Jesus Mari Mujika. Etikako eta Filosofiako irakaslea

“Bizitzako graziak dastatzeko bideak jorratzen irakastea eta errealitateari nortasunez eta ausardiaz heltzeko balioak lantzea da heziketaren egitekoa"

 Mundua, nahitaez, paradigma berri baten beharrean dagoen honetan, bizitza eta bizitzeko era ulertzeko zereginean hezkuntzak betetzen duen funtzioa giltzarria izan daitekeela dio Jesus Mari Mujikak (Aizarna, 1946). Deustuko Unibertsitatean eta Santo Tomas Lizeoan Etikako eta Filosofiako irakasle gisa ia 40 urtez izandako esperientziatik mintzo da. Argi du eskolaren zeregina zein den: belaunaldi berriak mundu hobe baterako heztea; baina zentzu utopiko pixka bat izan gabe ez daitekeela horrelakorik egin azpimarratzen du, "zentzu utopikoa diodanean, ez naiz utopia itxi horiez ari, baizik eta gaurko mundua alda daitekeela eta gizarte hobe bat posible dela sinesteaz". Horrexegatik, uste du eskolak haurra edo gaztea ez duela bideratu behar egungo gizarteko egituretara molda dadin, gizarte hori hobea egiteko nahi izan dezan baizik.

 
 

Ia 40 urtez Etikako eta Filosofiako irakasle izan zara. Zer-nolako esperientzia izan da?

