LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki

2015-03-01

LOMCEk eraginik izan ez dezan

 

 
 

Hezkuntza Plataformen Topaguneak “Gure Gida”-ren lanketa praktikorako lansaioa egin zuen iragan abenduaren 6an, Durangon. 110 lagun inguru elkartu ziren bertan. Tartean ziren herrietako hezkuntza bilguneetako kideak, hezkuntza-eragileetako ordezkariak, gurasoak nahiz bestelako herritarrak. LOMCEri aurre egiteko eta Euskal Herrirako hezkuntza propioa eraikitzeko 2014ko udaberrian argitaratutako “Gure Gida” izeneko txostena oinarri hartuta, gaur egungo hezkuntza ereduaren gainean eztabaidatzeko parada izan zen bertan. Handik ateratako ondorioekin LOMCEri aurre egiteko neurri zehatzak proposatzen dituen txostena aurkeztu zuen Topaguneak otsailaren 7an.

Lau atal nagusitan banatu dute txostena —parte-hartzea, pedagogia eta curriculuma, ebaluazioak eta arlo administratiboa— eta orotara 10 neurri zehatz definitu dituzte LOMCEren aplikazioa eragozteko eta bestelako hezkuntza eredu bat eraiki ahal izateko.

PARTE-HARTZEA

Partaidetza kolektiboan oinarritutako parte-hartze demokratiko erreal, parekide, eraginkor eta loteslea du helburu Hezkuntza Plataformen Topaguneak: “Herritarra, eremu guztietara zabalik, hezkuntza gaiak eta eskola bizitzako plangintza eta curriculuma landuko duen parte-hartze ereduaren bidea egin nahi dugu, non hezkuntza komunitateko estamentu guztien partaidetza aktiboa bultzatuko dugun horien artean sortu litezkeen botere harremanekin errotik bukatuz”. Xede horrekin bost neurri zehatz proposatzen dituzte atal honetan.
1. neurria: Hezigune bakoitza dagoen egoeratik abiatuz, parte-hartze demokratiko eta loteslea lortzeko, ­erritmo desberdinetan bada ere, erabakiguneak definitu eta eraikitzea. Izan ­ere, unetoan eskolaren izaera eta borondatearen menpe dago parte-hartze demokratikoa, hortaz, plataformaren ustez, ezinbestekoa da ideia hori heziguneetara eramatea.
2. neurria: Hezigune bakoitzean, parte-hartze modura, bai urteko plangintzan eta bai erabakigarriak diren kontuetan heziguneko komunitate ­osoak hartu behar du parte hasieratik, bai diseinuan eta bai aplikazioan. Eta hori lortzeko egitura eta formula egokiak adostuko dira.
3. neurria: Parte-hartze eredu desberdinen berri izatea hobesten da. Esperientzia positiboak eta onak webgunean eskegiko dira edota beste formularen bat aurkituko da horiek zabaltzeko.
4. neurria: Parte-hartze demokratiko erreal eta eraginkorraren bidean lan handia dago egiteko eta nahiz eta ­egoera desberdinetatik abiatu norabide horretan gogor egingo da lan.
5. neurria: Hezkuntza batzorde zabala eratzea herriz herri. Hezigune desberdinetako parte-hartze organoak, udala, hezkuntza eragileak, adituak… egongo lirateke, eta bertan lantzen diren helburu eta edukiak lotesleak izango lirateke. ­“Udal eta heziguneek autonomia handiagoa izan behar dute. Herri curriculuma garatzea izango du helburu, besteak beste, batzorde horrek”.

