Heziberri plana. LOMCEren itzalpean

2013-2014 ikasturte hasieran ­jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020

egitasmoa hainbat hezkuntza-eragilerekin ­elkarlanean, euskal curriculuma ­garatzeko eta
hezkuntza-lege berri baterakopausoak emateko xedez. Hiru urrats zehaztu zituzten bide hori egiteko: hezkuntza eredu ­pedagogikoaren marko propioa, euskal curriculumaren dekretua eta Euskal Hezkuntza Legea. Marko ­pedagogikoa hainbat hezkuntza-­eragilerekin elkarlanean eta ­adostasunean taxutu bazuten ere, ez da gauza bera gertatu curriculum dekretuen zirriborroekin. Kritika gogorrak jaso dituzte hezkuntzako alor ia guztietatik, eta hainbat ­zuzenketa helarazi dizkiote ­eragileek Hezkuntza Sailari. ­Jaurlaritzaren hasierako asmoa 2015eko urte hasieran dekretuak ­adostea eta 2015-2016 ikasturte ­hasieran curriculum berria martxan jartzea zen, baina ikusteko dago zer
gertatuko den.

 
 

Hezkuntza-eredu propioa eraiki ezinean

 Urtebete baino gehiago igaro da Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 egitasmoa martxan jarri zuenetik. Hainbat hezkuntza-eragilerekin elkarlanean, euskal curriculuma garatzea eta hezkuntza-lege berri baterako pausoak ematea zuen helburu. Hiru urrats zehaztu zituen bide hori egiteko: hezkuntza-eredu pedagogikoaren marko propioa (2015eko otsailean adostu zen behin betiko txostena), euskal curriculumaren dekretua (oraindik zirriborroa soilik dago prest eta dagoeneko hezkuntza-eragileek zuzenketak eta ekarpenak egin dizkiote) eta Euskal Hezkuntza Legea (bidea urratzen hasi gabe dago, teorian lehena curriculuma litzateke eta horrek posible egingo luke Hezkuntza Lege propioa).

