horiek nolakoak diren kontziente izatea.

Mitologiaren barruan ipuinek eta kondairek liluratzen gaituztela diozu, baina ez horrenbeste mitoa benetan den horrek; hori ez zaigula horren interesgarria egiten.

Nik konparazio bat jarri ohi dut. Mitoari begiratzea da indusketa batean ateratzen dituzun objektuei begiratzea bezala. Indusketa batetik ateratzen dituzun objektuak nahiko lokaztuta, herdoilduta, zikinduta… egon ohi dira eta nekeza izaten da aurrean zer duzun jakitea. Mitoarekin berdin gertatzen da: ez dakizula zeren aurrean zauden. Eta zer gertatzen da zerbait zer den ez dakizunean? Ezjakintasunak baduela nolabaiteko lilura eta fantasiari bidea irekitzeko aukera handia ematen duela.
Adibide bat jarriko dut: pentsa zeharo herdoilduta dagoen objektu metaliko bat aurkitzen dugula. Begiratzen dugu eta batek esaten du: “Kontxo, honek banpiro baten forma du”. Herdoilari begira gaudelarik dena izan liteke zilegi. Batek hau ikusten du eta besteak bestea. Horrek izugarrizko jokoa eman dezake. Hala, bat-batean norbaitek literatura egiten du herdoildutako metal pusketa horren gainean, mitologiaren gainean sarri egin ohi den moduan, eta esaten du: “Ba omen zuten garai bateko gizakiek banpiroen inguruko kulto bat…” eta bat-batean 100.000 irakurle. Eta gero hartuko du Jaurlaritzako Turismo Sailak eta joango dira Fiturrera, salduko du banpiroen kultua eta etorriko dira ez dakit zenbat turista hori ikustera. Horrek jendea mugitzen du, eta, gainera, aberastasuna sortzen du.  
Baina, zer da benetan gertatzen dena? Herdoildutako metal pusketa hori laborategi batera eramaten duzula, garbiketa kimiko-elektrolitiko bat egiten diozula eta ez dela banpiro bat, baizik eta gerriko baten belarria. Baina, askoz hobeto geunden banpiroa zela pentsatuz, ezta? Zientzia apur bat gustatzen bazaizu, ordea, gerriko-belarria azaltzen denean jada hori fabrikatu zuen kulturaren garapen mailari buruz zerbait badakizu: zer metal ezagutzen zituzten, zein mineral erabiltzen zituzten, zein teknologia zuten hori lantzeko, estilo aldetik zein beste kulturarekin lotuta egon zitezkeen edo noren eraginak jaso zitzaketen…
Baina banpiroarena zeinen polita zen, ezta? Hortaz, hein batean hori da mitologiarekin gertatzen dena. Mitologiari nahi dugun aldetatik hel diezaiokegu. Eta gaur egun argi dago alde mitikotik heltzen diogula, eta ez zientifikotik.

Beraz, mitologiaren zein parte izan liteke interesgarria gaurko egunean transmititzeko?

Mitologiaren eta historiaren arteko lotura egingo nuke hori azaltzeko. Historia litzateke mineral bat bezalakoa eta mitologia elementu kimiko baten antzekoa. Mineral baten propietateak nekez deskribatu daitezke, anitz elementu kimiko diferenteren nahasketa delako. Mineral batek ez du propietaterik, elementu kimiko batek bai. Deskribatu, ezaugarriak zerrendatu, etab. egiteko elementu kimiko bat behar duzu, kimikoki purua den zerbait. Eta horixe da mitologiak eskaintzen duena.
Gaur egungo gure gizartea oso konplexua da, era guztietariko eraginak ditu. Iturri askotatik edaten dugu, eta batzuetan noraezean gabiltza, inguruko errealitatearen nondik norakoak ulertu ezinik. Heldulekuak falta zaiz-kigu. Mitologiak, nolabait, mineral horretan dauden elementu kimiko guztiak azaltzen ditu, banan-banan, bakoitza bere purutasunean. Iritsi garen tokira nola iritsi garen jakiteko balio digu. Gizarte poliedriko batean bizi gara eta eragin askoren ondorioz bildutako tendentziekin koktel bat osatu dugu. Testuinguru horretan mitologiak zera esaten digu: osagaiak hauek dira, jatorrian horrelako kultura mota bat dugu, eta balio hauek ditugu. Horietako osagai batzuk ondo ezkontzen dira elkarrekin, beste batzuk kontraesanean daude, eta ikus dezakegu banan-banan gu gaur garen horren osagaiak zeintzuk diren. Azken batean, gure burua ulertzeko eta gehiegizko konplexutasun honetan argi pixka bat egiteko balio digu mitologiak.

