Anna Tardos: Hungariako Pikler-Loczy institutuko zuzendaria

2014-11-01

Hezkuntza ez da predikatzea; jarrera gizatiar bat da, gauzak nola egin, nola esan, pertsonak nola tratatu... hori guztia zaintzea da hezkuntza

Emmi Pikler pediatra eta pedagogoak (1902-1984) hamarkada luzetan Budapesteko Loczy institutuan egindako lanari jarraipena eman dio Anna Tardos haren alaba eta Haur

Psikologian doktoreak. hik hasi-kBudapesten elkarrizketatu du, garai batean umezurtz-etxea izan zen eta gaur egun haur-eskola den eraikinean bertan. Emmi Piklerren lanaz, harek garatutako pedagogiaren oinarriez eta oro har hezkuntzaz aritu da. Timea Juhaszek egin ditu hungarieratik itzulpen-lanak.

 
 

70 urte baino gehiago igaro dira Emmi Piklerrek bere pedagogiaren oinarriak ezarri zituenetik. Haurrak haur izaten jarraitzen du eta haurraren beharrak aldatu ez  diren neurrian esan liteke Pikler Pedagogiaren oinarria mantentzen duzuela?

Emmi Piklerrek, pediatra bezala, familiekin egiten zuen lana, familiako pediatra zen, eta lan horretan ziharduela garatu zuen haurrarekiko erabateko ikuspegi berri bat, alde batetik haurrari askatasun handiagoa ematean oinarritzen dena, eta bestetik, haurra arreta eta kontu handiagoz zaintzean.
Pasadizo bat kontatuko dut: Budapesten pediatra lanak egin aurretik Triesten bizi izan zen senarrarekin eta alabarekin, eta sarri joaten ziren hondartzara. Behin hondartza batean gertatu zenak bere bizitzan ikaragarrizko eragina izango zuen: Gurasoak seme-alabez nola arduratzen ziren interesatzen zitzaion eta haurrek nola jokatzen zuten eta gurasoek haiekin nola jokatzen zuten behatzen zuen sarri. Gurasoek maitasun ikaragarriz jokatzen zutela ikusten zuen hondartzan, orgatxotik atera, toallan utzi eta jolastu egiten ziren haurrekin. Baina nola jolasten ziren? Eseri egiten zituzten, zutik jartzen zituzten, eskutik eramaten zituzten... Emmi Pikler ohartu zen gurasoek maitasun handiz jokatzen zutela seme-alabekin, baina beti haurrek egin ezin zuten hori eginarazten zietela ere ikusi zuen. Maitasun harremanaren atzean, konfiantza falta, presa zegoela ikusi zuen; gurasoek fede gutxi zutela haurraren berezko gaitasunetan. Eta haurrari ez zitzaiola beste erremediorik gelditzen eta egokitu egiten zela gurasoen nahietara. Behaketa hartan ez zuen soilik gurasoen jarreraren atzean zegoen ezinegona ikusi —zeinak haurraren dependentzia bultzatzen duen, ezin baitu helduak ezarri duen postura hori deseraiki-, baizik eta ohartu zen haurra beste modu batean tratatuz gero, haurra bera ezberdina izango litzatekeela Emmi Piklerrek haur autonomoaren irudia zeukan, bere kabuz ­ekiteko eta garatzeko gai den haur baten ikuspegia zuen. Eta hori da Pikler Haur Pedagogia deitzen diogunaren oinarria.

Hala ere,  haurra inguratzen duen guztia asko aldatu da. Piklerren pedagogiatik zer mantentzen da eta zer aldatu beharra izan duzue garai berrietara egokitzeko?