Heziberriren Marko Pedagogikoa ontzeko talde mugatua osatu zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Hauexek osatzen zuten partaideen taldea: Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, Sortzen Ikasbatuaz, Sarean, EHUko irakasle fakultatea, Ikasgiltza, Eusko
Ikastola Batza, Erkide, EHIGE, BIHE, Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa eta Bizkaiko Elizbarrutiko Ikastetxeak. Sindikaturik eta ikasle talderik ez zegoen partaideen artean, ezta Hik Hasi ere.
2013ko urriaren 9an, Espainiako Kongresuak hezkuntza-erreformarako Wert legea onartu bezperan egin zuen bilera nagusietako bat taldeak. 2013ko irailaren 18an Jaurlaritzak eginiko proposamena zehazteko bilera izan zen. Txosten osatuagoa eraman zuen gobernuak eta onartu egin zuten eragileek. Heziberri Wert legeari aurre egiteko tresna gisa aurkeztu zen orduan. Hasiera hartan hiru oinarrirekin hasi ziren lanean: eragileek adostu eta garatutako euskal curriculuma, gobernu programa eta 2020erako asmoak zehazten dituen Europako Batasunaren Gidalerroak.
Oinarri horien gainean ekin zioten marko pedagogikoa osatzeko bideari. Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa zehazten duen txostenaren sarreran ageri denez, Heziberri 2020 planaren helburua argia zen: “Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen
erronkekin, etorkizuneko belaunaldiak ongi prestaturik egon daitezen Euskal Herrian eta munduan bizitzeko”.
Pertsona guztien hezkuntza-eskubideaz, ekitateaz eta justizia sozialaz hitz egiten da bertan, baita inklusioaz edota ikaskuntza pertsonalizatuaz ere. Finean, ikasleak bizitzarako prestatzea litzateke eskolaren egitekoa, “ikasleak beren erabakiez ardura daitezen eta modu aktibo, kritiko eta arduratsuan parte hartu dezaten gizartean”. Hala, oinarrizko konpetentziak bizitzarako beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jotzen ditu. Era berean, herritar eleaniztunez mintzo da, baina zehazten du sistema
eleaniztunaren ardatza euskara izango dela. Konpetentzia digital eta mediatikoari ere garrantzia berezia ematen dio eta zentroen autonomia defendatzen du. Azkenik, hezkuntza komunitateko kide guztien kultura pedagogiko berbera bermatzeko, “mugarri garrantzitsu” izatea aitortzen die euskal curriculum proiektuari eta Euskal Herrirako curriculumari.
Ideia horiekin bat egiten dute hezkuntzako hainbat eragilek. Esate baterako, Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalen arabera, Heziberrik konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren alde egiten du eta horretan bat datoz egitasmoarekin, “konpetentzietan hezten diren ikasleak prestatuta baitaude gizartean euren eginkizuna betetzeko eta gizartearen hobekuntza konpromisoa hartzeko”. Heziberrik Kristau Eskolaren filosofiarekin bat egiten duten beste helburu batzuk ere proposatzen ditu; hala nola, euskal gizartearekiko ardura, hizkuntzen trataera, batez ere, euskararena, eta ikastetxeen autonomia.