Nire kasuan zorte izugarria izan da irakasle izatea. Nik ez dut sekula sufritu, eta asko disfrutatu dut. Ahalegindu ere egin naiz, baina gazteak nirekin ­izugarri ondo portatu dira. Orain, ­erretiroa hartuta, aitortu beharra daukat falta sumatzen dudala.  
Dagoeneko erretiroa hartuta eta atzera begira jarrita, euskal hezkuntzaren zer-nolako erradiografia egingo zenuke?
Euskal Herriko esperientziaren ­ikuspuntutik, nik esango nuke eskolak ikasleek uste dutena baino garrantzi handiagoa duela beraien heziketan, baita irakasleek beraiek uste dutena baino handiagoa ere. Badakit ­orain LOMCE ezarri dela, baliabideak murrizten eta irakasleak gutxitzen ari direla… Eta badakit, diru gutxiago jartzen denez, horrek zer ondorio izaten dituen ere: curriculumeko eskolak lehen bezalaxe emango dira, baina, gero, desagertzen joango dira horrez ­aparte hezkuntza-mailan egin daitezkeen gauzetarako zeuden baliabide berezi horiek. Hori horrela izanik ere, nik ez dut eskola horren gaizki ikusten. Hasteko, iruditzen zait hemengo eskola nahiko hurbil dagoela herriarengandik. Frankismoaren garaian, eta ondoren, gurasoen indarrez ikastolak sortzeak asko lagundu zuen horretan. Nik uste dut, gainera, orokorrean eskola ondo ikusita dagoela. ­Eta garrantzitsua da hori ere.
Ahulguneak ere baditu eskolak: nik oraindik ere gizarte mota honen ­esanetara jarriegia ikusten dut. Krisian dagoen gure gizarte honetan krisia nagusiki ekonomikoa dela iruditzen zaigunez, gero eta beldur handiagoa diogu etorkizunari, eta hezkuntzaren xede bakar lanbide edo enplegu bat lortzeko ondo prestatzea bihurtu da pixkana. Horrek distortsioa eragin du eskolaren ikuspegian, hezkuntza manipulatuz. Gizarte batean beldurra nagusitzen denean —eta gure gizarte honetan izugarrizko beldurra dago orain—, ez dira balio garrantzitsuenak garatzen, kontrakoa baizik; eta errealitate hori erraz balia dezake egungo gizarte merkantilizatuak. Merkatuak agintzen badu, merkatuak berak erabaki dezake eskolak sare merkantilista hori indartzen lagunduko duen jendea prestatzea izan behar duela helburu. Arrisku hori badaukagu, eta, gainera, iruditzen zait datozen urteetan ez dela gutxituko. Izan ere, guk oraindik ez dugu onartu nahi, baina garbi samar eduki behar genuke ez garela itzuliko hemen pasatu ditugun krisi aurreko 15-20 urte horietara, dirua erraz egin eta gero eta gehiago izango genuela pentsatzen genuen garaietara.
Ahuleziak aipatu ditut, baina aukerak ere ikusten dizkiot eskolari. Iruditzen zait, lehen baino (orain 20-30 urte baino) baliabide gehiago ditugula gaur eskolan; besterik da azken 3-4 urtean behera egin dugula eta gehiago egin dezakegula, zoritxarrez. Heziketaren garrantziaz ere —hezkuntzaz ari naiz, ez lanerako prestakuntzaz edo instrukzioaz— lehen baino kontzientzia handiagoa dagoela uste dut, eta bereziki iruditzen zait gero ­eta garbiago dakigula bai irakasleok eta baita gurasoek ere heziketa horri ­txikitatik hasita egin behar diogula ­lekua.  
Entzun izan dizugu heziketaren garrantziaz ezin daitekeela hitz egin gizarte hobe baten esperantzarik ezean.
Nire ustez, gaur egun irakasleok dugun zailtasunik nagusia esperantza falta da. Gizarte hobe bat egin daitekeen esperantza gutxi daukagu. Eta esperantza hori izan gabe, ezin egin daiteke eskolan heziketa itxurazkorik. Mundu hobe baterantz egingo dugun esperantza gutxi daukagu, eta gizakiarengan ere gutxi sinesten dugu. Askoz errazagoa zaigu gizakiaren alderdi negargarriez konturatzea; baina gizakiak alderdi onak ere baditu. Uste dugu ustelkeria, engainua, gezurra… guztiz normalak direla gaurko gizartean. Baina kontuz! Mundu honetan ustelkeria ikaragarri dagoen arren, laguntzera dedikatzen den jendea ere izugarri dago. Berdin-berdin, haurrek badute norgehiagokarako joera, baina baita enpatiarakoa ere.
Heziketaren norabideari dagokionez, sarri irakasle asko nahastuta sentitzen garela iruditzen zait, eta ausardia apur bat falta zaigula. “Zer balio transmititu behar zaizkie haurrei? Eta nik, horretarako, zer segurantzia daukat?” galdetu ohi dugu sarri. Nik uste dut balio batzuekiko segurtasuna ­eduki behar genukeela eta horien berri eman behar geniekeela haurrei. Balio batzuk lantzea funtsezkoa da, mundu honek etorkizunik izango ­badu.  
Eskolan ezinbestean transmititu beharreko balioren baten adibiderik jar dezakezu?
Austeritatea, hortxe adibide bat. Nik, inolako zalantzarik gabe, eskolan eta etxean landu beharreko balioa dela uste dut. Gutxiagorekin hobeto bizitzen ikasi beharra daukagu, ezinbestean, —ez naiz miseriaz ari, noski—. Eta hori haur eta gazteei esan ­egin behar diegu. Bestela, mundu honek ez dauka etorkizunik. Eta mundu honetan justiziak ez du lekurik izango. Baina, zer gertatzen da? Gure haurrek eskolan zortzi-hamar urte pasa ditzaketela austeritatea hitza entzun eta irakurri ere egin gabe. Zer esan nahi duen ere jakin gabe. Zergatik? Bada, guk hitz eta kontzeptu horiek ­erabili ere ez ditugulako egiten. Haurrek horrelako kontzeptuen berri ­izan behar dute.   

Zein da eskolaren funtzioa eta betebeharra gaurko gizartean?  