PEDAGOGIA ETA CURRICULUMA

Pertsonen garapen integrala bermatzen duen pedagogia du jo­mugan txostenak. Hainbat peda­gogia-ildo jarraitzea proposatzen du: Pedagogia pertsonalizatua eta ikas­keta erritmo ezberdinak erres­petatzen dituena; ikasketa esan­guratsua eta inguruarekin harreman zuzena duena; hezkidetzan eta berdintasu­nean oinarritua; konpe­tentzien garapena lantzen duena; ikasle euskaldun eleanitzak hezten duena eta aniztasunari erantzun inklusiboa ematen diona.
Era berean, oinarri gisa euskal curriculuma duten heziguneak eraiki nahi ditu, 2006ko Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioak dioen bezala, “heziguneak inguruarekin harreman zuzena izan behar du. Ingurua integratzeaz gain, inguruan eragin behar du, ­eraldaketak gauzatu nahi baditu. Beraz, Euskal Curriculuma eta herriz-herriko Herri Curriculumak garatzea pedagogia koherentea da eta baliagarria herritarren kohesioa lortzeko”.
6. neurria: “Ingurune” arloaren banaketari dagokionez, momentuz LHko 1. 3. eta 5. mailetan ezarri da eta irakasgaia bitan banatzen da “Gizarte Zientziak” eta “Natur Zientziak”. LOMCEren arabera kalifikatu beharko dira, nota berezituekin eta aktetan ere era berdinean agertuko dira. Horren aurrean hainbat urrats proposatzen ditu txostenak:
6.1 “Ingurune” bezala ebaluatzea
eta nota bikoiztea, horrela benetan irakatsi den bezala ebaluatuko baita, ebaluazioari dagokion garrantzia eta koherentzia emanaz.
6.2 Aktetan, bi arloetan, ikasle guztiei “bikain” jartzea, planto gisara.
6.3 Proiektuekin lanean jarraitzea.
6.4 Familiek ere notak jasotzean ondoko oharra idaztea: “Ikastetxe honetan LOMCE inposatu zaigu. Hala ere, bertako parte-hartze demokratikoa oinarri hartuta eta komunitateak hala erabakita, LOMCEren kontra agertzen garela
adierazten dugu. Hau horrela, inposatzen diguten ‘Ingurune’ ikasgaiaren banaketaren aurrean ondorengoa diogu: guk gure hezkuntza proiektuaren mesedetan ‘Ingurune’ irakasgaia ematen jarraitu dugu eta hala ebaluatu dugu. Dena den, legeak hala inposatuta, aktetan zatitutako nota gisa agertuko da, nahiz eta horrelakorik egin ez izan”.
6.5 Sentsibilizazio kanpainak egitea, proposamenak eta alternatibak ongi ulertzeko. Hala, hezkuntza komunitate osoa kontuan hartzeaz gain, partaide sentituko litzateke.
7. neurria: “Erlijioa” eta “Balio zibiko eta sozialak” irakasgaiari begira, ­ikasturte honetan 1. 3. eta 5. mailetan ­ezarrita daudenez eta ikaslearen espedientean ebaluatuta agertuko direnez, hainbat proposamen zehatz egiten ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak:
7.1 Ikasle guztiei Bikain jartzea: ­“Ikasturte honetarako inkoherentzia bat planteatu da, kurtso hasieran gaitegi bat ematea eta hori ebaluatzeko eskatzea. Balore sozialak ezin direla ebaluatu pentsatzen badugu eta balore sozialak ekintzaren bidez irakasten direla uste badugu, ikasle guztioi Bikain jarriko zaie”.
7.2 Notetan oreka bat mantentzea, hau da, “Balio Zibiko eta Sozialetako” notak eta “Erlijiokoak” orekatzea eta antzekoak izatea.
7.3 Balore sozialak ez ebaluatzea, nahiz eta ikasle bat irakasgai horretan matrikulatuta ez egon balore sozialak zeharka curriculumean landu beharrekoak liratekeelako.
8. neurria: Laster hurrengo ikasturteko testuliburuak aukeratu beharko direlako, LOMCE aplikatzen duten testuliburuen arabera ez funtzionatzea proposatzen da, eta horren ordez, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako ekoitzitako testuliburuak  erabiltzea.

EBALUAZIOAK  

Ebaluazioak ikaslearen garapen osoa kontuan hartuko duen etengabeko prozesua izan behar du txostenaren arabera, hezitzailea eta erregula­tzailea, norberaren garapen pertsona­la ardatz duena.
9. neurria: 3. mailako ebaluazio diagnostikoa aurten hasiko denez, baliteke proiektu pilotu baten antzekoa ­izatea Hezkuntza Plataformen Topagunearen ustean. “Nafarroan hasi dira jada honekin. EAEn ere % 6ak egin du pilotajea. Beraiek aukeratutako ikastetxeak hartzea eta bertan errebaliden sistemari hasiera ematea izango da formula”. Horrez gain, 4. mailako diagnosi-froga ere izango da ikasturte honetan, orain arteko berdina. Horren aurrean hainbat gomendio zehazten dira txostenean:
9.1 Azterketaren egunean ikastetxean jaia edo irteera antolatzea. Txostenak argitzen duenez, neurri hori erabilgarria izango da kanpotik badatoz
ebaluazioa egitera. Eguna eskolak berak aukeratzeko bada, eta bertako ikasleekin, ez da bideragarria.
9.2 Egun horretan ikaslea eskolara ez bidaltzea.
9.3 Hezkuntza Sailetik zentroari eskatzen bazaio pilotaje horretan parte hartzea, zuzendariak gaia Eskola Kontseilura eramatea proposatzen da eta guztien artean erabakia hartzea, eta ­erantzunaren argumentazio osoa Hezkuntza Sailari helaraztea.
9.4 Azterketan izena jarri eta beste ezer bete gabe entregatzea: “Neurri honekin familia bakoitzak adierazten du ebaluazio hori ez duela ontzat hartzen eta beraientzako ikaslearen tutoreak ­egiten duen ebaluazio jarraia dela edozein erabaki hartzeko kontuan hartuko den iturri bakarra”.
9.5 Gurasoek euren seme-alaben ­ikasketak kaltetuko dituen errebaliden sistemari uko egitea: “Neurri horrekin familiak erabaki sendoa hartzen du nahi duen hezkuntza sistemari begira. Nola nahi duen bere seme-alaba ebaluatua izatea, era jarraian beraren tutorearengandik. Eta kanpoko ebaluzioak ez direla egiten ikasleen mesederako, sisitema lehiakorra ezartzeko baizik, ­eta irakaste prozesua lasterketa prozesua bilakatzeko asmoarekin”.

ARLO ADMINISTRATIBOA  

10. neurria:  DAEa urtero bezala ­itxi beharra dagoenez, aurten LOMCEren arabera egin beharko litzateke. Horren aurrean, zera proposatzen du txos­tenak: DAE programa informatikoa ez ixtea, ORGaren babesa lortzea eta Hezkuntza Sailari bidaltzea, akta ofizialak ez sinatzea eta dokumentu alternatiboak erabiltzea ikasleen ikasketa prozesua islatzeko, eta Hezkuntza Sailari hartutako eraba­kien inguruko babesa eskatzea.