Ikastolen Elkartea ere ados dago oinarri nagusiekin. Markoaren asmo edo printzipio nagusiak (euskara ardatz duen eleaniztasuna, hizkuntzen trataera, ebaluazioaren planteamendua eta edukia, konpetentzia digitalak txertatzea…)  begi onez ikusten ditu, nahiz eta aitortzen duen marko pedagogiko bateko irizpideak gelako praktikara
eramateko curriculumak zehaztea ez dela egiteko samurra. Ildo berean, sindikatu abertzaleek ere formulazio pedagogikoari dagokionez, hezkuntza beste parametro batzuetan ulertu eta garatzeko saiakera egin izana aitortzen diote Heziberriri; sindikatuak eurak markoa taxutzeko zereginetik kanpo geratu baziren ere.
Balorazio horiek gora-behera, adostasun nahikoa lortu zuen marko pedagogikoak eta 2014eko otsailean aurkeztu zen publikoki. Hala ere, hasieratik izan da ika-mika Heziberri planaren inguruan. Izan ere, sindikatuek lehen fasean haiek aintzat ez hartzea salatu zuten: “Oso larria da hain garrantzitsuak diren egitasmoen berri komunikabideen bidez jakitea”, ELAren esanetan; EILASek berriz behin baino gehiagotan ohartarazi du langileen ordezkariak baztertuta “oinarrizko atal bati” bizkar eman diola gobernuak. Eusko Legebiltzarrean ere babesik apenas izan duen egitasmoak. Planaren sorburutik alde batean posizionatu ziren PSE-EE, PP eta UPD: ez zuten beharrezko ikusten plana, eta salatu zuten “ikasleak doktrinatzea” dela asmoa, Euskal Herria kontzeptua ageri delako. Beste aldean zegoen EH Bildu: planaren izaera ez zuen kritikatu, baina adierazi zuen motz geratzen dela, ez duelako balio LOMCEri aurre egiteko. Hasieran, Wert legeari planto egiteko egitasmo gisa definitu bazuen ere Eusko Jaurlaritzak Heziberri, geroztik EAJk behin eta berriz esan du legearen barruan arituko dela, eta Heziberri plana ez dela LOMCEren aurkakoa, baizik eta “bide paraleloa” egitekoa. EAJren gobernuak eragileak mahai beraren bueltan biltzea lortu zuen arren, legebiltzarrean bakarrik dago hasieratik.
Testuinguru horretan, hainbat eragilerekin hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa definitu ostean, baina sindikatuak eta oposizioko alderdiak aurka zituela, curriculuma berritzeko zereginari heldu zion Jaurlaritzak 2013-2014ko ikasturte amaieran. Hasiera batean bazirudien euskal curriculumak eta curriculum berriak izpiritu antzekoa zutela. Oinarri pedagogikoak aztertuta, bietan garrantzi berezia ematen zaio ikasleek oinarrizko konpetentziak garatzeari, baita irteerako profila zehazteari ere —eskola garaia bukatzean zer maila izan behar duten ikasleek—.
Euskal curriculumaz gain, hala ere, beste iturburu batzuk ere baditu Heziberri planak: Jaurlaritzaren gobernu programa eta Europako Batasunak 2020rako zehaztutako helburuak. Hor baitu alde handienetako bat: Heziberri gobernuaren proiektua da; Euskal Curriculuma Ikastolen Elkartearen, Udalbiltzaren eta Sortzen Ikasbatuaz-en ekimenez hasi zen.

