Zeinu-hizkuntza: Garrantzitsua da gizarteak gorreria zer den ezagutzea eta eragiten dituen komunikazio-oztopoak saihesteko estrategien berri izatea

Pertsona gorren beharrei erantzutea eta haiek gizartean integratzeko zubiak eraikitzea dira Euskal Gorrak elkartearen egiteko bi. Horrez gain, gizarteari gorreria zer den eta pertsona gorrekin harremanak bideratzeko estrategiak azaltzen eta ezagutarazten dihardute.

 
 
Zer da Euskal Gorrak elkartea eta ze eremutan egiten duzue lana? 
Pertsona gorren elkarteen euskal federazioa da Euskal Gorrak. EAEko pertsona gorren elkarteak ordezkatzen ditugu, baina elkarte guztiak ez daude gure federazioaren barruan, momentuz hiru daude. Pertsona gor helduekin egiten dugu lan, 18 urtetik gorakoekin eta gure helbururik garrantzitsuena pertsona gorrentzako oinarrizko zerbitzuak bermatzea da.
Lan prestakuntzarako aholkularitza zerbitzu bat dugu, “Abian” izenekoa. Ez dago zertan bazkide izan zerbitzua jasotzeko, eta bertan, lan mundurako orientabidea eskaintzen dugu batetik, eta bestetik Lanbideko ikastaroren bat egin nahi bada interprete-zerbitzua eta antzerakoak eskaintzen ditugu.
“Eutsi” izenekoa gure bazkide diren elkarteei eskaintzen diegun zerbitzu bat da, giza baliabideak eskaintzen ditugu bertan, bitartekaritza-lana egiten dugu eta, esate baterako, diru-laguntzak eskatzeko laguntza eskaintzen dugu, baita baliabide teknikoen inguruko aholkularitza ere, eta informazioa ere ematen dugu.
Zeinu hizkuntzako ikastaroak ere eskaintzen ditugu, eta baita interprete zerbitzua ere.
Zer da interprete zerbitzua? 
Eusko Jaurlaritzarekin dugun hitzarmen bati esker,  EAEko hiru lurraldeetan eskaintzen dugu zerbitzu hau. Zerbitzu honen eskaera egiten dutenek, egunerokotasunean egin beharreko kudeaketetarako (medikuarengana joan, bankura, abokatuarengana…) interpretearen laguntza izaten dute, astelehenetik ostiralera. 
Jasotzen ditugun eskariak interprete kopurua baino ugariagoak direnez, dauzkagun baliabideen arabera moldatu behar izaten dugu eta batzuetan ezin izaten ditugu eskaera guztiak bete. Gaur egun,  Bizkaian lau interprete ditugu, Gipuzkoan bat eta Araban bi. Lehentasuna medikuareneko hitzorduei ematen diegu, eta bestelako hitzorduetan erabiltzaileek eta interpreteek ahal duten ordua eta eguna jartzen saiatzen gara.
Azken aldian nahikoa hedatua dago zeinuen hizkuntza, baina aski da edo badaude gabeziak? 
Gaur egun gehiago entzuten da zeinu-hizkuntzaren berri gizarte mailan, modan dagoela esan daiteke, baina gabeziak badaude. 
Ume gor baten beharrei erantzun ahal izateko, jarraipena egin eta eredu linguistikoa zein pedagogikoa bermatzeko, gure ustez, irakasle titulua eta zeinu-hizkuntzakoa dutenen profilekoak behar dira. Zeinu-hizkuntzako hiru mailak dituztenak, gure ustez, ez dira nahiko ume gor baten eredu linguistikoa izateko, goragoko profil bat beharrezkoa da, eta momentu honetan zeinu-hizkuntzako gorengo maila, zeinu-hizkuntzako interpretea da. 
Hezkuntza mailan goragoko maila bat eskatzea aldarrikatzen dugu, eta hezkuntzako mailako ikasketak ere oso garrantzitsuak direla uste dugu ume gor baten jarraipena egiteko.
Interpretea izateko, ez dago zeinu-hizkuntzako hiru mailak egin beharrik, goi mailako interprete titulua izan behar da. Euskal Herri mailan Bilboko Botika Zahar institutuan bakarrik eskaintzen da bi urteko formazio hau.
Ez ote litzateke beharrezkoa herritar guztiok ezagutzea oinarrizko zeinu-hizkuntza? 
