Emozioak Gorputz Hezkuntzan

Gorputz Hezkuntzako III. topaketetan emozioei buruz jardun ziren, batetik, Gorputz Hezkuntza emozioz betea baitago, eta, bestetik, programazio bateratuaren aurkezpenak egin zituzten.

 
 

Pasa den ekainaren 25ean, Gorputz Hezkuntzako III. Topaketa egin zuten, eta Emozioen Gorputz Hezkuntza izan zen gai nagusia. Mintegietan egindako hainbat lanen eta beste zenbait esperientziaren berri ­ere eman zen topaketan. Guztira, hainbat hezkuntza-mailatako 120 irakasle inguru bildu ziren Iurretako Institutuan: Lehen Hezkuntzakoak, Bigarren Hezkuntzakoak, unibertsitateko irakasleak...

Jon Lopezen (Berritzegune Nagusiko Zuzendaria) eta Begoña Garamendiren (Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria) sarrerako hitzaldiekin hasi zen topaketa. Ekitaldiko hizlari nagusia, berriz, Irene Pellicer Royo ­izan zen.

1. EMOZIOEN GORPUTZ HEZKUNTZA. IRENE PELLICER ROYO

Emozioen gaiari berehala heldu zion Irene Pellicer Royok. Emozioa hitzak inplizituki mugimendua daramala nabarmendu zuen: emotion - in motion - en movimiento. Gorputz Hezkuntzaren arloa emozioekin erabat lotuta dagoela esan zuen, eta, beraz, aukera zoragarria dugula emozioekin lan egiteko. Horrela definitu zuen emozioa: “Barneko kitzikapen edo asaldura bat da, nire barruan gertatzen dena” (Bisquerra 2003). Eta gure barruak gertaera baten aurrean nolako jokabidea duen azaldu zuen: gertaera jakin baten aurrean, balioetsi egiten dugu gertaera hori (positiboa edo negati­boagoa). Horretaz gain, ­erreakzio ­batzuk sortzen dira; adibidez, gorputzak berak izerdia atereaz edo dardarka erantzun dezake (erantzun neurofisiologikoa). Bestetik, portaera aurpegiaren espresioarekin lotzen du autoreak; eta, azkenik, kognitiboki ­etiketa jartzen diogu gure erreak­zioari: “Haserretzen ari naiz”. Horren guztiaren aurrean, ekiteko jarrera edo prestasuna izango dugu aurretiaz, eta azken horren araberakoa izango da gure adimen edo inteligentzia; gertaera jakin baten aurrean ahalik eta modu egokienean ekiteko gaitasuna, ­alegia.
Hitzaldi osoan zehar, esaldi eta ­definizio gogoangarriak utzi zizkigun Irenek. Esate baterako, emozionalki hunkigarriak, garrantzitsuak edota harrigarriak egin zaizkigun egoerak soilik gogoratzen ditugula azaldu zuen; beraz, ikasleak hunkitzen ez badira, motibatzen ez badira, ezinezkoa dute gogoratzea, ikastea.
Egoera baten aurrean, beti dago ­emozio bat lehenengo, eta emozio hori indartsua izan bada ez dela arrazionalizatzen esan zuen Irenek; ­“amigdalaren bahiketa” deitu zion. ­Amigdalaren bahiketaren ondoren dator arrazoitzeko prozesua. Horregatik, oso garrantzitsua da emozioak identifikatzen jakitea eta sentitzen dugunaren kontzientzia izatea, emozioak modu egokian kudeatzen ikas dezagun eta, beraz, izan ditzakegun erreakzio bortitz edo deskontrolatuak bidegabeki ingurukoek jasan ez ditzaten. Adibide bikain baten bidez azaldu zuen hori; emozioa hasieran ­identifikatzen bada, haserre emozioa 2. mailan dagoenean identifikatzen bada, adibidez, aukera gehiago izango ditugu egoera hobeto kudeatzeko, haserre emozio hori jada 10. mailara iritsi denean baino.
Baina zenbat emozio daude? Irenek auzi hori kulturen araberakoa dela esan zuen. Adibidez, 8.000tik gora ­identifikatzen omen dituzte Indian; Espainian, berriz, 300 inguru identifikatzen omen dira. Bisquerraren sailkapenean oinarrituta, oinarrizko hamahiru emoziori buruz hitz egin zuen, eta hamahiru horien barnean zeuden beste zenbait azpiemoziori buruz ere bai:
Emozioak identifikatzea, izena jartzea, oso garrantzitsua dela adierazi zuen berriro Irenek, horrela, sentitzen dena kudeatu ahal izateko. Emozio guztiak beharrezko eta ezinbesteko bilakatzen dituela horrek gaineratu zuen, emozioak saihestezinak baitira. Izan ere, emozioak sentitzean, ­identifikatzean, hausnarketa bat egiten dugu, eta horren ondoren zer egin erabakitzen dugu. Adibide bat jarri zuen: emozio nagusia beldurra duen pertsona batek tentu handiz ibiltzeko joera izango du beti. Horrek, alde batetik, segurtasuna ekarriko dio arriskuen aurrean, baina, era berean, bizipen berriak galtzea ere ekarriko dio, baldin eta emozio hori identifikatzen ez badu, hausnarketa egiten ez badu eta aurre egiten ez badio. Tristeziari eskerrak ere, aldaketak egin ditzaket nire buruan, eta, ildo horretatik, neure burua hobetu dezaket. Emozioek bizitzen laguntzen digute.
Irakasleok ikasleei behatzea oso garrantzitsua dela eta asko balio duela azaldu zuen, emozioak identifikatu baitaitezke; ikasleari behar duenean lagundu diezaiokegu horrela.
 Emozioek sentitzen eta bizirik ­irauten laguntzen dutela azpimarratu zuen, eta gaineratu zuen bera gimnasiora jarduera fisikoa egitera nagusiki arrazoi emozionalengatik joaten dela jada. Emozioek gorputzean utzitako “arrastoak” nolabait askatzera edota garbitzera joaten dela, ongizate fisikorako ere ona zela ahaztu gabe. Gainera, hainbat ikerketak argi erakutsi omen dute pertsonaren osasunerako eta ongizaterako jarduera fisikoa egiteak duen garrantzia, eta horretaz ere hitz egin zuen.      
Emozioek denboran irauten badute, sentimendu bilaka daitezke, ­eta, gehiago iraunez gero, gogo-aldarteaz hitz egingo genuke; emozioen agerpena are gehiago luzatuz gero, berriz, izaerarekin lotuko genuke.