Mundua, nahitaez, paradigma berri baten beharrean dago. Bizitzeko ­era eta bizitza ulertzeko era aldatu beharra dauzkagu mundu osoan, eta hori oso zaila da. Baina nola egin daiteke bidea? Hezkuntzan lan eginez. Badakit orain eskolaren gain botatzen dela zama guztia, eta eskolak ­egin dezakeena egin dezakeela; baina garbi eduki behar du eskolak bere zeregina: eskolaren funtzioa belaunaldi berriak mundu hobe baterako hezten saiatzea da. Zergatik da hori beharrezkoa? Arrazoi ekonomikoak, sozialak eta ekologikoak daude —mundu mailako justiziari begiratu besterik ez dago—; baina, batez ere, arrazoi filosofikoak daude, eta nik horiek azpimarratu nahi ditut: gaurko munduan, indibiduazioa, hau da, norbera izatea, gero eta zailagoa da. Bakoitzak NOR izan behar du. Pertsonek NOR izateko eskubidea dute, eta haurrei lagundu egin behar zaie NOR izatera irits daitezen, hots, bakoitza norbera izan dadin. Hori, gaurko gizartean, oso zaila da. Izan ere, gaur ­egun daukagun informazio-eraso beldurgarri horrekin eta komunikabideek duten eraginarekin, masifikaziorako joera izugarria dugu. Horregatik, eskolak ahalegin berezia egin behar du haur bakoitzak norbera izatea lor dezan. Beraz, eskolaren egitekoa izugarri garrantzitsua da. Baina zentzu utopiko pixka bat izan gabe ez daitekeela horrelakorik egin azpimarratu behar da.  

Zertaz ari zara hezkuntzan beharrezkoa den zentzu utopikoa aipatzean?

Zentzu utopikoa diodanean, ez naiz utopia itxi horiez ari, baizik eta gaurko mundua alda daitekeela eta gizarte hobe bat posible dela sinesteaz. Nik badakit mundu perfekturik ez dela posible, baina gauzak hobetu daitezke, eta zenbait alorretan hobetu ere egin dira. Adibidez, nik badakit gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ez dagoela oraindik, baina gaurko Euskal Herrian jaio edota ­orain dela bi belaunaldi jaio, izugarrizko aldea dago. Nola lortu da hori? Bada, batzuek gogotik lan eginez. Hortaz, egiten den lanaren fruituak segituan ikusten ez badira ere, aurrera egin behar dugu. Horregatik diot zentzu utopiko eta ilusio pixka bat ­izan gabe, eta bokazio apur bat izan gabe, eskolan ez daitekeela hezitzaile izan.   

Gizarte hobe bat egiteko, beraz, eskola funtsezkoa da, zure ustez.

Modernitateak eskola gizartearen zerbitzura gehiago jarri du pertsonaren zerbitzura baino. Hori, hein batean, ulertzekoa da, eta gaur egun ere hori gertatzen da. Batez ere 12-13 urtetik aurrera, kezka nagusia zera da: gizarte honen egungo egiturara nola egokitzen naizen edota nola prestatzen naizen, gizarte honetan sarrera ­egokia izan dezadan, nire lekua egin dezadan. Ezinbestekoa da ikuspegi hori gainditzea. Izan ere, gizarterako prestatzea ona den arren, garrantzitsuena nortasuna izango duten ikasleak heztea da, gizarte hobea egitea helburu izango duten ikasleak heztea. Horrexegatik hitz egin behar da balioez eta eskolan horiek lantzeak duen garrantziaz.
Eskolak haurra edo gaztea ez du bideratu behar nagusiki egungo gizartearen egituretara molda dadin, ­gizarteratutakoan gizarte hori hobea ­egiteko nahia izan dezan baizik. ­Horrek ez du esan nahi lanerako ahalmen gutxiago izango duenik; aitzitik, gaitasunak lan-merkatuaren alorrera ez ezik, beste arlo askotara ere bideratuko ditu.   

Gaur egun dagoen langabezia-tasa kontuan hartuta, normala ere bada gazteek, gurasoek zein irakasleek indarrak enplegurako prestatzera bideratzea.

