‘ONEKA’ CD-DVD-A. Haurrentzako 20 abesti berri, fresko eta dantzagarri

Ene Kantak egitasmoaren azken CD-DVD berria da Oneka. Haurrentzako 20 abesti fresko eta dantzagarri bildu dituzte bertan, guztiak itsasoaren gainekoak. ­Berriak dira zenbait, moldatu eta gaurkotutako ­­­­­­­­­herri-­kantak, berriz, beste hainbat. Gainera, erraz imitatzeko moduko koreografiak asmatu dituzte; abesti bakoitzak bideoklip bat du, eta DVDan ikus daitezke beroriek. ­Eskuragarri dago urriaren 6tik, www.enekantak.com webgunean.

 
 

Eskolan zein etxean haurrekin entzuteko eta dantzatzeko aproposak diren 20 abesti berrik osatzen dute ­Ene Kantak egitasmoaren Oneka CD-DVD-a. Euskal Herriko kultura-, kirol- eta gizarte-arloetako pertsona ezagunek abestu dituzte kantak, eta parte hartu dute bideoklipetan ere. Horien artean dira Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, ­Imanol Ubeda, Hesian taldeko Zuriñe eta Fran, El Drogas, Kutxi Romero, Manolo Garcia eta Igor Ijurra musikariak; Alaia Martin bertsolaria; Oinatz Bengoetxea, Abel Barriola eta Jon ­Apezetxea pilotariak; Nagore Arizaga, Ana Isabel Martinez eta Silvia Ederra Bera-Berako eskubaloi-jokalariak; eta Oier Sanjurjo, Asier Riesgo, Markel Bergara, Imanol Agirretxe, Gorka Iraizoz ­eta Mikel San Jose futbolariak.

Horiekin batera, Euskal Herri osoko hamabi ikastetxetako haurrek parte hartu dute egitasmoan, 500 haurrek, orotara. Bideoklip bakoitzean kanta abesten duen pertsona ezaguna agertzeaz gainera, hainbat haur ­ere azaltzen dira kantaren koreografia dantzatzen. Hauexek dira ekimenean parte hartu duten ikastetxeak: Bilboko Karmelo ikastola, Hondarribiko Talaia ikastetxea, Tolosako Laskorain ikastola, Leitzako Erleta ikastetxea, Iruñeko Buztintxuri ikastetxea, Iruñeko San Frantzisko ikastetxea, Txantreako Bernart Etxepare ikastetxea, Zangozako ikastola, Burlatako Ermitaberri ikastetxea, Tafallako Garcés de los Fayos ikastola, Zizurko ­Erreniega ikastetxea eta Antsoaingo Ezkaba ikastetxea. Bideoetan eta CD-DVD-aren azaletan agertzen diren ­irudiak Kukuxumusuk egin ditu. ­15 euroren truke, Oneka CD-DVDa www.enekantak.com webgunean ­eros daiteke, .

Euskalerria irratiaren alde

Proiektuan lortzen den etekinaren erdia Euskalerria Irratiarentzat ­izango da; beste erdia, berriz, Ene Kantak-en hurrengo proiektua finantzatzeko izango da. Egitasmo horren baitako lehen CD-DVD-a 2011n egin zen, Sortzen Ikasbatuaz-en alde. Ene Kantak izenburupean, Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari begira, 19 kanta batu zituzten, horietatik 16 berriak. Bigarrena, Neguari abesten, 2012an argitaratu zen, diskoaren izenburuak dioen bezala, neguari buruzko abestiekin. Horietan bietan ­ere, Euskal Herriko pertsonaia ezagunek hartu zuten parte, bai eta hainbat ikastetxetako haurrek ere. Oraingoa, berriz, Euskalerria Irratiari laguntzeko izango da.
Euskalerria Irratia Iruñerriko irrati euskaldun eta independentea da, eta kohesiorako tresna garrantzitsua da ­Iruñerrian fisikoki sakabanaturik bizi diren 30.000-35.000 euskaldunentzat. 26 urte daramatza dialean lizentziarik gabe, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu diolako. Proiektuak gauzatu ahal izateko, finantzaketa behar du. Horrexegatik, Oneka ateratzeaz gainera, proiektua Gaiarre antzokian aurkeztu zuten ­urriaren 15ean, arrakasta handiz. ­Erronka irailaren 12an bota zuten: “Baietz Gaiarre bete, Euskalerria Irratiaren alde!”. Mezua whatsApp eta ­twitter bidez zabaldu zuten, eta sarrera guztiak saldu zituzten bi astean.
Ene Kantak-en baitan argitaratu den Oneka CD-DVDak izan duen harrerarekin ere oso gustura daude Euskalerria Irratiko kideak: “Auzolan hau itzela izan da hasieratik, Ene Kantak ekimeneko lagunek irratiaren aldeko DVDa egitea proposatu zigutenetik: kantak grabatu dituzten 23 pertsona ezagunen eskuzabaltasuna; bideoetan parte hartu duten 12 ikastetxeetako 500 haurren indarra; proiektua aurrera atera ahal izateko crowdfunding bidez 18.467 euro eman zizkiguten 689 lagunen bultzada; eta orain gutxi, urriaren 15ean, Gaiarre mukuru bete duten ia 800 lagunen besarkada”.

 

‘Ene kantak’ proiektua

- CD-DVD-aren izena: Oneka

- Parte-hartzaileak:

- Fermin Muguruza (musikaria)
- Ruper Ordorika (musikaria)
- Mikel Urdangarin (musikaria)
- Imanol Ubeda (Bide Ertzean taldeko musikaria)
- Zuriñe eta Fran (Hesian taldeko musikariak)
- El Drogas (musikaria)
- Kutxi Romero (Marea taldeko musikaria)
- Manolo Garcia (musikaria)
- Igor Ijurra (Iruñeko orfeoiko zuzendaria)
- Alaia Martin (bertsolaria)
- Oinatz Bengoetxea (pilotaria)
- Abel Barriola (pilotaria)
- Jon Apezetxea (pilotaria)
- Nagore Arizaga (Bera-Berako eskubaloi-jokalaria)
- Ana Isabel Martinez (Bera-Berako eskubaloi-jokalaria)
- Silvia Ederra (Bera-Berako eskubaloi-jokalaria)
- Oier Sanjurjo (Osasunako futbolaria)
- Asier Riesgo (Osasunako futbolaria)
- Markel Bergara (Realeko futbolaria)
- Imanol Agirretxe (Realeko futbolaria)
- Gorka Iraizoz (Athleticeko futbolaria)
- Mikel San Jose (Athleticeko futbolaria)

- Prezioa: 15 euro

- Informazio gehiago eta CDa eskuratzeko aukera hemen:         www.enekantak.com