Curriculum dekretuak zintzilik

Hezkuntzako eragile gehienak bidelagun zituela abiatu zuen Hezkuntza Sailak Heziberri egitasmoa. Oinarri pedagogikoak adostu zituzten —garrantzi berezia emanez oinarrizko gaitasunak garatzeari, LOMCEk ez bezala—,
eta horren ondotik curriculum dekretuak egiteari ekin zion Jaurlaritzak.
Iragarritako pausoei jarraituz, urriaren 27an aurkeztu zituen curriculum dekretu berrien zirriborroak, urte amaiera baino lehen onartzeko xedez, eta 2015eko urte hasieran publikoki aurkezteko asmoarekin. Zortzi dokumentu helarazi zizkien hezkuntza-eragileei: Oinarrizko Hezkuntzaren Dekretua euskaraz eta gaztelaniaz; Curriculumaren Planteamendu Orokorra gaztelaniaz; Haur Hezkuntzari, Lehen Hezkuntzari eta Bigarren Hezkuntzari dagozkion eranskin bana (Batxilergoari dagokionik ez), horiek ere gaztelaniaz; eta Ebaluatzeko eta Hobetzeko Proposamenen Gida euskaraz eta gaztelaniaz. Orotara ia mila orri. Hilabeteko epea eman zien eragileei zuzenketak eta ekarpenak egiteko; gero abenduaren 9ra arte luzatu zuen epe hori.
Dekretuen zirriborroak gaztelaniaz jaso izana bera ez dute egoki ikusi zenbait eragilek. “Proposamena bera gaztelaniaz sortu izanak kezka handia sortzen digu”, zioen Sortzen Elkarteko Bego Bitorika Badiolak abenduaren 9an egunkarietan argitaratutako iritzi artikulu batean. Ildo berean mintzo da LAB sindikatuko Aitziber Perez ere. Haren esanetan, hizkuntzak ikusmolde jakin bat gordetzen du bere baitan, eta ondorioz, “testu bat gaztelaniaz edo euskaraz sortzea ez da afera tekniko hutsa”.
Curriculum dekretuen zirriborroak eragileen eskuetara iritsi direnetik Heziberri planaren bideak hasieran zirudien bezain samurra izateari utzi dio.
Ataka estua du orain aurrean. Izan ere, curriculum dekretuen zirriborroek ezinegona eta kritika oldea eragin dute hezkuntza-eragileen artean. Gehienak ez datoz bat zirriborroekin eta sakoneko aldaketak eskatu dituzte. Ekarpenak egiteko epea amaituta, ikusteke dago zein jarrera hartzen duen Jaurlaritzak.  
Urte luzeko bidearen ostean iritsi dira curriculum dekretuen zirriborroak —Heziberri proiektuaren bigarren pausoa—. Badirudi curriculum dekretuetan, nolabait erdibideko hautua egin dela. Alegia, LOMCEren oinarria errespetatzea dekretuetan —oinarrizko curriculuma indarrean jarria du jadanik Espainiako Gobernuak— eta “euskal dimentsio” hori txertatzea Euskal Herriko edukiekin.
LOMCEn bezalaxe, Heziberriko curriculum zirriborroaren arabera ere, DBHko etapa ikasgaitan dago antolatuta eta bi ziklok osatzen dute, hiru ikasturtekoa lehenengoa eta ikasturte batekoa bigarrena. Sindikatuek ohartarazi bezala, bigarren zikloan, gainera, Lanbide Heziketara edota Batxilergora bideratutako ikasketak egingo dituzte, eta beraz, bi eratako tituluak lortuko dituzte. Horrekin, ikasleen espezializazioa azkartu egingo dela diote. Bestetik, LOMCEren antzera, Heziberrin ere zehazten da ikas-etapa bakoitzaren
amaieran azterketak egingo dituztela. Hala dio esaterako oinarrizko hezkuntza curriculumaren zirriborroak, “Ikasleen ebaluazioa, sustapena eta titulazioa” atalaren baitako 54. artikuluko
1. puntuak: “Laugarren ikasturtea amaitzean, hezkuntza akademikoaren aukera zein hezkuntza aplikatuaren aukera hautatzen duten ikasleek banan-banako ebaluazioa egingo dute. Horren bidez jarraian aipatzen diren ikasgaiei lotuta, etapako helburuak eta kasuan kasuko konpetentzien eskuratze-maila, gutxienez, lortu dituztela egiaztatuko da”. Beste horrenbeste gertatzen da erlijio katolikoaren irakasgaiarekin ere, LOMCEn ageri den moduan, Erlijio Katolikoa Lehen Hezkuntzako arloetako bat izango da, ikasgaia, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Nahitaez eskaini beharko dute
ikastetxeek eta hautazkoa izango da
ikasleentzat. Hala dio curriculum dekretuaren zirriborroak: “Erlijio katolikoaren irakaskuntza Egoitza Santuaren eta Estatu espainolaren artean izenpetutako Irakaskuntzari eta Kultura Gaiei buruzko Akordioan ezarritakora egokituko da”.   
Horiek horrela izanik, curriculum dekretuen zirriborroak aurrera aterako balira, LOMCE beteko luke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza-sistemak. Madrilek zehaztutako edukiak txertatuko lirateke, eta amaierako azterketak egin beharko lituzkete ikasleek —Espainiako Gobernuak jarriko lituzke, eta berberak izango lirateke “lurralde nazional” osoan, LOMCEren edukiak ematen dituztela ziurtatzeko. Argi esana du Madrilek: hark jarritako edukiak derrigor eman behar dira; hortik aurrera, erkidegoek gehiago sar ditzakete.  
Hori hala, Euskal Herriko edukiek zein toki hartuko dute? Gaitegian sartuko dituzte, baina bukaerako probetan ez dira azalduko, Espainiak ez baititu sartuko. Uriartek ohartarazia du zehaztuegia dela Madrilen dekretua, eta tarte gutxi dagoela osatzeko. Hortaz, euskal edukien aurrean, lehentasuna LOMCEren edukiek hartuko ote dute? Ikastetxeen eguneroko jardunak erakutsiko du hori. LOMCEk zehazten dituen edukiak asko direla kontuan izanik, modurik egongo ote da bi errealitateak (bertakoa eta Espainiatik datorrena) jorratzeko? Ildo berean, LOMCEk ezartzen dituen ebaluazioak gainditzeko jakin beharreko edukiak irakasteak tarterik utziko al du euskal edukiak lantzeko?