GAITASUN EMOZIONALAK

 Gaitasun emozionalen inguruan bost gaitasunez hitz egiten dugula ­esan zuen Irenek: kontzientzia emozionalaz, arautze emozionalaz, autonomia emozionalaz, gaitasun sozialaz eta bizitzarako eta ongizaterako trebetasunaz.
• Kontzientzia emozionala: emozioa identifikatzea da. Horretarako barneko energia-maila sentitzea beharrezkoa dela esan zuen hizlariak. Horrela, motibazioa (beraiek bilatu beharrekoa, gustuko duten zerbait bilatuz) landu behar litzateke energia-maila baxuko ikasleekin. El monstruo de los colores liburua gomendatu zuen. Berak ikasleekin nola sentitzen diren jakiteko, koloreak ­erabiltzen dituela ere azaldu zuen. Grafikoki, horrelako irudi batekin ­azaldu zuen hori guztia:
• Arautze emozionala: emozioa ­arautzeko, bi bide aurreikusten zituen:
1. Askapen energetiko emozionala: jarduera higiarazlea edo fisikoa ­eginez. Neurofisikan aditua zen Moran jaunak (2011) zioen estresa askatzeko antidotoa jarduera fisiko aerobikoa egitea zela, ariketa egitean hainbat hormona sorrarazten baititu gizakiak: zoriontasunarena, umorearena, motibazioarena (serotonina eta dopamina endorfinak)
2. Gelditasun- edo lasaitasun-dinamikak: arnasketa lasaian eta guneetan arreta jarriz, gerrialdean, sabelaldean eta sorbaldetan. Erlaxatzeko balio duena sabelaldekoa omen da soilik, baina ondo omen dator batera eta bestera airea garraiatzen jakitea.     
Arautze emozionala bikoteka eginiko ariketa baten bidez esperimentatu genuen. Ariketa horretan, 3 arnasketa motak egin genituen bakoitzak.

• Autonomia emozionala: norberaren egoeraz aritu zen hizketan (Bisquerra 2003).