Sinetsita gaude eskolak prestatu behar zaituela gizarte honetan enplegu egoki bat izan dezazun eta horrekin zure bizimodua irabaz dezazun. Baina, uste horren atzean, bada tranpa bat: pentsatzen dugu pertsonoi nagusiki nortasuna gure lanbideak ­ematen digula. Bizibidea lanbideak ematen digu, hori hala da; baina, gaur egun, nortasuna eta zoriona ere lanbideak emango dizkigula pentsatzea faltsua da. Eta gaurko errealitateari ­erreparatuta, gero eta zailago izango da hori. Nik enpleguan gustura egoteak duen garrantzia ez dut ukatu nahi, baina gizakia ez du enpleguak bakarrik egiten, eta, gainera, badirudi gero eta gutxiago izango dela horrela. Hori azaldu ­egin behar diegu haur eta gazteei.
Horrexegatik, hezkuntzak ez du soilik enplegura bideratuta egon ­behar. Horrek ez luke zentzurik. Zergatik? Hasteko, denontzat ez dagoelako enplegurik munduan —guk gaur egun dugun ikuspegiarekin behintzat ez, hau da, egunean 8 ordu lan eginez, 40 urtean lanbide berean—. Izan ere, teknikan aurrera egin ahala, enplegu mota horiek jende gutxiagorekin betez doaz. Baina horrek ez du esan nahi lana gutxituko denik. Beste hamaika lan mota egon daitezke gizarte honetan, enpleguaz apartekoak. Zenbat jende aritzen da lanean honetan eta hartan, laguntzen? ­Enpleguaren munduan normaltzat jotzen da enplegu hori zenbat eta ­lehenago bukatu orduan eta hobe dela. Baina kontuan izan behar da gizakiak lana ere egin behar duela. Zeren, bizitza honetan, zailena ez aspertzea da, eta zeregin horretan lanak paper garrantzitsua jokatzen du. Eskolak haur eta gazteei bizitzan ez aspertzeko baliabideak soilik emango balizkie ere, ez litzateke gutxi.  

Zer esan nahi duzu, eskolaren egitekoa bizitzarako heztea dela?  

Noski. Enpleguak ez du zoriona ­ematen, eta hiritar izaten ere ez dizu nagusiki horrek irakatsiko. Orduan, zein litzateke eskolaren egitekoa? ­Edo heziketarena? Heziketa bizitzarako da, bizitzan zoriontsu izateko da. Eskola da bizitzako graziak dastatzeko bideak jorratzen irakastea eta, gero, bizitzaren errealitateari —bizitza gogorra ere bai baita— nortasunez ­eta ausardiaz heltzeko balioak eta kuraia lantzea.
Eskolak bere egitekoa pertsonak bizitzarako heztea dela argi duen heinean, haur bakoitzaren berezitasunak errespetatuz joan behar luke, bakoitzari bera izaten erakutsiz. Horregatik, haurrak ezin ditugu balioetsi ­orain arte ohikoak izan diren inteligentzia jakin batzuen arabera. Aitzitik, beste mila inteligentzia daude. Helburua haurrak hobeto bizitzeko baliabideak izatea da. Kultura, jakin-mina, libertatearen irrika eta ulermena sustatzen saiatzea. Baita balio moralak ere: enpatia, errespetua, elkarbizitza… Hori guztia zertarako landu, baina?  Zoriontsuago izateko, askoz ere hobeto biziko zarelako, askoz ere maitatuagoa izango zarelako.  

Heziketa humanizatzearen garrantziaz hitz egiten da. Zer baliabide izan ditzakete irakasleek horretarako?