Pikler Pedagogia garatuz doan pedagogia bat da. Budapesten pediatra gisa lan egin zuen 10 urtez 1930eko hamarkadan hasita. Lan horretan ez zen soilik  haur gaixoak sendatzeaz edo gaixotasunak saihesteaz arduratzen. Familiek beregan, pediatra bezala,  zer nolako laguntza bilatzen zuten ikusten joan zen, haurrarekiko harremana atsegina eta baketsua izan zedin, bi aldetatik, nola haurrarentzat hala helduentzat. Orduan idatzi zuen lehen liburua, gurasoei zuzendua: “Zer daki dagoeneko haurrak?” izenekoa; komatxo artean jarri zuen ­izenburua, hori baita sarri gurasoek beste guraso batzuei galdetzen dietena, eta Emmi Piklerren arabera, galdetu behar ez luketena. Haurrak ez dira karreretako zaldi, eta garrantzitsua ez da zeinen azkar ikasten duen hau edo hori egiten, baizik eta nola ­ikasten duen. Liburu horretan Emmi Piklerrek hainbat aholku ematen ditu haur txikiarekin bizitza aberats eta alferreko gatazka gabea bizi ahal izateko. Haur txikiekin elkarbizitzak gatazka asko baitakartza, eta ez baita komeni alferreko gatazkarik sortzea, loarekin, janarekin edo arauekin, adibidez.
1946an umezurztegia sortu zuen Loczy kalean. Familiekin izan zuen esperientzian oinarriturik, umezurztegiko haurrei halako bizitza baketsu bat eskaini nahi zien. Baina umezurztegia ingurune artifizial bat da, eta oso erraza da bertan  haurra kaltetzea, ospitalizazio baten sintomek nortasun guztia suntsi baitezakete. Berak ezagutzen zituen umezurztegiaren arriskuak, bazekin umezurtz-etxe bat ez dela sekula familia bat bezain ona ­izango, baina bazekien haurrari buruz zekienak eta haurrari behar zuena eskaintzeak umezurztegiko haurrei ere lagunduko ziela.
Une horretan bertan, Piklerren pedagogia aldatu egin zen, egokitu ­eta aberastu egin baitzen umezurztegian lan egitean. Ordura arte, pediatra bezala, familiekin egiten zuen lana, baina umezurztegian ez dago gurasorik, gurasoek ez dute umea nahi. Maitasuna ere ezberdina da umezurtz-­etxean. Haur orokor batekiko maitasuna da, eta gainera, aldi berean, ume askoz arduratu behar du helduak. ­Une horretan bere pedagogia egokitu beharra izan zuen, zaintzaile gisa hartu zituen emakume gazteak haurrengana modu abegikor eta arretatsuan zuzentzeko sistema bat sortu beharra izan zuen. Nola forma daitezke zaintzaileak amaren maitasunik gabe zaindu ditzaten umeak? Aditu talde zabal batek egin zuen lan Emmi Piklerrekin eta Pikler Pedagogian hainbat aldaketa egin ziren. Adibidez, heldua haurrarengana gerturatzeko eta txikia besotan hartzeko koreografia oso zehatz bat garatu zuten. Zaintzaileei ez zien esan, “ez tematu janarekin, ez iezaiozue haurrari janarazi ez badu jateko gogorik...”. Baizik eta haurra nola hartu erakutsi zien, ez eserita eta ez etzanik; koilara berehala ahoan ez sartzeko eskatu zien, baizik eta altxatu, haurrari erakutsi eta hark ahoa irekiz gero gerturatzeko koilara. Horrez gain, erakutsi zien haurrak hasieran ez dakiela koilara zurrupatzen, ezta jana ahoan gelditu eta koilara ahotik ateratzen ere... Zaintzaileek hamaika laguntza zehatz jaso zituzten, haurra jarrera abegikor eta baketsu batean tratatzeak zer esan nahi duen azaltzeko. Lan horrekin guztiarekin pedagogia asko aberastu zen, eta baita umezurztegiko bizitza ere.
Orain artxiboetan lan egiten ari direnak umezurtz-etxean sortu zituzten koreografiak aztertzen ari dira, ikusten ari dira nola garatu zituzten bakoitzak bere jostailuak edukitzearen prozesua, mahaian jaten hastearena, paseoan irteten nola hasi ziren, urtebetetzeak ospatzeko koreografiak nola garatu zituzten, hau guztia berria bitzen umezurztegian.
Umezurztegiak 65 urtez funtzionatu zuen eta aldian-aldian pedagogia garatuz, eta aberastuz joan da elkarrekintza berriekin. Baina oinarriak berdinak dira, eta oso ondo zehaztuak dira Myriam David eta Genevieve Appellen Lóczy ou le maternage insolite liburuan: aktibitate autonomoarentzat espazio egoki bat eskaintzea; helduarekiko harreman seguru bat eskaintzea haurrari; umea pertsona positibo bat bezala hartzea eta bere gaitasunak garatzen laguntzea; errespetuz tratatzea, eta osasuna zaintzea. Haurraren osasuna zaintzeak, besteak beste, kanpoan denbora ematea esan nahi du, aire librean lo ­egitea, eta ondo elikatzea —behartu gabe—. Pedagogia moldatzen joan da, oinarriak mantenduz, baina detaileak osatuz eta zehaztuz, materialen inguruan, adibidez, jostailuak, gauzak... egokituz joan dira.
Behaketa izan zuen Emmi Piklerrek pedagogia sortzeko oinarri. Zuentzat zer garrantzia du behaketak?
Umezurztegian etengabeko behaketa-lana egiten zuten. Behaketa horien gainean egindako ikerketa garrantzitsu bat haurraren garapen motorraren faseei buruzkoa izan zen, ingelesera, alemanera, frantsesera, gaztelaniara itzuliriko liburu batean jaso zuena. Emmi Pikler eta bere taldea ­ohartu zen haurra ez dela etzanda ­egotetik eserita egotera igarotzen, baizik eta bitarte horretan beste hainbat fase igarotzen dituela. Pixkanakako zutitze hori, bi oinen gainean jarri bitarteko garapen hau, oreka seguruan oinarritzen da, faserik fase haurrak oreka bilatzen baitu. Haurrak, horretarako askatasuna izanez gero, ikasketa-prozesu oso interesgarria aukeratzen du: bizkarraren gainean etzanda dagoela posturaz aldatzen hasten da, triparen gainean jartzen, lau oinean ibiltzen, eta soilik gero hasten da oinez. Haatik, bitarteko mugimendu hauek guztiak ez dira ageri eskuliburuetan; etzanda, eserita eta zutik jartzen direla diote. Piklerrek argi erakutsi zuen 700dik gora haurretan oinarrituriko behaketaren eta ikerketaren  bidez garapen mantso batek ez duela ­ ­esan nahi garapen ez sanoa; bi haurren artean urte erditik gorako aldea egon liteke eserita jartzetik zutik jartzerako urratsa emateko, eta hori guztia bai, behaketari­­ ­eta ikerketari esker ondorioztatu zuen.