Hezkuntza Sailaren erantzunaren zain

Marko pedagogikoa hainbat hezkuntza-eragilerekin elkarlanean eta
adostasunean taxutu bazuen ere Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ez da gauza bera gertatu curriculum dekretuaren zirriborroarekin. Kritika gogorrak jaso ditu hezkuntzako alor ia guztietatik. Ikastolen Elkartea, sindikatu guztiak, oposizioko alderdiak nahiz bestelako guraso, ikasle eta irakasle elkarteak kontra ditu Jaurlaritzak.
Hezkuntza-eragileek salatu dutenez, planaren lehen fasean adostutako marko pedagogikoa “diluitu” egiten da curriculum zirriborroan, eta funtsean, LOMCEren aplikazioa dakar, lege horren irizpide asko zehatz-mehatz ageri baitira Heziberrin. Ondorioz, euskararen eta euskal kulturaren dimentsioa garatzeko ere hutsune nabarmenak dituela kritikatu dute, eta zenbait zuzenketa eta ekarpen helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari.
Hezkuntza arloko eragileen erantzun horren aurrean ikusteke dago Eusko Jaurlaritzak nolako jarrera hartzen duen. Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak abenduaren 12an  hik hasi-ri adierazi dionez, behin betiko curriculum dekretua adostu eta itxi arte ez du egoeraren baloraziorik egingo. Lehen asmoa, baina, 2014a amaitu aurretik curriculum dekretua ixtea zen, eta 2015eko hasieran jendaurrean aurkeztea, EAEko Euskal Curriculuma 2015-2016 ikasturtean abiatu ahal izateko.
Ikusteko dago beraz, Heziberri 2020 planak nolako bilakaera izango duen.

 

Hezkuntza-eragileak kexu

 Heziberri proiektuaren curriculum dekretuaren gaineko eztabaida, nagusiki, hiru hankaren gainean egin da: curriculuma, hizkuntza-ereduak eta finantzaketa. Erakunde bakoitzak era bateko zein besteko arrazoiak badarabiltza ere Heziberri kritikatzeko, gauza batean ados daude guztiak: Heziberrik euskal ikastetxeetan LOMCE ezartzeko bidea irekitzen duela salatzen dute, eta horrek euskal hezkuntza propioa garatzea eragotziko lukeela. Hizkuntza-irizpideei dagokienez, hezkuntza-munduko eragileen esanetan, eleaniztasunaz hitz egitea ez da nahikoa benetako elebitasuna bermatzeko eta modu ekitatiboan hirueleko ereduan aurrera egiteko. Gaur egungo hizkuntza-ereduen sistema gaindituko duen trataera integralago bat eskatzen dute, DBH amaitzean ikasleek hiru hizkuntzetan zein helburu bete behar dituzten zehatz markatuko duena. Azkenik, finantziazioaren gaia dago. Sare publikoak errezelo handiarekin begiratzen die curriculumari, eta Hezkuntza Lege propioari. Ikastetxe kontzertatuetako arduradunek, bestalde, hezkuntza-zerbitzu guztien publikotasuna bermatu nahi dute Hezkuntza Legearekin.  