Garrantzitsua iruditzen zaigu gizartearen gehiengoak oinarri batzuk izatea;  gorreria zer den, mota ezberdinak, eta eragiten dituen komunikazio-oztopoak saihesteko edo arintzeko estrategia ezberdinen berri izatea. Baina pertsona gor guztiek ez dute zeinu-hizkuntza erabiltzen, ez dira  zeinu-hizkuntzako hiztunak. Gorreria arloan ere hainbat maila daude, galera eta gradu ezberdinak baitaude, eta gor guztiek  ez dute zeinu-hizkuntza erabiltzen komunikatzeko tresna gisa. Kolektiboaren zati handi batek erabiltzen du, baina  galera baxuagoak dituztenak edo audiofonoekin ondo moldatzen direnak ere badaude.
Ez da berdina zeinu-hizkuntza erabiltzen duen pertsona batekin komunikatzen saiatzea edo erdi mailako galera bat daukan pertsona batekin komunikatzea. Batzuekiko zein besteekiko estrategiak ezberdinak dira, eta horregatik, hain zuzen ere, garrantzitsua da dauden aukerak ezagutzea. Arlo honetan oinarrizko ezagutzak  eskolan txiki-txikitatik landu beharrekoak direla uste dugu, eta horretarako sentsibilizazio-ikastaroak proposatzen ditugu. Dena dela, argi dago mundu guztiak ezin duela zeinu-hizkuntza ikasi, hezkuntza-sisteman sartzen ez den bitartean behintzat. Hainbat lekutan, Madrilen, esate baterako, hasiak daude, hautazko irakasgai gisa edota beste hizkuntzen modura zeinuen hizkuntza sartzen.
Gorrak/gormutuak, askotan pertsona gorrak esan ordez, ‘gormutuak’ esaten da, baina ez dira gauza bera, ezta? 
Gorren mundua ezagutzen ez duen batek horrelako nahastea izatea ulergarria da; baina ez dira nahastu behar. Ez dutenez entzuten, jende askok uste du gorrak mutuak direla, nahastu egiten baitira. Baina gorrek hitz egin dezakete, hotsak atera ditzakete. Entzumen galera oso txikia  edo ertaina dutenek, edo audiofonoarekin ondo moldatzen direnek eta baita beste pertsona gor batzuek ere hitz egiten dute, eta gainontzekoek ulertzen diete; badaude beste batzuk hitz egiteko gai direnak baina gainontzekoak ez direnak gai haiei ulertzeko, tonua gaizki erabiltzen dutelako, ez dutelako ondo ahoskatzen… kontua da galera hau daukaten pertsonek ez dakitela nola hitz egiten duten.
Gorra ez den pertsona batek entzumen bitartez ikasten du hitz egiten, zuzenduz ikasten da hitz egiten, “hau ez da horrela esaten, zuzendu hori...” baina pertsona gorrek ez dute holakorik. Soinuak atera eta hitz egiteko gaitasuna badute, baina norberak bere ahotsa entzun gabe askoz zailagoa da zuzenketak egin ahal izatea.
Mutuek, berriz, ahots kordetan dute arazoa, eta horren ondorioz ezin dute soinurik atera. 
Zer jakin beharko genuke zeinu- hizkuntzari buruz? Udako ikastaroa nola bideratuko duzue? 
Lehendabizi guraso eta hezitzaile orori zuzendutako sentsibilizazio-hitzaldia egitea pentsatu dugu: Zer da gorreria? Ondoren, hainbat motatako gorreriak daudela ikusiko dugu eta zer esan nahi duen horrek eta gorreri moten eta horien araberako zer nolako inplikazioa gara daitekeen komunikazio mailan ere aztertuko dugu. Horrez gain, ezgaitasun hori duten pertsonekin komunikatu ahal izateko zer nolako aukerak dauzkagun ikusiko dugu, oinarrizko maila batean behintzat. Garrantzitsua da hezkuntzari eta integrazioari begira, ume gorrak eskoletan baztertuta sentitu ez daitezen gauza batzuk kontuan izatea, besteen baldintza berdinetan hezkuntza prozesuan aurrera egin 
ahal izateko aukerak izan ditzaten ... 
Eta beste alde batetik zeinu-hizkuntzako oinarrizko ikastaroa ere emango dugu, 10-12 ordukoa, oso laburra izango da baina oinarrizko hiztegi bat irakasteko, zeinu hizkuntzaren egitura azaltzeko eta gramatika ezagutarazteko erabiliko dugu. Horrelako ikastaro laburrak egiten ditugunean, hezitzaile profilaren arabera, eremu bateko edo besteko  hitz tekniko batzuk erabiltzen ditugu, hala nola, Haur Hezkuntzako irakasleekin haurren hitz teknikoak, erizainekin osasunaren ingurukoak, etab.