Duela sei urte aldaketa garrantzitsu bat jasan zuen leku honek: umezurztegia izateari utzi eta haur-eskola bilakatu zen. Nolakoa izan da aldaketa?

Europan nagusi diren ideien arabera, umezurztegi batek ezin du ona izan, umezurtz-etxea arriskutsua da eta oso zaila da  ume abandonatuen ­etxe bat ona izatea. Errekonozimendu profesionala eskatzen duen lan bat da, oso serioa, eta oso gogorra. Landare bat basotik hartu, sustraietatik ­atera eta plastikozko poltsa batean sartu ostean etxean berriro landatzea bezala da, basoko familiarik eta ingurunerik gabe. Landare horrek bizirik jarrai dezan nahi badut, are gehiago, loratzea nahi badut, guztia jakin behar dut landare horri buruz, nolako lurra behar duen, zenbat ur, zenbat argi. Hori da umezurztegi bateko profesionalen lana. Baina Umezurtz-etxea itxi beharra izan genuen duela sei urte, ez baitzegoen aski ume. Eta haur-eskola bat ireki genuen. Lehenengo 0-3ko talde batekin hasi ginen, gero birekin eta gaur egun hiru talde daude.
Haur-eskola sortu genuenean pentsatu genuen egiten bagenekien zerbait zela, bai baitakigu guraso ez den heldu batek nola artatu behar duen haur bat; askatasuna eman behar diola, badakigu biolentziarik gabe hezten, eta badakigu haurrak taldean nola hezi eta horrek zer esan nahi duen ere. Uste genuen are errazagoa izango zela lan berria, haur hauek sanoak baitira, eta etxean gurasoen maitasuna jasotzen baitute. Orduan ohartu ginen asko genekiela,  bai, umezurztegiko esperientzia handia zela, Pikler Pedagogiaren jakinduria oso lagungarri zela, baina ohartu ginen hau lan berri bat zela. Haurrak apur bat diferenteak dira.