Dekretuak dauden bezala ezin direla onartu eta aukera galdu baten aurrean egon gaitezkeela dio hitzez hitz Ikastolen Elkarteak, “esku artean duguna nagusiki LOMCEren aplikazioa baita”. Aitortzen du, ordea, zirriborro bat besterik ez dela, eta beraz, hobetu daitekeela, nahiz eta “berrikusketa eta berridazketa sakonak” behar izan.
Ikastolen Elkarteak bat egin zuen Heziberri planaren marko pedagogikoarekin, baina haien esanetan, marko pedagogikotik dekreturako urratsean ez da lortu behar bezalako eraginkortasun eta loturarik. Zentzu horretan ebaluazioaren atalari aipamena egiten dio, “hutsune berezia” nabarmentzen duela esanaz. Izan ere, eranskinetan definitutako ebaluaziorako irizpideak eta lorpen-adierazleak lotuta daude edukien ebaluazioarekin, hau da, ikasleek jokabide konpetentea erakusteko eskuratu behar dituzten adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiekin:
“Ebaluazio mota hori beharrezkoa da, baina ez da nahikoa, konpetentziaren ebaluaziorako irizpideak eta lorpen-adierazleak ere gehitu behar zaizkio”.
Iritzi berekoa da LAB sindikatua ere: “Hutsune nabaria dago ebaluazioari dagokionez eta konpetentziekin erabat lotuta. Formulazio pedagogiko gisa egokia izan daiteke, baina horiek nola ebaluatuko dituzte? Ez dago batere argi”.
Euskararen eta euskal kulturaren dimentsio espezifikoari buruz ere berebiziko kezka agertu du Ikastolen Elkarteak, curriculumaren zirriborroan ez baitago “Euskal Dimentsioa Gauzatzeko berariazko garapenik, hots, LOMCE garatzera datorren Errege Dekretuan agertzen diren edukien aukera bera egin du Eusko Jaurlaritzak, amaieran Euskal Herrian erantsiz”. Hizkuntzen atalari dagokionez berriz, Ikastolen Elkarteak uste du beharrezkoa dela Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoa aipatzea, “ezinbesteko erreferentzia baita hezkuntza eragileen eta Hezkuntza Sailaren azken urteetako hainbat hizkuntza-planteamendutan”. Arrazoi horiengatik dekretu zirriborroaren egungo formulaziotik urrun sentitzen dira ikastolak, eta harekiko zituzten itxaropenak ez dira momentuz bete: “Azken finean LOMCEtik urrun egongo diren eta hezkuntza-sistema propio eta berritzaile bat eraikitzeko baliagarri izango diren curriculum dekretuak ari gara eskatzen”.
Antzeko iritzia dute sindikatuek Heziberrik LOMCErekin duen tankerari buruz. Haien esanetan, Heziberri 2020ren curriculum dekretu zirriborroek argi uzten dute “Eusko Jaurlaritzak men egiten diola” Werten hezkuntza erreformari. Curriculum dekretu horiek erretiratzeko edota goitik behera aldatzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari. ELAren esanetan, curriculum dekretuen zirriborroak proposamen pedagogiko interesgarri bat azaltzen badu ere —konpetentzietan oinarritutako pedagogia eta curriculuma garatuz—, dekretu zirriborroek garbi erakusten dute LOMCEk hezkuntza-sistema osoa zentralizatzeko nahiz bere menpean edukitzeko eta edukiak nahiz pedagogia bera kontrolatzeko ezartzen dituen tresna guztiak onartzen dituela Eusko Jaurlaritzak: “Konpetentzietan oinarrituriko pedagogia eta curriculuma proposatzeak bere zentzu
osoa galtzen du, izan ere LOMCEk ezartzen duen estatuaren kontrolpeko ebaluazio-sistemak ezerezean uzten baitituzte horrelako planteamenduak”.
Ildo berean mintzo da LAB sindikatua ere. Haren aburuz, Heziberriren ardatza LOMCE da eta hau euskal dimentsioarekin osagarritu nahi du, baina oso modu xumean landuta. “Hau ez da berria, Euskal Herrian gauzatu diren curriculum guztiak, Espainiatik edo frantses estatutik zehaztuak izan baitira”. Hortaz, Heziberrik LOMCEren eduki guztiak barneratzen dituela eta horiei Euskal Herriko edukiak eransten zaizkiela gaineratzen du. “Ebaluazioaren afera ere hor dugu. LOMCEtik zehaztuta etortzen bada, iruditzen zaigu gela barruan planteatzen diren dinamikak azterketa horiek ahalik eta modu txukunenean gainditzera bideratuta egongo direla. Horrela euskal kulturaren lanketa bakoitzaren borondatearen gainean geratuko da”. Edonola ere, uste du Heziberriren formulario pedagogikoari