Baina hori soziologiak egin dezake, ezta?

Ez dakit argitasun mota bera ematen duten biek. Soziologia historiaren alderdi berean legoke. Portaera mailako zerbait da, mitologia, berriz, eredu mailakoa. Historian eta soziologian edozer ikertzea oso zaila da. Izan ere, portaera mailako zerbait ikertzen duzunean, nahi adina adibide bila ditzakezu alde batera eramaten zaituztenak eta nahi adina kontrako aldera eramaten zaituztenak. Euskaldunen nortasunaren inguruko testu historiko ugari idatzi da: batek esaten dizu euskaldunak berdintasun-zale zirela, baina atzetik beste bat joaten da eta juxtu kontrakoa esaten dizu. Eta etengabeko sokatira batean sartzen zara, ezin hortik atera.
Mitologia eredu mailakoa denez, erreferente bat eskaintzen digu horrek. Gero eredu hori beteko da edo ez, baina erreferentzia emana dago kontakizunen bidez. Nolakoak gara euskaldunak? Ezin da esan. Nolakoak izan nahi dugu euskaldunok? Hori bai, hori gure mitologian dago. Zein eredu jartzen diogu gure buruari? Zer da guretzako ona? Zein dira gure ereduak? Horretarako balio digu mitologiak.

Esan daiteke eredua mota batekoa bada, gizarte horrek eredu horren antza handiagoa izango duela?

Bai. Portaerak aldatu egiten dira, baina mitologia gordeta geratzen da, fosilak bezalaxe. Eta orduan esan dezakezu: “Mitologian ikusten da horrelako eta halako ereduak genituela eta eredu haietatik hainbat ezaugarri gorde ditugula gaurko ereduetan”. Era berean, beste hainbat ezaugarri galdu egin ditugula jabetzen zara, beste mitologia batzutatik ere edan dugulako.
Hori da, nolabait, mitologiaren balioa eta interesa: gure gaur egungo ereduen azterketa egitea eta eredu fosilekin konparatuta ikustea nondik datozen erreferente horiek, nola nahasten diren, zein geratu diren bidean, zein dauden oraindik indarrean… Hori guztia ez herri-nortasun fosil baten esklabu izateko, baizik eta ohartuki hori dena ikusita, esateko: orain goazen definitzera zer eredu nahi dugun, gaurko eta etorkizunerako. Ez historia edo soziologiaren konplexutasun izugarria  ikertuz —hor erraza baita zeharo galtzea—, baizik eta ikusiz eredu horiek zer duten onetik eta zer txarretik gaurko ikuspuntutik begiratuta.
Euskal mitologian, halere, badaude kimikoki puruak ez diren gauzak ere. Urte askotako historia luze baten ondorio baita gure mitologia. Bertan txertatu dira apur bat puruak ez diren elementu horiek, baina gutxi dira eta erraza da antzematea.

Adibidez? Puruak ez diren elemetu horiek zein izan daitezke?

Kixmi, adibidez. Jentilen akaberaren mitoan Kixmi sartu zen orain dela 400 urte eta parasitatu egin ditu erabat mito zaharra eta haren esanahia. Edo San Martin txikiren istorioak. Istorio horiek mitologia germanikotik daude hartuta, eta planteatzen dute jentilen mitologiarekin kontraesanean dagoen eredu bat. Kontua da gauza horiek denak ipuin bezala kontatzen direla eta ez garela ohartzen esanahi eta eredu aldaketaz.