Zein da umezurztegian eta haur-eskolan lan egitearen arteko diferentzia handiena?

Haur hauek gurasoak dituzte, familiak; etxea dute. Goizero gurasoei agur esan behar diete, eta, lehen, figura hori ez zegoen. Ez ditugu soilik haurrak onartzen, baita euren familiak ere. Eta horrek egoera eta arazo berriak dakartza, familia bakoitzak bere ohiturak baititu. Adibidez, guk hemen sekula jantziko ez genizkiekeen arropak daramatzate haurrek; jateko ohiturak oso desberdinak dira, ­ama batzuk koilararekin atzetik ibiltzen dira, eta beste batzuek beldurra diote jaten emateari; haur batzuek beldurra diote pixoihal aldaketari... Etxean maitasuna jasotzen duten haurrak dira, baina gure pedagogiarekin talka egiten duten ohiturak dakartzate, eta erabaki behar dugu zein ohitura onartzen ditugun eta zeintzuk ez.
Umezurztegian belaunaldiz belaunaldi hazten joan zen profesional taldea izan zen haur-eskola martxan jarri zuena, eta oso arrotza egin zitzaien, adibidez, haurrak ez bainatzea, hura baitzen umezurtz-etxeko unerik intimoena, haurra bainatu eta oheratzeko unea.
Dena den, 0-3 haur-eskola ez da haurrak berez joateko beharra duen leku bat. Ez da haurraren berezko behar bat, baina ezin dugu esan, era berean, hobea edo okerragoa den. Lehendik ere, etapa goiztiar horretan zailtasun asko bizi dituzte haurrek. Baina zera esan dezakegu, garai honetan gauzak ondo egiteak ikaragarri lagun diezaioke haur horri. Eta hori da hemen landu duguna, haurrak garatzeko behar duen sostengu-laguntza.

Zer nolako presentzia dute familiek Pikler-Loczy haur-eskolan?

Umezurtz-etxean ere ahalik eta gehien errespetatzen ziren gurasoak. Baina umezurztegian haur haien bizitzako heldu garrantzitsua zaintzailea zen. Hura zen haurrek gehien maite zuten pertsona, zeren ama, etortzen bazen, noizbehinka etortzen zen, eta bisitan soilik. Haur-eskolan ere zaintzaile-erreferentea dute haurrek, hau da, hemen dauden hiru urteetan pertsona berdina da beraien ardura izango duena. Baina umezurztegian zaintzaile-erreferenteak haurraren  ardura osoa zuen. Umezurztegian hazi ziren haurrak orain etortzen direnean ondo gogoan dute zein zen euren zaintzailea.
Gurasoekin elkarlanean jarduten gara; goizetan eskolan sartzeak zer ­esan nahi duen, haurrak eta familiak hartzeak zer esan nahi duen... eta oso kontuan izaten dugu, baita ere, arratsaldeetako itzulera.

Zein da haur-eskolako hezitzaileak haurren bizian duen lekua?