Eskolaren egiteko izugarriaz ­lehen baino kontzientzia handiagoa dago. Gero eta argiago daukagu eskolak gaur erronka ikaragarria daukala . Hezi egin behar genukeela ere bai. Zer gertatzen da? Akaso gutxiegi sinesten dugula gure lanaren emaitzetan, emaitzak hezkuntzan ez baitira segituan ikusten. Era berean, uste dut oraindik errazegi epaitzen direla ikasleak: “hori alfer hutsa da”, “hori harroputz bat da” edota “hura tonto samarra da”. Une honetan, alferkeriarako edo harrokeriarako joera izan dezake, baina ezin zaio etiketa hori jarri une zehatz batean horrela jokatzeagatik. Horregatik hitz egiten dut nik bokazio puntuaz. Irakaskuntza lanbide soiltzat hartuz gero, opor asko dituen enplegu seguru samartzat, sufrimendua dator berekin, eman nahi duzun hori ematen ez duzulako asmatzen askotan, edo, behinik behin, ez duzulako ikusten fruiturik segituan. Ez da erraza.
Hasteko, ilusio umila eduki behar dute irakasleek. Guk jakin behar dugu ahalegina egitea bera arrakasta dela, arrakasta ez dela lorpena bakarrik; hori gero etorriko da, edo ez. Horrez gain, funtsezkoa da irakasleen arteko elkarlana. Gainera, edozein irakasgai emanda ere, bizikidetzaz arduratu behar du irakasleak. Eta jakin behar du pertsona baten zorionerako garrantzitsuena besteekin tratatzen jakiten ikastea dela; horizontalki, berdinetik berdinera. Adi egon behar du ­irakasleak, eskolan sufritzen nor ­egon daitekeen jabetzeko eta gertatzen ari den horri modu profesionalean erantzuteko. Horrez guztiaz gain, garrantzitsua da sentimenduei tokia egitea ere. Sentimenduak kudeatzen ikastea da inteligentzia. Baina, horretarako, asko hitz eginarazi behar zaie. Jakin behar dugu sentimenduak ere landu daitezkeela; baina, horretarako, agertzen utzi behar zaie. Haurrei, bestalde, behin eta berriz esan behar zaie gatazkak normalak direla gizakien artean, gero, gatazkak indarkeriarik gabe gainditzen ikas dezaten. ­Ikasgelan inor ez gutxiestea da kontuan izan beharreko beste irizpide bat. Ikasle bat ezin daiteke gutxietsi, eta gozo tratatu behar da. Ikasleek garbi jakin behar dute ez direla gure ­arerioak. Horrexegatik, funtsezkoa da gazteak eskolan partaide egitea. Ez ikasgelan hitza eman eta haien parte-hartzea bideratuz soilik, baita eskolaren antolamenduan parte harraraziz ere.
Bestalde, esan beharra dago guk baditugula erraztasun batzuk gurasoek ez dituztenak: batetik, maite baditugu, gurasoei baino askoz ere errazagoa gertatuko zaigu haurrekiko distantzia egokia hartzea. Eta hurrengo hau ere esan behar dela uste dut: guk pazientzia handiagoa eduki dezakegu. Zergatik? Guk elkarrekin egiten dugulako heziketa-lan hori, kobratuz egiten dugulako, eta ordu jakinetan.   

Haurra mundu hobe baterako hezteko egon daitezkeen arrazoi filosofikoen artean, gizakiak NOR izateko duen eskubidea aipatu duzu. Nola lantzen da haurraren indibiduazioa? Nola ikasten da norbera izaten?

Horretarako, ikasleei beren buruarekiko distantzia hartzen irakatsi behar zaie. Gaur egun, niri sekulako atentzioa ematen dit,16 urterekin norbaitek kolperik jo ez, eta esaten dizunean: “Ni horrelakoxea naiz, bada, alferra”. Beraz, onartua du alferra dela. Hori, ordea, ez da egia. Zuk, zure burua ezagutzeko, zure buruarekiko distantzia hartu behar duzu, ikusi distantzia hartuta bakarrik egiten baita ondo. Horrek zera esan nahi du: “Nik nire burua ezin dezaket onartu, besterik gabe”. Distantzia hartzeko, ordea, funtsezkoak dira besteak. Hasteko, gurasoak, eta gero, irakasleak. Irakasleak bakoitzari norbera izaten lagundu behar dio, eta, horretarako, bere buruarekiko distantzia hartzen. Behin distantzia hartuta, distantzia horretan sortzen dira giza balioak. Distantzia horretan sortzen da kontzientzia morala ere. Ezin da onartu haur batek “ni horrelakoa naiz” esatea. “Ez, ez, zu ez zara horrelakoa, zu pixkanaka egiten ari zara, zeure burua eraikitzen”.
Horrez aparte, identitatearen ­ikuspegia ere egoki lantzen saiatu behar du eskolak. Identitatea garrantzitsua da, baina identitatea ere ez da bakarra, eta garatzen joaten da. Adibidez, euskaldun garen aldetik dugun ­identitateaz hitz egin dezakegu, baina kontuz! “Ni euskaldun naiz, baina euskaldun bezala dudan identitateak ez nau artaldean sarrarazi behar. Ni euskalduna naiz ni neu izan ahal izateko”. Hori da libertatea. Hortaz, ­identitatearen garapenak ezin du ­itxia izan. Nik nire bandera eduki dezaket, baina ezin dut edozer egin banderaren izenean. Guk, Euskal Herrian, hamaika arrazoi historikorengatik, badaukagu arriskua identitatearen ikuspegi faltsuak edukitzeko. ­Eta identitatearen ikuspegi faltsua norberaren identitatearen ikuspegi faltsua da.   