Baina gizartean hainbeste kultura desberdinen arteko nahasketa egonik, badauka zentzurik mitologia bakar batean oinarritzeak?

Ez, ez. Ni bakarrean ez naiz oinarri-tzen. Hemen edozer gauzatan aurrera egiteko konparazioan oinarritu behar zara. Euskal mitologia ezagutzeko zer egin behar duzu? Bestearen mitologia ere ezagutu eta biak konparatu. Euskal mitologia konparatuan hori egiten da. Eredu indoeuroparrak eta euskal mitologiako ereduak konparatu eta ikusi non dauden talkaguneak. Horrek balio digu gure gaurko izaera nola sortu den ulertzeko.
Eta mitologiaren bidetik iritsi zaitezke hainbat auziri buruz hitz egitera: zeintzuk diren gaur egungo erronkak euskal gizarte bat sortzeko; euskal nortasun tipiko, mitiko, moderno bat osatzeko eztabaidatu eta adostu beharrekoak zeintzuk diren… Adibidez, nola uztartzen ditugu berdintasuna eta bikaintasuna? Biak dira beharrezko baina neurri batean elkarren aurkako. Edota talde izaera eta izate indibiduala nola ezkontzen dira? Mitologiaren azterketatik iritsi gaitezke gure gizarterako garrantzitsu diren auzi horiek oso modu argian ikustera eta planteatzera.

Bikaintasunaren eta berdintasunaren arteko uztarketa aipatzen duzu. Behin baino gehiagotan entzun dugu gure eskoletan Frantziako Iraultzatik eratorritako liberté eta égalité balioen talkaren berri.

Joera bat badago pentsatzeko orain dauzkagun balioak orain dela 100 edo 200 urte sortuak direla. Baina hori oso okerra da. Adibidez, protestantismoaren ondorioz, hainbat balio sustatzen direla esan ohi da, eta horregatik dutela protestanteek duten bezalako izaera. Baina hori ez da horrela, inondik inora ere ez. Herri izaera ez da fabrikatzen 100 urtean erlijioso batek erreforma bat proposatu duelako. Alderantziz izan ohi da. Aurretik izaera bat dagoelako gertatu ohi dira gertatzen diren jazoerak. Protestantismoak arrakasta izan bazuen jendea horrelakoa zelako izan zen, eta oso ondo ezkondu zirelako herri izaera hori eta Luteroren proposamena. Beraz, azken batean Lutero herri haren bozeramaile izan zen, edo herri hark zeukan balio-sistemari forma eta idazkera eman ziona.
Eta pixka bat arakatuz gero, ikusten duzu Frantziako Iraultza baino askoz ere lehenago hainbat eta hainbat gauza bazirela. Hainbat aztarna Paleolitikoraino bilatu daiteke. Konfian-tzaren, zintzotasunaren, auzolanaren kultura, adibidez.

Zu mitoen ikerketan ibiltzen zara, baina ikerketan ez gabiltzanok nola ezagutu ditzakegu mito horiek? Zein baliabide ditugu?

Mitologian egin beharko litzatekeen lehen gauza da kontzientzia hartzea, zertaz ari garen jabetzea. Mitologiaren hurbilbide zientifiko horrek irakasleen artean zabalduta egon behar luke. Edozein irakaslek ulertu beharko luke mitologia zer den eta mitologian nola dauden hainbat balio txertatuta, oharkabean transmititzen direnak. Horretaz kontziente izan behar dute hezitzaileek eta hortik aurrera norberak ikusiko du zer garatu eta nola, eta zein ipuin diren egokiagoak eredu-funtzio horiekin ondo ezkontzeko.
Euskal herritarrek euskal mitologia zer den jakitea nahi bada, eta euskal kulturaren sustraien benetako nondik norakoak gizartera daitezen nahi bada, gogoeta egin behar dugu nola txertatu mitologia-ikasketak hezkun-tza-sisteman, Unibertsitatetik hasi eta oinarrizko hezkuntzaraino, klase orduetatik hasi eta testugintzaraino. Gure herri nortasunaren eraikuntzan izan dezakeen funtzio erreferentzial eta argiemailea aintzat hartuta, merezi duen ahalegina da zalantzarik gabe. Are gehiago, herri nortasuna arrakastaz eraikitzeko ezinbesteko urratsa dela ere esango nuke.