dagokionez saiakera bat dagoela hezkuntza beste parametro batzuetan ulertu eta garatzeko. “Konpetentzien formulazioaz ari gara, zeinak egokiak izan daitezkeen baldin eta XXI. mendeko Euskal Herrian kokatzen baditugu”. Aldiz, ikasleen euskalduntzeari eta euskal kulturaren lanketari dagokionez, hutsune nabarmenak ikusten ditu sindikatuak: “Heziberrin jasotako konpetentziak edozein herrialdetan garatzekoak direla ematen du eta gure ustez, hauek Euskal Herrian eta Euskal Herriko ikuspegia izatea esentziala da”. LAB- ek beste ekarpen bat ere egiten dio curriculum dekretuari. Haren esanetan, hezkidetzaren aipamenik ez dator zirriborroan eta jendarte-eredu parekide bat garatze aldera, curriculumak hezkidetzan oinarritua beharko luke.
Hizkuntzen trataerari dagokionez, bat datoz sindikatu abertzaleak. Haien hitzetan, ikasle euskaldun eleanitzak garatzeko “ez da inolako urratsik ematen”, eta LABen aburuz, “sasoi honetan, non ereduek erabat euskalduntzen ez dutela onartua dagoen, Heziberrik ez du urrats berririk ematen”. ELAk ere antzeko ikuspegia du: “Curriculumak euskara ardatz izango duen sistema eleaniztuna proposatzen duen arren, LOMCEk ezartzen duen muga bere eginez, egungo hizkuntzen ereduen sistema berresten du”.
EILAS sindikatuaren ustez, curriculuma lantzeko prozedura “iruzur hutsa” izan da, “iluntasunez inguratuta, eskola-komunitatea baztertu duena”.
Izan ere, sindikatu honen irudiko, Heziberri ekimena mahai gainean jarri zutenek eta berorren alde agertu direnek interes bakarra dute: finantzaketa-eredu berri bat. Bere esanetan baina, “hezkuntza-sistemaren etorkizuna ezin du sare pribatuaren finantzaketa-arazo batek erabaki”.
EHIGE Heziberri planaren lehen fasearen amaieratik agertu da oso kritiko, hainbat gabezia ikusten dituelako. Lurdes Imaz gurasoen elkarteko ordezkariaren esanetan, gaur egungo hezkuntza-sistemaren ahultasun eta indarren diagnostiko esplizitu eta sakona falta da Heziberrin; “Marko pedagogikoaren proposamenean  hutsune nabariak ikusi genituen hasieratik: ikastetxeen autonomian, esklusio arriskuan dauden ikasleen eskolarizazioan, irakasleriaren formakuntzan, konpetentzien azalpenetan, berrikuntzan, elebitasun eta eleaniztasunen, aniztasunaren trataeran, genero-ikuspegian, konpetentzietan oinarritutako ebaluaketan, ikastetxearen emaitzak eta hobekuntzan, eskola eta hezkuntza lidergoan…”. Era berean, ikasleen derrigorrezko hezkuntzako irteerako profila zehaztu gabe dagoela salatzen du eta edukien euskal dimentsioari dagokienez ere beste hainbat eragileren zentzu berean mintzo da: “Dekretuak planteatzen duen curriculum ereduak edozein erkidego elebidunerako balio du. Euskal Herriko gizarte eta hezkuntza errealitatearen erreferentziarik gabeko dekretu batek ez du hezkuntza-sistema propio bat eraikiko”.
Curriculum dekretua onargarria dela irizten duten hezkuntza-eragile bakarretakoa Kristau Eskola da, nahiz eta uste duten hobetu edo zehaztu behar diren atalak badaudela, adibidez, ikasgeletan lantzeko konpetentzietan oinarritzen den lanaren zehaztapena, eskoletako proiektuak, aniztasunaren tratamendua eta, batez ere, ikastetxearen autonomia. LOMCE eta Heziberri bateragarriak izango ote diren galdetuta, Mikel Ormazabal Kristau Eskolaren zuzendariak dio LOMCE ez dela eurak nahi duten hezkuntza-legea. Maiz, ordea, iruditzen zaio legeak helburu gisa hartzen direla, hau da, eskoletan lortu beharreko xede gisa. Aitzitik, jomugak legeaz haratagokoa izan behar duela irizten du: “Gure kasuan, eta uste dugunez Eusko Jaurlaritzarenean ere, LOMCE hasiera edo oinarria izango da, baina inola ere ez amaiera, lege horren gainetik dauden jomugak lortu nahi baititugu. Ikuspegi horretatik, ez LOMCE ez beste hezkuntza-legerik ezin da oztopo gaindiezina izan”. Era berean, uste du, LOMCE bertan behera geratuko balitz ere, Heziberri proposamenak baliagarria izaten jarraituko duela, “emaitza eta ebidentzietan oinarritua eta etorkizunera begira egonik Heziberrik edozein hezkuntza-legetan lekua baitu”.