1. Autoestimua.     
2. Bizitzarekiko jarrera positiboa.
3. Ardura.     
4. Arau sozialak kritikoki aztertzeko gaitasuna.     
5. Autoeraginkortasun emozio­nala.     
6. Laguntza eta baliabideak bilatzeko gaitasuna.
Atal honetan, Los seis pilares de la autoestima liburua (Nathaniel Branden) gomendatu zuen Irenek.

• Gaitasun soziala:

1. Pertsonarteko adimena: besteekiko harreman onak, komunikazio ­eraginkorra, errespetua, jarrera prosozialak eta asertibitatea aipatu zituen gainetik.

• Bizitzarako eta ongizaterako trebetasunak:

ZERGATIK EMOZIOEN GORPUTZ HEZKUNTZA?  

Gorputz Hezkuntza emozioz beteta dagoela esan zuen Irenek, eta ­emozio horiek nahi gabe agertzen direla eta beroriek kudeatzeko ardura gurea dela: “Ez gara emozioak sentitzearen arduradun, baina beroriekin zer egiten dugun gure ardura da”. Horrela, banandu ezinezko trinomio bat dagoela aipatu zuen: gorputza, emozioa eta adimena (burua).
Emozioen gaia lantzeko orduan aurretik aipatutako guztiagatik dela Gorputz Hezkuntza horren garrantzitsua azpimarratu nahi izan zuen. Lehen adierazi bezala, ikaskuntza emozioetan oinarritzen dela ere esan zuen, eta horiek, aldi berean, bizipenetan oinarritzen direla; eta gure arloa, bereziki, bizipenetan oinarritzen da. “Zorte handia daukagu, gure arloan hor baititugu emozioak ”, esan zuen erabat jabetuta.
Hainbat autoreren aipuak ekarri zituen ondoren:
- “Gorputzak, ez baitu diskreziorik, ez daki isilik egoten” (Ralph Waldo Emerson 1803-1882).
- “Pertsonak soilik bere gorputzean senti dezake” (Mowen 1972).
- “Ikaskuntzaren mozorroa da jolasa” (Mora).
- “Ezin da ikasi edo atxiki emozioetatik iragaten ez den ezer”
-...      

Beraz, Ireneren ustez, emozioen kudeaketari heltzen bazaio, bizitzarako tresnak edo baliabideak eskainiko dira. Gainera, esan zuen pentsamendua eta emozioak garuna eraldatzeko gai direla, eta, hortaz, irakasleak ere ikasleen garuna eraldatzeko gai direla (hori bai, jarraikortasunarekin, ahaleginaren bidez …). “Nire buruari dagokionez, nik nahi dudan bertsioa izan naiteke”.

Azkenik, irakaslearen garrantziaz jardun zuen. Irakasleak betetzen duen zeregina oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen. Horri lotuta, “ispilu-neuronak” deritzenen inguruan hitz egin zuen: “Irakasleak egiten duena egiten du ikasleak, ez hark esaten duena”. Hau da, irakasleen ispilu bihurtzen dira ikasleak. Beraz, oso garrantzitsua da irakaslearentzat esaten duenarekin kontsekuentea eta koherentea izatea. Irakasleek pertsonekin lan egiteko duten aukera paregabea nabarmendu zuen, eta Gorputz Hezkuntza, bizitzarako irakasten den eduki guztiagatik (hain da zabala eta aberatsa), arlo garrantzitsuena dela esan zuen hitzaldia bukatzeko.  