Mitoek balioen transmisiorako balio dutela diozu, baina, zure arabera, mitologia indoeuroparra gurean sartuz doan heinean, euskal mitologiako hainbat balio hondatzen ari dira.

Ekimenaren kontuan, esaterako, oso sartuta daukagu indoeuropar mundu ikuskera. Euskaldunen mundua, tradizio mitologikoetan mundu txiki bat da, inguru hurbileko mundu bat da eta hor ekimen bat dago eta bikaintasuna lortzen da harremanetan, balioetan, talde horren antolaketan… Indoeuropar mundua mundu mugagabea da. Mundu mugagabeak daukan aurreneko ondorioa da ezin duzula ezer konpondu, ezin duzula ezer hobetu. Dena zure eskumenetik kanpo dago. Gure izaeran txertatuen edo aurreratuen dagoen parasitoa horixe dela esango nuke. Denok gabiltza urrutiko arazoak konpontzen. Auzoaz jada ez gara arduratzen. Gure balio tradizionaletako bat izan da auzoaz arduratzea eta norbere esku dagoena egitea. Hori jarrera antropologiko bat da, baina ez gara duen balio politiko eta kulturalaz jabetzen. Uste dut urrutikoaz protesta egin eta gertukoaz ez arduratzeko balio hori erraietaraino sartu zaigula. Zentzu horretan, beste kultura arrotz baten ikuspuntua ari gara hartzen. Gure izaera goitik behera aldatzen ari da. Beti gaude kanpora begira —dena da geopolitika—, eta etxekoa konpontzeaz ahaztu gara.
Beste adibide bat jartzearren, aspaldiko esaera da umeak ez duela gurasoen erruengatik ordaindu behar, ezta? Ba, hori esaten da garai batean kontrakoa uste zelako. Hau da, pentsatzen zen etxeko edozeinen okerrak familiako kideek euren gain hartu behar zituztela. Hori litzateke talde izatearen espresio muturrekoena. Zu ez zara zu, baizik eta zu etxe horretako norbait zara eta zuk egiten duzunak etxe horretako guztiei eragingo die onerako eta txarrerako. Hori oso interesgarria da. Exijentzia etikoaren aldetik izugarrizko inplikazioa eskatzen du horrek. Exijentzia etiko handi horrekin oso zaila da engainurik, portaera txarrik… egotea; aldi berean, ordea, norbanakoaren izatea deusezten da. Baina askatasun indibidualak irabazten joan garen heinean beste muturrera igarotzen hasi gara. Talde izaeratik izaera indibidualera pasatzean askatasunean irabazten duzuna, exijentzi etikoan galdu egiten duzu. Beraz, zein oreka bilatzen dugu hor?

Diozu ezin dela eraiki gizarte edo herri bat bere nortasuna definitzen jakin gabe. Hezkuntza-jardunean zentratuz, herri nortasun hori nola landu daiteke eskolan?

Herri nortasuna herriaren baitan transmititzen diren balioek eta jarrerek osatzen dute. Egiteko hori lehen mitologiarena zen, eta gaur egun eskolarena da. Beno, ez eskolarena bakarrik, familia, komunikabideak, herria… ere hor daude. Baina momentu honetan, herri nortasun bat izan nahi badugu kultura anitzeko marko batean, familiak ez digu balio gehiegi, kulturak anitz direlako. Komunikabideek gureak balira eta fundamentuzkoak, balioko ligukete, baina ez da kasua. Beraz, eskola da geratzen zaigun bakarra. Horrekin batera baita heziketa ez formala ere, eskola izan ez arren, hezkuntza-sistemaren barnean geundekeelako.