Norbera izaten ikasteko, bakoitzaren identitatea eraikitzeko eta libre izateko, funtsezkoa da, ordea, iritzi kritikoa garatzea. Zein da horretako bidea?

Gogoeta eta elkarrizketa dira iritzi kritikoa garatzeko bide nagusiak. Hor, izugarria da hizkuntzak eta hitzak hartzen duten garrantzia. Gizakiak asmatu duen gauzarik handiena da hizkuntza, bai eta hitza ere. Gogoeta hitzarekin bakarrik egiten da. Kontzeptuak argituz. Eta kontzeptuak nola argitzen dira? Kontzeptu horiei buruz hitz eginez, haurrari hitz egiten utziz, bururatzen zaiona esaten utziz, errespetuz entzunez... Elkarrizketa asko behar da eskolan. Zergatik? Gogoetara bultzatzen duelako elkarrizketak. Baina, noski, horretarako beste konbentzimendu bat ere behar da: zalantzari lekua egitea, hain zuzen. Elkarrizketa bat egin eta gero han hitz egindakoari bueltak ematen hasten zarenean —“Nik hau erantzun diot, baina igual arrazoi zuen”—, ­orduantxe hartzen du garrantzia elkarrizketak. Bakoitzak kosta ahala kosta bereari eusten badio, aldiz, —“nik nirea badakit, seguru dakit, zuk ez duzu arrazoirik”—, ez dago tokirik elkarrizketarako. Eskolak elkarrizketan ­eta gogoetan egin behar du nagusiki lan. Eta zein da horretarako jarraibide nagusia? Ikasten ari zaren edo tratatzen ari zaren gai horrekiko interesa piztea.   

Ez da erraza izaten, ordea, haurrengan zein gazteengan interesa eta jakin-mina piztea.