2. GORPUTZ HEZKUNTZAKO PROGRAMAZIO BATERATUAREN AURKEZ­PENA
 Pizti Larrañagak, Jakintza ikastolako Gorputz Hezkuntzako irakasle eta Sohat taldeko kide denak, Gorputz Hezkuntzako programazio bateratuaren inguruan jardun zuen. Oso hitzaldi interesgarria eman zuen programazioaren sorreraren, bilakaeraren eta etorkizunean egin beharreko urratsen inguruan. Euskal Autonomia Erkidegoko Gorputz Hezkuntzaren inguruan euskaraz osatzen ari diren lehenengo programazioak 2007. urtean onartu zen 175/2007 Hezkuntza Curriculum Dekretuan duela abiapuntua esan zuen. Curriculum Berriak zekartzan aldaketak aztertzerakoan, programazio bateratu baten beharraz ohartu zirela eta askotariko errealitateetara egokitu zitekeen programazio bat egitea ezer ez izatea baino positiboagoa zela balioetsi zuten. Ildo horretatik, Lasarteko Mintegian zenbait pauso ematen hasi ziren:  
1. Curriculumaren azterketa egitea eta 8 helburu orokor berridaztea, irakasle orok ulertzeko moduan.
2. Mailaz maila, unitate didaktikoen aukeraketa egitea.
3. Unitate didaktiko bakoitzaren helburu didaktikoak, ebaluazio-­adierazleak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak zehaztea.
4. Ikasturte honetan, unitate didaktiko horiek garatu dira. Lan sakon hori egiteko, Lasarte, Durango eta Leioako mintegiez gain, hainbat pertsonaren laguntza garrantzitsua izan dela nabarmendu zuen.
36 unitate didaktikoz osatzen da programazioa guztira. Hiru izan ezik gainerako guztiak garatuta daude, ­eta, falta direnetarako arduraduna ­izendatuta dagoenez, irailerako ­amaitzea aurreikusten da. Unitate guztiak eredu komun bat oinarri hartuta egin dira. Hala ere, aurrera begira eta argitara eramateko, programazio guztia osotasun-ikuspegi batetik zuzentzea eta orraztea derrigorrezkoa dela esan zuen (helburuak, edukiak, marrazkiak, etab.), eta lan mardul hori nola egin pentsatzen ari direla. Hainbat aukeraren artean, administrazioari Iraleko R-400 deialdiaren bidez bideratzeko aukera luzatu zitzaiola erantsi zuen.

3. HAINBAT MINTEGITAKO ­AURKEZPENAK

LASARTEKO LH-KO MINTEGIA

 Lasarteko mintegiak ikasturte honetan eginiko lana bi taldetan banatu zela azaldu zuten. Batzuk programazio bateratuaren inguruan aritu dira, eta Bakarne Basurto, Amasorrain eskolako Gorputz Hezkuntzako irakaslea, eta Zuriñe Arsuaga, Amezketa ­eskolakoa, etorri ziren beraien esperientzia kontatzera. Zuriñek 2. mailan gauzatu duen “Zirkoa” izeneko unitate didaktikoa egiteko orduan izandako esperientzia kontatu zuen. Oso ­esperientzia aberatsa izan zen berarentzat, eta han bildutakoak unitatea egitera animatu nahi izan zituen, bere esperientziaren inguruko bideo bat erakusten zuen bitartean. Bakarnek, berriz, 4. mailarako “Olinpiadak” unitate didaktikoaren nondik norakoak azaldu zituen. Zerotik abiatuta eta hausnarketa sakon bat egin ondoren joste-lana egiten hasi zela azaldu zuen. Horrela, lehia aldera batera ­utzita jarreretan eta balioetan oinarritutako unitatea egin zuela esan zuen. Unitatea eskolako jaian ikasle guztiei parte hartzeko modua ematen zien ­olinpiada batekin amaitzen zuela ere azaldu zigun. Hitzaldia emankorra ­eta hurbilekoa izan zen, eta izandako zailtasunetan, hartutako erabakietan, hobetzeko alderdietan eta, oro har, beraien esperientzia pertsonalean oinarritu zen.
Lasarteko mintegian beste talde batek metodologia kooperatiboa txertatzeko asmoz 6. mailarako jolas kooperatiboen inguruan prestatutako unitate didaktikoa azaldu zuen. “Denok batera” zuen izena, eta lehiakortasuna leuntzeko asmoz diseinatu zen. Besteak beste, Aronsonen puzzlea deritzon teknika erabili eta azaldu zuten, eta azpimarratu nahi izan zuten berori gauzatu ahal izateko beharrezkoa izan zela edukiak aukeratzea (dantzak, body percussion, jaurtiketak…) eta PC eramangarria erabiltzea (bideoetatik ikasten baitzuten ikasleek). Lana egiteko orduan Jesus Vicente Ruiz de Omeñacaren laguntza ere ezinbestekoa izan zela aipatu zuten. Poliki-poliki, kooperatibismoaren inguruan unitateak sortzen ari dira, eta asmoa maila guztietarako unitate didaktiko bat egitea dela azaldu zuten:
DURANGOKO LH-KO MINTEGIA
 Durangoko mintegiak ikasturte honetan programazio bateratuaren inguruan lan sakona egin dutela esan zuten. Tanit Duñabeitiak, Anaitasuna eskolako Gorputz Hezkuntzako irakasleak, eta Jabi Gorbeak, Abadiñoko eskolako irakasleak, lanaren nondik norakoak azaldu zituzten. Erronka handia izan da, hilero bildu baitira eta bost unitate didaktiko garatu baitituzte guztira. Horretarako, 3 partaideko taldeetan antolatu ziren, eta, aurrez eginda zegoen “Gure Zirkoa” ­unitatea eredu hartuta, besteak osatzen joan ziren. Drivearen bidez, elkarlanean aritu dira, eta izandako zailtasunak eta gogoetak hurbiletik kontatu zituzten.
Programazioaz gain, atletismo txikiaren eta TAG errugbiaren inguruko hitzaldia eman zuten Durangoko mintegiko kide diren Jose Luis Saliok, Lekeitioko eskolako Gorputz Hezkuntzako irakasleak, eta Gorka Sanzek, Zornotzako Larrea eskolakoak.
 Atletismoari dagokionez, eta gero eta atleta gutxiago daudela ikusita, azken urteotan federazioa atletismoa beste era batean lantzen hasi dela ­azaldu zuten, eta atletismo txikia  ­esaten diote. Ikuspegi horretatik, ­atletismoa jolas-izaera handiagoz lantzen da, eta bakarka aritzetik jarduera guztiak taldeka egitera pasatzeak ekarri dituen onurak aipatu zituzten. Gaur egun saio guztiak teilatupean egiten direla nabarmendu nahi izan zuten. Kirol-materialei dagokienez, federazioak material berria sortu duela azaldu zuten, material bigun ­eta erakargarria. Hala ere, atletismoa lantzeko orduan materiala ez dela derrigorrezko baldintza aldarrikatu zuten, birziklatzeaz gain beste edozer material erabil baitaiteke.
 TAG errugbiari dagokionez, zer den eta orain dela hamar bat urte zer helbururekin sortu zen azaldu zuten. Herrialde askotan hedapen handiko jarduera da, eta ezaugarri nagusia kontaktu fisikorik ez izatea du, ez baitago atzipenik. Horrela, edonon ikasleekin errugbia lantzeko aukera dagoela aipatu zuten, kirol dibertigarria, azkarra eta araudi errazekoa baita, eta bi sexuak elkarrekin jolasteko ezaugarriak baititu. Jolasaren nondik norakoak azaltzeaz gain, jada sortuta duten materiala aurkeztu zuten, eta denon eskura jarriko zela aipatu zuten.
    