Beraz, hezkuntzaren egiteko gisa balioen transmisioari sekulako garrantzia ematen diozu.  

Bai, nik balioen transmisioa deituko nioke. Jarrera eta balioen transmisioa. Ez dakit jakintzaren barruan dagoen, ez dakit jakintzaren atal bat den, baina zerbait transbertsala izan beharko litzateke. Gainera, nik zer ikusi hura ikasi-n sinesten dut. Eta orduan ez dut uste umeentzako txapa bihurtu behar denik hau. Gehiago ikusten dut irakasleek ohartuki jakin behar duten zerbait, gero galbahe horren arabera beren edukiak, beren jarrerak, beren programazioak, beren aisialdiko egitasmoak… antolatzeko.
Eta egiteko horretan zein balio nagusi nabarmenduko zenituzke?
Arbolarekin paralelismo bat eginez, enborrean euskara legoke. Hortik ekimena, zintzotasuna, eta talde izana aterako lirateke. Era berean, ekimenaren baitan zorroztasuna, askatasuna eta duintasuna landu beharreko balioak iruditzen zaizkit. Zintzotasunetik onberatasuna, zinezkotasuna eta eskuzabaltasuna nabarmenduko nituzte; eta talde izanaren barruan, elkartasuna, berdintasuna eta apaltasuna.

Herri bezala egin beharreko norabidea marrazteko zein balio transmititu nahi ditugun jakitea inportantea iruditzen zaizu. Garai batean mitologiaren bidez transmititzen zirenetako asko, gero kristautasunaren bidez transmititu izan dira. Uneotan, gizartea heldulekurik gabe dagoela esango zenuke?

Dudarik gabe. Eta gainera gertatzen ari da gaitz bat daukagula, eta gaitza pixka bat zabalduko zaigulakoan, hura sendatu beharrean, nahiago dugula besoa moztu. Horixe da erlijioarekin egiten ari garena. Kristautasuna oso gardena izan da. Interes bakarra izan du: aurretik zegoen dena bereganatzea. Hortaz, kristautasunean paganismoaren arrasto asko dugu. Hemen eta alde guztietan. Kristau bezala agertzen diren gauza askok kristautik ez dute ezer ere. Pixka bat aztertzen dituzu eta erabat heretikoak direla ohartzen zara, baina kristau arropa dutenez arbuiatu egiten ditugu. Eta hori da pena.
Oso gauza kuriosoak daude. Esate baterako, hemengo kristautasunean, herriak duen protagonismoa. Hori erabat heretikoa da. Erromako Elizan herria ez da protagonista, protagonista apaiza da. Herria da masa bat mezetara joaten dena eta apaizak esaten duena egiten duena. Adibide bat aipatzearren: santuak kutxatxo batean etxez etxe ibiltzeko ohitura. Hori benetan auzobizitzaren eta erlijio autogestionatuaren ikur da. Azkenean, elizaren sarkeria non dago? Bada, kutxatxoan dabilena santu bat edo Amabirjin bat dela, eta horren bukaeran biltzen diren diruak elizari joaten zaizkiola, baina horren antolamendua erabat heretikoa da.
Kristautasuna joan da aurretik zegoen guztia bereganatzen. Erlijio katolikoa estu uztartu da paganismoarekin. Baina hori oso modu gardenean egin duenez, hemengo erlijioaren agerkari asko oso material interesgarriak dira ikusteko lehenagoko balio-sistema nolakoa zen.

Nola ikusten duzu Euskal Herria etorkizunean?

Oso desorientatua ikusten dut. Ez dut herririk ikusten. Oso deseginda gaude herri bezala. Bai hizkuntza aldetik, hizkuntza baita edozein herriren egituratzailea, eta bai nortasunaren aldetik. Benetan desegite prozesuan dagoen herri bat bezala ikusten dut. Baina ez naiz erabat pesimista, Internet daukagulako. Internet ez balego, azken olio-igurtzia emandako hil-hurren moduan ikusiko nuke herri hau. Benetan. Baina orain Internet dugu, gotortzeko tresna paregabea.