Ez du amarekin lehiatzen. Nahiz eta orain dauden haurrek ere asko maite dituzten euren zaintzaileak, ­ezin da amarekiko edo aitarekiko duten maitasunarekin konparatu, ezta gurasoek euren bizitzetan duten lekuarekin ere. Ikuspegi berri bat bilatu beharra izan dugu: nola garatu sostengu-harreman lagungarri bat, konfiantzazkoa, gurasoen harremana ­osatuko duena, batuko zaiona eta lehiakide izango ez duena? Hamaika galdera erantzun behar izan ditugu­ eta beste hamaika gelditzen zaizkigu oraindik erantzuteke.
Umezurztegian haur gutxiago zeuden taldeetan, haur eskolako ratioak handiagoak dira, eta gainera, haur batzuk ez dira egunero etortzen. Egokia litzateke taldeko 9-10 haur ­izatea, baina 12ko ratioa dugu. 12 haurrekin, legez, bi zaintzaile egon behar dute, hori dio Hungariako legeak 0-3 zentroei buruz. Egoera horretan, nola banatu lana bi helduren artean12 haurreko talde batean? Nola ­egin heldu bat arduraduna izan dadin... hori guztia aztertzen ari gara.
Baina haur-eskolako eta umezurztegiko baldintzak ezberdinak ­izan arren, oinarrizko printzipioak ez dira aldatzen. Ez dugu haurraren ­ekintza autonomoan esku hartzen, bere mugimendu librea baimentzen dugu. Zainketa-uneetan zaintzaileak jarrera erabat arretatsua du, haurra zutik jar daiteke, mugi daiteke... eta komunikazio garrantzitsua dago une horietan. Hemen ematen diegun heziketa,  hezkuntza, baketsua da, biolentzia gabea, abegikorra eta errespetuzkoa. Oinarriak berdinak dira. Are gehiago esango dizut: zientzia demostratzen hasi da Emmi Piklerrek­­ ­arrazoi zuela, haurra jaiotzen denetik pertsona bat dela, nortasuna duela, ­arreta duela, eta heltzen zaion informazio guztitik aukeratu egiten duela; zientzia gerturatzen ari da printzipio horietara.

Emmi Piklerrek umezurztegian egin zuen lana, beraz, ez zituen gurasoekiko harremanak landu. Nola garatu dituzue harreman horiek?

Magda Gerber Emmi Piklerrek ­ikasle eta ondoren kidea izan zen, eta Emmi Piklerrek hemen umezurztegia zeraman bitartean Magda Gerberrek gurasoekiko harremanak landu zituen Los Angelesen eta Emmi Piklerren babesa zuen. Gurasoek eta haurrek parte hartzen zuten taldeak zituen Gerberrek, gurasoak astean behin etortzen ziren. Piklerren pedagogian oinarriturik garatu zituen gurasoekiko harremanak eta ondoren mundu osoan zehar zabaldu izan da eredu hori, bereziki Amerikako Estatu Batuetan eta Alemanian. Alemaniako taldeak bertan parte hartzeko eskatu zigun, eta pentsatu genuen garaia zela geuk ere gisa horretako taldeak sortzeko hemen. Astean ordu­ ­eta erdiz etortzen dira gurasoak, eta euren seme-alabak nola jolasten diren eta nola harremantzen diren bizi dute. Haurren arteko gatazkak nola bideratzen dituzten ikusten dute, pedagogoen jarrera nolakoa den, nola artatzen dituen haurrak, zein tonutan zuzentzen zaien... gurasoei sostengu gisa eskaintzen zaie denbora-espazio hori. Sekula ez diegu gurasoei esaten “hau egizu” eta “beste hori ez”, “ez ­ezazu eskuetatik heldurik ibilarazi” ­edo... ez dugu sekula zer egin behar duten esaten; baizik eta  hemen zer ­eta nola egiten dugun ikusten dute, esperientzia hori bizi dute. Horrez gain, gurasoek soilik parte hartzen duten taldeak daude, euren galderak egiteko espazioa izan dezaten.
Eraikin honetan haur-eskola sortu aurretik guraso-talde horiek eska eta eska ari ziren 0-3 zentro bat sortzeko, eta haur-eskolaren ideiaren abiapuntua hor ere badago.

Zein da eskolaren egoera gaur egun?