LEIOAKO MINTEGIA
 Leioako mintegitik Edurne Perezek, Arangoiti eskolako irakasleak, ­eta Mari Luz Carrerok ikasturtean zehar programazioaren inguruan eginiko lana azaldu zuten. Lasartetik bultzatuta, programazioaren birplanteamendu bat egitea beharrezkoa zela ­ikusi zuten.
Horrela, Edurnek aurkeztutako “Ingurua Ezagutzen II” unitatean, jolasa hartu dutela testuingurutzat esan zuen, eta metodologia ludiko baten bitartez lankidetza, errespetua eta ­emozioak lantzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. Ebaluatzeko garaian, egindakoari jarraitu ziola esan zuen, “Zirkua” unitatetik hainbat txantiloi eta erregistro-taula erabili baitzituzten berriro, programazioko unitateen artean kohesioa indartzeko asmoz. Jolasak errepikatzearen inguruan, osasunari eskainitako denboraren inguruan eta beste hainbat arlotan zalantzak izan zituela ere onartu zuen...  Azalpen horien ondoren, Mari Luzen txanda iritsi zen, eta “Bertako jolas eta kirolak” unitate didaktikoa ­gggazaltzen hasi zen. Oposizioa eta lankidetza barnean biltzen dituen unitatea dela esan zuen Mari Luzek, eta alderdi horien kontzientzia hartzea denontzat, irakasleontzat zein ikasleentzat, garrantzitsua zela esan zuen. Gaineratu zuen autonomia lantzeko aukera paregabea zela unitatea, txokoetan lan eginez. Horrek arriskua ­ere bazekarrela onartu arren, gatazken ebazpenerako soluzioak edota bideak jasotzen eta lantzen zirela ­esan zuen, arazoei irtenbideak bilatzeko guneak abian jarriz... Gorka ­Obesoren material zoragarria erabili zuela esan ondoren, Leioako mintegiak datorren ikasturterako dituen nahiak mahai gainean jarri zituen: brain gym, slackline, erlaxazioa...