Euskal Hezkuntza Legetik ­urruti

Hezkuntza-lege propioa da Heziberri planaren hirugarren zutabea. Horren inguruan ere era bateko zein besteko iritziak dituzte hezkuntza-eragileek. Kristau Eskolaren zuzendari Mikel Ormazabalek, esaterako, munduan hezkuntza-emaitza hoberenak dituzten herrialdeek hezkuntza-lege egonkorrak dituztela dio eta egonkortasun horrek segurtasuna, argitasuna eta etenik gabeko hobekuntzarako lekua bermatzen diela hezkuntza-eragile guztiei: “Gure posiziotik hezkuntza-lege egonkorraren zain gaude. Lege horrek berrikuntzaren aldeko jarrera eduki beharko du helburuak eta apustuak argi eduki ditzan. Espero dugu lege hori Heziberri egitasmotik sortzea”. Era berean, eskatzen du lege hori printzipio pedagogikoetan oinarritzea eta ez politikaren norabidean.
Ikastolen Elkartearen aspaldiko eskarietako bat da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege propio bat. Gainera, aintzat hartuz gero curriculum dekretuen zirriborroei beste eragile batzuek egin dizkieten kritikak, besteak beste finantzaketaz eta hizkuntza-ereduez egindakoak, “dekretuetan bildu ezin direnak legearen bidez erregulatu beharreko gaiak direlako, konbentzimendu handiagoz eskatzen diogu Hezkuntza Sailari Hezkuntza Legerantz urratsak egiten hasteko”. Horregatik Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari galdegin diote lehenbailehen abian sar dezatela Heziberri 2020aren hirugarren fasea, Hezkuntza-Lege bati ateak zabalduko dizkion prozesua, curriculum dekretuen prozesua amaitu arte itxaron gabe: “Gure ustez, lege honek, besteak beste, konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma, euskaran ardaztutako eleaniztasuna eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoa indartu eta garatu behar ditu, hori bailitzateke benetako urratsa ikastolok babesten dugun Hezkuntza Sistema Propiorako bidean”. Antzeko norabidean hitz egiten du LABeko arduradun Aitziber Perezek ere: “Guretzako lege berri batek hiru ardatz barnebildu beharko lituzke; euskal curriculuma, ikasle euskaldun eleanitzak eta publikotasun eredu bat”. Hala ere, uneotan legea egiteari helduko zaionik ez dute uste.
Aitzitik, momentuz dituen baloraziorako elementuekin, EILASek uste du Hezkuntza Legeak ez duela hezkuntza-sistema propio baterantz pausurik ematen, kontrakoa baizik. Bi abiaduratako hezkuntza-sistema egonkortu egiten duela salatzen du eta interes propioen izenean lanean dabiltzanen interesak indartzen dituela kritika egiten du: “Egoera oso larria da. Erkidegoko zonalde askotan ikastetxe publikoa zerbitzu subsidiario edo ikastetxe ghetto bilakatu da azken urtetan, txiroen, etorkinen eta behar bereziak dituzten umeen eskola. Hezkuntza-lege batek era horretako errealitateei eman beharko lieke irtenbidea: gure herritarren aukera berdintasuna bermatzeari alegia. Horregatik kalitatezko euskal eskola publikoaren aldeko legea behar dugu. Heziberrik eta labean dagoen legeak alde batera uzten dituzte kontu hauek guztiak, edozein hezkuntza-legeren ardatz izan beharko luketen kontuak alegia”.