Institutua dagoeneko ez dago. ­Eraikin hau eta lorategia estatuarenak dira. Urtebete luzez pentsatzen genuen eraikina utzi beharko genuela. 2011ko apirilaren 15ean gurearen gisako fundazio guztiak —estuarengandik dirua jasotzen dutenak— desegiteko dekretu bat atera zuen estatuak, ­eta uste genuen desagertuko zela. Orduan umezurtz-etxea itxi zuten baina eskola ez. Amek lan egiteko eskubidea dute eta hori babesteko haur eskolak behar direnez eutsi ahal izan genion gureari. Horregatik gaur egun hau estatuaren eskola bat da, baina gure profesionalak eta gure pedagogia umezurztegikoak dira.
Eskolaz gain eraikin honek bi erakunde zibil hartzen ditu, Hungariako Pikler-Loczy elkartea eta Loczy Haurren Fundazioa.
Baina gaur-gaurkoz ez daukagu hemen jarraitzeko bermerik. Pedagogikoki etorkizuna ikaragarria da. ­Esan behar dut eskola honetako talde pedagogikoa ikaragarria dela. Zaintzaileek nola lan egiten duten ikusten dudanean, zeinen jakintsuak diren, nola hazten diren, nola bihurtzen diren konpetente... ikaragarria da. Baina ez dakigu noiz arte egin ahal izango duten hemen lan.

Eta Pikler Pedagogiak zer-nolako osasuna du Hungarian?

Hungariako haur-eskoletan zainketaren kalitateari garrantzia handia emateko tradizioa dago, pixoihalak aldatzeko unea, janariarena... zainketak garrantzia handia du. Baita ekintza autonomoak ere. Baina, era berean, Mendebaldetik datorren hori guztia berehala jartzen da modan. Alemanian, Espainian, Latinoamerikan eta beste hainbat lekutan Pikler Pedagogia berrikuntza garrantzitsutzat hartzen den aldi berean, hemen bertan zaharkitua iruditzen zaie. Hungarian, garai batean, 0-3rako curriculum bat sortu zuten, hilabetez hilabete hilabete zer landu behar zen zehazten zuen curriculumak, hilabete batez bainua, jaten ikastea... Gu curriculum horren kontra geunden, noski. Ez zen erraza izan, baina azkenen atzera bota zen. Hori da dagoena.
Egia da, baita ere, gaizki-ulertze asko gertatzen direla. Pikler Pedagogiak haurren ekintza autonomoan ez duela esku hartzen esatean, edo ez ditugula jatera behartzen esatean... jendeak uste du hemen haurrak abandonaturik egoten direla... Ezin dugu ­esan Pikler Pedagogiak beste herrialde batzuetan duen izena ona duenik gaur egun Hungarian. Frantzian, esate baterako, 30 urte baino gehiago ditu Pikler elkarteak.  Horixe da gaur ­egun errealitatea.
Badira errespetatzen gaituztenak eta gugandik asko ikasi dutenak. Eskola honetan sartzeko, esate baterako, ikaragarrizko itxaron-zerrenda dago.

Zergatik ez da onartzen Pikler Pedagogia, haurraren autonomia errespetatzen duelako?