Interesa sortu nahi bada, gai bat aurkezterakoan, gai horrek helburu nagusi bat izan behar du: ikaslearentzat bizitzarako baliagarri, interesgarri izatea, nahiz eta lanbidez ez den horretan jardungo; adibidez, matematika baliagarri zait, burua antolatzen laguntzen didalako, logika mota bat lantzen dudalako. Baina haurrak ematen zaion gai horretan interesa ­ikusi egin behar du. Irakasleok ezin dugu jardun urte guztia interes bakarra notari begirakoa izango duen gai bat lantzen. Horretarako, zer egin daiteke? Gai guztiek besteekin duten lotura adierazten saiatu. Adibidez, ni biologiaren barruan gorputza nola ­osatuta dagoen irakasten ari banaiz, hori hamaika arlorekin lot dezaket. Fisikarekin bai, noski, baina baita arazo metafisikoekin ere. Stephen Hawking-ek eta beste hainbatek zer egiten dute, bada? Kosmologia gehiago egiten dute ia fisika baino. Selektibitatearen tranpa ere hor dago, baina aitzakia gisa ere erabiltzen da batzuetan. Beste kezka bat unibertsitatean nola moldatuko diren izan ohi da. Barka iezadazue, baina unibertsitatean iritzi kritikoarekin, kulturarekin eta jakinzaletasunarekin datorrenak aurrera egingo du, bizitzan bezalaxe.   
Irakasle batek, azken batean, ikuspegi bat transmititzen du. Non dago hor iritzi kritikoa lantzearen eta doktrinatzearen arteko diferentzia?
Iritzi kritikoa lantzeko, garbi eduki behar da hezkuntza-proiektuan ­etikoki zeintzuk diren gutxienekoak. Adibidez, “gizarte honetan gehiegi kontsumitzea txarra da, ez delako posible denok guk bezainbeste kontsumitzea”, edo “tortura ezin daiteke
inola ere onartu”, edo “indarkeria ez da ­ona”… Horrez gain, bizitza balioetsiko da, eta baita giza eskubideak ere. Gero, horiek guztiak zehazterakoan, gauza eztabaidagarriak izan daitezke. Adibidez, abortuaren lege baten aurrean, askotariko ikuspegiak
egon daitezke. Hori dena haur eta gazteei esplikatu egin behar zaie, eta ondo ­azaldu behar zaie zer den etika. Giza eskubideez ari bagara, funtsezkoa da pentsatzeko askatasuna, bai eta pentsatzen duzun hori adierazteko askatasuna ere, jakinik horregatik ez duzula ondorio kaltegarririk izango.
Zer da doktrinatzea? “Hau horrela da. Egia hau da. Zuk ez duzu pentsatu behar, kontra egiten baduzu, kalteak izango dituzu”. Doktrinatu ez, baina ­ikuspegiak eman egin behar dira. Hauxe da horretarako metodoa: zuk, ezinbestean, haurra bide batean jartzen duzu, baina, hor zalantzak sortzen hasten direnean eta haurra galderak egiten hasten zaizunean, beste ikuspegi batzuk ere badaudela adierazi behar diozu. Zabaldu egin behar diozu ikuspegia, eta esan: “Nik hala pentsatzen dut, baina beste ikuspegi hauek ere badaude, eta nik horiek ­ezagutzen lagunduko dizut”. Eta materiala emango diozu, eta esango diozu garrantzitsua dela gai baten inguruko pentsaerak eta ideiak ezagutzea, eta norberarenak ez bezalako ­iritzi eta hausnarketak irakurtzera bultzatuko duzu.  
Badirudi gurasoen, irakasleen nahiz ikasleen artean matematikan, fisikan, zientzian eta informatikan emaitza onak lortzeak duela prestigioa; aldiz, ez dio axola filosofian, literaturan edota arteetan emaitza okerxeagoak lortuta ere. (“Zertarako balio dute, bada, irakasgai horiek?”)
Ez du batere balio norbaitek esatea “Zertarako ikasi kultura klasikoa?”, eta hori zientzietakoek ere argi jakin behar dute. Nik badakit denak ezin daitezkeela kultura klasikoan espezializatu, baina Platon nor zen jakitea, edo gure zuzenbidea Erroman sortu zela jakitea, edo inperioaz egon diren ikuspegiak ezagutzea… izango ez da, bada, garrantzitsua eta baliagarria? Edo, aizu, literatura zertarako jakin? Eskolaren porrota totala izango da, haurrak kultura alferrikakoa duela esatera iristen bada.
Eskolan, irakasleek gauza berberei eman behar diete garrantzia. Koherentziaz jokatu behar dute. Sekula ez da beste baten gaia mespretxatu behar, hori ere gertatu izan baita. Gertatu izan da 12-16 urte artekoekin etikako eskoletan eskulanak egiten aritzea ere. Zuk txiki-txikitatik haurrari buruan sartzen badiozu etika eta morala goitik behera inposatutako kontuak direla eta batere baliorik ez dutela, gero zer kristo ari zara esaten ustelkeria eta lapurreta gaizki daudela? Gaizki dagoela esaten ari zarenean, balorazio moral bat ariko zara, bada, egiten? Eta balorazio moral bat egiteko irizpideak beharko dituzu, ezta? ­Eta irizpide horiek zibilak izan daitezen, filosofikoki arrazoitu egin beharko duzu, ezta? Batzuetan badirudi arrazoitzea txorakeria dela, hemen bakoitzak nahi duena pentsatzen duela, bakoitzak bere iritzia duela, baina pentsatzen ere ikasi egiten da.