Ez dugu espero jende guztiak ­onartzea. Pikler Pedagogia ez dator bat mundu guztiaren nortasunarekin. Gainjartzea gustatzen zaionari edo ­irakastea gustatzen zaionari oso zail egiten zaio jarrera hori alde batera uztea, eta horrez gain, hain kalitate handiko arreta eskaintzea zaila da.
Jende askok Pikler Pedagogiaren ehun hitz bakarrik dakizki: jolas autonomoa, mugimendu librea eta zainketa-uneetan kolaboratzea. Orduan diote, “Piklerrek ez du hezten, zaindu bakarrik egiten du”. Behin honako hau gertatu zitzaigun: hezitzaile batek Piklerren ehun hitzak entzun zituen eta eskolan arauak aldatzea erabaki zuen. Ordura arte bi urteko gelan haurrak sartu aurretik zaintzaileak jostailu eta panpina guztiak ateratzen zizkien alfonbrara, eta haurrak sartzeak jostailuak esnatu, haientzat sukaldatu, jaten eman... eta horrela igarotzen zuten goiz osoa. Jolas autonomoari buruz entzun zuen hezitzaile hark umeak ez gidatzea erabaki zuen, eta egun batetik bestera, haurrak gelan sartzean ez zuten jostailurik aurkitu. Helduek uste zuten jostailuak bilatu eta euren kabuz hasiko zirela jolasean umeak, elkarrekintza berriak sortuz, irudimena garatuz... Baina haurrak galduta zeuden, eta ez ziren hasi jolasten. Hezitzaile hark zera erabaki zuen, “hemen ezin da Pikler aplikatu”. Ez zuen deus ulertu. Pikler ez da metodo bat, ez dago errezetarik, ez dago trikimailurik; pedagogia bat da, filosofia bat, jarrera gizatiarra hamaika zehaztasunekin.
Jende askok ez du ulertzen haur batengana gerturatzen naizenean, ­ukitzen dudanean, pixoihala aldatzean “ze nazka!” esan beharrean “kaka egin duzu? Oraintxe kenduko dizut pixoihala eta garbituko zaitut” esatea hezkuntza dela. Eta ez da gauza bera haurra bere bizkarraren gainean oinak goraka dituela mugiezin egotea edo zainketan parte hartzen egoteko moduan egotea; hau guztia ikasketa gizatiar eta soziala da. Hezkuntza ez da haurrak eserita edukitzea eta predikatzea edo errieta egitea; hezkuntza jarrera gizatiar bat da, gauzak nola egin, nola esan, pertsonak nola tratatu, nola ukitu... hori guztia zaintzea da hezkuntza. Hemengo hezitzaileek ez daramatzate haurrak eskutik, ez diete oinez ibilarazten oraindik gai ez badira... Baizik eta adi daude haurrak nola ari diren ikasten zutitzen, oinez ibiltzen hasten... Baina ezin dugu pentsatu guraso guztiek ulertu eta onartu behar dutenik pedagogia hau. Gurasoak oso guraso onak izango dira euren seme-alabak eskutik helduta zutik jartzen badituzte ere, nahiz eta guk ez  hala egin. Kontua da, guk uste dugula  haurraren garapena aberatsagoa ­izango dela askatasun handiagoa baldin badu; baina badakigu garrantzitsuena maitasun-harremana dela.

Hemen hazi ziren haurrak nolako helduak dira gaur egun?

Jarraipen bat egon da, estudio bat egin da umezurztegian hazi ziren haurrekin, eta ikusi ahal izan dugu ondo eskolatuak izan direla, eta oso garrantzitsua dena: ez dituzte euren seme-alabak abandonatu; gurpil-zoro hori eten ahal izan dugu, abandonatuak izan diren haurrek euren seme-alabak abandonatzea oso ohikoa baita. Eta gaur heldu diren horiek, pertsonalki, ondo daudela ikusten da. Ez dugu esaten hobeak direnik. ­Umezurtz-etxe batean, kontrako baldintza askorekin hazi diren haurrak dira, zaindu gabeko haurdunaldietatik etorriak... umezurztegirik onena ez da inoiz familia on bat baino hobea izango. Baina fisikoki eta psikiko pertsona sanoak dira, eta hori lorpen ikaragarria da. Jende askok, gaur egun, uste du hori ezinezkoa dela.
Emmi Piklerrek pediatra gisa ­egindako lanaz zera esaten zuen: “Nire eskuetatik igaro diren haur batzuk heldu osasuntsu izango ziren ni euren pediatra izan ez banintzen ere. Baliteke euren mugimendua ez izatea hain ederra, baina heldu osasuntsuak ­izango lirateke. Baina haur batzuez bereziki harro nago, ahul jaio ziren­ ­umeak dira, ohikoa baino sentiberagoak zirenak, guraso neurotiko edo ­egongaitzak zituztenak, eta nire sostengurik gabe, ziur aski, gaizki aterako ziren. Oso harro nago haur horietaz”.
Baina hau ez da metodo bat. Eta askok jakin nahi izaten dute ea hemen hezi diren haurrak hobeak edo okerragoak diren, hau mirarizko metodo bat balitz bezala. Ez,  hau laguntza bat da, haurra egoki gara dadin laguntzen dion pedagogia bat, bereziki familiako sostengua ahula duten haurren kasuan.